109. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

97/2022 FORU AGINDUA, maiatzaren 11koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez lankidetza-hitzarmena onesten baita Berdintasun Ministerioaren eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren artean, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei informazio eta aholkularitza juridikoko telefono bidezko zerbitzua emateko.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak proposatu du lankidetza-hitzarmen bat onestea Berdintasun Ministerioaren (Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritza) eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren artean, genero-indarkeriaren arloko telefono bidezko informazio eta aholkularitza juridikoko zerbitzuak emateko. Hori izanen da, hain zuzen, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateari buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 18. artikuluak eta Istanbuleko Hitzarmenaren 24. artikuluak onartutako informaziorako eskubidea bermatuko dituena, Emakumeenganako indarkeriaren aurka jarduteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen 33. eta 34. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak 2022ko maiatzaren 2ko proposamenean adierazi du hitzarmenak egoki erantzuten diela genero-indarkeriaren biktimen berariazko beharrei eta xede publikoa duela, beraren onespena justifikatzeko.

Lankidetza honela antolatuko da: Nafarroatik etorritako deiak, 016 zenbakiaren bidez Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzara heltzen direnak, Nafarroara deribatuko dira, 112 telefono zerbitzura. Bestalde, 016 zenbakira deribatuko da 112 SOS-Navarra larrialdiei erantzuteko telefonora egindako edozein dei. Bestalde, indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko baliabide guztien telefono-zerbitzurako sarbidea ere izanen du.

Hitzarmena Berdintasun Ministerioak egindako eredu normalizatuarekin bat dator. Horrenbestez, antzeko tratamendua bermatuko da autonomia erkidego guztietan.

Proposatzen den hitzarmenak ez du kostu ekonomikorik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat.

Oro har, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Nafarroako Udal Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak bidea ematen dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta gainerako administrazio publikoen artean hitzarmenak formalizatzeko, beren eskumenen eremuan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 90.2 b) artikuluak xedatzen duenez, helburua, esku-hartzaileak eta, hala badagokio, finantzaketa kontuan hartuz, hitzarmenak departamentu eskudunaren titularraren foru aginduen bidez onetsi ahalko dira.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Berdintasun Ministerioaren (Genero indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritza) eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren arteko lankidetza-hitzarmena, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei informazio eta aholkularitza juridikoko telefono bidezko zerbitzua ematea xede duena. Hitzarmena eranskin gisa atxiki da.

2. Alderdiek sinatutako hitzarmena Nafarroako Gobernuaren Hitzarmenen, Akordioen eta Baterako Jarduketa Planen Erregistrora igortzea.

3. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Berdintasun Ministerioari (Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritza) eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuari helaraztea.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 11n.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguia.

BERDINTASUN MINISTERIOAREN (GENERO INDARKERIAREN AURKAKO GOBERNU ORDEZKARITZA) ETA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAREN ARTEKO HITZARMENA, GENERO INDARKERIAREN ARLOKO INFORMAZIO ETA AHOLKULARITZA JURIDIKOKO TELEFONO BIDEZKO ZERBITZUA EMATEKO

Madrilen, 2022ko …..aren …(e)an.

BILDU DIRA

Alde batetik: María Victoria Rosell Aguilar andrea, Genero Indarkeriaren aurkako Gobernuko ordezkaria, urtarrilaren 29ko 217/2020 Errege Dekretuaren bidez izendatua, Gastu mugak finkatu eta eskumenak eskuordetzen dituen abenduaren 17ko IGD/1249/2020 Aginduak hemeretzigarren artikuluko a) letran horretarako eskumenak emanda.

Eta bestetik: Javier Remírez Apesteguía jauna, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak emandako abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren arabera; badu ordezkaritza-ahalmen nahikoa eta indarduna hitzarmen hau sinatzeko.

