11. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

256/2021 EBAZPENA, abenduaren 2koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, babes zibilaren eremuan kualifikazio eta jarduera espezifikoa duten boluntariotzako erakundeei dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena, 2021eko azaroaren 1etik 2022ko urriaren 31ra bitartean haien funtzionamenduan laguntzeko. Deialdian parte hartzeko baldintza da Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuarekin lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatua izatea. DDBN identifikazioa: 597923.

Babes zibila zerbitzu publiko bat da, eta helburua du arrisku larrietan, lazeria publikoetan edo hondamendietan pertsonak eta ondasunak babestea, noiz eta pertsonen ondasunak, segurtasuna eta bizia arriskuan daudenean. Zerbitzu publiko horren antolaketan, funtzionamenduan eta betearazpenean, bateko eta besteko administrazio publikoek hartzen dute parte, baita herritarrek ere, betebeharrekoak betez eta borondatezko laguntza emanez.

Ulertu behar da sistema publiko hau multzo egituratu eta koordinatu bat dela, ahalegin publiko eta pribatuak batzera bideratzen dena, larrialdietan arreta eta laguntza materiala emateko. Hala jasota dago Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 39. eta 39. bis artikuluetan, eta sistemaren parte dira, besteak beste, boluntariotza erakundeak.

Urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babes zibilaren eta larrialdien arloetan dituen zerbitzuak kudeatzea.

Nafarroako Gobernuak lankidetzarako zenbait esparru-hitzarmen sinatu ditu boluntariotza elkarteekin eta beste entitate batzuekin, horiek Nafarroako babes zibilaren sisteman integratzeko helburuz, halako moduz non, boluntariotza sustatuz, boluntarioen etengabeko prestakuntza eta laguntzaren kalitatea zainduko dituzten, hain zuzen ere honako hauetan aritzen diren boluntarioen kasuan: salbamendu espezializatuan, zakurrekin edo haitzulo eta leizeen ingurune zailean aritzen diren espezialistekin jarduten, eta naturgunean bilaketak egiten, barnean dela ere mendiko prebentzioa, betiere jarduteko prozedurak antolatzen, aginte bakarraren printzipioari jarraituz.

Horien ondorioz, Nafarroako Gobernuak, Barne Zuzendaritza Nagusiaren bidez, konpromisoa hartu du entitate horien jarduerak diruz laguntzeko, gastu arruntak eta inbertsioak finantzatzen dituzten dirulaguntzen bidez, baldin eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuaren jarraibideen arabera beharrezkotzat jotzen badira entitate horien eta haien instalazioen funtzionamendu edo hobekuntzarako. Beren aldetik, entitateek hainbat betebehar hartu dituzte beren gain, operatiboan eraginkorki txertatzeko, beste profesional eta boluntario batzuekin batera.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte, eta segurtatuko dira publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta kontrolaren printzipioak.

Babes zibileko boluntariotzako entitate horien jarduera etenik gabe garatzen da denboran zehar, gertatzen diren larrialdien eta eman behar dituzten zerbitzuen arabera; hortaz, jarduera hori ez dagokio aurrekontu-ekitaldi jakin bati. Horrenbestez, beharrezkoa da jardueraren mantentzea eta funtzionamendu normala bermatuko duten inbertsioak diruz laguntzeko arauak ezarri eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, dirulaguntza horietan publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak bermatzeko, baita administrazio emaileak finkatutako helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eragimena ere.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatuaren aldeko txostena izanik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Babes zibilaren arloan jarduera berariazkoa eta kualifikazioa duten boluntariotza entitateentzako dirulaguntzetarako deialdia onestea, 2021eko azaroaren 1etik 2022ko urriaren 31 arte haien funtzionamenduan laguntzeko. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. 70.000,00 euroko gastua baimentzea, kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintzarekin, ondoren aipatzen diren xehetasunekin:

  • 55.000,00 euro 2022ko Nafarroako aurrekontu orokorretako “Dirulaguntzak irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat” izeneko 054001 02500 4819 134100 partidaren kargura, edo xede horretarako gaitzen denaren kontura.
  • 15.000,00 euro 2022ko Nafarroako aurrekontu orokorretako “Dirulaguntzak irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat” izeneko 054001 02500 7819 134100 partidaren kargura, edo xede horretarako gaitzen denaren kontura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko, eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

5. Ebazpen hau igortzea Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko Boluntarioen Bulegora, Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren arloetako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu honetan duen kontu-hartzailetza delegatura eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera.

