11. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5585E/2021 EBAZPENA, abenduaren 21ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2022rako gastua baimentzen duena Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresen laguntza teknikorako dirulaguntzak ordaintzeko. DDBN identifikazioa: 599272.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko, horien oinarri arautzaileak 2022. urtea baino lehen onetsita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresen laguntza teknikorako 2022rako dirulaguntzetarako gastua baimentzea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 24ko 476/2017 Ebazpenaren bidez (maiatzaren 8ko 1305E/2020 Ebazpenaren bidez aldatua) onartu ziren deialdi horren oinarriak.

Azaldutakoarekin bat, proposamen-txostena ikusirik, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresen laguntza teknikorako 2022rako dirulaguntzetarako gastua baimentzea. Dirulaguntza horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 24ko 476/2017 Ebazpenaren bidez (maiatzaren 8ko 1305E/2020 Ebazpenaren bidez aldatua) onetsi ziren. Baimentzen den gastua 700.000 eurokoa da, 2022ko aurrekontuko 950001 96100 4819 241104 partidaren kontura (“Zailtasun gehiago dituzten kolektiboen gizarteratze eta laneratze programetarako laguntzak. Konferentzia sektoriala”). Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko zenbakia 599272 da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2021eko abenduaren 21ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2117931