11. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

662E/2021 EBAZPENA, abenduaren 2koa, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi hau onesten baita: “Herritarren erakundeei dirulaguntzak emateko deialdia, gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte-hartzea bultzatu eta sustatzeko proiektuak”. DDBN identifikazioa: 600499.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak ditu Nafarroako Gobernuaren herritarren parte-hartzearen arloko politikaren eskumenak, eta Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez aplikatzen ditu. Zuzendaritza nagusi horrek esleiturik du, beste eskumen batzuen artean, herritarren partaidetza, arreta eta informazioa; horiek guztiak gauzatzeaz Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzua arduratzen da, halaxe baitagokio Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legeak, partaidetzazko gizarte bat sendotzeko asmoz, sentsibilizazio neurri batzuk ezartzen ditu 60. artikuluan, horien artean honako hau (b letran): gizarte erakundeen eta herritarren elkarteen jarduera sustatzeko dirulaguntzen deialdia, urterokoa.

Herritarrei kudeaketa publikoan parte hartzeko aukera ematen bazaie, konfiantza sortzen da; izan ere, horrela, gobernuak indartzen dira, politika publikoak legitimatzen dira, gizarteko pluraltasuna integratzen da, interes sozialak agenda publikoan sartzea errazten da, herritarrak inplikatzen dira bizitza publikoa antolatzeko prozesuetan, eta gizarte zibilaren funtzioa indartzen da. Jakin badakigu herritarren erakundeek zeregin garrantzitsua dutela, herritarrengandik hurbilen diren erakundeak dira-eta; hori horrela, Nafarroako Gobernuak, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuaren bidez, eta lan hori sustatu eta erraztu nahian, asmoa du finantza laguntza ematen segitzeko Foru Komunitatean herritarren erakundeek bultzatzen dituzten parte-hartze prozesuei.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuan xedatutakoa kontuan hartuta,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea herritarren erakundeei dirulaguntzak emateko, 2021eko azaroaren 1etik 2022ko urriaren 31ra bitartean proiektuak gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte-hartzea bultzatzeko eta sustatzeko. Herritarren erakundetzat ulertuko dira toki ekintzako taldeak, garapenerako lankidetzako GKEak, herritarren elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuk.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko gastua baimentzen da, 65.000 eurokoa (zenbateko horretan aldaketak egiten ahalko dira jasotako eskaera kopuruaren arabera), Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretako “Elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuentzako dirulaguntza, herritarren parte-hartzea sustatzeko proiektuetarako” izeneko 010005 01720 4819 924900 partidaren baliokide den 2021eko partidaren kontura. 2021eko urriaren 27ko 42241 Erabakiaren bidez onartutako 2021 Aurrekontuaren aurreproiektuan, 2022ko Aurrekontuan jasota agertzen da kreditu hori, betiere 2022rako onartuko den Aurrekontuan kreditu egokia eta nahikoa badago.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta eranskinen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Iruñean, 2021eko abenduaren 2an.–Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia, Joseba Asiain Albisu.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da araubide bat ezartzea, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak dirulaguntzak emateko Nafarroako herritarren erakundeei, hain zuzen ere Nafarroako Foru Komunitatean 2021eko azaroaren 1etik 2022ko urriaren 31ra herritarren parte-hartzea bultzatzeko eta sustatzeko proiektuak garatzen dituztenei; hori guztia, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat eta kasuan kasuko aurrekontuko kredituak zehaztutako mugen barruan. Herritarren erakundetzat hartzen dira Toki ekintzako taldeak, Garapeneko Laguntzarako GKEak, herritarren elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuek.

Zehazki, dirulaguntza hauen helburua da partaidetzazko demokraziako esperientziak gara daitezela bultzatzea. Esperientzia horiek bilatuko dute, herritarren inplikazio aktiboaren bidez, herritarrak ahalduntzea politikan gehiago parte hartzeko eta beren bizi kalitatea hobetzeko.

