11. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1283E/2021 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ematen baita kontrako ingurumen-inpaktuaren adierazpena, Grupo Samopi SL enpresak Martzillan sustatutako ustiapen-proiektuaz, ingurumen-inpaktuaren azterketaz eta La Planilla legar-hobia lehengoratzeko planaz.

Proiektua sartua dago abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 2. taldean (Ingurumen Ebaluazioari buruzko Foru Legea), eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende dago. Proiektuaren xedea da legarra ateratzea Martzillako udal-mugarteko 9. poligonoko 276. lurzatian.

21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Grupo Samopi SL enpresak 2020ko abuztuaren 13an aurkeztu zizkion proiektua, ingurumen-inpaktuaren azterketa eta lehengoratze plana organo eskudunari (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua), eta organo horrek jendaurrean jarri zituen 30 egun balioduneko epean, iragarkia argitaratuz 2020ko 230. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 6koan, honako hauetan ezarritako ondorioetarako: abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen ebaluazioari buruzkoa, eta ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua, hizpide dituena erauzketa industrien hondakinak kudeatzea eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestea eta lehengoratzea. Jendaurreko epean ez da alegaziorik jaso.

Jarraituz 21/2013 Legearen 37. artikuluari, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Martzillako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari. Kontsultatutako lau erakunde horien erantzunak jaso ziren. Zehazki, honako hau zehazten du Biodibertsitatearen Zerbitzuaren fase honetako txostenak, 2020ko irailaren 16an emandakoak:

Partzela hori dago “Erriberriko merindadeko zereal estepak” izeneko hegaztiak kontserbatzeko garrantzizko eremuan; zehazki, La Plana azpieremuan. Hegoaldean, La Planilla azpieremua du mugakide. Partzela hori dago “Erriberriko merindadeko zereal estepak” izeneko hegaztiak kontserbatzeko garrantzizko eremuan; zehazki, La Plana azpieremuan. Hegoaldean, La Planilla azpieremua du mugakide. Azpieremu horiek sailkatuta daude, hurrenez hurren, garrantzi handiko eta oso handiko gisa, habitat ezin hobea direlako estepako hainbat hegazti-espezierentzat. Espezie horien artean, badira batzuk daudenak Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan, Galzorian dauden espezie gisa (urriaren 16ko 254/2019 Foru Dekretua), hala nola, basoilo arrunta, ganga azpizuria eta basoilo txikia.

Beraz, a priori, zona hori ez da kokagune egokia legarrak erauzteko proiektu baterako, eragin handia izanen lukeelako espezie horiengan. Bestalde, uste da badirela beste alternatiba batzuk ustiategiaren kokapenerako, eragin hori saihestuko luketenak. Betiere, espedientea izapidetzen jarraitzen bada, gehitu beharko da espezialista batek egindako azterlan espezifiko bat, non jasoko baitira eragin-eremuan dauden estepa-espezieen erroldak, urteko ziklo osokoak, inpaktu hori baloratzeko datu eguneratuekin eta proiektuaren eskalaren araberakoekin. Orobat, azterlan bat sartu beharko da, non baloratuko baitira eragin hori saihestuko duten kokapen-alternatibak.

–Baldin estepa-hegaztien azterketa espezifikoak egiaztatzen badu espezie horietakoren baten gaineko eragina, proiektua gauzatzeko ezinbestekoa izanen da betetzea abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46.7 artikuluan ezarritako baldintzak (Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko Legea): “Baldin planek, programek edo proiektuek ukitzen ahal badituzte II. edo IV. eranskinetan galzorian dauden espezie gisa jasotakoak, halakoak gauzatzen ahal dira soilik beste alternatibarik ez badago eta gertatzen badira giza-osasunari eta segurtasun publikoari lotutako arrazoiak, edo ingurumenerako lehen mailako ondorio positiboei lotutakoak, eta interes publikoko beste lehen mailako arrazoi batzuk”. Esan bezala, aipatutako estepa-hegaztiak sailkatuta daude galzorian dauden espezie gisa eta, gainera, sartuta daude 42/200 Legearen IV. eranskinean.

2021eko ekainaren 21ean, sustatzaileak, 21/2013 Legearen 39. artikuluari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari. Eskaera hori Biodibertsitatearen Zerbitzuari igorri zitzaion, espedienteko dokumentazioarekin batera, 3. artikuluko 39. apartatuari jarraikiz.

2021eko urriaren 8an, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak txosten bat eman zuen, bere eskumenen barnean, non baieztatzen baita proiektua dagoela “La Plana” izeneko estepa-hegaztiak kontserbatzeko garrantzizko eremuan, “Planillas-Corraliza Baja” eremuaren ondoan, zeinak garrantzi handikotzat eta oso handikotzat hartzen baitira, hurrenez hurren, eta egiaztatzen da badirela honela katalogatutako espezieak (139/201 Errege Dekretua, Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoa, eta 254/2019 Foru Dekretua, Nafarroako Fauna Espezie Mehatxatuaren Katalogoa).

