112. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

80E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 18koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita irabazi-asmorik gabeko entitateei trantsizio energetikorako laguntzak emateko dirulaguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 627583.

2030erako Nafarroako Energia Planak (NEP2030) helburu du, besteak beste, energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energia berriztagarriek energiaren azken kontsumoan egiten duten ekarpena handitzea, erregai fosilen erabilera murriztea eta garraioan erabiltzen den energia berriztagarrien portzentajea handitzea. Zehatzago, NEP2030 planak helburu du, baita ere, energia ekoizleen eta kontsumitzaileen kooperatibak sustatzea eta “carsharing elektrikoko” irabazi-asmorik gabeko kontsumo kooperatibak sor daitezen bultzatzea, trantsizio energetikoan lagundu dezaten, mugikortasun jasangarriagoa lortze aldera, komunitatea sortuz eta teknologia aplikatuz.

Horregatik, deialdi honek deskribatu diren helburuak lortzen lagundu nahi du, hiru neurri mota hauen bidez hain zuzen: energia-efizientzia handiagoa lortzearren eraikinen barneko argien instalazioak berritzea, energia-efizientziako eta energia berriztagarrien proiektuak idazteko inbertsioak egitea, eta energia-komunitateak eratzea.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Irabazi-asmorik gabeko entitateei trantsizio energetikorako laguntzak emateko 2022ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntza arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jasotzen dira.

3. Deialdi honen konpromisoei erantzuteko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

1

820001 82500 7819 425200: Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako laguntzak. Plan energetikoa

2022

30.000

2.A

820001 82500 7819 425200: Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako laguntzak. Plan energetikoa

2022

7.500

2.B

820001 82500 7819 425200: Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako laguntzak. Plan energetikoa

2022

7.500

3

820001 82500 7819 425200: Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako laguntzak. Plan energetikoa

2022

15.000

Zenbateko horiek partiden artean transferitzen ahal dira, horietako bakoitzaren kreditu beharren arabera, deialdiaren 6. oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz.

Halaber, 100.000 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetarako aplikatzeko, eta arautuko baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera. Zenbateko gehigarri hori eraginkortasunez erabili ahal izateko kreditu gehigarria baimendu beharko da, artikulu horretan adierazitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 18an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Hauexek dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/844 EB Zuzentarauaren helburuak (zuzentarau horren bidez aldatu ziren eraikinen efizientzia energetikoari buruzko 210/31/EB Zuzentaraua eta efizientzia energetikoari buruzko 2012/27/EB Zuzentaraua):

–Berotegi-efektuko gasen isurketa %40 murriztea 1990eko mailen aldean.

–Kontsumitutako energia berriztagarriaren proportzioa handitzea.

–Batasunak dituen helburuen araberako aurrezte energetikoa lortzea.

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea aipatu zuzentarauan jasotako helburuak bete daitezen, zeinak bat baitatoz 2030erako Nafarroako Energia Planarekin, irabazi-asmorik gabeko entitateen eguneroko jardunean. Horretarako, dirulaguntzak jaso ditzaketen neurri hauek zehaztu dira (haien ezaugarriak deialdiaren II. eranskinean ageri dira):

NEURRIAREN KODEA

NEURRIA

1

Eraikinen barneko argien instalazioak berritzea

2.A

Energia berriztagarrien proiektuak idaztea

2.B

Energia-efizientziako proiektuak idaztea

3

Energia-komunitateak eratzea

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Lehenago deskribatutako helburuarekin lotura duten inbertsioak egiten dituzten Nafarroako irabazi-asmorik gabeko entitateak izanen dira laguntza hauen onuradunak.

Ondorio horietarako, irabazi-asmorik gabeko entitate izanen dira Estatuko Elkarteen Erregistroaren Erregelamendua onesten duen urriaren 23ko 949/2015 Errege Dekretuari jarraikiz erregistratutakoak, betiere, irabazi-asmorik gabeak izanik.

Irabazi-asmorik gabeko entitate dira, orobat, Nafarroako Kooperatiben Erregistroak, Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 78. artikuluarekin bat etorriz, ekimen sozialeko kooperatiba gisa kalifikatzen dituen kooperatibak, betiere, beharrezko baldintzak betetzen dituztelarik.

2. Eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Legez eratutako irabazi-asmorik gabeko entitateak izatea, eta, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean hala inskribatuta egotea erregelamenduz dagokien erregistroan.

b) Nafarroan ordezkaritza iraunkorra izatea.

c) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez du egiaztagiri hori aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

d) Ebazpen irmo batean ezarritako zehapenaren ondorioz, dirulaguntzak lortzeko gaitasunaz gabeturik ez egotea Dirulaguntzei buruzko Foru Legean, zergei buruzko lege orokorretan edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko legeetan ezarritakoaren arabera.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako gainerako debeku-egoeretan ez egotea.

3. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.

4. Deialdi honetatik kanpo geratzen dira ondoko hauek:

a) Toki-erakundeak eta haien erakunde autonomoak eta enpresa entitate publikoak.

b) Fundazio eta sozietate publikoak, haien partaidetza nagusia toki-erakundeen esku badago.

c) Sindikatuak eta entitate korporatibo profesionalak.

d) Nafarroako Gobernuaren 2022ko Aurrekontu Orokorretan deialdi honen xede diren jarduketak egiteko partida izenduna duten entitateak.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. II. eranskinean zehaztutako neurrietan aipatzen diren jarduketak izanen dira dirulaguntzen xede, Nafarroan eginak badira, betiere.

2. Gastu diruz lagungarriren bat 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo, eta obrak gauzatzeko kostuen kasuan), edo 12.000 eurotik gorakoa (ekipo-ondasunak erosteko edo aholkularitza- nahiz laguntza-enpresek zerbitzuak ematen dituzten kasuetan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen eskabide orriko “Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa” atalean.

3. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.

b) BEZa, onuradunak berreskuratu edo konpentsatu dezakeenean. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.

4. oinarria.–Inbertsioak egiteko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Inbertsioak egiteko epea 2022ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartekoa izanen da. Gastuak epe horretan fakturaturik eta ordaindurik daudenean joko da egintzat inbertsioa. Uko egiteagatik edo kreditua askatzeagatik ematen diren dirulaguntzen kasuan, inbertsioak egiteko epea 2022ko azaroaren 15era arte luzatuko da.