Deialdi honetan herritarren erakundeek bultzatutako parte-hartzea aipatzen denean, era honetako ekimenei buruz ari gara: erakundeok bultzatzen dituzten ekimenak, beren bazkideek edota boluntarioek barruko nahiz kanpoko dinamiketan parte har dezaten eta gobernu organoen erabakiak demokratikoak izan daitezen. Multzo horren barruan sartzen dira, era berean, komunitate garapena bultzatzeko asmoz erakunde horiek sustatzen dituzten ekimenak, eta sustatzen dituzten beste ekimen batzuk, herritarrek jarrera aktiboa izan dezaten bai inguruko arazo ekonomikoen, ingurumenekoen eta sozialen berri izateko eta horiei erantzuteko –nork bere aldetik zein taldean–, bai beren bizi baldintzak hobetzeko.

Ulertzen da herritarren parte-hartzea tresna eta lanabesa dela, herritarrei aukera ematen diena beren ingurunean edota beren bizi baldintzetan eragina duten alderdien edo elementuen gaineko erabakietan parte hartzeko eta horiek guztiak taldean eraikitzeko. Era berean, parte-hartze prozesuak entzute aktiborako eta eztabaidatzeko bide ematen du; komunitate bateko alde guztiak biltzen ditu, esparruak, baliabideak, estrategiak eta metodologiak partekatu behar baitituzte, komunitate horretako pertsonen eta taldeen bizi kalitatea hobetzea lortzeko.

Sustatu beharreko ekimenek ezaugarri hauek izan behar dituzte:

a) Eskaerak eginen dira herritarren parte-hartzea sustatzen duten prozesuak garatzeko; ez da finantzatuko erakundearen ohiko jarduera.

b) Zuzenean erakundeak sustatu behar du, eta Nafarroako Foru Komunitatean egin.

c) Interes orokorreko helburu edo proiektu bat garatzea izanen du xede.

d) Prozesuek indartu beharko dute herritarren erakundeen gaitasuna, parte-hartzea sustatzekoa, eta ikaskuntza sendotzen duten esperientziak izanen dira.

e) Prozesuek bilatuko dute herritarrak ahalduntzea, beren bizi kalitatea hobetzea eta politikan gehiago parte har dezatela lortzea.

f) Parte-hartzaileek aukera izan behar dute eragina izateko problema kolektibo bat ebazten, edo partaidetza prozesuarekin lotutako gaian, eta, beraz, baita emaitzetan ere, dela diagnostikorako elementuak aurkeztuz, dela proposamenak planteatuz, dela erabakiak hartuz, dela konponbideak inplementatuz.

g) Partaidetzaren kultura hedatzea.

h) Esperientziek aukera emanen dute sistematizatzeko, erakundeak berak nahiz beste entitate batzuek esperientzia horietatik ikasi ahal izan dezaten.

i) Prozesuek herritarren parte-hartzea sustatuko dute modu antolatuan, planifikatuan eta ongi egituratuan.

j) Informazioa emateko, kontsultarako, eztabaidatzeko edota elkarrekin erabakitzeko ekintzak aurreikustea.

k) Entitateak herritarren proposamenak aztertu beharko ditu, eta horien gainean zer erabaki hartu duen jakinarazi beharko du, arrazoiak emanez.

l) Parte hartzaileek ebaluatuko dute.

m) Kalitatezko esperientziak izanen dira herritarren parte-hartzeari dagokionez eta oinarrituko dira parte-hartze prozesuen plangintzan eta ondorengo inplementazioan, arreta emanez, bereziki, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak desagertzeari eta genero rolak hausteari. Sexuaren aldagaia sartuko da estatistika, inkesta eta datu bilketa guztietan. Genero adierazleak sartuko dira, bide emanen dutenak zehaztasun handiagoz jakiteko zer desberdintasun dauden emakumeen eta gizonen balioen, rolen, egoeren, baldintzen, nahien eta beharren artean. Parte-hartzea nahikoa zabala izan dadin sustatuko da, emakumeen eta gizonen egoerak eta beharrak zein diren jakiteko behar adinakoa, alegia.

n) Pertsona orok baldintza berdinetan parte hartzeko duen eskubidea sustatuko dute, arreta emanez, bereziki, jatorri desberdineko elkarte eta/edo pertsonen parte-hartzeari, sexu orientazioaren edo genero identitatearen araberako aniztasunari, aniztasun funtzionalari eta desgaitasunari, aniztasun etniko eta erlijiosoari, besteak beste. Proiektuak gauzatzean, irisgarritasun unibertsalerako baldintzak beteko dira, beharrezkoak baitira pertsona guztien eta, bereziki, desgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasuna, autonomia pertsonalaren sustapena, komunitateko inklusioa eta bizimodu independentea bermatzeko, gizartean erabat eta modu eraginkorrean txerta daitezen eta parte har dezaten.

