109. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

49/2022 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez 2022-2023ko laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten baitira toki erakundeek ibai ingurunea lehengoratzeko eta mantentzeko jarduketak eta ibai eremuaren kudeaketari buruzko azterlanak egiteko. DDBN identifikazioa: 622392.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko urriaren 23ko 2000/60/EE Zuzentarauak helburutzat ezartzen ditu, besteak beste, ingurumena babestea eta ekosistema urtarren egoera hobetzea.

Habitatei buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren helburu nagusia da biodibertsitatea zaintzea, zuzentarauan bertan interesgarritzat jotzen diren habitat eta espezieak oinarri hartuta. Habitat eta espezie horietako askok lotura estua dute ibaiko ekosistemekin. Ongi zaindutako ibaiek eta hezeguneek funtsezko eginkizuna dute, fauna eta flora mugitzea ahalbidetzen duten igarobide naturalak baitira.

Uholdeei buruzko 2007/60/EE Zuzentarauak uholde lautada naturalak lehengoratzea sustatzen du, emariak xaflatu ditzaten, uholdeek eragin ditzaketen kalteak arintzeko.

Hiru zuzentarau horiek lan ildoak zehazten dituzte, izendatzaile komun batekin: ibai eremua kudeatzea eta lehengoratzea.

Nafarroako Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plan Orokorraren helburuetako bat da gaur egun garatzeko aukera egokirik ez duten habitatak berreskuratzea. Laguntzen deialdi honek, beraz, uholdeek eragindako kalteak saihestea eta ibaiko ekosistemak lehengoratzea du helburu, eta deialdiaren barnean egindako jarduketak bat datoz Ibaiak Lehengoratzeko Estrategia Nazionalarekin eta Uraren, Habitaten eta Uholdeen esparru zuzentarauekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak urteak eman ditu ibai sistemak lehengoratzeko lanak egiten, eta ibaien lehengoratzea eta ibaiko ekosistemen birnaturalizazioa bultzatzen du, morfologia berreskuratuta, oztopo disfuntzionalak kenduta eta uholde lautada naturalak berreskuratuta.

Biodibertsitate Zerbitzuak, besteak beste, ibai inguruneko jarduketetarako laguntzen deialdiak kudeatzeko eskumena du; zehazki, ibai ingurunearen berreskuratze, lehengoratze eta mantentze jarduketetarako –bereziki, Natura 2000 Sareko ibai inguruneei dagozkienak– eta ibai eremuaren kudeaketari buruzko azterlanetarako.

Deialdi honen helburua da ibai ingurunea lehengoratzeko eta mantentzeko jarduketak eta ibai eremuaren kudeaketari buruzko azterlanak egiteko laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea.

EBAZTEN DUT:

1. Toki erakundeentzako laguntzen deialdia onestea, 2022-2023 aldian ibai ingurunea lehengoratzeko eta mantentzeko jarduketak eta ibai eremuaren kudeaketari buruzko azterlanak egin ditzaten.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. 133.238,00 euroko gastua baimentzea, partida hauen kargura:

  • 33.238,00 euro, 2022ko gastuen aurrekontuko “Toki erakundeentzako dirulaguntzak, ibaietan esku hartzeko” izeneko 740003 74300 7609 452100 partidaren kargura.
  • 100.000,00 euro, 2022ko gastuen aurrekontuko “Toki erakundeentzako dirulaguntzak, ibaietan esku hartzeko” izeneko 740003 74300 7609 452100 partida parekagarriaren kargura edo 2023ko gastuen aurrekontuko lerro parekagarriaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Udalerriei eta kontzejuei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, 2022-2023 aldian ibai ingurunea lehengoratzeko eta mantentzeko jarduketak eta ibai eremuaren kudeaketari buruzko azterlanak egin ditzaten

1. oinarria.–Xedea.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko urriaren 23ko 2000/60/EE Zuzentarauak helburutzat ezartzen ditu, besteak beste, ingurumena babestea eta ekosistema urtarren egoera hobetzea.

Biodibertsitate Zerbitzuak, besteak beste, ibai inguruneko jarduketetarako laguntzen deialdiak kudeatzeko eskumena du; zehazki, ibai ingurunearen berreskuratze, lehengoratze eta mantentze jarduketetarako –bereziki, Natura 2000 Sareko ibai inguruneei dagozkienak– eta ibai eremuaren kudeaketari buruzko azterlanetarako.

Deialdi honen helburua da ibai ingurunea lehengoratzeko eta mantentzeko jarduketak eta ibai eremuaren kudeaketari buruzko azterlanak egiteko laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea.

2. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

Aurkeztutako agirietan ageri diren eta Foru Komunitateko gizartearentzat onuragarriak eta ingurumen interesekoak diren obrak, proiektuak edo azterlanak diruz laguntzen ahal dira, aintzat hartuta babestutako ondasunen garrantzia, saihestutako arriskuak eta aurreikuspenen arabera jarduketek ingurumenari ekarriko dizkioten onurak.