Iruñean, 2021eko abenduaren 2an.–Barneko zuzendari nagusia, Amparo López Antelo.

BABES ZIBILAREN EREMUAN KUALIFIKAZIO ETA JARDUERA ESPEZIFIKOA DUTEN BOLUNTARIOTZAKO ERAKUNDEENTZAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, 2021EKO AZAROAREN 1ETIK 2022KO URRIAREN 31RA BITARTEAN HAIEN FUNTZIONAMENDUAN LAGUNTZEKO. DEIALDIAREN OINARRIAK

1. Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da Barne Zuzendaritza Nagusiak 2021eko azaroaren 1etik 2022ko urriaren 31ra arte emanen dituen laguntza ekonomiko batzuk arautzea, babes zibilaren arloan jarduera berariazkoa eta kualifikazioa duten eta Nafarroako babes zibilaren sisteman dauden boluntariotza entitateen funtzionamenduan laguntzeko, lankidetza-hitzarmenetan ezarritakoari jarraituz.

Jarduketa eremu hauetan arituko dira entitateak: bilaketa eta erreskate jarduerak (batzuetan entrenatutako zakurrak erabiliz, edo sartzeko eta jarduteko zailak diren inguruneetan arituz, esaterako haitzuloetan eta leizeetan), larrialdi handietan laguntzea, edo mendiko istripuen prebentzioa. Babes zibilari loturiko zerbitzuen prestazioa inondik ere zerbitzu publikoa da, eta boluntarioen lankidetza sustatu behar da; izan ere, libreki eta beren borondatez elkartzen dira jarduketak administrazioekin partekatzeko. Hortik dirulaguntzaren xedeko jarduerak onura publikoa eta soziala izatea helburu.

2. Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da (2022rako aurrekontuko partiden arabera):

  • 55.000,00 euro 2022ko Nafarroako aurrekontu orokorretan gaituko den 2021eko “Dirulaguntza irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat” izeneko 054001 02500 4819 134100 partida baliokidearen kontura, babes zibilaren eremuan kualifikazio eta jarduera espezifikoa duten boluntariotzako entitateen gastu arruntei aurre egiteko.
  • 15.000,00 euro 2022ko Nafarroako aurrekontu orokorretan gaituko den 2021eko “Dirulaguntza irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat” izeneko 054001 02500 7819 134100 partida baliokidearen kontura, babes zibilaren eremuan kualifikazio eta jarduera espezifikoa duten boluntariotzako entitateen inbertsioei aurre egiteko.

Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.

Aurrekontuei buruzko Foru Legean onetsitako aurrekontu kreditua hasieran kalkulatutako zenbatekoa baino handiagoa den kasuetan, organo kudeatzaileak erabakitzen ahalko du deialdiari hori aplikatzea, ebazpenaren aurretik dagokion gastu espedientearen tramiteak egin ondoren, beste deialdi bat egiteko beharrik izan gabe.

3. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke babes zibilaren arloko boluntariotza entitateak, baldin beren estatutu edo xedeetan aitorturik badute aipatuen arteko jarduera berariazko bat, lankidetzarako hitzarmen bat izenpetu badute Nafarroako Gobernuarekin babes zibilaren arloan, eta Nafarroako eremu geografikoan badihardute.

Orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

4. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

Entitateko buruak sinatuta aurkeztuko dira eskaerak, oinarri hauen I. eranskinean jasotako eskabide ereduari jarraituz; eranskin horretan adierazitako dokumentazioa gehituko da nahitaez.

Laguntzen eskaerak aurkezteko epea hogei egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, zuzenean helbide honetan eskura baitago: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa. Edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoan deialdi honen fitxan dagoen estekatik abiatuta. Eskaerak Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari zuzenduta aurkeztu beharko dira, Boluntarioen Bulegoari hain zuzen.

Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako baldintzetako bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela; kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da.

Interesdunen batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5. Gastu diruz lagungarria.

Lankidetza hitzarmenetan definitutako jarduera eta programei lotutako gastuak, ez besterik, izanen dira diruz lagungarriak. Zehazki, gastu hauek izan daitezke diruz lagungarri:

–Elkartearen funtzionamendurako gastu arruntak:

  • Boluntarioen eta ibilgailuen aseguruak.
  • Norberaren ekipamendua boluntario lanak egiteko.
  • Telefonia mugikorra, telefonia finkoa, Internet eta entitatearen beste hornidura batzuk.
  • Ibilgailuen eta beste ekipamendu batzuen erregaia, ordezko piezak, konponketak eta IATak.
  • Entitatearen beste ekipamendu eta instalazio batzuen konponketa.
  • Bulego materiala eta material inbentariaezin txikia.
  • Boluntarioen prestakuntza. Irakasleei lotutako gastuak, antolaketakoak eta prestakuntza jardunaldietarako, ikastaroetarako, bileretarako, biltzarretarako eta abarretarako joan-etorrienak.
  • Entrenamendu, maniobra eta esku-hartzeetan sortutako gastuak.
  • Hitzarmenaren xede diren jarduerak garatzeko berariazko materiala.
  • Xedeen artean erreskateetan zakur espezializatuak erabiltzea dituzten elkarteen kasuan, aintzat hartzen dira, orobat, zuzenean animaliei lotutako elkarteen kostuak, esaterako elikagaien eta albaitarien gastuak, aseguruak, hezteko edo esku-hartze espezifikorako materiala eta abar.

–Herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak gauzatzeko beharrezkoak diren inbertsioak:

  • Obrak elkartearen instalazioetan, horiek aldatzen dituztenak, proiektu teknikoa behar badute.
  • Jarduerarako behar den material inbentariagarria erostea.
  • Ibilgailuak, motorrak, itsasontziak eta motoponpak eta esku hartzeko bestelako ekipamendua erostea.

Erosketaren gastua ez da inoiz izanen merkatuan duen balioa baino handiagoa.

Dirulaguntzaren xedetik kanpo daude gastu hauek berariaz:

  • Erakundearen operazio eta funtzionamendu beharrei ez dagozkienak,kasuan kasuko lankidetza-hitzarmenetan zehaztutakoaren arabera.
  • Zehaztu gabeko gastuak.
  • Entrenamendu, maniobra eta esku-hartzeetatik kanpoko otorduak.
  • Norberaren ibilgailuen aseguruak, mantentze-lanak eta IATak.

6. Balorazio irizpideak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak honako irizpide hauen arabera emanen dira, eta soilik sinatutako hitzarmenek ekarritako jardueretarako, hitzarmenetan ezarri bezala:

–Gastu arruntak:

  • Boluntarioen eta ibilgailuen istripu aseguruak: %100eko dirulaguntza izanen dute, ezinbestekoak direlako pertsonen segurtasunerako, baldin eta aurreko urtean justifikatutako zenbatekoen %10 gainditzen ez bada, non ez dagoen behar bezala justifikatutako arrazoirik. Atal honetan zakurren aseguruak sartzen dira, hitzarmenetan hala jasotako elkarteen kasuan.
  • Bestelako gastu arrunt batzuk: eskatutakoen artean, %100eko dirulaguntza emanen da, baldin eta 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen baditu segurtasun arrazoiengatik, edo beharrezkotzat, elkartearen funtzionamendua edo haren jarduketa arriskuan ez jartzeko.
  • Gastu arruntak, 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen ez baditu: gastu arrunten partidan gelditzen den zenbatekoaren arabera emanen da dirulaguntza (aurreko ataletan emandako zenbatekoak kendu ondoren), kontzeptu horietarako aurkeztutako eskaeren zenbatekoen proportzioan.

