11. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5623E/2021 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2022rako gastua baimentzen duena desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan betetzen dituzten lanpostuen soldata-kostuetarako dirulaguntzak ordaintzeko. DDBN identifikazioa: 599284.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko, horien oinarri arautzaileak 2022. urtea baino lehen onetsita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horrenbestez, bidezkoa da zenbait dirulaguntzatarako 2021eko gastua baimentzea.

Nafarroako Gobernuak 2021eko abenduaren 15ean hartutako Erabakiaren bitartez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari baimena eman zitzaion 13.100.000,00 euroko urte anitzeko gastu-konpromisoa hartzeko, desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan betetzen dituzten lanpostuen soldata-kostuetarako dirulaguntzak emateko.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 13.100.000,00 euroko gastua baimentzea desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan betetzen dituzten lanpostuen soldata-kostuak ordaintzeko dirulaguntzetarako, 2022ko gastuen aurrekontuen partida honen kargura: “Enplegu zentro berezietarako laguntzak” izeneko 950001 96100 4709 241109 partida. Dirulaguntza horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 4ko 2534/2014 Ebazpenaren bidez arautu ziren, eta 599284 zenbakia dute Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.

2. 2022ko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2021eko ekitaldiko aurrekontuaren kargura erantzutea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 30ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2118497