112. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LERIN

Ohoreen eta goresmen sarien gaineko erregelamendua. Behin betiko onespena

Leringo Udalak, 2022ko martxoaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Leringo Udalaren Ohoreen eta goresmen-sarien gaineko erregelamendua.

Erabaki hori iragarki-taulan paratu zen, eta 2022ko 68. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, apirilaren 5ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, erregelamendu hori behin betiko onesteko agindu da.

Lerinen, 2022ko maiatzaren 17an.–Alkatea, M.ª Consuelo Ochoa Resano.

LERINGO UDALAREN OHOREEN ETA GORESMEN SARIEN ERREGELAMENDU BEREZIA

Udalbatzak arauzko bide bat eduki nahi du, bere esker ona egoki adieraztearren erregelamendu honetako ohoreak eta goresmen sariak merezi dituztenei, jardun aipagarria izan dutelako, Leringo Udalaren aldeko merezimendu bereziak izan dituztelako edo Udalari onura nabarmenak ekarri dizkiotelako.

I. KAPITULUA

Leringo Udalak ematen dituen tituluak eta goresmen sariak

1. artikulua.

Nafarroako Foru Eraentza Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoak, 46. artikuluan, ezarri du Nafarroako udalek Estatuko nazioko udalerriei oro har onartzen zaien autonomia izanen dutela gutxienez ere, 1978ko abenduaren 6ko Espainiako Konstituzioak VIII. tituluko 137. eta 140. artikuluetan aitortzen eta bermatzen duen autonomia, hain zuzen.

Erregelamendu honen onespena xedapen hauetan oinarritzen da: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4. eta 49. artikuluak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Legearen 324. artikulua eta ondokoak, eta Toki Erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 189. artikulutik 191.era bitarteko artikuluak.

2. artikulua.

Honako hauek dira ematen ahal diren ohore sariak eta goresmen sariak:

–Herritar Kutuna.

–Adopzio-herritarra.

–Aipamen bereziak.

3. artikulua.

Ohore sariak eta goresmen sariak pertsona fisiko edo juridikoei eman ahalko zaizkie, erregelamendu honetan horietako bakoitzari buruz xedatzen denaren arabera.

Ondorio hauetarako, edozein erregistrotan inskribaturiko pertsona juridikoak, entitateak eta elkarteak parekatzen dira.

4. artikulua.

Hauxe da lehentasun-ordena:

a) Pertsona fisikoei dagokienez:

–Herritar Kutuna edo Adopzio-herritarra.

–Aipamen bereziak.

b) Pertsona juridikoei edo entitateei dagokienez:

–Aipamen bereziak.

5. artikulua.

Goresmen sariak eta aipamen bereziak pertsona fisikoei egiten zaizkienean, horiek eginen dira omenduak bizi diren bitartean edo hil eta gero, haien oroimenean.

6. artikulua.

Herritar Kutunaren edo Adopzio-herritarraren tituluak bizi bitartean edo, denbora mugarik gabe, hil eta gero emanen dira; hil artekoak, pertsonalak eta besterenezinak izanen dira.

Titulu horiek erabaki berean pertsona bati baino gehiagori emanez gero elkarrekin lortutako merezimenduengatik, goresmen sari bakar gisa zenbatuko da.

7. artikulua.

Aipatutako goresmen sariak ez zaizkie emanen administrazio publiko batean edo haren mendeko entitate batean goi karguak edo kargu hautesgarriak dituzten pertsonei, egoera horrek dirauen bitartean.

8. artikulua.

Erregelamendu honetan aipatzen diren goresmen sari guztiak ohorezkoak dira bakarrik, eta ez dute ekarriko eskubide ekonomikorik.

9. artikulua.

Herritar Kutunaren nahiz Adopzio-herritarraren titulua jasotzen duten pertsonek eskubidea izanen dute Leringo Udalak antolatzen dituen hotsandiko ekitaldi ofizialetan egoteko, ohorezko leku batean.

II. KAPITULUA

Herritar Kutuna edo Adopzio-herritarra

10. artikulua.

Herritar Kutunaren izendapena honako pertsona fisiko hauei bakarrik egiten ahalko zaie: Lerinen jaiota, haren aldeko zerbitzuak edo jarduera egiteagatik nabarmendu direnei eta ospe handia eta zalantzarik gabeko begirune publikoa dutenei.

11. artikulua.

Adopzio-herritarraren izendapena pertsona fisikoei dagokie, baldin eta Lerinen jaio ez badira, berdin da espainiarrak edo atzerritarrak izan, lotura badute udalerriaren interesen alde jarduteagatik, eta aurreko artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

12. artikulua.

Herritar Kutunaren eta Adopzio-herritarraren titulua diploma baten eta bereizgarri baten bidez egiaztatuko da.