Nor bere erakundearen izenean eta ordezkari moduan aritzen dira, legez emandako eskumenak baliatuz. Bi alderdiek hitzartzeko eta elkar behartzeko gaitasun juridikoa onartu diote elkarri, eta honako hau

AZALDU DUTE

Lehenbizikoa: Urtarrilaren 12ko 2/2020 Errege Dekretuak, ministerioko departamentuak berregituratzen dituenak, Berdintasun Ministerioa sortu zuen, eta xedatu zuen departamentu horri dagokiola berdintasunaren arloko Gobernuaren politika eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun egiazkoa eta eraginkorra lortzeko eta edozein diskriminazio debekatzeko politikak proposatu eta gauzatzea.

Urtarrilaren 28ko 139/2020 Errege Dekretuak, ministerioko departamentuen oinarrizko egitura organikoa ezartzen duenak, Berdintasunerako Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Idazkaritza, zuzendaritza organoa den heinean, Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzaren mende dagoela ezartzen du.

Bigarrena: Martxoaren 10eko 455/2020 Errege Dekretuak, Berdintasun Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duenak, 3. artikuluan, emakumeenganako edozein indarkeria motaren kontrako Gobernuaren politika proposatzeko eskumena ematen dio Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzari. Horrez gain, arlo horretan egiten diren neurri guztiak bultzatu, koordinatu eta aholkatzeko eskumena ere ematen dio, eta, bestelako eginkizunen artean, emakumeen aurkako edozein indarkeriaren kontra borrokatzeko bideratutako neurrietan genero-ikuspegia aplika dadila bultzatzeko ardura. Zaurgarritasun egoerarik larrienean dauden biktimen berariazko beharrak eta eskariak kontuan hartzea bermatu behar du.

Hirugarrena: Emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeko eta horien aurka borrokatzeko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, 2011. urtean Istanbulen egina, Espainiak 2014. urtean berretsia (Istanbuleko hitzarmena, aurrerantzean), emakumeen aurkako indarkeria mota guztietan aplikatzen da, etxeko indarkeria barne, zeina emakumeei neurrigabe eragiten baitie. Hitzarmenak honela definitzen du “emakumeen aurkako indarkeria”: emakumeen aurka doan giza eskubideen urratze eta diskriminazioa, generoan oinarritutako indarkeria ekintza guztiak barne hartzen dituena, hots, emakumeei kalte edo sufrimenduak ekartzen dizkietenak, bai fisikoak, bai sexualak, psikologikoak edo ekonomikoak; bizitza publiko edo pribatuan, ekintza horiek egiteko mehatxuak, hertsapenak edo askatasun-gabetzea ere barne hartuta. Horrez gain, familian edo etxean, edo antzinako edo gaur egungo ezkontideen edo izatezko bikoteen artean gertatzen diren indarkeria fisiko, sexual, psikologiko edo ekonomikoak “etxeko indarkeriatzat” ere hartzen ditu Hitzarmenak, delituaren egilea biktimaren etxe berean bizi izan den, edo bizi den kontuan hartu gabe.

Istanbuleko Hitzarmenaren 19. artikuluak legegintzako neurriak eta biktimek informazio egokia eta une egokian jaso dezaten beharrezkoak diren bestelako neurriak har ditzatela eskatzen die estatu kideei. Emandako informazioa, ulertzen duten hizkuntzan erabilgarri dauden laguntza zerbitzuei eta legezko neurriei buruzkoa izanen da. Bestalde, 24. artikuluak, nazio mailan, doako telefono zaintzak ezartzeko legegintzako neurriak edo beharrezkoak diren bestelakoak hartzea ere eskatzen die hitzarmenean parte hartzen duten estatuei. Zaintza-zerbitzu hori eguneko 24 orduetan egonen da eskuragarri, asteko zazpi egunetan, deitzen duten pertsonentzat, Hitzarmen honen aplikazio esparruan barne hartzen diren indarkeria mota guztiei buruzko aholkuak eman diezazkieten, konfidentzialtasunez eta haien anonimotasuna errespetatuz.

Abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak, genero indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoak (Lege Integrala, aurrerantzean), 18. artikuluan, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek beren egoera kontuan hartuz egokia den informazio eta aholkularitza osoa jasotzeko duten eskubidea onartzen du, administrazio publikoek izan ditzaketen zerbitzuen bidez.