2. oinarria. Onuradunak.

Herritarren erakundeek hartzen ahal dute parte deialdi honetan, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean herritarren partaidetzarako proiektuak sustatzen badituzte eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

3. oinarria. Betebeharrak.

Onuradun izateko, betebehar hauek bete beharko dira eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko da diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte:

3.1. Indarreko legeriarekin bat eratuak egotea, nortasun juridikoa izatea eta dagokien erregistroan inskribatuak egotea –publizitate ondorioetarako soilik eska daiteke inskripzio hori–.

3.2. Nafarroako Foru Komunitatean bakarrik aritzea, salbu garapenerako lankidetzako GKEak.

3.3. Aurreikusia izatea, beren eraginpeko eremuan, herritarren parte hartzerako interes publikoko edota kolektiboko proiekturen bat sustatzea eta garatzea bizitza sozialaren, ekonomikoaren, kulturalaren edo politikoaren esparruan.

3.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeraren batean ez egotea.

3.5. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

4. oinarria. Gauzatzeko epea eta proiektu nahiz ekintza diruz lagungarriak.

4.1. Dirulaguntzaren xedeko proiektuak gauzatzeko epea 2021eko azaroaren 1etik 2022ko urriaren 31ra arte izanen da.

4.2. Diruz lagungarriak izanen dira herritarren parte-hartzea bultzatzen duten esperientziak, eta erakunde eskatzaileek helburu hauetako batekin lotu beharko dute eskaera:

–Indartzea ikaskuntza eta herritarren erakundeak duen gaitasuna, herritarren parte-hartzeari dagokionez, honako jarduera hauen bitartez: hezkuntza-jarduerak, sentsibilizaziokoak, prestakuntzakoak, gaikuntzakoak edo herritarren komunikaziokoak.

–Kohesio soziala bultzatzea, belaunaldien arteko elkarlana sustatuz eta gizarteratzeko arazoak dauzkaten pertsonek edota gizarte bazterketa jasaten dutenen kolektiboek parte har dezatela bilatuz, haien gaitasunak sustatzeko eta bizi baldintzak hobetzeko.

–Erakundearen garapen estrategikoa sustatzea, pertsona edota entitate elkartuen partaidetzarekin.

–Parte hartzeko prozesu eta espazio pluralak eta irekiak ezartzen laguntzea, horrela lortzeko jende askok eta askotarikoak parte hartzea, herritarrak indartu eta inplika daitezen Nafarroako Foru Komunitatean dauden arazoetako baten gaineko diagnostikoa egiten eta horren aurreko erantzunak proposatzen, bai eta interes orokorrak defendatzeko ere, proiektua sustatzen duten erakundeen intereseko esparruan.

–Plangintza eta egitura zehatza duten esperientziak izatea, berrikuntza soziala sustatzen dutenak, baita sareko lana ere, hala entitateen artekoa nola entitateen, instituzioen eta herritarren artekoa.

4.3. Ez dira diruz lagunduko, herritarrekiko harremanekin zerikusia duten arren, maiz herritarren parte-hartze prozesuekin nahasten diren jarduerak, adibidez:

–Erakundeen beraien dinamizazio soziokulturaleko urteko proiektu eta programak, xede nagusitzat ez dutenak elkarrizketarako eta ekintzarako guneak irekitzea (informazioa-gogoeta-debatea-proposamena) eremu publikoan, inplikatutako giza taldeen dinamizazioan edota komunitatean oro har.

–Jarduera ludikoak, jaiak, kultur ekintzak edo dinamizazio sozialekoak, parte-hartze prozesuen osagarri ez direnak, hots, jardueraren helburua, hasi eta buka, jarduera bera gauzatzea denean, eta ez parte-hartze prozesu bati ekarpena egitea.

–Zabalkunde, komunikazio eta informazio kanpainak, parte-hartze prozesuekin loturarik ez dutenak, esate baterako, erakusketak, informazio orriak, buletinak, jardunaldiak eta informazio kanpainak. Jarduera horiek diruz lagunduko dira parte-hartze prozesu batean sartzen direnean, baina ez, ordea, eskaeraren xedea denean zerbitzu eta proiektuei buruzko informazioa ematea, herritarren arteko debaterako eta haien ekarpenen gaineko lanerako pizgarri izan gabe.

