112. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALLO

Aldaketa, Eguzki-energia zelula fotovoltaikodun panelen bidez edo panel kolektore termikoen bidez jasotzeko instalazioen ezarpena arautzeko udal ordenantzan. Hasierako onespena

Alloko Udalak, 2022ko apirilaren 29an egin osoko bilkuran, legez eskatutako gehiengoz erabaki zuen hasiera batean onestea Allon eguzki-energia hartzeko instalazioak arautzen dituen ordenantzaren 17. artikulua aldatzea, plaka fotovoltaikoak instalatzeko eskaerak errazteko. Hala, 17. artikuluaren testua honako honen ordez aldatu zen:

“17. artikulua. Obra-lizentzia tramitatzea eta erantzukizunpeko adierazpena.

1. Ordenantza honetan arautzen den instalazio bat ezartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Alloko Udalari obra-lizentzia eskatu beharko zaio, edo, kasua zein den, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu; behar diren agiriak ere aurkeztuko dira horretarako.

2. Edozein kasutan, obretarako udal lizentzia beharko dute instalazioek, baldin eta beste administrazio publiko batzuen aldez aurretiko hirigintza baimenak edo bestelakoak behar badituzte, aplikatzekoa den legediari jarraituz. Udal lizentzia eman aurretik, behar diren baimenak izapidetuko dira.

3. Teknikari eskudunak sinatutako proiektu teknikoa aurkeztu beharko da, indarrean den Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko 38/1999 Legeak edo kasuan kasukoak edo hura ordezten duenak hala xedatutako obrak egiteko.

4. Gainerako kasuetan, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua.

5. Lizentziak, betiere, emanen dira jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenen kalterik gabe. Eskatzailea izanen da obrek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzule.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraituz, aldaketa egiteko erabakia jendaurrean egonen da hogeita hamar egunean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, egoki iritzitako alegazioak jarri ahal izateko. Aipatu epean ez bada aurkezten erreklamaziorik, kexarik edo oharrik, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatuko da. Kasu horretan, ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori argitaratu beharko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Allon, 2022ko maiatzaren 25ean.–Alkatea, Susana Castanera Gómez.

Iragarkiaren kodea: L2207765