11. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1333E/2021 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Caparrosoko udal mugarteko zerri ustiategi baten (umetarako zerramak) instalazioaren funtsezko aldaketa. Granja Dos Hermanas SA da titularra.

Instalazioa une honetan martxan dago, eta badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 883/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 23ko 317E/2016 Ebazpenaren bidez eguneratu eta Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 13ko 353E/2021 Ebazpenaren bidez berrikusi zena.

Halaber, instalazioa abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko 9.3 c) epigrafean dago sartua, “Hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, umetarako zerramentzat 750 toki baino gehiago dauzkatenak” izenekoan, baita Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) (testu bategina) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.6. b) epigrafean ere, “Hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, zerramentzat 750 toki baino gehiago dauzkatenak” izenekoan.

2019ko uztailaren 25ean, titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, umetarako 2.880 zerramarentzako tokia, 20 kg-ra arteko zerrikumeekin, izanen duen gune berri bat ezarri ahal izateko, guztira 7.380 zerramarentzako tokia izateko. 2019ko abuztuaren 8an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aldaketa funtsezkotzat jo zuen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Horrenbestez, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 10.3 artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), aldaketa funtsezkoa ezin da egin ingurumen baimen integratua aldatu arte.

Aldaketaren proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 1.a) taldean dago jasota: “Abeltzaintzako ustiategietan animaliak hazteko instalazioak, martxoaren 10eko 348/2000 Errege Dekretuak arautuak (dekretu horren bidez ordenamendu juridikoan txertatzen da 98/58/EB Zuzentaraua, abeltzaintzako ustiategietan animaliak babesteari buruzkoa) zerramentzako 750 toki baino gehiago dituztenak”. Horrenbestez, lege horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, proiektuari ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaio.

Instalazioa ez dago irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartuta. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta emisioa, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloraturik, erabaki da ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoela, eta ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenaren egoerari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Espedientea tramitatu da honako arau hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea.

Bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen Industria Isurien Erregelamenduaren 15. artikuluan ezarritakoarekin (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori), proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa jendaurrean jarri dira hogeita hamar egunez. Ebazpen honen eranskinean zerrenda bat gehitu da aurkeztutako alegazioekin eta haiei egindako arrapostuekin.

Era berean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, jendaurreko informazioaren tramitearekin batera, kontsultak egin ziren ukitutako administrazio publikoekin eta interesdunekin, hogeita hamar egunez. Egindako kontsulten eta jasotako txostenen zerrenda jaso da ebazpen honen eranskinean.

Titularrak eskatu zuen ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedurari hasiera ematea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 22ko 1082E/2021 Ebazpenaren bidez, proiektuari buruzko ingurumen inpaktuaren adierazpena egin da, aldekoa. Ebazpen honen eranskinean, ingurumen eraginaren adierazpenean jasotako informazioa ageri da, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan xedatutakoarekin.

Egiaztatu da aurkeztutako dokumentazioak betetzen duela Batzordearen otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakian xedatutakoa, non ezartzen baitira dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiboari buruz onetsitako 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Zerri ustiategi baten (umetarako zerramak) instalazioaren aldaketa funtsezkoa baimentzea, Caparrosoko udal mugartean; Granja Dos Hermanas SA da titularra. Helburua da 20 kg-ra arteko zerrikumeekin umetarako 2.880 zerramarentzako tokia izanen duen gune berri bat ezarri ahal izatea (guztizko edukiera: umetarako zerramentzako 7.380 toki). Hala, instalazioak eta jardueraren garapenak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta kontuan hartuta ebazpen honen III. eranskinean jasotako determinazioak bete beharra. Ebazpen honek babesten dituen jarduera edo jarduketak jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu edo abian jarri beharko dira gehienez ere; epe hori amaituta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geratuko da.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P02065008232008 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Laugarrena.–Abeltzaintza instalazio berriko Simaurrak Sortu eta Kudeatzeko Plana onestea, 0650130012/1/1 zenbakiarekin. Ebazpen honen VII. eranskinean dago.

Bosgarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena mantentzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Seigarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, gertatzen baldin bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori).

Zazpigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek ingurumen baimen integratuaren baldintzak berrikusten ahalko ditu eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, betiere, jarduera nagusiaren inguruko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluarekin bat etorriz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori).

Zortzigarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, aldaketa funtsezkotzat jotzen duen arrazoiz adieraziz, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Halaber, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatu beharko da; hau da, instalazioaren aldaketari ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako prozedura arrunta edo sinplifikatua ezartzen ahalko zaio, kasuaren arabera.

Bederatzigarrena.–Instalazioan handitutako zatia funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 12. artikuluan ezartzen denarekin bat (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hamargarrena.–Martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Erreseina bat, memoriaz eta agiri grafikoz osatua, agerian uzteko ingurumena lehengoratzeko jarduketak, naturaren bilakaeraren mende utzitako eremuen egoera eta proiektuan aurreikusitako landaketak nola gauzatu diren.

–Memoria eta dokumentazio grafikoa, Errege Bardeako KBEaren (ES2200037) barruan dagoen minden zatiki likidoa bulkatzeko hoditeriaren ingurumena lehengoratzeko jarduketak egiaztatzen dituena, ingurumen eraginaren adierazpenean aurreikusitako baldintzen arabera.

–Jarduketa plana, eguneratua, ingurumenean eragina izaten ahal duten ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatzeko.

–Ebazpen honen III. eranskinean ezarritako hirigintza baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Titularraren adierazpena, baimendutako jarduera bertan behera utziz gero lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko konpromisoa hartzen duela adieraziz, gehienez ere bost urteko epean.

Hamaikagarrena.–Titularrak handitzeko proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik hasiko dira aplikatzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamabigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamalaugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamabosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Granja Dos Hermanas SAra, Caparrosoko Udalera, Greenpeacera, Abeltzaintza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Nekazaritza Zerbitzuko Lurzoru eta Klimatologia Bulegora, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, Biodibertsitatearen Zerbitzura, Ingurumena Zaintzeko Zerbitzura eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2118004