–Inkestak, galdeketak eta bestelako metodo demoskopikoak, parte-hartze prozesuekin zerikusirik ez badute eta haien emaitzen inguruko deliberazio eta debaterik aurreikusten ez badute.

–Prestakuntza jarduerak, parte-hartze prozesu bati laguntzeko estrategia baten parte ez direnean.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren kontra doazen kontsultak edo prozesuak.

4.4. Eskaeren kopuru mugatua.

Proiektuak banaka nahiz mankomunatuta aurkezten ahalko dira.

Herritarren erakundeek proiektu bakarra aurkezten ahalko dute bakarka.

Beste erakunde batek aurkeztuak balira bezala hartuko dira taldean aurkezten diren esperientziak. Erakunde talde bakoitzak eskabide bakarra aurkezten ahalko du.

Proiektuak mankomunatuta aurkezten badira, herritarren erakundeek proiektuan ordezkatuko dituen erakundea izendatuko dute, eta ordezkapen hori ondorio guztietarako izanen da, barnean dela laguntza ekonomikoa jasotzea. Proiektua ordezkatuko duen herritarren erakundea izendatzeko, nahikoa izanen da proiektua sustatzen duten erakundeen ardura duten pertsonek sinatutako adierazpena aurkeztea.

4.5. Gastu diruz lagungarriak.

Diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozen gastuek soilik jaso dezakete dirulaguntza, baldin eta oinarri hauetan ezarritako epean gauzatzen badira. Zehazki, hurrengo gastu kontzeptuek jasoko dute dirulaguntza, merkatu balioa gainditu gabe.

4.5.1. Zuzeneko gastuak:

a) Entitateko langileria gastuak. Lana egiten dutenak erakundeko teknikariak badira, gehienez ere proiektuari atxikitako bi pertsonaren gastuak hartuko dira aintzat, eta horietako bakoitzari dagokion gastu justifikagarria ez da izanen proiektua gauzatzen emandako denborari dagokion soldata gordinaren % 20 baino gehiago.

b) Kontratazio gastuak: teknikariak edo proiektua egiteko behar den gradua duten langileak, entitate onuradunekin lan-kontratudun gisako loturarik ez dutenak, kontratatzeko gastuak; proiektua gauzatzeko aurreikusitako denbora osoan edo zati batean aritzen ahalko dira. Kontratazioaren gehieneko kostuak, dirulaguntzari egozten ahal zaizkionak, lansari gordinen ordainketari dagozkionak izanen dira, ez besterik.

c) Laguntza teknikoa (entitatetik kanpoko zerbitzu profesionalak kontratatzea). Pertsona fisiko edo juridikoen kontratazioa diruz lagunduko da baldin eta frogatzen badute deialdi hau egin baino hiru urte lehenago garatu diren parte hartzeko 3 prozesu publikotan edota pribatutan, gutxienez ere, jardun dutela prestakuntzan edota kudeaketa eta dinamizazio lanetan. Pertsona juridikoen kasuan, frogatuko da proiektuaren ardura duen taldeak badituela arestian aipatutako esperientzia duten pertsonak, eta horiexek dutela proiektua gauzatzeko ardura zuzena.

Esperientzia egiaztatuko da kontratatutako laguntza teknikoak emandako ziurtagiriaren bidez (6. eredua).

Diruz lagundutako jardueraren %100 ere azpikontrata daiteke.

Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada (BEZik gabe), frogatu beharko da hornitzailea kontratazio publikorako baldintzak betez hautatu dela, herritarren entitateen kasuan, eta gainerako entitateei dagokienez, eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Entitate onuradunaren txosten baten bidez frogatuko dira kontu horiek (5. eredua).

d) Diruz lagundutako jardueren publizitate eta zabalkunde gastuak.

e) Dokumentazioa idaztea, hala prestaketakoa nola ekintzen ondoriozkoa. Hemen sartzen dira, besteak beste, datuen grabaketa, dokumentazio eta informazio zerbitzuak, memoriak idaztea , bideoen, DVDen eta antzekoen edizioa, etab. eskatzen dituzten argitalpenak.