2. II. eranskinean neurri bakoitzerako zehaztutakoa izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntza kasu hauetan handitu liteke:

a) Aintzat hartuko da eskatzaileek emakumearen eta gizonen arteko berdintasunarekin duten konpromisoa. Hala, %5eko gehigarria emanen zaie baldin eta egiaztatzen badute 2022an genero berdintasuna sustatzeko IV. eranskinean aipatzen diren neurrietakoren bat hartu dutela. 50 langiletik gorako entitateei ez zaizkie baloratuko berdintasun planak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren arabera nahitaezkoak baitira.

Entitateei ez zaie gehigarri hori emanen baldin eta laguntzen 2018., 2019., 2020. edo 2021. urteetako deialdietan gehigarri hori eman bazitzaien.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta muga-egunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematika bidez eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Laguntzen eskaeran adierazi beharko da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko bat (GHEa), deialdi honekin loturiko jakinarazpenak jaso ahal izateko. GHEa 9.2 oinarrian aipatutako moduan eskuratu daiteke.

4. Entitateek eskaera bat aurkeztu beharko dute jarduketa bakoitzeko.

Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa (agiri bereizietan eskaneatua eta izenarekin identifikatua), II. eranskinean neurri bakoitzerako zehaztutakoa izanen da.

5. Eskaerak eta aurkeztutako dokumentazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen ez baditu, organo eskudunak entitate eskatzaileari eskatuko dio okerra zuzen dezala hamar egun balioduneko epean, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela.

6. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, organo kudeatzaileak (Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko Plan Energetikoaren Atala) aurkezten diren eskaerak konparatuko ditu II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako balorazio irizpideei jarraituz, haien artean lehentasuna ezartzeko. Dena dela, neurri bakoitzerako baimendutako gastuak bide ematen badu eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen lehentasun hori ezartzea.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio altuena lortzen duten eskaerei II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako laguntzaren intentsitatea aplikatuko zaie, neurri bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte:

NEURRIA

AURREKONTU-KREDITUA

1. Eraikinen barneko argien instalazioak berritzea

30.000 euro

2.A. Energia berriztagarrien proiektuak idaztea

7.500 euro

2.B. Energia-efizientziako proiektuak idaztea

7.500 euro

3. Energia-komunitateak eratzea

15.000 euro

2. Neurri baterako aurkezten diren eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk geldituz gero, beste neurri batzuetako eskaerei erantzuteko erabiliko da. Halakoetan, lehentasun-hurrenkera honi jarraikiko zaio: 1. neurria, 2.A neurria, 2.B neurria eta 3. neurria, hurrenez hurren, eta neurri bakoitzean ezarritako lehentasun-hurrenkera.

3. Plan Estrategikoaren Atalak II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, eta, bertan, entitate onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruz ebazteko. Ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, neurriren batean kreditua askatzen bada, honako hauei diru gehiago emateko erabiltzen ahalko da:

a) Aurrekontuan behar adina kreditu ez egoteagatik zegokien dirulaguntza guztia (%100) jasotzera iristen ez diren neurri bereko eskaerak. Eta horien atzetik, egoera berean dauden beste neurrietako eskaerak. Kasu horretan, lehentasun-hurrenkera honi jarraikiko zaio: 1. neurria, 2.A neurria, 2.B neurria eta 3. neurria.

b) Hori egin ondoren oraindik ere krediturik baldin badago, kreditu faltagatik ezetsi diren eskaerei helduko zaie, kreditua liberatu den neurritik hasita, eta gero, egoera berean dauden beste neurrietako eskaerei helduko zaie, a) letran ezarritako hurrenkerari jarraikiz.

7. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzen ordainketa.

1. Onuradunek egindako inbertsioak justifikatu beharko dituzte, 4.1 oinarrian jasotako gauzatze-epearen muga-egunean beranduenez. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 9.1 oinarrian adierazitako moduan:

a) Egindako jarduketen ordainketen fakturak eta ordainagiriak. Bi agiri horiek onuradunaren izenean egon beharko dute. Berrikuspena errazteko, fakturen zerrenda bat aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.

b) Onuradunak deialdi honen aurretik instalatutako energia berriztagarria sortzeko instalaziorik baldin badu, instalazio horiek ongi funtzionatzen dutela egiaztatzen duen dokumentu bat aurkeztu beharko du, dirulaguntzaren xede den neurria edozein izanik ere.

c) II. eranskinean neurri bakoitzerako zehazten den dokumentazioa.

d) Dirulaguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.

Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

2. Onuradunek laguntzari uko egiteagatik edo kreditu gehiago izateagatik ematen diren laguntzetan, onuradunek egindako inbertsioak justifikatzeko muga-eguna 2022ko azaroaren 15a izanen da. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute aurreko atalean adierazi den bezala (7. oinarria, 1. puntua).

3. Laguntzen organo kudeatzaileak onuradunek aurkeztutako frogagiriak aztertuko ditu, eta ordaintzeko ebazpenaren proposamen arrazoitua igorriko dio organo eskudunari, non jasoko baita onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten baldintzak betetzen dituztela.

4. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du frogagiriak aurkezten direnetik bi hilabeteko epean.

8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntza emanen zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak informazioa eman behar hori betetzen ez badu (aipatu foru dekretuaren 3. artikuluan eskatutakoa), ez zaio onartutako dirulaguntza ordainduko, eta, kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

b) Onartutako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.

c) Ebazpen honen 4. eta 7. oinarrietan ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko inbertsioak.

d) Inbertsioaren jabetza mantentzea bost urtez gutxienez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik hasita.

e) Jarduketak entitate onuradunen jabetzako eraikinetan edo alokatutakoetan egiten ahalko dira. Alokatutako eraikinak izanez gero, entitate onuradunek justifikatu beharko dute gutxienez 5 urtez erabiliko dituztela.

f) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, egindako inbertsioen finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai entitatearen webgunean, bai onuradunak diruz lagundutako proiektuen inguruan egiten duen dokumentazioan.

g) Entitateak deialdi honen aurretik instalatutako energia berriztagarria sortzeko instalaziorik baldin badu, instalazio horiek ongi funtzionatzen dutela egiaztatzen duen dokumentu bat aurkeztu beharko du, dirulaguntzaren xede den neurria edozein izanik ere, 7. oinarrian ageri den bezala.

h) Gaitutako helbide elektroniko bat izatea (GHEa), laguntza hauei lotutako jakinarazpen elektronikoak jaso ahal izateko, ebazpen honen 9. oinarrian adierazitako moduan.

i) II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako betebehar berariazkoak.

j) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan, dirulaguntzak emateko ebazpenetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarririko betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %10 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 7.1 oinarrian ezarritako epean egiten bada.

