11. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

294E/2021 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: “Caparrosoko telekomunikazio etxolaren eta Arrada Mendia TZren artean Nafarroako Gobernuaren behe tentsioko airetiko lineatik zuntz optikoa jartzeko proiektua”, Caparrosoko eta Murillo el Cuendeko udal mugarteetan. Sustatzailea Navarra de Servicios y Tecnologías SA da.

2021eko maiatzaren 25ean, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “M” epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuaren helburua da zuntz optikoaren bidez lotzea Nafarroako Gobernuak Caparroson duen adarra eta Arrada Mendia TZ telekomunikazio zentroa.

Horretarako, Aragoi ibaia kalean kokatutako DF motako kutxatilatik behe tentsioko aireko linearekiko lotunera arte (NA-128 errepideko 13+700 kilometro puntuaren parean kokatua) lur azpiko kanalizazioa jarriko da, 8 cm zabal eta 40 cm sakon izanen den mikrozanga baten bidez; 40 mm-ko diametroa izanen duen PEAD hodi hirukoitza izanen du, eta horretan zehar B motako lau kutxatila eta DF motako kutxatila bat jarriko dira. Zuntz optikozko lineak lehendik baden behe tentsioko lineatik jarraituko du aurrera, Arrada Mendiko Telekomunikazio Zentroraino; hormigoizko 19 euskarri erabiliko dira, eta horietako 6 aldatu egin behar dira, euskarrien gaineko beharrizan mekaniko berriak direla medio.

Espedientean jasorik dagoenez, aldeko txostenak eman dituzte Caparrosoko Udalak, Murillo el Cuendeko Udalak eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Caparrosoko eta Murillo el Cuendeko udal mugarteetan “Caparrosoko telekomunikazio etxolaren eta Arrada Mendia TZren artean Nafarroako Gobernuaren behe tentsioko airetiko lineatik zuntz optikoa jartzeko proiektua”ri. Sustatzailea Navarra de Servicios y Tecnologías SA da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Obrak hasi baino 48 ordu lehenago Tuterako Ingurumena Zaintzeko Atalari abisu eman beharko zaio (telefonoa: 609 904957, posta elektronikoko helbidea: gmatudela@navarra.es), zutoinetarako sarbideak, lan-kalea eta inausi edo sastrakaz garbitu beharreko guneak balizatzeko, landaredia naturalari ahal bezain kalterik txikiena eraginez.

–Ekainaren 15etik irailaren 30era bitartean, orokorrean, eta lehorte baldintzek hala eskatuz gero beste egun batzuetan, elementu batzuk eraman beharko dira (sua itzaltzeko ur motxilak, sua itzaltzeko tresnak, aitzurrak, eta abar), lanetan sor daitezkeen suak itzaltzeko. Neurri horiek bereziki zainduko dira zerra erradialak edo soldatzeak erabiliz gero edo txinpartak sor ditzaketen bestelako lanak eginez gero. (222/2016 Foru Agindua).

–Aireko linearen zatian, hegaztiek zuntz optikoko kablearen kontra jotzeko arriskua gutxitzeko, kablea balizatu eginen da: neoprenozko “X” erako babesak ezarriko dira, baliza bat 15 metrotik behin.

–Obrak bukatutakoan, inola ere ez da bidearen zoladura eta/edo zabalera aldatzen ahalko, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude.

–Bidegurutzeen eta zangen zabalerari dagokionez, teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak lurzoru mailarekin zehatz-mehatz berdinduko dira.

–Lanak gauzatzeko fasean ez da altxonbidea erabat oztopatzen ahalko; bestela, abereentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da. Zangak irekitzearen ondorioz soberan geratutako material eta/edo landare lurra ez da inolaz ere gaur egun larreak diren horietan uzten ahalko, ezta behin-behinekoz egiten bada ere.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Zuntz optikoa zabaltzean sortzen diren materialak indarreko araudiaren arabera kudeatu beharko dira, haien izaera aintzat hartuta.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek Caparrosoko eta Murillo el Cuendeko udal mugarteen artean doan eta lurzoru urbanizaezinean kokatuta dagoen azpiegituraren zati bat babesten du, hain zuzen ere zuntz optikoaren kanalizazioa eta linea egitea Nafarroako Gobernuaren telekomunikazioen etxolatik (Caparrosoko poligonoan) Nafarroako Gobernuaren Arrada Mendia TZra arte, Murillo el Cuenden.

–Ez dira baimen honen zati sarea konektatuko zaion komunikazio zentroan aurretik zeuden azpiegiturak, ezta hargune elektrikoa ere. Horiei buruz, zerbitzu honek ez du aurkitu lurzoru urbanizaezineko baimenei buruzko espedienterik, eta ustez legezko egoeran daude. Baimena izateko baldintza izanen da horiek benetan legezko egoeran egotea. Halaber, baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizagarri edo hiri lurzoru gisa sailkatutako lurzoruan eginen den azpiegituraren zatia.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Emandako eta espedientean jasotako txosten sektorialek edo kasuan kasuko baimenek ezartzen dutena beteko da, eta, zehazki, zuntz optikozko linea herri lurretatik doanez, Herri-lurren Atalak 2021eko abuztuaren 31n horretarako emandako txostena bete beharko da; txosten horrek, besteak beste, honako hau ezarri zuen:

  • Zuntz optikozko linearen eta kanalizazioaren azpiegitura berria herri-jabetzako lurrak zeharkatuz egin nahi da. Hori dela eta, obrarako lizentzia eman aurretik, Caparrosoko Udalak Nafarroako Gobernuaren baimena lortu beharko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, herri-lur horiek okupatu eta ondoren erabilera lagatzeko, aginduzko izapideen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Trazadurak errepide sarea ukitzen duenez, lanei ekin aurretik sustatzaileak beharrezko baimena eskuratu beharko du Herri Lan Zuzendaritza Nagusian.

–Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

3. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak –Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak– 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Caparrosoko Udalera, Murillo el Cuendeko Udalera, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura (Herri-lurren Atala), Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako Koordinazio Unitatea), eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 22an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2118006