f) Saioetarako eta topaketetarako deia egitea, eta horiek prestatzea, dinamizatzea eta garatzea. Hemen sartzen dira, besteak beste, aretoak eta ikus-entzunezko ekipoak alokatzeko gastuak, baita honako hauekin zerikusia duten gastuak ere: prestaketa, dinamizazioa, hitzaldiak, material suntsigarria, etab.

g) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar).

h) Hizlariek sortutako ordainsariak, bai eta hitzaldien ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.

i) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak eta antzekoak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta ezinbestekoak badira hura ongi prestatu edo egiteko.

j) Proiektuan sartutako jarduerekin loturiko gastuak, bidezkotzat jotzen direnak, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak onartzen dituenak eta oinarri hauen 4.6 puntuan berariaz salbuetsita ez daudenak.

4.5.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Ematen den dirulaguntzaren % 10 arte egozten ahalko zaie zeharkako gastuei, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin, entitatearen lokalaren alokairuarekin edo hornidurekin (hala nola, ura, argia eta telefonoa), zentzuzko neurri batean, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.

4.6. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak, jarduerak eta gastuak:

4.6.1. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira deialdiaren oinarrien araberakoak ez diren proiektuak edota aisialdiko jarduerekin, jarduera ludikoekin edota boluntariotzako jarduerekin lotura dutenak.

4.6.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen deialdi honetan:

a) Banku kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

d) Aperitibo, otordu eta antzekoen gastuak.

e) Entitatearen beraren publizitatearekin edo sustapenarekin lotutako gastuak, Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen ez bada.

f) Material inbentariagarrien eta inbertsioen gastuak.

g) Jardueretan parte hartu dutenentzako esker-sariak edo opariak, edonolakoak.

5. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Dirulaguntza inola ere ez da izanen proiektuaren guztizko kostuaren %80 baino handiagoa.

Erakunde bakoitzak 10.000 euro jasoko ditu gehienez dirulaguntza gisa.

5.2. Balorazio teknikoan gutxienez ere 70 puntu lortu dituzten proiektuei soilik emanen zaie dirulaguntza.

5.3. Honela zehaztuko da zer zenbateko dagokion zehazki proiektu bakoitzari:

–70 eta 79 puntu bitarte eskuratzen dituzten proiektuek proiektuaren kostuaren %70 jasoko dute.

–80 eta 89 puntu bitarte eskuratzen dituzten proiektuek proiektuaren kostuaren %75 jasoko dute.

–90 eta 100 puntu bitarte eskuratzen dituzten proiektuek proiektuaren kostuaren %80 jasoko dute.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten erakundeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 1.2 eranskineko ereduekin bat:

a) 1. eredua: Eskabide orria. Inprimaki honetan erakunde eskatzailearen datuak zehazten dira, baita beharrezko baimen eta adierazpenak ere.

b) 2. eredua: Proiektuaren deskripzioa. Eredu horretan, proiektua zehazten da eta aurrekontua adierazten da. Dirulaguntzen eskaerak ereduaren arabera aurkeztuko dira nahitaez; Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoko laguntzen fitxan eskuratzen ahal da eskabide eredua.

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Dirulaguntzak-herritarren-elkarteei-2022an-herritarren-parte-hartzea-bultzatu-eta-sustatzeko Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehenetsitako bide gisa.

c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, baldin Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia bada edo baldin aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada. Eskabide-orria Interneten eskura daiteke, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

6.2. Administrazioari lehendik aurkeztu zaizkion agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, eskatzailea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 28 artikuluan ezarritakoaz baliatzen ahalko da, baldin eta adierazten badu noiz eta zein organo administratibotan aurkeztu zituen agiri horiek.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

7.1. Eskabideak eta erantsitako agiriak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Tramiteen Katalogoan argitaratutako fitxaren bitartez, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Fitxaren esteka:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Dirulaguntzak-herritarren-elkarteei-2022an-herritarren-parte-hartzea-bultzatu-eta-sustatzeko

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko “Tramiteak” fitxan dagoen 2. eredura –Proiektuaren deskripzioa– egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere. Beraz, ez aurkeztutzat joko dira eta ez dira zuzentzen ahalko.

Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak interesdunak eskaeran emandako gaitutako helbide elektronikoaren (GHE) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke DEHa, eta jakinarazpen elektronikorako prozeduretan izena eman. Horretarako, NANa edo ziurtagiri digitala beharko da.