3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egiten ahal ditu; hain zuzen ere, dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak benetan gauzatu direla egiaztatzeko, bai eta funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

9. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentu guztiak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.nafarroa.eus) dagoen laguntzen fitxa erabiliz. (Administrazio Publikoaren esparruko zerbitzuak).

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barrenean egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira entitateen gaitutako helbide elektronikoaren bidez. Entitateek halako helbidea izan beharko dute laguntzak eskatzen dituzten momentuan.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoaren helbide berari loturik.

10. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna administrazio honen beste laguntza batzuekin.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jarduketa beretarako ematen dituen beste dirulaguntza batzuekin.

Dirulaguntza bateragarriak direnean, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emanak izateagatik, dirulaguntza baten edo guztien baturaren zenbatekoak ezin du inola ere gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostuaren %50.

11. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

12. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, entitate bakar bati emaniko “de minimis” laguntza osoa, gehienez ere, 200.000 eurokoa izanen da (100.000 eurokoa, errepide bidezko garraioaren sektorean diharduten enpresen kasuan) hiru zerga ekitaldiko edozein denboralditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago entitate bakarraren definizioa.

Horretarako, entitate interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Neurri diruz lagungarriak

1. neurria.–Eraikinen barneko argien instalazioak berritzea.

1.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Neurri honen barruan jarduketa hauek sartzen dira, energia-efizientzia handiagoa lortzearren:

Honako hauek bilduko ditu eskatzailearen jabetzakoak diren edo alokairuan dituen eraikinen barneko argien instalazioak berritzeak (alokairuen kasuan, kontratua izan behar du, eskaera egiten den egunetik kontatzen hasita gutxienez 5 urteko iraunaldia duena): ekipoak, linea edo instalazio elektrikoak berritzea, obra zibila, auditoretza, proiektua eta obra zuzendaritza. Alde batetik, proiektuari lotutako inbertsio gordin bat egonen da, non sartuko baitira instalazioen egokitzapen osoa egiteko behar diren inbertsio guztiak, eta bestetik, dirulaguntza jaso dezakeen inbertsioa, energia aurreztearekin eta energia-efizientziarekin zuzeneko harremana duena, hau da, inbertsio osotik teknologia eraginkorra ezartzera bideratzen den zatia.

Laguntza hauen xede diren instalazioek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Auditoretza bat egina izatea 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera, baldintza hauek betetzen dituena:

a) Gutxieneko edukia:

–Instalazioaren diagnostikoa.

–Instalaziorako proposatutako alternatibak, gutxienez hiru jarduketa azterturik teknikoki eta ekonomikoki.

b) Auditoretza-lana pertsona fisiko edo juridiko independente batek eginen du, eta horrek ezin izanen du planteatutako eraberritze-lana gauzatzeko fasean parte hartu.

2. Abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoak ezarritakoa betetzea, bai eta Eraikingintzaren Kode Teknikoaren HE3 atalean (“Argi instalazioen energia-efizientzia”) eta indarra duten gainerako legeetan ezarritakoa ere.

3. Eraberritze-lan horiek proiektu tekniko edo memoria tekniko batean, zer dagokion, aurreikusita egon behar dute, eta obra-zuzendaritza baten xede izan, betebehar hauekin:

a) Zenbateko diruz lagungarria (bi horiek batuta kalkulatutakoa) ezin da izan inbertsioaren zenbateko osoaren %10etik gorakoa.

b) Pertsona fisiko edo juridiko batek eginen ditu, zeinak ezin izanen baitu eraberritzea gauzatzeko geroko lanetan parte hartu.

2.–Laguntzen zenbatekoa.

Organo kudeatzaileak diruz lagungarritzat jotzen duen gastuaren %30 izanen da laguntzaren zenbatekoa, eta 10.000 euro gehienez ere, 1. neurri honetako jarduketen kasuan.

3.–Laguntza eskatzeko dokumentazioa.

Laguntza hau eskatzeko, dokumentazio hau aurkeztu behar da 5. oinarrian esandako epean eta moduan:

a) Eskabide-orria, non instalazioaren alderdi garrantzitsuenak azalduko diren.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 0. Eskaera-orria, efizientzia, entitatearen izena.

b) Auditoretza, 1. ataleko 1. puntuan eskatutakoa betetzen duena.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 4. Auditoretza, efizientzia, entitatearen izena.

c) Entitateak 2024ra arte eginen dituen jarduketen plangintza. Dokumentu horretan, entitateak eredu energetikoa aldatzeko urtean egin beharreko jarduketak deskribatuko dira. Gutxienez, arlo hauek jasoko dira:

1. Energia-efizientzia.

2. Energia berriztagarriak.

3. Mugikortasun jasangarria eta partekatua.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 1. Jarduketen plangintza, efizientzia, entitatearen izena.

d) Jarduketaren aurreproiektua, non gutxienez alderdi hauek zehaztuko baitira nahitaez:

–Auditoretzan deskribatutako proposamenetatik hautatu den aukera.

–Energia aurreztearen justifikazioa, III. eranskinean deskribatutako metodologiari jarraikiz.

–Jarduketen aurrekontu xehatua, ongi bereiziz unitate prezioa kontzeptuka, bai eta proiektuaren kostua eta obra-zuzendaritzarena ere.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 2. Jarduketaren aurreproiektua, efizientzia, entitatearen izena.

e) Argindarraren horniduraren (edo horniduren) azken faktura, jarduketaren xedeko argi-instalazioarena alegia. Kontratatutako potentzia berriarekin energiaren horniduran zenbat aurreztuko den kalkulatzeko eskatzen da faktura hori –ikus 6. ataleko a) letrako betebehar berariazkoa–.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 3. Askotariko dokumentazioa, efizientzia.

