109. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Mugikortasunari eta trafikoari buruzko udal ordenantzaren aldaketaren behin betiko onespena

Antsoaingo Udalak, 2021eko abenduaren 22ko osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen aldaketa ordenantzan. Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2022ko 19. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 27an.

Hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iraganik, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat, Osoko Bilkurak, martxoaren 30eko saioan, behin betiko onetsi zuen aldaketa ordenantzan; beraz, haren testu osoa iragarki honen bidez argitaratzen da, beharrezkoak diren ondorioetarako.

Antsoainen, 2022ko apirilaren 27an.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.

ANTSOAINGO UDALEAN MUGIKORTASUNA ETA TRAFIKOA ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honen xedea da zirkulazioa arautzea udal-mugarteko bideetan.

2. Ordenantza honetako aginduak aplikatuko dira Antsoaingo udal-mugarte osoan eta horiek betetzera behartuta egonen dira zirkulaziorako egokiak diren bide eta lur publikoen titularrak, horretarako egokiak ez izan arren erabilera komunekoak diren bide eta lurren titularrak eta, beste araurik ezean, erabiltzaile multzo zehaztugabe batek erabiltzen dituen bide eta lurren titularrak ere bai.

2. artikulua. Udalaren eskumena.

Antsoaingo Udalak eskumen hauek ditu:

a) Trafikoaren antolamendua eta kontrola bere udal-mugarteko hiri bideetan, baita haren zaintza ere Udaltzaingoaren bitartez, bide horietan egiten diren arau-hausteen salaketa eta beren zehapena, lan hori espresuki beste administrazio baten eskuetan ez dagoenean.

b) Xedapen orokorren bitartez hiri bideen erabilerak arautzea, bateragarri eginez aparkalekuak erabiltzaile guztien artean zuzen banatzea, ibilgailuen zirkulazioak behar duen arintasuna eta oinezkoak karriketan ibiltzea.

c) Ibilgailuak hiribideetatik kentzea eta gero altxatzea, araudiak horrela jasotzen duenean.

d) Kirol proben baimena, oso-osorik Antsoaingo udal-mugartean barna baizik pasatzen ez direnean.

e) Bide segurtasunaren zaintza eta kontrola atxikirik dituen tokietan, erregelamenduak ezarritako probak egitea bide horietan barna dabiltzan gidarien intoxikazio maila zehaztu beharrez, dela alkoholak, dela sorgorkariek, dela substantzia psikotropikoek edo dela estimulatzaileek ekarria.

f) Bideak ixtea, beharrezkoa denean.

g) Pasabideak eta espazioen erreserbak baimentzea, hala aldi baterakoak nola iraunkorrak, eta trafiko murriztuko eremuetan sartzeko baimenak ematea, Udaltzaingoaren txostena eta Hirigintza alorraren balorazioa jaso ondotik.

Tokiko Gobernu Batzarra izanen da ordenantza honetan araututako arloan eskumena izanen duen organoa, non eta ez den berariaz xedapen orokor baten bidezko arauketa eskatzen.

3. artikulua. Aparkatzea eta zirkulazioa antolatzea.

1. Udal agintaritzari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea.

2. Horren ondorioz, Udalaren baimena izan ezean partikularrek debeku dute aparkatzea antolatzea, espazioak erreserbatzea, zirkulazioa moztea eta seinaleak paratu edo kentzea, arau-hauste larritzat hartuko baitira.

3. Antsoaingo Udaltzaingoak eskumena izanen du hiriko eremuren bateko zirkulazioaren antolamendua aldi baterako aldatzeko edo/eta pertsonak edo ibilgailuak tokiren batera sartzea debekatzeko; horretarako, behin-behinean dagozkion seinaleak paratzen edo kentzen ahalko ditu, eta beharrezko neurriak hartu, segurtasuna eta zirkulazio egokia bermatzeko.

4. Udal agintaritzak aldi baterako debekatzen ahalko du ibilgailuak aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatuko dira, debekua 24 ordu lehenagotik adieraziz, neurriari hasiera noiz emanen zaion adierazten duten seinaleen bidez. Epe horretan kentzen ez diren ibilgailuak Udalaren Garabi Zerbitzuak eramanen ditu, inguruko toki batera edo udal altxatokira, baina jarduketa horrek ez du ekarriko ez tasa ordaindu beharrik ez trafiko salaketarik. Kasu horietan ibilgailuak non dauden jakinaraziko zaie titularrei.

5. Oro har, oinezkoen segurtasuna bermatzeko, debeku da ikastetxe eta zerbitzuetatik hurbil dauden oinezkoen pasabide guztietan bidearen noranzkoa baino bost metro aurreragoko tartean geratu edo aparkatzea, bai eta beren joan-etorri bereziagatik edo arazoren batengatik arau hau aplikatzea gomendatzen duten eremuetan ere, segurtasunaren eta ikusgarritasunaren ikuspegitik.

6. Salbuespen kasuetan, udal agintaritzak aparkatzeko plazak gaitzen ahalko ditu bizikletentzat, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuentzat edo ziklomotor nahiz motozikletentzat, baldin eta aparkaleku plaza horiek segurtasun espazio bat uzten badute libre, oinezkoa pasabidean geratu behar den lerroa baino lehen. Segurtasun espazio hori bi metrokoa izan beharko da gutxienez.