Hori horrela, honako neurri hauek izanen dira diruz lagungarriak:

A.–Obrak.

Jarduketak apartatu hauen barruan sartu beharko dira:

1.–Ibaien ezaugarri hidromorfologikoak hobetzea; adibidez, zeharkako aldaketak (hala nola presak, dikeak eta presa txikiak) edo luzetarako egiturak (motak, harri lubetak, kanalizazio gabioiak edo beste batzuk) kentzea, ibaien iragazkortasuna murrizten eta/edo ibilgua zurruntzen badute eta, ondorioz, ibaiaren dinamika naturala eragozten badute.

2.–Ibarbasoak, ibaiertzak eta uholde lautadak lehengoratzeko jarduketak. Apartatu honetan sartzen dira ibaiertzeko landaredia espezie autoktonoekin lehengoratzea eta landare estalki bat jartzea helburu duten jarduketak, higadura prozesuak minimizatzeko eta uholde lautadak lehengoratzen laguntzeko, eta, horren ondorioz, uholdeek eragindako kalteak murriztu eta ingurumen balioak hobetzeko.

3.–Ibaiertzeko landare estalkia naturalizatzeko eta flora aloktono inbaditzaileak kentzeko jarduketak.

4.–Ezpondak egonkortzeko jarduketak. Ibaien higadurak eragindako azpiegiturak babesteko egiten dira, eta bioingeniaritzako teknikak erabiltzen dira, jarduketak ingurunean txerta daitezen, ibaiko ekosistema berritzeaz gain, biodibertsitatea handitze aldera. Salbuespen gisa, harri lubetak diruz lagunduko dira, baldin eta bioingeniaritzako obren jarduera osagarri gisa erabiltzen badira, edo beste aukerarik ez dagoenean eta obra ezinbesteko premiakoa bada eta, horrekin batera, beste neurri batzuk hartzen badira birlandaketak egiteko eta egiturari lotutako landaredia lehengoratzeko.

5.–Ibaien higadurak eragindako ezpondak egonkortzeko –bioingeniaritzako teknikak erabiliz– beste jarduketa batzuk ere sartzen ahalko dira, baldin eta, jarduketa horrekin batera, ibaiertzeko zerrenda bat (10 metro zabal, gutxienez) lehengoratzen bada jarduketaren inguruan.

6.–Arrain eskalak pasatzeko sistemak eta arrain espezieen migrazioa ahalbidetzen duten beste sistema batzuk mantentzeko eta garbitzeko jarduketak.

7.–Fauna igarotzeko sistemak jartzea kanaletan eta fauna irtetekoak kanaletan eta idoietan.

B.–Azterlanak.

Ibai-ingurunea lehengoratzeko azterlanak, helburu dutenak ingurumenaren aldetik hobetzea ibai-ekosistema, ibaien dinamika naturala eta ibai-ertzeko lurreko eta uretako intereseko espezieen habitatak. Neurri honetan ez dira sartzen uholdeen ondorioetan hobekuntzak egiteko azterlan espezifikoak, ez badute barnean hartzen ibaiak ingurumenaren aldetik lehengoratzea.

C.–Lursailak erostea.

Nekazaritza erabilerako lursailak, larreak, belardiak edo beste laborantza produktibo batzuk erostea, ibai eremua lehengoratzeko eta A.2 neurrian aurreikusitako jarduketak egiteko. Laguntza hau jaso ahal izateko, memoria bat aurkeztu beharko da, jarraituko diren lehengoratze irizpideak azalduta, eta Biodibertsitatearen Zerbitzuak onetsi beharko du. Lursail horiek erosteko laguntzak eskuratuz gero, lehengoratze proiektuan azaldutako eta onetsitako jarduketak 2 urteko epean egin beharko dira, lursailak erosten direnetik zenbatzen hasita. Jarduketak egin ezean, emandako laguntza itzuli beharko da.

Erositako lursailak toki erakundearen herri-lurren barruan sartu beharko dira.

Jabari publiko hidraulikoaren barruan sartzen diren lursailek ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso.

Natura 2000 Sarearen barruko jarduketetan, proposamenek bat etorri beharko dute kontserbazio bereziko eremua (KBE) kudeatzeko planean ezarritako neurriekin, edo, nolanahi ere, bateragarriak izan beharko dute planean ezarritako jarraibideekin.

Diruz laguntzen ahalko dira lehen aipatutako obrak eta azterlanak egitearekin eta proiektuak/memoria idaztearekin lotutako gastuak (BEZik gabe). Lursailen erosketen kasuan, halaber, notariotza gastuak eta jabetza erregistrokoak ere diruz lagungarriak dira, zergak kenduta.

Aurkeztutako memoria edo proiektuan agertzen diren prezioak eta Nafarroako baso tarifak edo Biodibertsitatearen Zerbitzuak erabilitako beste tarifa batzuk ezberdinak badira, hura idatzi duen teknikariak justifikatuko du ezberdintasuna, eta Biodibertsitatearen Zerbitzuak onetsi edo ukatu eginen du.