3.1. Horniduraren azken faktura, efizientzia, entitatearen izena.

f) Erakunde eskatzaileak jatorri-bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen hornidura-kontratu bat badu, kontratu hori erantsi beharko du.

Erakunde eskatzaileak frogatu beharko du kontsumitutako energia elektrikoa %100ean berriztagarria dela. Horretarako, agiri hauetako bat aurkeztu beharko du:

–Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak emandako ziurtagiria, kontratatu den entitate merkaturatzaileak merkaturatzen duen energia %100ean berriztagarria dela frogatzen duena, ITC/1522/2007 Agindua aldatzen duen maiatzaren 20ko IET/931/2015 Aginduari jarraikiz.

–Entitatearentzat merkaturatutako energiaren jatorria %100ean berriztagarria dela adierazten duen faktura.

–Entitateak eta merkaturatze enpresak sinatutako argindarraren hornidura kontratua, non egiaztatu beharko baita banatzen den energiaren jatorria %100ean berriztagarria dela.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 3. Askotariko dokumentazioa, efizientzia.

3.2. Iturri berriztagarrien hornidura, efizientzia, entitatearen izena.

g) Entitateak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako hartutako konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa (deialdiaren 4.2.b) oinarrian adierazitako laguntza gehigarria justifikatzeko), horri dagokionez eskatzen diren betebeharrak betez gero.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 3. Askotariko dokumentazioa, efizientzia.

3.3. Berdintasunarekiko konpromisoa, efizientzia, entitatearen izena

h) Instalazioaren ezaugarriak, hautatutako aukeraren justifikazioa.

Eremu hauek agertuko dira:

CM zenbakia

UNITATEAK

GAUR EGUNGO LUMINARIA MOTA

JARRIKO DEN LUMINARIA MOTA

GAUR EGUNGO LANPARAREN POTENTZIA

LANPARA BERRIAREN POTENTZIA

GUZTIZKO POTENTZIA, ORAIN

GUZTIZKO POTENTZIA BERRIA

HPKU kodea

Instalazioen monitorizazioaren deskribapena.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 2. Jarduketaren aurreproiektua, efizientzia, entitatearen izena.

i) Aurrezte energetikoaren justifikazioa. III. eranskinean jasotakoaren arabera.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 2. Jarduketaren aurreproiektua, efizientzia, entitatearen izena.

j) Luminaria berrien ezaugarrien laburpena, entitatearen izena.

Luminaria berrien ezaugarriak:

–Lanpara mota.

–Kolore mota.

–Goi hemisferioko fluxu instalatua.

–Erregulazio sistema.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 2. Jarduketaren aurreproiektua, efizientzia, entitatearen izena.

Agirien laburpena.

ZENBAKIA

IZENA

0

Eskabide-orria, entitatearen izena

1

Jarduketen plangintza, efizientzia, entitatearen izena

2

Jarduketaren aurreproiektua, efizientzia, entitatearen izena

3.1

Horniduraren azken faktura, efizientzia, entitatearen izena

3.2

Iturri berriztagarrien hornidura, efizientzia, entitatearen izena

3.3

Berdintasunarekiko konpromisoa, efizientzia, entitatearen izena

4

Auditoretza, efizientzia, entitatearen izena.

Deialdiaren 5.5 oinarrian esan bezala, eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ez da inola ere zuzentzen ahalko.

4.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Hona hemen honelako laguntzak emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Ratio energetiko-ekonomikoaren balorazioa: 90 puntura bitarte.

Hona ratio energetiko-ekonomikoa zer den: proposatutako berritzearekin kWh/urtean lortutako aurrezte teorikoaren eta eurotan egindako inbertsioaren arteko zatidura (BEZa barne).

90 puntu emanen dira baldin eta ratio energetiko-ekonomikoa 1,5etik gorakoa bada, eta 0 puntu baldin eta ratioa zero bada. Gainerako kasuetan, bi balio horien arteko erregresio lineala kontuan hartuz aterako da puntuazioa.

b) Ingurumen jasangarritasuna: jatorri-bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen edo “elektrizitate berdearen” hornidura-kontratu bat izatea deialdiko laguntzak eskatzeko epea bukatzen den egunean: 10 puntu.

2. Puntuazioetan berdinketarik izanez gero, irizpideetako bakoitzean lortutako puntuazioa kontuan hartuz erabakiko da, irizpideak azaldu diren hurrenkera berari jarraituz, hain zuzen. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, laguntzaren eskaera zer egun eta ordutan egin zen izanen da irizpidea.

5.–Inbertsioak justifikatzeko dokumentazio berariazkoa.

Onuradunek, deialdiaren 7. oinarrian deskribatutakoaz gainera, honako berariazko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute egindako inbertsioak justifikatzeko:

a) Obra-proiektua eta obra-zuzendaritza, 1. ataleko 2. puntuan aipatutako erregelamenduetan eta indarrean dagoen legedian eskatutakoa zehaztuta (Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoa, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren HE3 atala).

Proiektu horretan, egindako eraberritze-lanen argazkiak ere erantsiko dira, baita erabilitako materialaren fitxa teknikoak ere.

b) Behe tentsioko instalazioaren ziurtagiriaren kopia, Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoan xedatutakoarekin bat.

c) Kontrolerako erakunde baimendu baten ikuskapenaren ziurtagiriaren kopia, Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoaren esparruan, baldin eta aplikatu beharreko araudiak eskatzen badu.

d) Finantzaketan duen partaidetzaren frogagiria, inbertsioko partaidetza kontuen bidez.

6.–Berariazko betebeharrak.

Neurri honen onuradunek, 8. oinarrian zehaztutakoaz gainera, betebehar hauek ere bete behar dituzte:

a) Ordaintzeko ebazpena jakinarazten denetik hiru hilabeteko epean, onuradunak argiteria instalazioaren hornidura kontratu berriaren kopia aurkeztuko du, jarduketaren memorian zehaztutako potentzia kontratatuari dagokiona.

b) Dirulaguntza eman eta hurrengo bi urteetan, urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehenago, memoria-txosten bat aurkeztu beharko da, berritzearen aurreko instalazioa eta ondokoa konparatzeko. Txosten horretan, energiaren kontsumoak eta instalazioaren gastuak zehaztuko dira (prebentziorako eta zuzentzeko mantentze-lanak, konponketak, etab.).