Diploma hori Udaleko alkate udalburuak sinatuko du, eta Udalbatzako idazkariak horren fedea emanen du.

13. artikulua.

Herritar Kutunaren eta Adopzio-herritarraren izendapenerako, espedientea tramitatuko da, eta hartan ziurtatuko da pertsona omenduak betetzen dituela erregelamendu honetan eskatzen diren baldintzak.

Espedientea ofizioz nahiz parte batek eskaturik has daiteke, eta bi kasuetan zehaztu beharko da zertan oinarritzen den Udalbatzaren edo, kasua bada, eskaera sinatu dutenen nahia; horretarako, labur azalduko da zer gertakari edo inguruabar nabarmen den oinarria, pertsona horrentzat edo horientzat ohore saria edo goresmen saria eskatzeko; gertakari edo inguruabar hori frogatuta egonen da, eta horren kalitatea eta mota ere aipatuko dira.

14. artikulua.

Behar diren jarduketa guztiak eginen dira, proposatutako pertsonek dituzten merezimenduak egiaztatzeko. Merezimendua frogatzeko behar diren txosten eta lekukotasunak eskatuko dira, eta espedientean sartuta geratuko dira.

Aurreko izapidea bukatu ondoren, Alkatetzak Udaleko Osoko Bilkurari igorriko dio proposamena, dagokion erabakia har dezan.

Espedientea gehienez ere bi hilabeteko epean izapidetuko da hasten denetik aitzina, eta hura bukatu ondoren, Udalbatzak –bere iritziaren arabera eta Toki Erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2586/1986 Errege Dekretuaren 50.24 artikuluari jarraikiz– erabakiko du bidezkoa den ala ez ematea. Kideen legezko kopuruaren gehiengoak aldeko botoa eman beharko du.

III. KAPITULUA

Emakida, publizitatea eta entrega

15. artikulua.

Erabakiak indarra izanen du erabakitzen denetik aitzina, deusetan ukatu gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Udalaren iragarki-taulan paratzea, orok jakin dezan.

16. artikulua.

Udaleko alkateak emanen ditu goresmen sariak, jendaurreko ekitaldi ospetsuan, eta hartara Udalbatzako guztiei dei eginen zaie, deusetan ukatu gabe bidezko jotzen diren gonbidatuei ere deitzea.

Goresmen saria hil eta gero ematen denean, hildakoarengandik hurbilenekoa den ahaideari emanen zaio edo pertsona horrek izendatzen duenari, testamentuan adierazitako nahirik ez dagoenean.

Pertsona juridikoen edo entitateen kasuan, legezko ordezkariari emanen zaio.

IV. KAPITULUA

Ohorezko beste aipamen batzuk

17. artikulua.

Udalak aipamen bereziak eman ahalko dizkie pertsona fisikoei, entitateei edo pertsona juridikoei, haien garrantziagatik edo gizartean izandako oihartzunagatik.

Goresmen sari hori bereizgarri bat eta diploma bat dira. Diploma hori alkateak sinatuko du, eta Udalbatzako idazkariak horren fede emanen du.

Bereizgarri horiek ez dute prozedura espezifikorik izapidetzea eskatzen, baina proposamena arrazoitua izan beharko da eta osoko bilkuran adostua, udalbatzako legezko kide-kopuruaren gehiengo osoaren aldeko botoarekin.

18. artikulua.

Halaber, Udalak, Alkatetzaren bitartez, erregelamendu honetan jasotako balioak dituzten pertsona fisikoen izenak jarri ahalko dizkie bide publikoei eta bere titulartasuneko azpiegitura edo eraikinei.

V. KAPITULUA

Errebokatzea

19. artikulua.

Goresmen sari guztiak baliogabetzen ahalko dira, haiek jaso dituzten pertsona edo entitateek esker txarra agertzen badiote udalerriari, baita saria jasotzeko ez duintzat hartzen den edozein jokabide agertzen badute ere.

20. artikulua. Eman dituen organo berak kentzen ahalko ditu goresmen sariak, aurreko artikuluko arrazoiak direla medio. Goresmen saria emateko behar diren prozedura eta gehiengo berak beharko dira hura kentzeko.

VI. KAPITULUA

Goresmen sarien erregistroa

21. artikulua. Udalbatzako idazkariak erregistro bat kudeatuko du, non jasoko baitira erregelamendu honetan aipatzen diren ohore sari eta goresmen sari guztiak eman ziren eguneko datuak. Bertan bilduko dira sariak jaso dituzten pertsona edo entitateen izenak, sari mota eta egoki jotzen diren datu interesgarri guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu hau indarrean jarriko da Udalbatzak onetsi eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 49. eta 70.2 artikuluetan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: L2207490