7.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, toki entitateari errekerituko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Akatsak zuzentzeko errekerimendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eginen da eta, horrez gain, posta elektronikoz ohartarazpena bidaliko da 1. eskaera ereduan Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuarekin harremanetan egoteko lehenetsi den helbidera.

Proiektua deskribatzeko dokumentazioa ezin da zuzendu.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari dagokio.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidean tramitatuko da, oinarri arautzaile hauetan aldez aurretik ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz; irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei dirulaguntza esleituko zaie, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

Eskaera baten baino gehiagoren artean azken puntuazioan berdinketa gertatuz gero, 1.1 eranskineko “Sareko lana” irizpidean puntuazio handiena lortu duena izango da erakunde onuraduna. Berdinketa hausten ez bada, “Kolektiboen inklusioa” irizpidean lortutako puntuazioaren hurrenkerari men eginen zaio.

8.2. Eskaerak 1.1 eranskinean zehaztutako irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak beste departamentu batzuetako pertsona batzuen laguntza izan dezake, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Gutxienez ere 70 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ezetsi eginen dira.

Proiektuak diruz lagungarriak ez diren ekintzak baditu, diruz lagungarriak direnak soilik hartuko dira kontuan.

8.4. Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiari igorriko dio bere ebazpen proposamena. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, adierazten duena entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria. Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzei buruzko ebazpena Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.

9.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak eta proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, Gobernu Irekiaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu-kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

9.3. Emateko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

10. oinarria. Gorabeherak proiektuak gauzatzean.

10.1. Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan. Hala ere, proiektuan aurreikusitako exekuzioa aldatzen duten inguruabarrak gertatzen direnean, aldaketa hauek egin daitezke:

a) Proiektua gauzatu bitartean egin beharreko jardueren aldaketak.

b) Proiektuan egin beharreko ekintzen berrantolaketa ekonomikorako aldaketak.

10.2. Aurreko kasuetan, proiektuan egin beharreko ekintzak aldatzeko, aldez aurretik baimena eskatu behar zaio organo kudeatzaileari. Entitate interesdunak, dirulaguntzaren helburua kontuan hartuta, egoki jotzen dituen beste jarduera bat (edo batzuk) egitea proposa diezaioke Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari, proiektuan sartuta ez egon arren.

Proposatutako aldaketak behar bezala arrazoitu eta aurkeztu beharko dira, aurreikusitako jarduera egin baino gutxienez 20 egun lehenago.

Balorazioa egiteko, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituko zaie, eta epe eta baldintza beretan justifikatu beharko dira.

Proposatzen den jarduera berriak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Ordezten duen jardueraren maila edota konplexutasun tekniko bera izatea.

b) Oinarrietan ezarritako baldintza berberak betetzea, eta oinarrietan ezarritako modu berean aurkeztea.

Instrukzio organoak baloratuko du salbuespenekoak ote diren aldaketak eta aldaketa horiek egiteko ematen diren arrazoiak, haiek onartu edo ukatzeko.

Balorazioa eginda, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, aipatutako aldaketa espresuki baimendu edo ukatuko du eta, behar izatera, egokiak diren doikuntza ekonomikoak eginen dira.

10.3. Proiektuan onartutako jardueretako bat egin gabe utzi behar denean, ez da aldaketarako aldez aurreko baimena eskatu beharko. Hala ere, jarduera horretarako aurreikusitako zenbatekoa ezin zaio gainerako jardueren aurrekontuari erantsi. Nolanahi ere, justifikazio agiriak aurkezten direnean, onuradunak behar bezala azaldu beharko ditu aldaketa horiek.

11. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

11.1. Dirulaguntza ordainduko da diruz lagundutako proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

Edozein ordainketa egin aurretik, derrigorrezkoa izanen da gardentasun-betebeharrak betetzea, deialdi honen 14. oinarrian adierazi bezala.

11.2. Dirulaguntzaren xedeko jarduketa guztiak egin ondoren, entitate onuradunek justifikatu beharko dute diruz lagundutako proiekturako jaso dituzten funtsak osorik aplikatu dituztela. Hori horrela, bi justifikazio-epe ezarri dira: 2022ko ekainaren 15era bitartekoa dagoeneko proiektua gauzatuta dutenentzat, eta gainerakoentzat 2022ko azaroaren 15era bitartekoa (egun hori barne). Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–4. eredua: Proiektuaren eta gastuen amaierako memoria.