Aipatu dokumentuak telematika bidez aurkeztuko dira, deialdiaren 9.1 oinarrian adierazitako moduan.

2. neurria.–Energia berriztagarrien instalazioetako inbertsioak.

1.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Neurri honen barrenean, jarduketa hauek sartzen dira:

–2.A neurria. Energia berriztagarrien proiektuak idaztea (hidraulikoa, eolikoa eta biomasa).

–2.B neurria. Energia-efizientziako proiektuak idaztea (2022ko deialdi honetako 1. neurrian diruz lagungarriak diren proiektuak alde batera utzita).

2.–Laguntzen zenbatekoa.

Organo kudeatzaileak diruz lagungarritzat jotako gastuaren %80 izanen da laguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa onuradun bakoitzeko: 7.500 euro.

3.–Laguntza eskatzeko dokumentazioa.

Laguntza hau eskatzeko, dokumentazio hau aurkeztu behar da 5. oinarrian esandako epean eta moduan:

a) Eskabide-orria.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 0. Eskabide-orria, proiektuaren idazketa, entitatearen izena.

b) Entitateak 2024ra arte eginen dituen jarduketen plangintza. Plangintza gisako dokumentu horretan, entitatearen konpromisoa jasoko da, eta, horrez gainera, eredu energetikoa aldatzeko urtez urte eginen diren jarduketak deskribatuko dira. Lerro hauek jasoko dira gutxienez:

1. Energia-efizientzia.

2. Energia berriztagarriak.

3. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak.

4. Energia-komunitateak eratzea.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 1. Jarduketen plangintza, proiektuaren idazketa, entitatearen izena.

c) Laguntzaren xede den proiektuaren deskripzio-memoria.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 2. Deskripzio-memoria, proiektuaren idazketa, entitatearen izena.

d) Entitate eskatzaileak jatorri-bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen hornidura-kontratu bat badu, kontratu hori erantsi beharko du.

Erakunde eskatzaileak frogatu beharko du kontsumitutako energia elektrikoa %100ean berriztagarria dela. Horretarako, agiri hauetako bat aurkeztu beharko du:

–Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak emandako ziurtagiria, kontratatu den entitate merkaturatzaileak merkaturatzen duen energia %100ean berriztagarria dela frogatzen duena, ITC/1522/2007 Agindua aldatzen duen maiatzaren 20ko IET/931/2015 Aginduari jarraikiz. A etiketa duen merkaturatzailea.

–Entitatearentzat merkaturatutako energiaren jatorria %100ean berriztagarria dela adierazten duen faktura. A etiketa duen merkaturatzailea.

–Entitateak eta merkaturatze enpresak sinatutako argindarraren hornidura kontratua, non egiaztatu beharko baita banatzen den energiaren jatorria %100ean berriztagarria dela. A etiketa duen merkaturatzailea.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 3.1. Iturri berriztagarrien hornidura, proiektuaren idazketa, entitatearen izena.

e) Entitateak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako hartutako konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa (deialdiaren 3.3.b) oinarrian adierazitako laguntza gehigarria justifikatzeko), horri dagokionez eskatzen diren betebeharrak betez gero.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 3.2. Berdintasunarekiko konpromisoa, proiektuaren idazketa, entitatearen izena.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena energia berriztagarrien zenbat instalazio dituen entitateak, autokontsumo partekatuko instalazioaren RAN erregistro zenbakia (hala badagokio) eta/edo energia-komunitate bateko kide dela adierazten duen ziurtagiria.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 5. Erantzukizunpeko adierazpena, proiektuaren idazketa, entitatearen izena.

Dokumentuen laburpena:

ZENBAKIA

IZENA

0

Eskabide-orria.

1

Jarduketen plangintza, proiektuaren idazketa, entitatearen izena

2

Deskripzio-memoria, proiektuaren idazketa, entitatearen izena

3.1

Iturri berriztagarrien hornidura, proiektuaren idazketa, entitatearen izena

3.2

Berdintasunarekiko konpromisoa, proiektuaren idazketa, entitatearen izena

4

Erantzukizunpeko adierazpenak, proiektuaren idazketa, entitatearen izena

4.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

Honako hauek izanen dira 2.A eta 2.B neurrietako eskaeren balorazio-irizpideak laguntza emateko:

1. Entitateak RANen erregistratutako autokontsumo partekatu bat badu: 25 puntu.

2. Energia berriztagarriak noraino ezarri diren:

a) Entitateak ez badu energia berriztagarrien instalaziorik: 40 puntu.

b) Entitateak energia berriztagarrien instalazio bat, bi edo hiru baldin baditu: 25 puntu.

c) Entitateak energia berriztagarrien 3 instalazio baino gehiago baldin baditu: 10 puntu.

3. Entitatea kide gisa sarturik badago eskaera egiten den egunean legez ezarrita dagoen energia-komunitate edo kooperatiba energetiko batean: 25 puntu.

4. Ingurumen jasangarritasuna: jatorri-bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen edo “elektrizitate berdearen” hornidura-kontratu bat izatea A etiketa duen merkaturatzaile batekin, laguntza eskatzeko epea bukatzen den egunean: 10 puntu.

Eskatzaileei emandako puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, irizpideetako bakoitzean lortutako puntuazioa kontuan hartuz erabakiko da, irizpideak azaldu diren hurrenkera berari jarraituz, hain zuzen. Hala eginda ere berdinketak bere horretan jarraituz gero, laguntzaren eskaera zer egunetan eta zer ordutan egin den, horrexen arabera ordenatuko dira.

5.–Inbertsioak justifikatzeko dokumentazio berariazkoa.

Onuradunek, 7. oinarrian deskribatutakoaz gainera, honako berariazko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute egindako inbertsioak justifikatzeko:

a) Laguntzaren xede den proiektuaren kopia.

b) Fakturak, zeinak entitatearen izenean egon beharko baitute, eta horiek ordaindu izanaren banku ziurtagiriak.

6.–Berariazko betebeharrak.

Neurri honen onuradunek, 8. oinarrian zehaztutako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntza eman eta hurrengo bi urteetan, urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehen, memoria-txosten bat aurkeztu beharko dute, idazketa diruz lagunduta duen proiektua noraino gauzatu den adieraziz.

