112. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

179E/2022 FORU AGINDUA, maiatzaren 18koa, Osasuneko kontseilariak emana, osasun establezimenduentzat hirugarrenek egin beharreko gutxieneko funtsezko zerbitzuak ezartzen dituena, 2022ko maiatzaren 22rako, 23rako eta 24rako deitutako legezko greba dela eta.

LAB sindikatuak erabaki du legezko grebarako deialdia egitea ILUNION NAVARRA SL enpresan, 2022ko maiatzaren 22ko 05:00etatik maiatzaren 24ko 05:00etara.

Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Greba deialdiaren aurrean, gutxieneko zerbitzuak zehazteko arrazoia da greba-eskubidea bateragarria izan behar dela osasun zerbitzuen funtzionamendu egokiarekin. Zerbitzu horiek zehazteko orduan, funtsean, zerbitzu horien izaera saihetsezina hartzen da kontuan, premia sanitarioko egoeren aurrean herritarrei zor zaien arreta bermatze aldera. Arrazoi horiekin, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezko zerbitzutzat hartzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Kasu honetan, grebak eragindako zerbitzua arropa garbiketa da, eta, beraz, osasun zentroetako langileengan (uniformeak) eta pazienteengan (pijamak eta oheko arropa) du eragina. Jarduera asistentzial hori atzeraezina izaten dela ulertuta, Osasun Departamentu honetarako gutxieneko zerbitzuek jardueraren %100 bete behar dutela ondorioztatu da, hori baita jarduera hori garatzeko beharrezkotzat jotzen dena, edozein dela ere enpresak ezartzen duen langile kopurua.

Kontuan hartuta martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoa, kasu honetan Foru Komunitateak erabili behar du eskumen hori, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 53. eta 58.1.b) artikuluetan eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Legearen 41. artikuluan xedatutakoaren arabera bere gain hartutako eskumenen indarrez. Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. 2022ko maiatzaren 22rako, 23rako eta 24rako, zehazki, maiatzaren 22ko 05:00etatik maiatzaren 24ko 05:00etara, deitutako legezko greba gauzatuko da ondoren zehazten diren gutxieneko funtsezko zerbitzuak errespetatuz:

1.1. Hirugarrenek Osasun Departamentuko osasun zentro eta establezimenduentzat egiten dituzten zerbitzuetan, zehazki, arropa garbitzeko zerbitzuan, gutxieneko funtsezko zerbitzuak %100ekoak izanen dira.

2. Foru agindu honen 1. atalean jasotako gutxieneko funtsezko zerbitzuei dagokienez, ukituriko enpresetan horretarako izendatzen diren langileek egin beharko dituzte, eta zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea legez kontrakotzat joko da eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Foru agindu hau Greba Batzordeari, LAB sindikatuaren ordezkari Igor Arroyo Leatxe jaunari eta Garapen Ekonomikorako Departamentuko Lan Zerbitzuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 18an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2207358