Informazio horrek Lege Integralean jasotzen diren neurriak barne hartuko ditu; besteak beste, babesari eta segurtasunari buruzkoak, Lege Integralean ezartzen diren eskubide eta laguntzei buruzkoak, eta arreta, larrialdi, laguntza eta suspertze integraleko zerbitzuak ematen diren tokiari buruzkoak.

Halaber, beharrezkoak diren baliabideen bitartez, genero-indarkeriaren biktima izan eta desgaitasuna duten emakumeek informazioa eskuratzeko sarbide osoa dutela bermatuko da, eta beren inguruabar pertsonal eta sozialak direla-eta informazio osoa eskuratzeko zailtasun handiagoa dutenei eskubide hori bermatzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak jarriko zaizkie eskura.

Laugarrena: Kongresuak aho batez onetsi zuen, 2017ko irailaren 28an, Genero Indarkeriaren arloko Estatu Itunerako Kongresuko Azpibatzordeak egindako txostena, Nazioko Gobernuari, autonomia erkidegoei eta autonomia-estatutua duten hiriei, toki entitateei eta Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioari zuzendutako neurriak barne hartzen dituena. Helburua da emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko politikak bultzatzen jarraitzea, Estatuko benetako politika gisa. Itunak 10 ardatz eta 214 neurri ditu, eta barne hartzen ditu biktimei ematen zaien laguntza eta babesa areagotzeko neurriak, adingabeak ere tartean direla.

Halaber, 2017ko irailaren 13an Senatuak aho batez onetsi zuen genero-indarkeriaren aurkako estrategiak prestatzeko azterlanari buruzko txostena. Han jasotzen diren neurrien artean, eta hitzarmen honen ondorioetarako, 80. neurria “Telefono bidezko Informazio Zerbitzua sustatzea”ri buruzkoa da.

Bosgarrena: Ministroen Kontseiluak “2030 Agenda ezartzeko Ekintza Plana: Garapen Jasangarrirako Espainiako estrategia baterantz” izenekoa onartu zuen 2018ko ekainaren 29an. Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda aho batez onartu zuten Nazio Batuen 193 estatu kideek 2015eko irailean, eta estatu kide bakoitzak agenda hori txerta dadila bultzatu behar du, egokitzat jotzen dituen berariazko tresnen bidez: estrategiak, planak edo politika nazionalak. Agenda berriak Garapen Jasangarrirako 17 helburu (GJH), 169 erronka eta 232 adierazle jasotzen ditu, eta, besteak beste, hauek jartzen ditu erdigunean: pertsona, planeta, oparotasuna, bakea eta aliantzak, horiek ezartzeko baliabideak, eta jarraitzeko eta berrikusteko mekanismoa, nazio mailan, eskualde mailan eta maila globalean. Garapen Jasangarrirako 5. helburuak, –“Genero-berdintasuna lortzea eta emakume eta neskato guztiak ahalduntzea”–, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortu nahi du, eta, esparru horretan kokatzen da emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte libre baten lorpena. Zehazki, 5.2 erronkak honela dio: “Emakume eta neskato guztien aurkako indarkeria modu guztiak ezabatzea eremu publiko eta pribatuetan, emakumeen salerosketa eta sexu ustiapena eta beste ustiapen mota batzuk barne”.

Seigarrena: Esleituta dituen eskumenen arabera, Berdintasun Ministerioari dagokio, Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzaren bidez, genero indarkeriaren arloko informazio eta aholkularitza juridikoko 016 zerbitzua ematea, markatze laburreko 016 telefono-zenbakiaren eta posta elektronikoaren bidez; 2007. urteko irailetik dago martxan, eta genero-indarkeriaren biktima diren pertsonen egoera pertsonalari egokitutako informazioa eta aholkularitza jasotzeko eskubidea bermatzen du lurralde nazional osoan, abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak, genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoak, 18. artikuluan, eta Istanbuleko Hitzarmenak 24. artikuluan jasotzen dituzten telefono-zerbitzuen doakotasun, eskuragarritasun eta konfidentzialtasunari buruzko baldintzetan ezarritakoa betez. Estatu esparrukoa da 016 zerbitzua, egitura zentralizatua du, doakoa da, konfidentziala, eta etengabeko arreta ematen du: eguneko 24 orduetan dabil, urteko 365 egunetan.

