112. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SORLADA

Ordenantza, udal hilerriaren erabilera arautzen duena.
Behin betiko onespena

Sorladako Udalak, 2022ko martxoaren 12an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza. Onespenaren erabakia 2022ko 63. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 29an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, aipatu ordenantza behin betiko onesten da eta agintzen da osorik argitaratzeko, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin.

Sorladan, 2022ko maiatzaren 18an.–Alkatea, Joaquín Lana Marquínez.

ORDENANTZA, SORLADAKO UDAL HILERRIAREN ERABILERARI ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASEI BURUZKOA, ESPAZIO ARRAZOIENGATIK

LEHENENGO KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. eta 100. artikuluetan ezarritakoaren arabera, Sorladako Udalaren esku egon behar dute udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.

4. artikulua. Ehorzteko ekartzen diren hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira zerbitzu horiengatik.

5. artikulua. Gorpuak hilerrian bertan lekualdatzeko hobitik atera daitezke, bai eta beste hilerri batera eramateko ere.

Hobitik ateratze guztiak egin beharko dira osasunari buruz indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

6. artikulua. Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie hartan interesa dutenei, lan hori ikusi ahal izan dezaten, nahi badute.

Epea iraungitzearen ondorioz hustu behar diren hobiei dagokienez, ez da beharrezkoa izanen inolako abisurik ematea.

Eskatzaileak bere kontura kontratatzen ahalko ditu hilotza ateratzeko lanak; kasu horretan, alkatetzari jakinarazi beharko dio aldez aurretik, horrek lanak ikuskatu beharko baititu.

7. artikulua. Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren hondarrak ez dira gorputegira eramaten ahalko.

8. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan, zinkezko hilkutxan ehortzi bada, noiznahi atera eta lekualdatzen ahalko da, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Ez da baimenik emanen hilotzak ateratzeko horiek baino epe laburragoetan, salbu eta epaile baten aginduz.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hobitik ateratzerik eginen, epaile batek aginduta izan ezean.

9. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

10. artikulua. Bai lekualdatzeko hobitik ateratzeak, bai berrehorzketak egiten direnean, horien oharra jasoko da behar den liburuetan.

11. artikulua. Ordenantza honetan arauturiko zerbitzuak emateko udal tasak ordaindu eta gero, hilerriko lur guztiak erabiliko dira lurpeko lagun bakarreko hilobietarako, hamar urteko epean. Dena den, leku gutxi izateagatik beharrean egonez gero, legeak agintzen duen gutxienekoa beteta ateratzen ahalko dira hilotzak eta, hileta zerbitzuen kontzesio administratiboa tartean baldin bada, zerbitzuak dagokion kostua izanen du.

12. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobiak edo gisako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez beste deusetarako. Horretarako, obra lizentzia beharko da eta dagokien zerga ordaindu.

13. artikulua. Udalaren kontura izanen dira hobien kokapena, lurrerauzketaren gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak.

14. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak eta hobiak segurtasun, higiene eta apaindura baldintza egokietan kontserbatzea.

Kontserbazio egoera behar bezalakoa ez bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesdunei, egin behar diren obrei ekin diezaieten, 30 eguneko epean. Hala egiten ez badute, arrazoi aski izanen da ehorzketak egiten ez uzteko.

Epe hori iraganik, Alkatetzak obren ordezko exekuzioa xedatuko du, baita arlo horretako ordenantza fiskalean horren gainean xedatzen dena aplikatzea ere. Hortaz, horren ondoriozko kontua interesdunei pasatuko zaie, eta, ordaintzen ez badute, emakida amaitutzat joko da eta hilobia udalerriari itzuliko zaio.

15. artikulua. Emakidak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungi daitezke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.

BIGARREN KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik

16. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek gauzatzean:

1. Ehorzketak.

2. Hilobiei lotutako beste lan batzuk.

17. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko edo juridikoak izan edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten erakundeak izan.

18. artikulua. Zerga-oinarria da ordenantza honen tarifen eranskinean ageri dena. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

19. artikulua. Lizentziak ematen ahalko dira hobi berean bi gorpu edo gorpu-hondakin edo gehiago batera lurperatzeko, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zedarriturik badaude; alabaina, gorpu bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularraren kontura izanen dira.

20. artikulua. Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta bertako beste batean ehortziz gero, hilobitik ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Hondakinak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

21. artikulua. 17. artikuluan jasotako 1. eta 2. zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak eman baino lehen ordaindu behar dira, salbu premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan. Horrelakoetan, langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatuari jarraikiz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

ERANSKINA

1.–Ehorzketak:

–Sorladan erroldatuta egonik, urtean gutxienez 9 hilabetez bertan bizi direnak bertan: ehorzketa-gastuak.

–Sorladan erroldatuta egonik, urtean 9 hilabete baino gutxiago bizi direnak bertan: 1.500 euro.

–Sorladan erroldatuta ez daudenak: 3.000 euro.

Errautsak senideren baten hilobian bertan jar daitezke, inolako kosturik gabe.

Ehorzketa-leku batean badaude, ehorzketetarako erabiltzen diren tasa berberak.

Iragarkiaren kodea: L2207472