–Galtzeko zorian dauden espezieak: basoiloa, ganga azpizuria, basoilo txikia eta mirotz urdina.

–Espezie kalteberak: ganga azpibeltza, mirotz zuria, Naumann belatza eta altzandobi handia.

Txostenak dio espezie horiek etenik gabe daudela La Plana eta La Planilla eremuetan, eta berriki atzeman izan direla beste espezie batzuk, esaterako basoiloa, proiektuaren xede den eremuan berean. Gainera, uste da proiektuak inpaktua izanen lukeela inguruneko espezieetan eta habitatetan; hortaz, balorazioa ez da mugatu behar zuzenean ukitutako partzelara bakarrik. Hala, adierazten da inpaktua eragiten dela bai zuzenean habitata galtzeagatik (lehorreko laborantza eta estepako landaredi zatiak), bai konektagarritasunari eragiteagatik eta beste proiektu batzuekin sinergiaz gertatuko den eraginarengatik. Horregatik, ondorioztatzen da proiektua ez dela bateragarria aipatutako estepa-hegaztien espezieak kontserbatzearekin.

Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuaren kontrako txostena eman du, ikusirik nola eraginen dien galzoriko espezie gisa katalogatutako espezieetarako, esaterako: basoiloa, basoilo txikia, ganga azpizuria eta mirotz urdina. Aplikaturik abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46.7 artikulua (Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko Foru Legea), egiaztatzen da ez dagoela proposamena baimentzerik; hortaz, proposatzen da kontrako iingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea.

Horrenbestez, ikusirik espedientean dauden txostenak, iritzita osatuta dagoela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta, eta aurretik azaldutakoarekin bat, eta eman zaizkidan eskudantziak erabiliz, hain zuzen ere honako hauek eman dizkidatenak erabiliz: martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala), Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua (foru dekretu horren bidez arautu zen Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren departamentuen egitura) eta abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua (foru dekretu horren bidez ezarri zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura),

EBAZTEN DUT:

1. Kontrako ingurumen-inpaktuaren adierazpena ematen da honako hauei buruz: Martzillan sustatutako ustiapen-proiektua, ingurumen-inpaktuaren azterketa eta La Planilla legar-hobia lehengoratzeko plana (Martzillako udal-mugarteko 9. poligonoko 276. partzelan). Grupo Samopi SL enpresak sustatu du.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jarraikiz abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluari (Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legea).

3. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Basozainak-Ingurumena Babesteko Taldeari (Tuterako Barrutia), Martzillako Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Legarra ateratzea Martzillako udal-mugarteko 9. poligonoko 276. lurzatian. Ustiapenaren helburu nagusia da agregakinak sortzea, abiadura handiko trenbidearen proiekturako, Zaragoza-Iruñea tarterako, Azkoien-Erriberri azpitarterako. Horretaz gain, aurreikusten da eskualdean oro har dagoen agregakin eskaerari erantzutea. Legar-hobira sartuko da NA-115 errepideko 12+250 kilometro puntutik (Tafalla-Azkoien-Rincón de Soto, Tafallako norabidea), AP-15 gurutzatzen duen landabide batetik.

Erauzketa egin aurretik, proiektuan jaso da 50 zentimetroko landare-lur geruza kendu eta gordeko dela. Erauzitako materialak zuzenean kargatuko dira, atzerako hondeamakina baten bidez, kamioietara, helmugara eramateko.

Ukitutako azalera 107.544,16 m²-koa da gutxi gorabehera, eta 5 metroko babes-zerrenda bat izanen da partzela eta bideekiko mugakide den perimetro guztian. Proiektatu da kota 8-9 metro jaistea, eta 2H:1V-ko ezponda perimetrala sortuko da bukaeran. Aurreikusten da 716.799 m³-ko legar-erreserba gutxi gorabehera, eta materialen %10 baztertuko dela, antzua izateagatik; beraz, kalkulatu da erreserba aprobetxagarriak 645.119 m³ izanen direla. Proiektatu da aldi baterako instalatzea bahe eta errota mugikor autopropultsatu bat, beharrezkoa denean granulometria-baldintzak betetzeko.

Erauzketa bukatutakoan, nekazaritzarako erabiliko da lurzatia (lehorreko zerealen laborantza), eta plataforma batek eta ezponda perimetral batek taxutuko dute haren topografia. Baina planteatzen da, orobat, betelana egitea osorik edo neurri batean, izanez gero inguruneko obretatik datozen indusketa-lurrik.

Hogei urteko jarduketa-kronograma proiektatu da, eta lehenbiziko urtean eginen da erauzketa-bolumen handiena; 170.000 m³ kalkulatu dira. Gainerako 19 urteetan, kalkulatzen da urtean 25.000 m³ ekoiztuko direla.

Iragarkiaren kodea: F2117792