Zazpigarrena: Emakumearen Konferentzia Sektorialean, 2007ko uztailaren 23an, orduan eskumena zuen Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak, autonomia-erkidegoek eta Ceuta eta Melillako hiriek lankidetza-hitzarmenak egitea adostu zuten, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek informazioa jasotzeko duten eskubidea bermatzeko, informazio eta aholkularitzako telefono zerbitzuaren bidez.

Zortzigarrena: Nafarroako Foru Komunitateak badu eskumena berdintasun politiken arloan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.18 artikuluan ezarritakoaren arabera. Eskumen hori apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeak garatu du, emakumeen aurkako indarkeriaren kontra jarduteko. Lege horren 34. eta 35. artikuluetan, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta-baliabideen gaineko informazioa jasotzeko eskubidea onartzen zaie.

Informazioa jasotzeko eskubidea bermatzeko, Nafarroako Foru Komunitateak 112 telefono-zerbitzua du (24 orduetan, urteko egun guztietan), 948 221 475 telefonoa (Aholkularitza Juridikoko Zerbitzua) eta genero-indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko taldeen telefonoak: 948 00 49 52 (Iruñerria, ipar-mendebaldea eta ipar-ekialdea), 948 55 36 20 (Lizarra), 948 70 34 28 (Tafalla) eta 948 40 36 65 (Tutera).

Bederatzigarrena: Berdintasun Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten 2008ko martxoaren 31n, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei informazio eta aholkularitzako telefono bidezko zerbitzua emateko. Horrela, Estatuko Administrazio Orokorrak, gaur egungo Berdintasun Ministerioko Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzaren bidez, esleituak dituen interes orokor eta sozialeko helburuak betetzea lortu du.

Hamargarrena: Sinatutako azken hitzarmenetik igarotako denbora, nazio eta nazioarteko mailako araudian egindako aurrerapenak eta alderdiek 016 zerbitzuan eta telefono-zerbitzu autonomikoan egindako aldaketak eta hobekuntzak kontuan hartuz, gaur egungo inguruabarretara egokituta dagoen hitzarmen berria egin behar da.

Hamaikagarrena: Azaldutako guztiagatik, bidezkoa da hitzarmen berria sinatzea Berdintasun Ministerioaren (Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritza) eta Nafarroako Foru Komunitatearen (Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentua) artean, genero-indarkeriaren arloko informazio eta aholkularitza juridikoko deiak deribatzeko.

Horrenbestez, alderdiek

ADOSTU DUTE

Lehena.–Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Berdintasun Ministerioaren (Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritza) eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren artean lankidetza ezartzea, genero-indarkeriaren arloko informazio eta aholkularitza juridikoko telefono bidezko zerbitzua emateko. Hori izanen da, hain zuzen, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateari buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 18. artikuluak eta Istanbuleko Hitzarmenaren 24. artikuluak onartutako informaziorako eskubidea bermatuko duena, Emakumeenganako indarkeriaren aurka jarduteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen 33. eta 34. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

Bigarrena.–Alderdien konpromisoak

Berdintasun Ministerioak, Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde esparrutik informazio eta aholkularitza juridikoko 016 telefono-zerbitzura egindako genero-indarkeriari buruzko edozein dei automatikoki haren 112 telefono zerbitzura deribatzeko konpromisoa hartzen du, genero-indarkeriaren arloko informazio eta aholkularitza juridikoko zerbitzu publikoa ematen dela bermatzeko helburuarekin, edozein dela eskatutako informazioa. Bestalde, deia zer zenbakitara bideratuko den eta zenbaki hori zer administrazio-organok kudeatzen duen jakinaraziko zaio erabiltzaileari.