–Inbertsioak:

  • Obrak instalazioetan edo material inbentariagarria, ibilgailuak, motorrak, eta motoponpak eta esku hartzeko bestelako ekipamendua erostea: eskatutako inbertsioak %100eko dirulaguntza izanen du, baldin eta 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen badu segurtasun arrazoiengatik, edo beharrezkotzat, erakundearen funtzionamendua edo haren jarduketa arriskuan ez jartzeko.
  • Beste inbertsio batzuk (nahitaezkoak ez direnak batzorde teknikoaren ustetan): inbertsioen partidan gelditzen den zenbatekoaren arabera izanen dute dirulaguntza. Elkartearen jarduerarako lehentasunezkotzat jotzen diren inbertsioen kasuan, osorik diruz lagunduko dira. Gainerako erosketei dagokienez, aurkeztutako eta arrazoitutako eskaeren arabera lagunduko dira diruz, aurkeztutako eta behar bezala justifikatutako eskaeren zenbatekoen proportzioan (%100ean diruz lagundutakoak kenduta).

Aurkeztutako eskaeran argi eta garbi azalduko da aurreikusitako aurrekontua, dirulaguntzaren xede izan beharreko jarduera bakoitzerako, banaketa ezartzeko, II. eranskineko ereduaren arabera.

Aurkezten diren aurrekontuak errealistak eta zehatzak izanen dira, ahal dela, eta kopuruak behar bezala justifikatuak (aurreko urteekin konparatuz, argibide tekniko egokiak emanez edo hornitzaileekin kontsultatuz).

7. oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak eginen duen beharren balorazioa errazteko, behar bezala justifikatu eta arrazoituko da eskaerako kontzeptu edo jarduera bakoitza, eta ahal den zehatzen emanen da aurreikusitako kostua. Gastua beharrezkoa edo egokia dela azaltzen duten segurtasun, funtzionamendu edo jarduketa arrazoiak adierazi beharko dira, eskuratu aurreko egoera eta eskurapenaren ondoriozko onurak azalduz, edo, kasua bada, ez eskuratzearen ondorioak.

7. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

Barne Zuzendaritza Nagusia izanen da laguntzak emateko prozedura instruituko duen organo eskuduna.

Kide hauek osatutako batzorde teknikoak baloratuko ditu eskaerak:

–Batzordeburua: Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordekidea: Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria.

–Idazkaria: Boluntarioen Bulegoko burua.

Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapenak edo informazio eskariak egiten ahalko ditu, aurkeztutako eskaera bakoitza zehatz-mehatz baloratu ahal izateko.

Batzorde horrek eskaerak ebaluatuko ditu, eta haren irizpena loteslea izanen da. Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendariak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdia ebazteko proposamena eginen dio Barneko zuzendari nagusiari.

6. oinarriko irizpideen arabera proposatzen diren zenbatekoek zehaztuko dute zenbatekoa den dirulaguntza osoa entitate bakoitzaren gastu arrunt eta inbertsioetarako. Zenbateko horiek egotzi eta gauzatuko dira aipatu oinarrian ezarritako lehentasunaren arabera (lehenik %100eko dirulaguntza dutenak, eta gero besteak), kontuan hartuta aurrekontuarekin alderatuta kalkulu-desbideratzeak egon litezkeela azken gastuan. Lehentasun irizpidea lehenetsiko da beti, aurrekontuaren irizpidearen aurretik.

8. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

Barneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira laguntzak, eta hartan jasoko dira dirulaguntzak hartzen dituzten entitate eskatzaileak, dirulaguntzen helburua eta zenbatekoa, baita ezesten diren gainerako eskaerak ere, halakorik bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, deialdi honen 15. oinarrian adierazitako moduan.

Laguntzak banatzen dituen ebazpena jakinaraziko da Nafarroako Atariko web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuz, tramiteen katalogoan dagokion fitxan.

9. Onuradunek bete beharrekoak.

I. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga betebeharrak egunean izatea.

–Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

–Kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainontzeko dokumentuak behar bezala auditatuak izatea, legeriak eskatutako moduan.

–Deialdi honetan zehaztutako xede eta helburuetarako erabiltzea laguntza, ez beste ezertarako.

–Organo emaileari frogatzea egoki egin direla diruz lagundutako jarduerak, eta egoki gauzatu gastuak.

–Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

–Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

–Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

–11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

–Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

–Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Dirulaguntza eman zaiola jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate pribatu onuradunek telematikoki aurkeztu beharko dute gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, V. eranskineko ereduaren araberakoa. Horretarako, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoa erabiliko dute.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

II. Orobat, laguntzaren xedeari buruz, elkarteak betebehar hauek ditu:

–Boluntarioak aseguratuta izan beharko ditu.

–Elkartearen jardueretan erabiltzen diren ibilgailu guztiak aseguratuta izan beharko ditu.

–Diruz laguntzen den jarduera, izenpetutako lankidetza esparru-hitzarmenean adierazitako moduan gauzatu beharko du.

–Organo emaileari komunikatu beharko dio diruz lagundutako jardueren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu. Edozein aldaketa egiteko, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuaren adostasuna beharko da; adostasun hori ofizioz emanen da baldin eta aldaketak onetsitako laguntza funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

–Behar bezain garaiz egitea obrak eraikinetan edo erostea ibilgailuak, 10. oinarrian adierazitako aurkezpen-epea bukatu aurretik izateko frogagiriak (fakturak eta ordainketa aginduak).

–Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, birgaitu eta hobetuz gero, onuradunak dirulaguntzaren helbururako erabili beharko ditu ondasun horiek, haien balio-bizitza osoan erabili ere, Sozietateen gaineko zergaren Erregelamenduan –abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsia– adierazitako gehieneko amortizazio-epeen taula ofizialen arabera. Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira. Ondasunen xedeari buruz ezarri den baldintza betetzen ez bada, eta, nolanahi ere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, dirulaguntza itzuli egin beharko da, 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluko 4. eta 5. apartatuetan ezarritako moduan.

–11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean, obra bat gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen horniduraren edo zerbitzu prestazioen kasuan, entitateak frogatu beharko du proiektua efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Kudeaketa-unitateak ezarritako moduan justifikatuko dira kontu horiek.

Oinarri hauetan berariaz jasotakoez gain, elkartearen betebeharrak izanen dira, orobat, 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako guztiak.

10. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

Dirulaguntzak badu aldi bat: ekitaldia aurreko urteko azaroaren 1ean hasten da eta aurtengo urriaren 31n bukatzen. Horregatik, 2021eko azken bi hilabeteetako gastuak onartzen dira, aurreko dirulaguntzarik jaso ez badute.

Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendariak txostena egin ondoren ordainduko da dirulaguntza, baldin eta ordaintzeko eskaera 2022ko azaroaren 18an edo lehenago aurkezten bada. Eskaera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko da, honako agiri hauekin batera:

a) Ordaintzeko eskatzen den unera arte egindako jarduerei buruzko memoria teknikoa. Egin diren jarduerak, diruz lagundutako kontzeptuekin lotura zuzena dutenak, azaldu beharko dira, hala nola prestakuntza ekintzak, entrenamenduak eta maniobrak, baita prebentzio ekintzak eta esku-hartze operatiboak ere. Azaldu beharrekoak dira, orobat, material eta ekipamenduen erosketak eta kontrataturiko hornidurak eta zerbitzuak.

b) Zer gastu egin diren eta gastu horiek egindako jarduerekin eta dirulaguntzaren xedearekin bat datozela azaltzeko txostena edo deklarazioa, entitateko idazkariak sinatua, lehendakariaren oniritzia duela, eta, horrekin batera, fakturen zerrenda eta azalpen taula bat, Barne Zuzendaritza Nagusiak emandako Excel formatuan. Ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko, laguntza behar bezala justifikatzeko eta kontabilitatearen jarraipena egiteko, 2021. urteari dagozkion gastuak 2022. urteari dagozkionetatik bereiziko dira. Horregatik, fakturen bi zerrenda aurkeztuko dira: bat 2021eko azken bi hilabeteetakoak izanik aurreko dirulaguntzarik jaso ez duten gastuen fakturenak, eta beste bat 2022ko gastuei dagozkien fakturenak. Deialdi honen 6. oinarrian ezarritako blokeen ordena izanen dute zerrenda horiek.