Lursailak erosiz gero, diruz lagungarria izanen den gehieneko kostua 334/2001 Foru Dekretuaren arabera (ekainaren 17ko 39/2015 Foru Dekretuak aldatua) azaldutako balorazio irizpideetatik ateratzen dena izanen da.

Ez dira diruz lagunduko jarduketa hauek:

–Ingurumenari kalte egiten ahal diotenak, edo ingurumen edo hirigintza arloko arau indardunen kontrako obrak.

–Natura 2000 Sareko jarduketen artean, zaindu behar diren balioekin bateragarriak ez diren edo KBEa kudeatzeko planean ezarritako kudeaketa jarraibideen aurkakoak diren jarduketak.

–Ezpondak edo mendi hegalak egonkortzeko jarduketak, baldin eta ibai edo sakan baten higaduraren ondorioz argi eta garbi sortu ez badira edo egonkortzeko premia behar bezala justifikatuta ez badago.

–Ibilgu artifizialetako jarduketak (erretenak).

–Deialdia ebatzi aitzin burutu edo hasi direnak.

–Ingurumenaren aldetik edo gizartearentzat interesgarriak ez direnak.

3. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzen zenbatekoa diruz laguntzen ahal den obraren, proiektuaren edo azterlanaren aurrekontuaren %80koa izanen da, BEZa kanpo.

Lursailak erosten diren kasuetan, notariotza kostuak eta jabetza erregistrokoak barne hartuta, dirulaguntzaren ehunekoa %80koa izanen da, zergak kenduta.

Proposatutako jarduketak sartuta baldin badaude onetsitako KBEak kudeatzeko planen batean aurreikusitako neurrien artean, dirulaguntzaren ehunekoa %10 handituko da.

Horretaz gainera, obren kasuan, proiektua/memoria idazteko eta obra zuzentzeko ordainsariek jasoko dute dirulaguntza (BEZa kanpo), baldin eta ez bada gainditzen onetsitako eta ziurtatutako obra gauzatzeko aurrekontuaren %5, eta zenbateko horrek benetako kostua gainditu gabe.

Inbertsioaren gehieneko zenbatekoa 30.000 eurokoa izanen da eskaera bakoitzeko. Hala ere, aurrekontu erabilgarria agortu ez bada, eta 4. oinarrian ezarritakoa aplikatu ondoren, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa handitzen ahalko da, betiere dirulaguntzaren zenbatekoak gainditzen ez badu diruz lagundu daitekeen gehieneko ehunekoa. Dirulaguntza jasoko duten eskaeren artean banatuko da diru hori, modu proportzionalean, eskaera bakoitzerako onartutako aurrekontua kontuan hartuta.

Inbertsio diruz lagungarriaren gutxieneko zenbatekoa 3.000 eurokoa izanen da. Hori hartzen da, hain zuzen, exekuzio aurrekontu onetsitzat (zergak kenduta).

4. oinarria.–Kredituak eta aurrekontu banaketa.

Deialdi honetako laguntzei erantzuteko, 3. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, 133.238,42 euroko aurrekontua dago guztira, honela banatuta:

  • 33.238 euro, 2022ko gastuen aurrekontuko “Toki erakundeentzako dirulaguntzak, ibaietan esku hartzeko” izeneko 74003 74300 7609 452100 partidaren kargura.
  • 100.000 euro, 2022ko gastuen aurrekontuko “Toki erakundeentzako dirulaguntzak, ibaietan esku hartzeko” izeneko 740003 74300 7609 452100 partida parekagarriaren kargura edo 2023ko gastuen aurrekontuko lerro parekagarriaren kargura.

Aurrekontu osotik, 100.000 euro «A.–Obrak» neurriko laguntzetara bideratuko dira, 2023ko aurrekontuko partidaren kargura. 33.238 euro bideratuko dira «B.–Azterlanak» eta «C–Lursailak erostea» neurriak diruz laguntzera, 2022ko aurrekontuen partidaren kargura.

Dirulaguntzaren xede den neurri bakoitzerako dirulaguntza emateko proposamena egin ondoren, neurrietakoren baterako gordetako diru-kopurua agortu ez bada, diru hori erabiltzen ahalko da beste neurri batzuk diruz laguntzeko, baldin eta onartutako eskaeraren bat aurrekontu-zuzkidurarik gabe gelditu bada.

Eskuragarri dagoen aurrekontua 2022ko partidaren kargura egiten bada eta aurrekontu faltagatik laguntzarik jaso ez duten obra eskaeretara bideratzen bada aurrekontua, laguntza esleitu aurretik, balizko toki erakunde onuradunak konpromisoa hartu beharko du jarduketak 2022ko urriaren 15a baino lehen amaitzeko. Dirulaguntza esleitu ondoren toki erakundeak ez baditu obrak amaitu edo ez badu beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu egun hori baino lehen, hasieran emandako dirulaguntza galduko du.

5. oinarria.–Erakunde onuradunak.

Onuradun izaten ahal dira Nafarroako udal eta kontzejuak, baldin eta haien mugartetik ibaiak eta sakanak igarotzen badira edo hezegunerik badute. Toki erakunde bakoitzeko eskaera bakarra onartuko da.

