11. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

292E/2021 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen baitzaio Murchanteko udal mugarteko 1. poligonoko 229. lurzatian baliabide eolikoaren neurketarako dorre bat instalatzeko proiektuari. Eólica Navarra SL da sustatzailea.

Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko “M” kategorian sartzen direnetakoa da. Beraz, ingurumen ukipenetarako baimena behar du (dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen).

Proiektatutako jarduketa dorre meteorologiko bat instalatzean datza, 120 metroko altuerakoa eta sekzio triangeluarreko sareta duena; eusteko tiranteen bidez tenkatuko da, elkarrengandik 120 gradu bereizitako hiru planotan; plano bakoitzean 13 tirante izanen dira. Horietatik hiru dorrearen oinarritik 15 metrora ainguratuko dira eta lurraren mailaren gainetik 6, 15 eta 24 metrora finkatuko dira, hurrenez hurren; beste hiru oinarritik 30 metrora ainguratuko dira eta dorrean 33 m, 42 m eta 51 metroko altuerara finkatuko dira; hurrengo hirurak oinarritik 45 metrora ainguratuko dira eta dorrean 60, 69 eta 78 metroko altuerara finkatuko dira; beste bi dorrearen oinarritik 60 metrora zabalduko dira, eta 87 eta 96 metroko altuerara finkatuko dira; azken biak dorrearen oinarritik 70 metrora zabalduko dira, eta 105 eta 114 metrora finkatuko dira. Dorrea lurperatutako altzairu xaflen bidez egonen da lurzorura lotuta, 1,6 metroko sakoneran dorrearen oinarriko xafla (1x1) eta 1,8 metroko sakoneran tenkasoken xaflak (0,5x0,5). Obrak egiteko ez da sarbiderik eraiki edo moldatu behar.

Dorreak zuriz eta gorriz margotuko dira, eta, horrez gain, dorrearen tenkasoka guztietan txoriak babesteko balizak instalatzea planteatu da, hiru zuloka eta tentsore bakoitzean gehienez 5 metroko distantziara jarrita.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Espedientean Murchanteko Udalaren aldeko txostena dago. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ingurumenaren ikuspuntutik, neurketa eolikoko dorrea instalatzea proposatu den eremua, ziurrenik horri lotutako etorkizuneko parke eolikoa hartuko duena, abifaunaren hainbat taldetako espezie ugarik erabiltzen dute (uretakoak, harrapariak, nekrofagoak, eta abar); espezie horietako asko babestuta daude eta horrek dorreko kableen aurka talka egitearen ondorioz hiltzeko arrisku handia dakar.

Izan ere, eremu hori Ebroko Ardatza LAP 5 planaren barruan “babes bereziko lurzoru urbanizaezin” gisa dago katalogatuta, “lurralde konektagarritasuna dela medio duen ingurumen balioagatik”; dagoeneko babestutako guneak ekologikoki eta funtzionalki konektatu eta lotzea ahalbidetzen duten eremuak daude bertan, eta lurzoru horiei erasaten ahal dieten jarduketek eta azpiegiturek bereziki kontuan hartu beharko lukete flora eta faunarentzat oztopo gaindiezin gisa ez jokatzea eta beharrezko neurriak hartu beharko dituzte espazio horien arteko konexio galera saihesteko. Kaltea pairatuko lukeen hegaztien talde nagusietako bat uretakoa izanen litzateke, gertuko (300 m baino gutxiagora) Pulguerko Idoia Kontserbazio Bereziko Eremuko elementu gakoa baita (ES2200041); aipatutako zona erabiltzen dute inguruko hezeguneen arteko ohiko joan-etorrietan, hain zuzen ere Pulguerko Idoiaren eta El Cardeteko Idoiaren artean.

Horregatik, Ingurumen Eraginaren Atalak Murchanteko udalerrian Eólica Navarra SLk eskatutako neurketa eolikoko dorrea instalatzearen aurkako txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea Murchanteko udal mugarteko 1. poligonoko 229. lurzatian baliabide eolikoaren neurketarako dorre bat instalatzeari. Eólica Navarra SL da sustatzailea.

2. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak –Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak– 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Murchanteko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako Koordinazio Unitateari) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 22an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2118005