c) Fakturak, ordainketen frogagiriekin batera. Horiek b) puntuan adierazitako zerrenden ordena berean aurkeztuko dira. Unitate kudeatzaileak beretzat gordeko du entitate interesdunei jatorrizko agiriak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko.

d) Berariazko deklarazioa, entitateko idazkariak sinatua eta lehendakariak ontzat emana, adierazten duena aurkezten diren fakturak hornitzaileengandik jasotakoak direla. Aurkeztutako agirietan edo datuetan zehaztasunik eza edo faltsukeria atzemanez gero, erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatuko dira.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideak lortu izana adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena, eta, beste ekarpen batzuk jaso badira, 2022rako aurreikusitako gastuak adieraziko dira, VI. eranskinaren arabera.

Egiaztapena eta horren ondoriozko ordainketa zatika egin daitezke, justifikazio partzialak erabilita fakturen eta ordainagirien bidez, aurreko a., b., c. eta d. letretan adierazitako dokumentazioa lagunduta, justifikatutako aldiari edo jarduerari dagokionez. Azken ordainketan behar diren doikuntzak eginen dira, eta e. letran eskatzen den erantzukizunpeko adierazpena ere sartu beharko da.

Ibilgailuen gastua erregaian, konponketetan, mantentze-lanetan, aseguruetan, IATetan, berrikuspen edo ziurtagirietan, eskaerako zerrendan ageri diren ibilgailuen matrikularekin identifikatuta aurkeztu beharko dira. Orobat, frogatu beharko da hornidurak (telefonia, Internet, argindarra, gasa, eta abar) dirulaguntzaren xedeko entitateari dagozkiola.

Kontura ordaintzen ahalko dira ezarritako epearen barnean egindako ohiko gastu arruntak, ordaindu eta justifikatu gabeak. Gastu horiek likidatzen diren unean justifikatu beharko dira eta, betiere, 2022ko ekitaldian. Justifikazio hori betetzen ez bada edo behar bezala justifikatzen ez bada, konturako ordainketa gisa jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean.

Fakturak legearen arabera egin beharko dira, Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

Kontzeptu diruz lagungarriak zehaztuta daude 6. oinarrian. Hortaz, diruz laguntzen ahal den gastu gehiagorik ez da sortuko. Eskatutako kontzeptuetan aparteko aldaketak egin nahi badira urtean zehar, elkarteak arrazoizko idazki bat aurkeztuko du behar dena aldatu edo gehitzeko, eta unitate kudeatzailearen esku izanen da diruz lagungarria den kontzeptu berria edo eskatutako aldaketa onartzea ala ez.

11. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Hitzarmen honetan jasotako laguntzak bateragarriak dira jarduera berengatik jasotzen ahal diren beste batzuekin. Nolanahi ere, laguntza hauen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza batzuekin batuta, gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Halakoetan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzuli beharko da, eta kasuan kasuko berandutze-interesa eskatuko da.

12. Finantzaketaren publizitatea.

Egiten diren publizitate eta iragarki guztietan aipatu beharko da elkartea Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin finantzatzen dela.

Jardueran erabiltzen diren ibilgailuek Nafarroako Gobernuaren logotipoa eramanen dute eta 112 zenbakia erakutsiko dute larrialdiei arreta emateko zenbaki gisa.

13. Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

Itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, 11/2005 Foru Legearen 34. artikulutik 37.era eta 42.etik 46.era xedatutakoaren arabera jokatuko da.

14. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri hauetan espresuki aurreikusirik ez dagoen orotan, 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa eta xedearen araberako gainerako xedapenak aplikatuko dira.

15. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri arautzaileen eta haien aplikazioan ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabidea.

II. eranskina.–Aurrekontua.

III. eranskina–Kideen zerrenda.

IV. eranskina.–Ibilgailuen eta beste ekipamendu eta baliabide batzuen zerrenda.

VI. eranskina.–Beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk jaso izanaren erantzukizunpeko adierazpena.

Deskargatu I., II., III., IV. eta VI. eranskinak dituen agiria (DOC).

V. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2117336