–5. eredua: Enpresa hautatzeko egiaztapena. Bakarrik, aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua, BEZ kanpo, 12.000 eurotik gorakoa bada.

–6. eredua: Kontratatutako enpresaren adierazpena Proiektua garatzeko laguntza tekniko bat kontratatu bada soilik aurkeztuko da. Proiektua gauzatzeko kontratatutako enpresak bete behar du adierazpen hori.

–7. eredua: Beste dirulaguntza batzuei buruzko aitorpena. Berariaz aipatu beharko da proiektuak bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso duen. Hala bada, zehatz-mehatz adieraziko da zer zenbateko jaso dituen eta nondik.

–8 eredua: Gastuak justifikatzeko taula.

–Fakturen zerrenda eta egindako ordainketen frogagiriak.

Justifikazio kontu baten bidez (8. eredua) justifikatuko dira izandako gastuak eta ordainketak. Kontuak diruz lagundutako jardueren eta haien kostuaren aitorpena bildu beharko du gutxienez ere, jarduerak egiteko gastu guztiak banan-banan zehazturik. Jatorrizko fakturak aurkeztu beharko dira, baita horiek benetan ordaindu direla frogatzen duten agiriak ere. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.

–Egindako ekintzen frogagiriak eta haien ondoriozko produktuen edo hedapen eta publizitate materialen erakusgarriak aurkeztuko dira.

–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektuan parte hartu duela adierazteko betebeharra, hau da, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatzea egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian, baita honako hau idaztea ere: “Nafarroako Gobernuak diruz lagundua”. Testu horrek bete beharko ditu Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan eta hura aldatzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak.

–Proiektua gauzatu bitartean hartan lanean ari diren pertsonen soldata gordinari buruzko adierazpena.

4., 5., 6., 7. eta 8. ereduak Nafarroako Gobernuaren “Tramiteak” fitxako dagokion atalean eskura daitezke.

11.3. Instrukzio organoak ikusten badu zuzentzeko moduko akatsak daudela, entitate eskatzaileari eskatuko dio beharrezkoak diren frogagiriak aurkez ditzala 10 egun balioduneko epean. Errekerimendu hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eginen da eta, horrez gain, ohartarazpena bidaliko da eskabidean adierazitako helbide elektronikora.

Ez da zuzentzeko modukotzat joko justifikazioa egin ez izana, ez eta behar bezala justifikatu ez izana ere, dirulaguntzak itzultzeko arrazoietako batzuk direlako Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluaren arabera.

11.4. Egindako gastutzat joko da, oro har, bi justifikazio epeak bukatu baino lehen benetan ordaindu dena, hots, 2022ko ekainaren 15a eta azaroaren 15a baino lehen. Edonola ere, ez da eskatuko data hori baino lehen ordaindu ezin diren finantza eta zerga gastuak benetan ordainduak izatea, horren arrazoia baldin bada likidatzeko borondatezko aldia oraindik irekita ez egotea. Edozein kasutan, mota horretako gastuen frogagiriak 2022ko abenduaren 5a baino lehen aurkeztu beharko dira.

12. oinarria. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradunak diren erakundeek Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

13. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Dirulaguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari, eta idatziz eskatzea aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena.

c) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

d) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztuko du.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza duela aipatzea proiektuari buruz idatziz edo ahoz egindako publizitate eta zabalkunde orotan.

i) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, gardentasunari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, deialdi honetako 14. oinarrian ezarritakoarekin bat.

j) Entitate onuradunak erabakitzen badu emandako dirulaguntzari uko egitea, ahalik eta lasterren emanen du uko horren berri telematikoki, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari zuzenduta. Uko egindako zenbatekoa beste proiektu batzuei esleitzen ahalko zaie, baldin 5.2 oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu badute eta laguntzarik gabe gelditu badira aurrekontuan nahikoa kreditu ez izateagatik, edo, halako proiekturik ez badago, beste proiektu onuradunen artean hainbanatuko da.

14. oinarria. Gardentasuna.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, 3. eredua bete beharko dute: Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (1.2 eranskinean ageri da).

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzura bidaliko da.

Aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako entitateak gardentasun betebeharrik ez badu ere, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du (3. eranskina).