Aipatu dokumentuak telematika bidez aurkeztuko dira, deialdiaren 9.1 oinarrian adierazitako moduan.

3. neurria.–Energia-komunitatea eratzea

1.–Jarduketa diruz lagungarriak:

1.1. Neurri honen barrenean, jarduketa hauek sartzen dira:

–Parte hartzeko prozesua, talde eragilea eta energia-komunitatea eratzeko.

–Prozesu eratzailea, energia-komunitatea entitate juridiko gisa sortzeko.

–Energia-komunitatea garatzeko beharrezkoak diren planen definizioa.

V. eranskinean jasotzen dira neurri honekin lotutako terminologiaren definizioak.

1.2. Diruz lagungarriak diren gastuek bete beharreko baldintzak.

1.2.1. Energia-komunitatea eratzeko eta parte hartzeko prozesua:

a) Fase hauek hartu beharko ditu kontuan:

a. 1. fasea: parte hartzeko prozesua diseinatzea.

b. 2. fasea: sentsibilizazioa, informazioa eta talde eragilearen eta energia-komunitatearen sorrera.

c. 3. fasea: parte hartzeko prozesua, energia-komunitatearen talde eragileari prestakuntza eta trebakuntza emateko.

d. 4. fasea: Energia-komunitatearen lehen proiektuak eta ekimenak definitzea.

e. 5. fasea: Energia-komunitatea erakunde juridiko gisa eratzea.

f. 6. fasea: Parte hartzeko prozesu eratzailearen emaitza itzultzea eta zabaltzea.

1.2.2. Energia-komunitatea garatzeko planak idaztea:

a) Hasierako proiektu energetikoen definizioa eta energia-komunitateak eman beharreko lehenbiziko urratsak jaso beharko ditu:

a. 7. fasea: Komunikazio- eta zabalkunde-plana idaztea.

b. 8. fasea: Lan-plana idaztea.

c. 9. fasea: Bideragarritasun-plana eta negozio eredua idaztea.

d. 10. fasea: Finantzaketa-plana idaztea.

2.–Laguntzen zenbatekoa.

Organo kudeatzaileak diruz lagungarritzat jotako gastuaren %80 izanen da laguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa onuradun bakoitzeko: 10.000 euro, honela banaturik:

2.1. Energia-komunitatea eratzeko eta parte hartzeko prozesua: 7.000 euro, gehienez. Entitateak prozesu eratzaileari dagokionez jaso beharreko zenbatekoa parte-hartzearen ehunekoarekiko proportzionala izanen da.

2.2. Energia-komunitatea garatzeko planak idaztea: 3.000 euro, gehienez. Entitateak jaso beharreko zenbatekoa proportzionala izanen da energia-komunitatea garatzeko planetan bildu eta beharrezko diren inbertsioetan duen parte-hartzearen ehunekoarekin.

3.–Laguntza eskatzeko dokumentazioa.

Laguntza hau eskatzeko, dokumentazio hau aurkeztu behar da 5. oinarrian esandako epean eta moduan:

a) Eskabide-orria, parte hartzeko prozesuaren alderdi garrantzitsuenak eta energia-komunitatea garatzeko planak jasotzen dituena.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 0. Eskabide-orria, energia-komunitatea, entitatearen izena.

b) Entitateak 2024ra arte eginen dituen jarduketen plangintza. Plangintza gisako dokumentu horretan, entitatearen konpromisoa jasoko da, eta, horrez gainera, eredu energetikoa aldatzeko urtez urte eginen diren jarduketak deskribatuko dira. Lerro hauek jasoko dira gutxienez:

1. Energia-efizientzia.

2. Energia berriztagarriak.

3. Mugikortasun jasangarria.

4. Energia-komunitateak eratzea.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 1. Energia-komunitatearen jarduketen plangintza, entitatearen izena.

c) Energia-komunitatea eratzeko parte hartze prozesuaren deskripzioa eta energia-komunitatea garatzeko proposatutako planak jasotzen dituen dokumentua.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 2. Parte hartzeko prozesu eratzailea eta proposatutako planak deskribatzen dituen dokumentua. Energia-komunitatea. Entitatearen izena.

d) Entitate eskatzaileak jatorri-bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen hornidura-kontratu bat badu, kontratu hori erantsi beharko du.

Erakunde eskatzaileak frogatu beharko du kontsumitutako energia elektrikoa %100ean berriztagarria dela. Horretarako, agiri hauetako bat aurkeztu beharko du:

–Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak emandako ziurtagiria, kontratatu den entitate merkaturatzaileak merkaturatzen duen energia %100ean berriztagarria dela frogatzen duena, ITC/1522/2007 Agindua aldatzen duen maiatzaren 20ko IET/931/2015 Aginduari jarraikiz. A etiketa duen merkaturatzailea.

–Entitatearentzat merkaturatutako energiaren jatorria %100ean berriztagarria dela adierazten duen faktura. A etiketa duen merkaturatzailea.

–Entitateak eta merkaturatze enpresak sinatutako argindarraren hornidura kontratua, non egiaztatu beharko baita banatzen den energiaren jatorria %100ean berriztagarria dela. A etiketa duen merkaturatzailea.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 3.1. Iturri berriztagarrien hornidura. Energia-komunitatea. Entitatearen izena.

e) Entitateak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako hartutako konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa (deialdiaren 3.3.b) oinarrian adierazitako laguntza gehigarria justifikatzeko), horri dagokionez eskatzen diren betebeharrak betez gero.

Erantsitako dokumentazioan aurkeztu beharko da, izen honekin: 3.2. Berdintasunarekiko konpromisoa. Energia-komunitatea. Entitatearen izena.

Agirien laburpena.