Alderdi bakoitzak, bere eskumenez baliatuz, 016 telefono-zerbitzuan eta Nafarroako Foru Komunitateko 112 telefono-zerbitzuan ezartzen dituen ezaugarri teknikoak izanen dira sinatzen duten alderdiek, beren ordezkarien bidez, hitzarmen honen bosgarren klausulan ezarritako Jarraipen Batzordeari jakinarazitakoak. Jakinarazitako ezaugarri teknikoen arabera, bi telefono-zerbitzuen artean deiak deribatzeko prozeduraren ezaugarri eta baldintza teknikoak erabakiko ditu Jarraipen Batzordeak.

Hala ere, 016 telefono-zerbitzura egindako deia presakoa eta larrialdikoa bada, berehala deribatuko da Nafarroako Foru Komunitatearen 112 larrialdietako telefonora. Alderdiek, hitzematen dute datuen babesaren arloan aplikatzekoa den araudia errespetatuko dutela, Hitzarmen honen seigarren klausulan ezarritakoari jarraikiz.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren bidez, hitzematen du, 948 22 14 75, 948 00 49 52, 948 55 36 20, 948 70 34 28, 948 40 36 65 eta 112 telefono-zerbitzutik genero-indarkeriaren inguruan jasotzen dituen deiak 016 telefono-zerbitzura bideratuko dituela, jasotako deiari modu egokian erantzuten zaiola bermatzeko beharrezkoa bada, hitzarmen honen bosgarren klausulan ezarritako Jarraipen Batzordean erabakitako bi telefono-zerbitzuen arteko deiak deribatzeko prozeduraren baldintza teknikoen arabera; bereziki, jasotako deiari beste hizkuntza batean erantzun behar zaionean, edo entzumen edota mintzamen desgaitasuna duten pertsonentzako berariazko baliabideekin, eta telefonoetako telefono-zerbitzuetan barne hartzen ez den informazioa eta aholkularitza juridikoa jasotzeko ordutegi jakin batean.

Bi alderdiek bermatu eginen dute Nafarroako Foru Komunitateko 112, 948 00 49 52, 948 55 36 20, 948 70 34 28 eta 016 telefono-zerbitzuen zabalkundea elkarrekin eginen dutela, beren telefono-zerbitzuek egiten dituzten sentsibilizazio, komunikazio eta informazio jarduketetan. Berdintasun Ministerioak, Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzaren bidez, hitzematen du 016 zerbitzuari buruzko bere hileko eta urteko estatistiketan, zeinak bere webgunean zabaltzen baititu, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldetik etorri eta 016 telefono-zerbitzuan erantzundako deien gaineko informazio desagregatua jasoko duela.

Hirugarrena.–Finantzaketa.

Hitzarmen honen xedea gauzatzeak ez du ekarriko alderdien betebehar ekonomikorik. Esku hartzen duen alderdi bakoitzak bere gain hartuko du hitzarmen hau betetzeko egin beharreko jardueren kostua, eta bere baliabide materialak eta giza baliabideak erabiliko ditu.

Laugarrena.–Publizitatea eta zabalkundea.

Berdintasun Ministerioak, Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzaren bidez, eta Nafarroako Foru Komunitateak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren bidez, hitzarmen honetan ezarritako xedea eta konpromisoa zabaltzeko egiten dituzten jardueretan beren arteko lankidetza nabarmenduko dutela hitzematen dute.

Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzari aplikatuko zaio irailaren 17ko 1465/1999 Errege Dekretuak, Estatuko Administrazio Orokorraren erakunde-irudiari buruzko irizpideak ezarri eta agirien eta inprimatutako materialen ekoizpena arautzen duenak, bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.

Bosgarrena.–Jarraipena.

Hitzarmen honen xede diren jardueren koordinazioa eta jarraipena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49. artikuluan ezarritako baldintzen arabera eginen dira, jarraipen batzorde bat eratuta. Sinatzen duten alderdietako bakoitzaren bi ordezkarik osatuko dute batzorde hori, eta ordezkariak izendatzeko kontuan hartuko da emakumeen eta gizonen arteko partaidetza orekatuaren printzipioa.