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak (aipatutako foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona).

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapenezko isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

15. oinarria. Inbertitu gabeko gerakinak.

15.1. Dirulaguntza zertarako eman zen, helburu horiek bete ondoren eta baliabideak efizientziaz erabiltzearen poderioz gerakin inbertitu gaberik baldin badago, horren barne direla diruz lagundutako jarduerari aplikatu ez zaizkion balizko finantza etekinak, onuradunek Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko zuzendariari eskatzen ahalko diote haiek erabiltzea izaera bereko edo antzeko izaerako beste jarduera batzuetan; hain zuzen ere, oinarri arautzaile hauen arabera diruz lagungarriak izan eta entitate onuraduna gauzatzen ari den jardueretan.

15.2. Inbertitu gabeko gerakinak erabiltzea baimentzeko eskaeran, abiatutako edo, hala bada, bukatutako proiektuaren helburuen zabalpena eta dagokion aurrekontua zehaztuko dira.

15.3. Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko zuzendariak proposamena egin ondotik, ebazpena emanen du, gerakina zer dirulaguntzari aplikatu behar zaion, hura emateari buruzko ebazpena aldatuz, edo deskribatutako gerakinak itzul daitezen erabakiz.

16. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

16.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoak) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek ekarriko dute jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, itzuli behar izatea, baita berandutze-interesak pagatzeko eskatzea ere, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak.

16.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa betetze aldera, jarduerak ez badira betetzen aurkeztutako proiektu proposamenean zehaztu bezala, baldintzak hein batean bete ez direla joko da. Horrelakoetan, %20 itzuli beharko da, betetzen ez den jarduera bakoitzeko. Jarduera betetzen ez dela joko da ez denean gauzatzen entitateak berak aurkeztutako azalpenei jarraituz. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete ez diren ikusita.

17. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoak, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikulua.

19. oinarria. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari eta aplikagarria den gainerako araudiari jarraituko zaio.

1.1. ERANSKINA

Proiektuak baloratzeko irizpideak

BALORAZIO IRIZPIDEAK

BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK

PUNTU BERARIAZKOAK

PUNTU OROKORRAK

KALITATEA

Proiektuaren helburu orokorren deskripzioa

4

45

Jardueren helburu berariazkoen deskripzioa

7

Jardueren deskripzioa

14

Proiektuaren plangintza eta egutegia

5

Ebaluatzeko adierazleen deskripzioa eta koherentzia

10

Parte-hartzaileen definizio argia

5

BERRIKUNTZA

Parte hartzeko aurreikusitako metodologiak

10

30

Proiektuaren helburu diren pertsonen interesa erakartzeko ahalmena

5

Beste entitate batzuetara transferitzeko eta errepikatzeko aukerak

5

Sormena eta originaltasuna

5

Proiektuaren jasangarritasuna, hau da, jasangarritzat joko da baldin eta proiektua bukatu ondoan ere haren onurek irauten badute edo horiek handitzen badira.

5

SAREKO LANA

Herritarren beste erakunde batzuk proiektuan inplikatzea

5

10

Udalez gaindiko beste entitate batzuk proiektuan inplikatzea

5

GENERO IKUSPEGIA

Proiektua hizkera inklusiboz idaztea

1

5

Proiektuan genero irizpidea sartzeko aurreikusi diren neurriak

2

Proiektua gauzatzeko ardura duen lantalde teknikoak zer gaikuntza duen gizonen eta emakumeen egiazko berdintasunaren arloan. Hori frogatzeko, adieraziko da zer langilek gauzatuko duten, espresuki, kontratua, eta pertsona horiek zer titulazio, prestakuntza eta esperientzia duten arlo zehatz horretan

2

KOLEKTIBOEN INKLUSIOA

Integratzeko oztopoak dituzten kolektiboak sartzea proiektuan

2

5

Proiektuan sartzea askotariko pertsonen parte-hartzea errazten duten neurriak (jatorri desberdinak, sexu orientazio eta genero identitate desberdinak, aniztasun funtzionala, etnikoa edo erlijiosoa)

3

PROIEKTUAREN KOMUNIKAZIOA

Proiektuaren komunikazioa ziurtatzeko proposatutako neurriak

5

5

100

F2117877

Iragarkiaren kodea: F2117877