ZENBAKIA

IZENA

0

Eskabide-orria. Energia-komunitatea. Entitatearen izena

1

Jarduketen plangintza. Energia-komunitatea. Entitatearen izena

2

Parte hartzeko prozesu eratzailearen diseinua eta kontuan hartu beharreko planak deskribatzen dituen dokumentua. Energia-komunitatea. Entitatearen izena

3.1

Iturri berriztagarrien hornidura. Energia-komunitatea. Entitatearen izena

3.2

Berdintasunarekiko konpromisoa. Energia-komunitatea. Entitatearen izena

4.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

Hona hemen honelako laguntzak emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

4.1. Parte hartzeko prozesu eratzailea (90 puntu gehienez):

a) Entitateak parte hartu du sortu asmo den energia-komunitatean. (50 puntu).

b) Komunitate energetikoa zati batean edo osorik garatuko da erronka demografikoa duten udalerrietan (5.000 biztanle arteko udalerriak eta hirikoak ez diren 20.000 biztanle arteko udalerriak, 5.000 biztanle arteko biztanle-entitate berezi guztiak dituztenak, IDAEk berroneratzearen eta erronka demografikoaren programaren esparruan deialdietarako argitaratzen duen zerrendaren arabera. Zerrenda hori haren webgunean dago eskuragarri). (40 puntu).

4.2. Ingurumen jasangarritasuna: (10 puntu gehienez).

Jatorri-bermea duten iturri berriztagarrietako elektrizitatearen edo “elektrizitate berdearen” hornidura-kontratu bat izatea A etiketa duen merkaturatzaile batekin laguntza eskatzeko epea bukatzen den egunean: (10 puntu).

Eskatzaileei emandako puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, irizpideetako bakoitzean lortutako puntuazioa kontuan hartuz erabakiko da, irizpideak azaldu diren hurrenkera berari jarraituz, hain zuzen. Hala eginda ere berdinketak bere horretan jarraituz gero, laguntzaren eskaera zer egunetan eta zer ordutan egin den, horrexen arabera ordenatuko dira.

5.–Inbertsioak justifikatzeko dokumentazio berariazkoa.

Onuradunek, 7. oinarrian deskribatutakoaz gainera, honako berariazko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute egindako inbertsioak justifikatzeko:

5.1. Energia-komunitatea eratzeko eta parte hartzeko prozesua:

a) Parte hartzeko prozesu eratzailearen amaierako memoria, prozesuko partaidetza-aktekin batera. Energia-komunitateko parte-hartzaileen zerrenda bat sartuko da.

b) Energiaren eta arlo juridikoaren arloan hartutako akordioen txostena, honako kontzeptu hauei dagokienez, gutxienez: gobernantza, helburuak, jarduerak, onuradunak, energia banatzeko akordioak, besteak beste.

c) Egindako jardueren memoria juridikoa honako hauei dagokienez, gutxienez: erakunde juridikoaren erregistroa dagokion erregistro ofizialean, IFK eta zerga-mailako gainerako betekizunak, estatutuak, aitorpenak, ziurtagiriak, besteak beste.

d) Planifikatutako jarduketen memoria energetikoa: gutxienez, energia banatzeko irizpideak, besteak beste.

5.2. Energia-komunitatea garatzeko planak idaztea:

a) Komunikazio eta zabalkunde plana.

b) 1. faserako aurreikusitako jarduketak barne hartzen dituen lan-plana.

c) Bideragarritasun-plana eta negozio eredua.

d) Finantzaketa-plana 1. faserako.

6.–Berariazko betebeharrak.

Neurri honen onuradunek, 8. oinarrian zehaztutako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Garatu beharreko planak energia-komunitatearen talde eragilearekin lankidetza estuan eginen dira.

b) Garatutako planak Nafarroako Gobernuko Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaizkio, jakinaren gainean egon dadin eta parte hartzeko aukera izan dezan.

Aipatu dokumentuak telematika bidez aurkeztuko dira, deialdiaren 9.1 oinarrian adierazitako moduan.

III. ERANSKINA

Aurrezki energetikoa kalkulatzea.

Hauxe da aurrezki energetikoa kalkulatzeko erabiliko den metodologia:

1. Lehenik eta behin, aurreko bi urteetako fakturazio datuak laburbilduko dira, eta urte bakoitzean kontsumitutako kWh kopuruari gehituko zaizkio; aurretiazko auditoretzan eraikineko argiteria sistemek kontsumitutako kWh kopurua bereizi beharko da.

  • 1. urteko kWh kopurua:
  • 2. urteko kWh kopurua:

Batez besteko kontsumoa = (1. urteko kWh kopurua + 2. urteko kWh kopurua) / 2 [1]

2. Eraberritze-lanen ondorioz instalatutako potentzia kalkulatuko da, honela:

P guztira: 1. luminariaren P × luminaria kopurua + 2. luminariaren P × luminaria kopurua + ... .... + n luminariaren P × luminaria kopurua [2]

3. Adieraziko da instalazioa zenbat orduz dagoen potentzia osoan eta zenbat orduz erregulazioa aplikatuta (halakorik aplikatzen bada):

  • Zenbat orduz dagoen potentzia osoan: [3]
  • Zenbat ordu dagoen erregulazioa aplikatuta: [4]

Urteko guztirako orduen kopurua ez da 4.300etik gorakoa izanen.

4. Erregulazio-ekipoarekin lortutako potentzia-murrizketa adieraziko da:

  • Potentzia osoaren koefiziente murriztailea erregulazioa dagoen orduetan [5]

5. Datu horiekin aurrezkia kalkulatuko da, formula hau aplikatuz:

[1] - (([2] x [3]) + ([2] x [4] x [5]))

IV. ERANSKINA

Emakume eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko neurriak

1. Berdintasun plan bat izatea.

2. Berdintasunerako ordenantza bat onetsi izana.

3. Genero berdintasunaren arloko ziurtagiri edo aintzatespen bat izatea.

4. Azken bi urteetan berdintasunerako prestakuntza ekintzak diseinatu eta egin izana etengabeko prestakuntzako planean.

5. Hizkera idatzia eta ikusizkoa sexista ez izateko protokolo edo jarraibide idatziak izatea.

6. Berdintasunarekiko konpromiso argi eta agerikoa egiaztatzea (aipatua balio edo printzipio gidarien artean, webgunean, liburuxketan, publizitate kanpainetan eta abarretan).

7. Legez bete behar dituzten horiez gain, bizitza pertsonala, lana eta familia bateragarri egiteko neurriak izatea eta aplikatzea.

8. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko ekintzak egiteko aurrekontuko partida berariazko bat dutela egiaztatzea.

9. Azken aurrekontu-ekitaldiko bi kontratu publikotan, gutxienez, genero irizpideak sartu izana egiaztatzea.

10. Azken aurrekontu-ekitaldiko dirulaguntza publikoen bi deialditan, gutxienez, genero irizpideak sartu izana egiaztatzea.