6. oinarria.–Eskaerak eta dokumentazio osagarria aurkezteko epea.

1.–Eskaerak aurkeztea:

Eskaerak aurkezteko epea 45 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak telematikoki aurkeztu behar dira, Nafarroako Gobernuaren webguneko Tramiteen Katalogoko (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/) fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da nahitaez.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

2.–Eskaera harturik, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskatzen diren betebeharrak bete ezean, toki erakunde interesdunari eskatuko zaio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko zaio, bestela, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela eta jakinaraziko zaiola.

3.–Honako hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa:

1. II. eranskineko eskaera inprimakia.

2. Toki erakunde eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, dirulaguntza eskaerarekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskaera aurkeztu beharko du, behar bezala betea eta sinatua. Agiri hori helbide honetan eskuratu daiteke:

https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

3. Obren apartatuan sartzen diren jarduketek proiektu bat izan beharko dute, eta haren dokumentazioa nahitaez aurkeztu beharko da 15.000 euro baino gehiagoko guztizko aurrekontua duten eskaeren kasuan (BEZa kanpo), edo, bestela, memoria teknikoak izan beharko dituzte, nahitaez aurkeztu beharrekoak, 15.000 euroko edo gutxiagoko aurrekontua duten eskaeren kasuan, BEZa kanpo. Gaian adituak diren teknikariek idatzi eta sinatu behar dituzte dokumentu horiek, indarrean den legeriaren arabera.

Proiektuek honako hauek bilduko dute, gutxienez: memoria, aurrekontua, baldintza-agiriak, balizko ingurumen ukipenen azterketa, 1:10.000 eskalako edo eskala handiagoko planoak eta segurtasunari eta osasunari buruzko oinarrizko azterlana. Memoria teknikoa eskatuz gero, honako hauek bildu beharko ditu: memoria, aurrekontua, ingurumen ukipenen azterketa (arloko foru araudiak hala eskatzen duenean) eta 1:10.000 eskalako edo eskala handiagoko planoak.

–Memoria, zeinetan deskribatu egin beharko baita zer jarduketetarako eskatzen den laguntza, jarduketaren aurrekariak eta helburuak barne hartuta. Horrez gain, alternatiben azterlan bat eta proposatutako konponbidearen justifikazio teknikoa ere sartu beharko dira, eta, hala badagokio, egungo eta etorkizuneko egoeren azterlan hidrologiko-hidrauliko bat eransteko aukera baloratuko da.

–Segurtasunari eta osasunari buruzko oinarrizko azterlana, segurtasun eta osasun arloan indarrean den legeriari jarraikiz dagokiona, laneko arriskuen prebentziorako neurrien justifikazioa eta aurrekontu banakatua barne.

–Balizko ingurumen ukipenen azterketa. Proiektu guztiek azterlan hori izan beharko dute gutxienez. Jarduketaren batek KBEan sartutako lursailak ukitzen baditu, proiektuak edo memoriak beti jasoko du leku horretako kontserbazio balioei egindako ukipenen ebaluazioa.

–Egin beharreko lanen baldintza-agiria.

–Aurrekontu xehakatua, atal hauek izanen dituena: neurketak, prezioen taulak (1 eta 2 zenbakiduneko prezioen taula), aurrekontu partzialak, aurrekontu orokorra eta administrazioari jakinarazi beharreko aurrekontua. Jarduketen prezioak bat etorriko dira merkatuko prezioekin.

–Planoak. Barnean joanen dira, gutxienez, jarduketen kokalekuaren plano orokor bat, kokapen planoak eta xehetasun planoak –hala nola zeharkako ebakidurak, luzetarako profilak, eraikuntzako xehetasun kotatuak, profil tipoak edo bestelakoak–, egin beharreko obra ongi definituta.

Agiri horiek idatzi dituen teknikariak sinatu beharko ditu nahitaez. Proiektuek edo memoriek dirulaguntzaren deialdiaren xede diren jarduketak izan behar dituzte, bestelakorik ez.

Lehen eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazio teknikoak ez baditu eraikuntza proiektuaren gutxieneko edukiak betetzen, ezetsi egingo da eskaera hori.

4. Obrak egitea dakarten jarduketek dagokien arroko erakundearen baimena beharko dute, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren eta 1986ko apirilaren 11ko 849/1986 Erregelamenduaren arabera; edo, bestela, eskaera egin duela edo baimenaren espedientea hasita dagoela egiaztatzen duen agiri bat.