Batzordeak ebatziko ditu hitzarmenean sor daitezkeen interpretazio eta betetze arazoak. Bereziki, Nafarroako Foru Komunitatearen 016 eta 948 22 14 75, 948 00 49 52, 948 55 36 20, 948 70 34 28 eta 948 40 36 65 telefono-zerbitzuen ezaugarri teknikoei buruzko informazioa jasoko du, alderdiek beren eskumenez baliatuz libreki erabakitzen dutena. Horrela, jakinarazitako ezaugarri teknikoen arabera, hitzarmen honen bigarren klausulan aipatzen diren bi telefono-zerbitzuen arteko deiak deribatzeko prozeduraren baldintza teknikoak erabakiko ditu.

Horrez gain, deiak deribatzeko prozeduraren baldintza teknikoak alderdien telefono-zerbitzuen ezaugarri teknikoetan gertatzen diren aldaketetara egokitu eta eguneratu eginen ditu Batzordeak; baita hitzarmen honen xedea eta jarduerak hobeki betetzeko beharrezkoak direnak ere, bigarren klausulan aipatzen direnak, hain zuzen.

Batzorde horren lehendakari arituko da Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzako Genero Indarkeriaren arloko Erakundearteko Koordinaziorako zuzendari nagusia, edo berak eskuordetzen duen pertsona. Bestalde, idazkari arituko da Genero Indarkeriaren arloko Erakundearteko Koordinaziorako Zuzendariordetza Nagusiko funtzionario bat.

Nafarroako Foru Komunitateak batzordean izanen dituen ordezkariak, berriz, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko titularrak izendatuko ditu.

Alderdiak elkarrekin aho batez ados jarrita hartuko dira Jarraipen Batzordearen erabakiak.

Sinatzen duten alderdietako edozeinek zazpi egun balioduneko aurrerapenarekin, gutxienez, biltzeko eskatzen duenean bilduko da Batzordea.

Batzordeko lehendakariak ez ditu bere botoaz berdinketak ebazten ahalko, eta idazkaria Batzordeko kidetzat hartuko da.

Aurrekoa gorabehera, Batzordeak, une oro, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. atalean xedatutakoa beteko du. Batzordeak barne funtzionamenduko bere araubide juridikoa ezarri edo osa dezake.

Seigarrena.–Datu pertsonalen tratamendua.

Hitzarmen honen bigarren klausulan ezarritako konpromisoek ekartzen dituzten jarduketak egiteko, datu pertsonalak tratatzea eragiten badute, eta, zehazki, deiak 112 larrialdietako telefonora deribatzea ekartzen badute, bi alderdiek honako arau hauek beteko dituzte: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta indarrik gabe uzten duena 45/96/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko erregelamendu orokorra); 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa, eta hura garatzen duen araudia.

Zazpigarrena.–Hitzarmena aldatzeko araubidea.

Hitzarmen hau aldatu egin daiteke, edozein alderdik hala eskatuz gero, eta horretarako beharrezkoa izanen da sinatzaileak aho batez ados jartzea, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.g) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Egiten den edozein aldaketa urriaren 1eko 40/2015 Legearen 50. artikuluan xedatutakoaren arabera izapidetuko da.

Zortzigarrena.–Eraginkortasuna.

Hitzarmen hau eraginkorra izanen da, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.8 artikuluan ezarritakoaren arabera, behin inskribatzen denean, formalizatzen denetik 5 egun balioduneko epean, Estatuko Sektore Publikoko Lankidetzarako Bitarteko eta Organoen Estatuko Erregistro Elektronikoan. Halaber, formalizatzen denetik 10 egun balioduneko epean Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Bederatzigarrena.–Indarraldia.

Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izanen du. Hala ere, hitzarmena sinatzen duten alderdiek aho batez erabaki dezakete hitzarmena luzatzea urtez urte, biak ados daudela adierazten badute indarraldia amaitu baino lehen, gehienez ere lau urte igaro arte, bat etorriz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluan xedatutakoarekin.

Hamargarrena.–Azkentzeko arrazoiak.