11. Egiaztatzea emakumeen eta gizonen presentzia orekatua dela udal organoetan eta udalaz gaindiko ordezkaritza-organoetan.

12. Berdintasunean adituak diren langileak izatea, berdintasuna lan prozesu guztien kudeaketan sartzen dela bermatzeko.

V. ERANSKINA

Definizioak, parte hartzeko prozesu eratzailearen irismena eta energia-komunitatearen garapenerako kontuan hartu beharreko planak

A.–Definizioak.

Energia-komunitatea: pertsona juridiko bat, parte-hartze irekian eta borondatezkoan oinarritzen dena, pertsona fisikoak, ETEak edo toki-erakundeak diren bazkideek edo kideek benetan kontrolatua, energia berriztagarrietako, energia-efizientziako eta/edo mugikortasun jasangarriko proiektuak garatzen dituena eta/edo herritarren prestakuntza, informazio eta sentsibilizazio energetikorako jarduerak sustatzen dituena, baldin eta horiek pertsona juridiko horren jabetzakoak badira eta helburu nagusia bada ingurumen-, ekonomia- edo gizarte-onurak ematea bazkide edo kideei edo tokiko jardun-eremuei, irabazi finantzarioak eman ordez.

Parte-hartze irekia: izaera publikoko, pribatuko edo publiko-pribatuko edozein pertsona fisikok edo juridikok bazkide edo kide izateko duen eskubidea (energia-komunitatearen zerbitzuak erabili nahi baditu, komunitate energetikoak antolatutako jardueretan parte hartu nahi badu eta bertako afiliazioaren erantzukizunak onartu nahi baditu), justifikatu gabeko edo diskriminaziozko baldintzarik bete gabe, eta energiaren azken erabiltzaile gisa dituen eskubideei eutsiz, indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera.

Borondatezko parte-hartzea: edozein bazkidek duen eskubidea energia-komunitatea uzteko, bai eta egindako inbertsioa kentzeko ere, betiere arrazoizko denbora-mugen barruan, komunitatearen finantza-jasangarritasunean izan daitekeen inpaktua mugatzeko.

Kontrol eraginkorra: kontrol eraginkorra da energia-komunitateko kide batek duen gaitasuna bere erabakietan eragin erabakigarria izateko. Pertsona fisiko edo juridiko batek energia-komunitatea kontrolatzen duela joko da, besteak beste, honako kasu hauetan:

–Boto-eskubideen gehiengoa duenean.

–Energia-komunitatearen zuzendaritzako edo kudeaketako langile gehienak izendatzeko edo kargutik kentzeko ahalmena duenean.

–Nagusitasunezko eragina duenean energia-komunitateren erabakiak hartzerakoan, edo boto-eskubideen gehiengoa duenean, hirugarrenekin egindako edozein itun edo akordioren bidez.

–Dagozkion botoen bidez izendatzen dituenean energia-komunitatearen zuzendaritzako edo kudeaketako langile gehienak.

Lan plana: energia-komunitateak garatutako jardueren multzo ordenatua, bere definizioan deskribatutako jarduerak estatutuen bidez egiteko. Energia-komunitateak ustiatu eta erabiliko ditu ondoriozko instalazioak, eta hark antolatutako prestakuntzako, sentsibilizazioko eta informazioko jarduerak gizarte osoari zuzenduko zaizkio, modu irekian.

B.–Parte hartzeko prozesu eratzailearen irismena.

Aurreikusi beharreko parte hartzeko prozesu eratzaileak honako jarduketa hauek jasotzen ahal ditu, gutxienez:

–Prozesuaren diseinua: Parte hartzeko prozesuari hasiera emateko beharrezkoak diren muga teknikoak eta politikoak definitzea.

–Komunikazio- eta zabalkunde-kanpaina parte hartzeko prozesu eratzailerako.

–Energia-komunitatearen talde eragileari prestakuntza eta trebakuntza energetikoa eta juridikoa ematea.

–Kohesiorako eta talde-lanerako jarduerak.

–Energia-komunitatearen sorrera eta etorkizuneko jarduerak gauzatzeko behar diren estatutuak eta gainerako egintza juridiko-administratiboak idaztea.

–Parte hartzeko prozesu eratzailearen emaitzak herritar guztiei itzultzea eta zabaltzea.

C.–Energia-komunitatearen garapenerako kontuan hartu beharreko planak.

Energia-komunitatearen garapenerako kontuan hartu beharreko planak honako hauek izanen dira:

–Energia-komunitatearentzako komunikazio- eta zabalkunde-plana.

–Lan-plana, energia-komunitatearen lehen faserako aurreikusitako jarduketak barne hartzen dituena.

–Bideragarritasun-plana eta negozio eredua.

–Energia-komunitatearen finantzaketa-plana.

D.–Energia-komunitatearen parte hartzeko prozesu eratzailean kontuan hartu beharreko irizpideak.

Parte hartzeko prozesu eratzaileetan kontuan hartzen ahal diren irizpideak:

–Energia-komunitateen partaide potentzialak: pertsona fisikoak, ETEak eta/edo toki-erakundeak.

–Energia-komunitatearen barne antolamendua: gobernantza, helburuak, jarduerak.

–Energia-komunitatearen ekintza eremua: energia-komunitatearen pertsonen eta eragile potentzialen kokapena.

–Inpaktu soziala: kontsumitzaile kalteberak, kontsumitzaile kaltebera larriak edo gizarte bazterketan gelditzeko arriskuan dauden kontsumitzaile kalteberak sartzea energia-komunitatean.

–Genero inpaktua: emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatua kontuan hartzea eta bien arteko erabateko aukera berdintasuna sustatzea energia-komunitatean eta haren kudeaketa organoetan.

–Tokiko inpaktu ekonomikoa: tokiko eragile ekonomikoen artean jarduera ekonomikoa bultzatzea, energia-komunitatearen jarduketen bitartez.

–Dinamizazio soziala: pertsona fisikoen, ETEen eta/edo toki-erakundeen parte-hartze irekia eta borondatezkoa bultzatzea.

–Pobrezia energetikoaren aurka hartu beharreko neurriak.

Iragarkiaren kodea: F2207425