5. Ibaien arloko azterlanen kasuan: diruz lagunduko dira ibaiak lehengoratzeari buruzko azterlan integralak, ibai-tartearen eskalan, ibai-plan bat daukatenean (kontzeptu orokor morfologiko, ekologiko eta hidraulikoan), ingurumen-ibaien lehengoratzea eta uholdeen aurkako defentsa konbinatuko dituena. Azterlanak honako hauek zehaztu beharko ditu: helburuak, eragin-eremua, tartearen diagnostikoaren analisia, jarduteko proposamenak eta, hala badagokio, alternatiben balorazioa. Laguntzen eskaeran, dokumentu bat aurkeztu beharko da, honako hauek jasoko dituena: azterlanaren xedea, azterlaneko gaien edo atalen aurkibidea, atal horietako lanak zertan dautzan eta nola eginen diren zehaztuko duen deskribapen laburra, eta egin beharreko lanen aurrekontu xehakatua. Dokumentu hori gaian aditua deen teknikari batek eginen du, indarreko legeria betez. Azterlanak ez dira diruz lagunduko lehendik dauden beste batzuen errepikapena direnean, balioen zerrenda edo deskripzio huts bat edo presioen zerrenda huts bat direnean, edo hobekuntza helburu nagusitzat dutenean.

6. C neurriaren barruko jarduketak gaian aditua den teknikari batek baloratu beharko ditu, lursailen ezaugarriak eta merkatuko prezioak kontuan hartuta.

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko lehentasun irizpideak.

1.–Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak norgehiagoka tramitatuko direnez, eskaeren lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, oinarri hauetan zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuta, eta irizpide horiek kontuan hartuta puntuaziorik handiena lortzen duten eskaerei emanen zaie laguntza, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditzen ez bada.

2.–Balorazio irizpideak.

Neurri bakoitzeko irizpideak kontuan hartuta, honela emanen dira puntuazioak:

A.–Obrak.

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1

Jarduketak NATURA 2000 SAREAREN barruan sartzen dira, eta KBEa kudeatzeko planetan ezarritako neurriak gauzatzen dituzte.

30

2

Jarduketek ez dituzte gauzatzen KBEa kudeatzeko planean ezarritako neurriak, baina, osorik edo zati batean, NATURA 2000 SAREAREN barnean sartzen dira.

10

3

Jarduketak, 1. puntuan sartuta egon gabe, ibaien konektibitatea hobetzera bideratuta daude, ibaiertzeko landaredia lehengoratuz, oso andeatuta dagoen tokietan edo ia ez dagoenetan.

20

4

Lehengoratze jarduketak, bideratuta daudenean ibaien iragazkortasuna hobetzeko asmoz oztopoak kendu eta horren ondorioz izan den higadura zuzentzera.

20

5

Jarduketek Nafarroako Gobernuak uholde arriskugarritasunari edo ibai eremua lehengoratzeari buruz egindako azterlanetan biltzen diren neurriak gauzatzen dituzte.

10

6

Jarduketek Nafarroako Foru Komunitatean 2021eko abenduan izan ziren aparteko euri erauntsiek eta uholdeek ukitutako udalerriak ukitzen dituzte, eta ezohiko fenomeno horri erantzuten diote.

5

7

Proposatutako alternatibak aztertzen dira, eta aukeratutako konponbidea justifikatzen.*

5 arte

(*) Ibai Ingurunearen Ataleko teknikariek aztertuko dituzte, alde batetik, proiektuan proposatutako alternatibak, eta, bestetik, aukeratutako konponbidearen justifikazioa, eta puntuazio bat emanen diote egokia den, ingurunera egokitzen den eta ingurunean dauden ingurumen balioak hobetzen dituen aintzat hartuta.

B.–Azterlanak.

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1

Azterlana NATURA 2000 SAREAREN barnean sartzen da, eta KBEa kudeatzeko planetan ezarritako neurriak gauzatzen ditu.

30

4

Azterlanak ez ditu gauzatzen KBEa kudeatzeko planean ezarritako neurriak, eta, osorik edo zati batean, NATURA 2000 SAREAREN barnean sartzen da.

10

2

Azterlanaren xede den tarteak zenbait toki erakunderi eragiten badie eta erakunde horien arteko adostasun edo lankidetza hitzarmen bat badago.

20

3*

Azterlanaren xede den tarteak kalteak jasan ditu azken bost urteotan, uholdeen ondorioz; hori dela eta, hondamendi gune izendatu dute.

20

5

Diagnostikoaren planteamendua integrala da, ibai-tarte zabal bati helduta (2 km-tik gorakoa), eta ibai-iraganbidearen gaineko presio eta inpaktu garrantzitsuak azaltzen dira, barne daudela presio horiek murrizteko ekintza-plan bat eta eremuko ingurumen-balioak hobetzeko ekintza-multzo bat.

10

6**

Azterlana gauzatu aurreko analisi diagnostikoa, bai eta azterlanaren justifikazioa eta xedea ere

10 arte

(*) Azken bost urteotan hondamendi gune deklaratu dutela egiaztatzen duen agiririk aurkezten ez bada, ez da puntu hau baloratuko.

(**) Gaian aditua den teknikari batek idatzitako memoria labur bat aurkeztuko da, azterlanaren ezaugarriak azaltzeko. Gero, ibai ingurunearen arloko teknikariek puntuazioa emanen dute, aurkeztutako proposamena egokia eta beharrezkoa den eta nola gauzatuko den aintzat hartuta.