Bederatzigarren klausulan ezarritako indarraldia gorabehera, hitzarmen hau azkendu eginen da xedean jasotzen diren jarduketak ez badira betetzen, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluan aurreikusitako suntsiarazte-kausaren bat gertatzen bada, bete ezin izateko kausaren bat gertatzen bada edo ezinbesteko kasuetan.

Alderdiek beren gain hartutako konpromisoak ez badituzte betetzen eta ez-betetze hori nahikoa egiaztatuta geratzen bada, edozein alderdik hitzarmen hau suntsiarazteko eska dezake, konpromisoak bete ez dituen alderdiari aldez aurretik jakinarazita, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2.c) artikuluan ezarritakoaren arabera. Hori guztia gorabehera, alderdiek, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoaren babesean, eta Jarraipen Batzordeak proposatuta, erabaki ahalko dute gauzatzen ari diren jarduketak egiten jarraitzea eta amaitzea, luzatu ezin den epe bat ezarriz horretarako. Baina epe hori amaitutakoan hitzarmena likidatu egin beharko dute.

Hamaikagarrena.–Araubide juridikoa.

Hitzarmen honek administrazio izaera du, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Berak biltzen dituen estipulazioek arautuko dute, eta horietan aurreikusten ez diren gaietarako, baita zalantzak ebazteko ere, urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko VI. kapituluan xedatutakoari eutsiko zaio.

Alderdien artean hitzarmenaren ondorioei, interpretazioari, aldaketei edo suntsiarazpenari buruz sor daitezkeen zalantzak edo gatazkak Jarraipen Batzordean modu adiskidetsuan ebazteko ahalegina eginen da. Modu adiskidetsuan ezin bada, eta auzitara jotzea bidezkoa bada, bi alderdiek administrazioarekiko auzien jurisdikziora joko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen IV. tituluari jarraikiz.

Eta adostasun frogatzat balio dezan, eta hitzartutakoa jasota geldi dadin, alderdiek hitzarmen honen hiru ale sinatu dituzte, goian aipatutako tokian eta egunean.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.–Genero Indarkeriaren aurkako Gobernuko ordezkaria, María Victoria Rosell Aguilar.

1. ERANSKINA

Genero indarkeriaren arloko informazio eta aholkularitza juridikoko zerbitzu-eginkizunak dituzten komunitate eta hiri autonomoen telefono zenbakien zerrenda, eta arretarako ordutegia

Andaluzia 900 200 999 (24 orduetan, urteko egun guztietan).

Aragoi 900 504 405 (24 orduetan, urteko egun guztietan).

Kanariak 112 (24 orduetan, urteko egun guztietan).

Kantabria 942 214 141 (24 orduetan).

Gaztela-Mantxa 900 100 114 (24 orduetan).

Gaztela eta Leon 983 327 850 (08:00 - 22:00, astelehenetik ostiralera).

Katalunia 900 900 120 (24 orduetan, urteko egun guztietan).

Galizia 900 400 273 (24 orduetan).

Balear Uharteak 971 178 989 (24 orduetan, urteko egun guztietan).

Errioxa 900 711 010 (09:00 - 14:00, lanegunetan).

Madril 012 (astelehenetik ostiralera, 08:00 - 22:00. Larunbat, igande eta jaiegunetan, 10:00 - 22:00).

Nafarroa 112 (24 orduetan, urteko egun guztietan). Genero-indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko taldeak. Iruña 948 42 09 40; Iruñerria 948 00 49 52; Lizarra 948 55 36 20; Tafalla: 948 70 34 28; Tutera: 948 40 36 65).

Euskal Autonomia Erkidegoa 900 840 111 (24 orduetan, urteko egun guztietan).

Asturiasko Printzerria 985 962 010 (24 orduetan).

Murtziako Eskualdea 112 (24 orduetan, urteko egun guztietan).

Valentziako Erkidegoa 900 580 888 (24 orduetan, urteko egun guztietan).

Ceuta 900 700 099 (24 orduetan).

Iragarkiaren kodea: F2207020