C.–Lursailak erostea.

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1

Erositako lursailak NATURA 2000 SAREAREN barnean kokatzen dira eta KBEa kudeatzeko planetan ezarritako neurriak gauzatzen dituzten jarduketak eginen dira bertan.

30

2

Erosketaren xede den espazio osoa edo zati bat Natura 2000 Sarean sartuta badago, baina KBEa kudeatzeko planetan ezarritako neurriak gauzatzeko ez bada.

10

3

Erositako lursailak ibai konektibitatea hobetzeko jarduketetara bideratzen direnean. Jarduketa horietan, ibaiertzeko landaredia lehengoratuko da landaredia oso andeatuta dagoen tokietan edo ia landarerik ez dagoenetan.

20

4

Erositako lursailen helburua denean higadura fenomenoek eragindako guneetan ibai eremuak lehengoratzea eta lursailaren egungo erabilera bateraezina denean ibaiaren dinamikarekin.

20

5

Erositako lursailak bideratzen direnean Nafarroako Gobernuak uholde arriskugarritasunari edo ibai eremua lehengoratzeari buruz egindako azterlanetan biltzen diren neurriak gauzatzen dituzten jarduketak egitera.

10

6

Lursailak erosten direnean 2021eko abenduko aparteko euri erauntsiek eta uholdeek ukitutako udalerrietan, Nafarroako Foru Komunitatean, eta fenomeno horrek ukitu dituenean.

10

3.–Berdinketarik izanez gero, honela trenkatuko da:

Aipatutako irizpideak aplikatu ondoren eskaeren artean puntuazio berdinketarik badago, neurrien araberako lehentasun-ordena aplikatuko da (3. oinarrian dago azalduta), eta lehentasun-ordena honi jarraituko zaio:

–Obren kasuan, honako ordenari jarraituko zaio lehentasuna ezartzeko: A1 ekintza, A3 ekintza, A2 ekintza, A4 ekintza, A5 ekintza, A6 ekintza eta, azkenik, A7 ekintza.

–Azterlanen eta lursailen erosketen kasuan, lehentasuna emanen zaie KBEa kudeatzeko planetan ezarritako neurriak gauzatzen dituztenei edo gauzatzeko balio dutenei.

Berdinketak jarraitzen badu, eskaerak iristen diren ordenaren arabera emanen zaie lehentasuna.

4.–Ekintzak ez gauzatzea.

Laguntza onetsia izan arren ekintza gauzatzen ez bada, onuradunek horren berri eman beharko dute, eta emakida ebazpenetan aldaketak egin ondoren libre geratzen diren zenbatekoak erabiltzen ahalko dira, lehenik eta behin, erreklamazioei edo emakidan atzemandako akatsei erantzuteko, eta, gero, laguntzak emateko aurrekontuan diru nahikoa ez izateagatik laguntza ukatu zitzaien eskatzaileei.

8. oinarria–Ebaluazio organoa.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuari dagokio neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa.

Eskaerak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, Ibai Ingurunearen Ataleko teknikariek landa bisitak eta beharrezkotzat jotzen dituzten adina jarduketa eginen dituzte eskatu diren inbertsioak egokiak ote diren erabakitzeko.

9. oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpide, modu eta lehentasunen araberako ebaluazioa egin ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiari bidaliko dio, toki erakunde onuradunek dirulaguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituztela adierazten duen txosten batekin batera. Horrez gain, zerrenda bat prestatuko du, baldintza guztiak bete arren aurrekontuko diru mugak direla eta deialditik kanpo geratu diren toki erakunde eskatzaileekin, eta beste bat, baldintzak ez betetzeagatik kanpoan geratu direnekin.

Ebazpen proposamenean onartutako eskaerak agertuko dira, kasuan kasuko dirulaguntzak esleiturik, zazpigarren oinarrian ezarritako irizpideak aplikatuz lortutako puntuazioaren araberako lehentasun hurrenkeran, aurrekontuko dirua ahitu arte. Azken onuradunari esleitu gabe geratzen den saldoa emanen zaio; beraz, aurrekontuko diru kopurua handiagoa izan balitz berari zegokiokeen diru-laguntza baino gutxiago emanen zaio.

Emandako dirulaguntza ikusirik, azken onuradunak bere proiektuaren zati bat bakarrik egin nahiko balu, Ibai Ingurunearen Atalari eskatu, eta hark emanen dio baimena, baldin eta lan horiekin jatorrizko proiektuaren helburuak betetzen badira.

Dirulaguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoitu bidez ebatziko dira, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere, eta, nolanahi ere, dirulaguntzei buruzko foru legerian aurreikusitako epea amaitu baino lehen.

Laguntza ematearekin batera, diruz lagundutako jarduketen ingurumen baimena emanen da, baldin eta ingurumen inpaktuaren adierazpena edo ingurumen ukipenetarako baimena behar ez bada. Kasu horretan, prozedura espezifiko bati jarraitu beharko zaio.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

10. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

Aurkeztutako eskaerak aldatzen ahalko dira, baldin eta deialdi honetan eskaerak aurkezteko aurreikusitako epearen barnean egiten badira.

Ibai Ingurunearen Atalak aldez aurretik onetsi beharko ditu ezustekoen edo bestelako gorabeheren ondorioz obran gertatutako aldaketak; nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbateko osoa ezin izanen da laguntzak emateko ebazpenean ezarritako zenbatekoa baino handiagoa izan.

11. oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

Laguntza hauen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

b) Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak kontratazioaren arloan ezarritako arauak betetzea.

c) Eskaera zehazten, justifikatzen eta baloratzen duen dokumentazio teknikoa aurkeztea.

d) Inbertsioak egitea Ingurumeneko zuzendari nagusiaren laguntzak emateko ebazpenean ezarritako baldintzen arabera, eta, nolanahi ere, Ibai Ingurunearen Atalak ezarritako ingurumen jarraibideak betez, baldin eta obrak gauzatzeko fasearen aurretik aurreikusi ez den egoeraren bat gertatzen bada.

e) Obren kasuan, obrei ekin baino lehen, dagokion konfederazio hidrografikoaren baimena bidali beharko zaio Ibai Ingurunearen Atalari.

f) «Obrak» neurriaren barruko jarduketek, A6 ekintzek izan ezik, lanen zuzendari tekniko bat izan behar dute, eta betebehar hauek izanen ditu:

–Obra zuzendaria arlo horretako unibertsitate teknikaria izanen da, indarrean den legeriaren arabera.

–Obra zuzendariak eguneratua eraman beharko du obra liburua. Liburuak honako hauek bilduko ditu, gutxienez: lanen hasierako akta, ziurtagiri bakoitzaren akta, obra aldaketen aktak, horrelakorik badago, prezio kontrajarrien aktak, horrelakorik badago, eta lanen bukaerako ziurtagiriaren akta eta obra harrerarena. Obra zuzendariak, kontratistak eta toki erakundeen ordezkariak sinatu beharko dituzte aktak. Nahitaezkoa da –justifikatutako kasuetan izan ezik– obra liburu bat izatea kontratista bakoitzarentzat.

–Obretan segurtasun eta osasun arloko koordinatzaile bat izanen da, arlo horretako araudi aplikagarrian hala ezartzen bada.

–Obra zuzendariak ezin izanen ditu gauzatu obra zuzendaritzaren ziurtapen aktan berak ziurtatzen dituen lanak; izan ere, hala eginez gero, zalantzan jarriko lirateke obra horien exekuzio zuzena, kalitatea eta kontrola.

g) Tokiko erakunde onuradunak jakinarazi beharko dio, hala badagokio, Ibai Ingurunearen Atalari (medio.fluvial@navarra.es), lanak hasi baino lehenago, nor izanen den garatu beharreko lanen obrako zuzendaritzaz arduratuko dena edo direnak. Halaber, «hasiera-akta eta zuinketen egiaztapena» eta «obren behin-behineko harrera-akta» sinatu baino astebete lehenago jakinaraziko da, beharrezkoa izanez gero, ataleko teknikariak joan daitezen. Bestalde, atalak obra garaian egiten duen edozein egiaztapen ere onartu beharko du.

Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidearen galera deklaratu, eta dagozkion zenbatekoak askatzen badira, halakoak erabiltzen ahalko dira behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

Hau izanen da lanak bukatzeko eta eskatutako agiri guztiak aurkezteko azken eguna:

–A neurria (Obrak), 2023ko azaroaren 1a.

–B eta C neurriak (Azterlanak eta Lursailak erostea), 2022ko azaroaren 2a.

Toki erakunde onuradunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

«A.–Obrak» neurriaren kasuan.

a) Ordainketa eskatzeko inprimakia, deialdi honek biltzen dituen laguntza mota guztietako ekintza guztiak jasoko dituena, behar bezala betea eta obra zuzendariak sinatua eta toki erakundearen oniritziarekin (zigilatua eta sinatua). Obra zuzendaritzarik behar ez bada, toki erakunde onuradunak berak sinatuko du inprimakia.

b) Jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak.

c) Ordainagiriak. Bankuko karguak izanen dira, gutxienez datu hauek agertuko dituztenak: transferentziaren jaulkitzailearen izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, faktura-zenbaki eta guzti. Salbuespen gisa, ordainketa frogatzeko, enpresa hornitzaileak egindako ordainagiriak onartuko dira, 2.500 eurotik gorakoak ez badira. Fakturen ordainagiriek inbertsio osoa ordaindu dela frogatuko dute, eta lanak amaitzeko azken eguna baino lehenagokoak izanen dira.

d) Obrako zuzendaritza behar duten ekintzen kasuan, obra-liburu osoa aurkeztuko da, gutxienez honako hauek jasota: hasiera- eta zuinketa-akta, ziurtagiri guztiak (bat obretan esku hartzen duen kontratista bakoitzeko) eta obra amaierako akta. Ziurtagiriak proiektuko obra unitateei lotua egonen dira (edo, zein den kasua, dagozkien aldaketei, baldin eta horiek aurretik onartuak izan badira eta haien gaineko akta baldin badago).

e) Obra zuzendaritzarik eskatzen ez bada, lanak bukatu izanaren jakinarazpena aurkeztuko du onuradunak, hari fakturak eta ordainagiriak erantsita.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta Kontratuei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean xedatutakoarekin bat, dirulaguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 40.000 eurotik goitikoa bada (BEZa kanpo), obrak gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 15.000 eurotik goitikoa (BEZa kanpo), aholkularitza edo laguntza arloko enpresek emandako zerbitzuen kasuan, hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko dute toki erakundeek. Horretarako, hornitzailea hautatzeko eta adjudikatzeko jarraitutako prozeduraren justifikazioari buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

«B.–Azterlanak» neurriaren kasuan:

a) Ordainketa eskatzeko inprimakia, toki erakunde onuradunak sinatua.

b) Azterlanen kasuan, ale bat aurkeztu beharko da, formatu digitalean.

c) Jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak.

d) Ordainagiriak. Bankuko karguak izanen dira, gutxienez datu hauek agertuko dituztenak: transferentziaren jaulkitzailearen izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, faktura-zenbaki eta guzti. Salbuespen gisa, ordainketa frogatzeko, enpresa hornitzaileak egindako ordainagiriak onartuko dira, 2.500 eurotik gorakoak ez badira. Fakturen ordainagiriek inbertsio osoa ordaindu dela frogatuko dute, eta lanak amaitzeko azken eguna baino lehenagokoak izanen dira.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta Kontratuei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, dirulaguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 15.000 eurotik goitikoa bada (BEZa kanpo), aholkularitza edo laguntza arloko enpresek emandako zerbitzuen kasuan, hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko dute toki erakundeek. Horretarako, hornitzailea hautatzeko eta adjudikatzeko jarraitutako prozeduraren justifikazioari buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

«C.–Lursailak erostea» neurriaren kasuan:

a) Ordainketa eskatzeko inprimakia, toki erakunde onuradunak sinatua.

b) Salerosketa kontratua eta ordainketa eta gastuen ziurtagiriak.

c) Ordainagiriak. Bankuko karguak izanen dira, gutxienez datu hauek agertuko dituztenak: transferentziaren jaulkitzailearen izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, faktura-zenbaki eta guzti. Salbuespen gisa, ordainketa frogatzeko, enpresa hornitzaileak egindako ordainagiriak onartuko dira, 2.500 eurotik gorakoak ez badira. Fakturen ordainagiriek inbertsio osoa ordaindu dela frogatuko dute, eta lanak amaitzeko azken eguna baino lehenagokoak izanen dira.

Salbuespen gisa eta arrazoiturik, eta lanak amaitzeko epea bukatu baino lehen, luzapenak eskatzen ahalko dira diruz lagundutako lanak egiteko. Biodibertsitatearen Zerbitzuak espresuki baimendu beharko ditu luzapen horiek, ofizio bidez; horrela, lanak egiteko beste epe bat emanen da, hamabost egunekoa gehienez ere. Dokumentazioa luzapenean emandako epean aurkezten ez bada, emandako dirulaguntza galduko da.

13. oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Dokumentazioa aztertu ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak Ingurumeneko zuzendari nagusiari helaraziko dio ordainketaren ebazpen proposamena, egindako eta ziurtatutako obraren arabera, edo gauzatutako azterlanaren edo egindako erosketaren arabera.

Ez dira inola ere ordainduko Ibai Ingurunearen Atalak behar bezala onetsi ez dituen aldaketak edo hasiera batean aurkeztutako obra proiektuaren balioa handitzen duten aldaketak.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da, egindako lanak diruz lagundutako proiektukoekin edo azterlanekoekin bat datozela ikustean.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Ebazpen honen barneko dirulaguntzak bateraezinak dira Foru Komunitateak, Estatuak edo Europar Batasunak helburu berarekin ematen dituen bestelako dirulaguntzekin. Hori dela eta, dirulaguntza jasotzen duenak proiektu honetarako edo xede bererako emandako laguntzaren berri eman beharko du, jakin bezain laster.

15. oinarria.–Onuradunaren publizitate betebeharrak.

Argibide guztietan, toki erakunde onuradunak adierazi beharko du lanak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren laguntzarekin egiten ari direla.

16. oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Toki erakundeak ez badio Ibai Ingurunearen Atalari hasiera-aktaren eguna, zuinketen egiaztapenaren eguna edo obraren behin-behineko harrera-aktarena jakinarazten, ulertuko da uko egiten diela obraren zuzendaritzaren ordainsariei. Ibai Ingurunearen Atalak ez duenez baliabiderik izanen lanak behar den moduan gauzatu diren egiaztatzeko, behar bezala gauzatutzat jotzen dituen obra unitateei dagokien dirulaguntza ordainduko da.

Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Laguntza eskatzeko inprimakiak, jarduketak eta ordainketa eskaera (DOC).

Deskargatu II. eranskina (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2206753