II. TITULUA

Zirkulazioko portaerako arau orokorrak

I. KAPITULUA

Portaera arau orokorrak

4. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Ibilgailu baten gidariak, ziklista barne, izan behar du mugitzeko aisetasuna eta behar den ikus eremua, eta gidatze lanera jarria izan behar du gogoa, etengabe izan ere, bere segurtasuna eta bidearen beste erabiltzaileena bermatu beharrez. Alde horretatik, kasu handia eman beharko du behar den jarreran egoteko, bai bera, bai gainerako bidaiariak ere, eta garraiatzen diren gauzak eta animaliak ere behar den tokian egoteko, gidariari trabarik egin ez diezaioten.

Espresuki debeku da:

a) Gidatzean etengabe izan behar den arretarekin bateraezinak diren ikusizko pantailak erabiltzea, eta orobat telefonia mugikorreko tresnak edo komunikatzeko beste edozein baliabide edo sistema, salbu eta komunikazioa eskuez, kaskoz, entzungailuz edo gisako tresnez baliatu gabe egiten denean.

Alde horretatik salbuetsirik dago gidariak ikuspegian dituen monitoreak erabiltzea, haren erabilpena beharrezkoa bada oinezkoen sarrera edo jaitsiera ikusteko, edo gibeleko maniobrak ikusteko kamerak dituzten ibilgailuetakoak badira, eta GPS gailua ere bai, baina hura gidariaren lagunek baizik ez dituzte erabiliko edo aparkaturik egotean bakarrik.

Agintaritzako agenteak ere salbuetsirik daude baliabide horiek erabiltzeko debekutik, manaturik dauzkaten egitekoetan ari direnean.

Halaber, taximetroen edo flotak kudeatzeko sistemen erabilera ere salbuetsirik dago taxien kasuan, baita flotak kudeatzeko eta hiri-autobusekin lan egiteko beharrezkoak diren pantaila eta gailuak ere.

b) Ibilgailua gidatzean, hotsa hartu edo berriro sortzen dituen aparaturen bati loturiko kasko edo aurikularrak jarrita edukitzea.

c) Ibilgailua gidatzean, edozein arrazoirengatik gidariari bidea garbi ikusten uzten ez dioten kristalak izatea.

d) Ibilgailuko ateak irekitzea arruntik gelditu baino lehen, edo ateak irekitzean bideko beste erabiltzaileei traba egitea edo arriskua sortzea.

e) Trafikoko agenteen zaintza saihesteko erabil daitezkeen sistema edo gailuak instalatzea.

f) Bidearen beste erabiltzaile batzuei seinaleak egitea, trafikoko agenteen zaintza saihets dezaten.

5. artikulua. Garraio publikoa.

1. Antsoaingo Udalak zehaztuko du non kokatu beharko diren garraio publikoaren geralekuak eta bidaiarien eskatu ahalako garraioarenak.

2. Bidaiarien garraio kolektiboko ibilgailuen zirkulazioa erraztu beharrez, gainerako ibilgailuen gidariek alde batera egin beharko dute ahal duten guztietan, edo abiadura mantsotu, baita gelditu ere, beharrezkoa bada, garraio kolektiboko ibilgailuek beren bideari segitzeko behar diren maniobrak egin ahal ditzaten geraleku seinalatuetatik ateratzean.

6. artikulua. Hiriarteko garraioa.

1. Haien jarduera gauzatzen ari direla, hiriarteko garraioko ibilgailuak seinalatutako geralekuetan soilik gelditzen ahalko dira, bidaiariak jaitsi edo igo daitezen.

Geralekuak seinalaturik egonen dira eta esklusiboak izaten ahalko dira, edo, bestela, bateragarriak turismoekin, hiri garraioarekin edo zamalanekin.

2. Orobat, udal organo eskudunak bestelako garraio mota baterako (eskolakoa, lanekoa etab.), onura publikorako edo interes sozialerako erabiltzen ahalko ko ditu geralekuak, Antsoaingo udal-mugarteko bideetan.

3. Geralekuetan bidaiariak hartu eta uzteko behar den denbora baizik ezin da egon, salbu eta autobus linearen hasiera eta amaiera gisa seinalaturiko lekuetan.

4. Taxi zerbitzurako geralekuetan, ibilgailu horiek egoten ahal dira soilik bidaiarien zain eta prest dauden bitartean.

5. Ibilgailuen kopurua ez da inolaz ere izanen geralekuak har ditzakeen ibilgailuena baino handiagoa.

7. artikulua. Kutsadura eta zarata eragiteko eta ibilgailuak eraberritzeko debekua.

1. Ibilgailuak ez dira ibiltzen ahalko ordenantza honetan arautzen diren bideetan, ateratzen duten zarata eta aireratzen dituzten gas eta keak indarra duen legeriak ezarritako mugak baino handiagoak badira.

2. Debeku da ibilgailuek eta ziklomotorrek ihes hodi librea edo ez-eraginkorra delakoarekin zirkulatzea.

3. Ibilgailuen soinu alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.

4. Baimendu gabeko eraberritzea izan duten ibilgailuak ere ez dira bide horietan ibiltzen ahalko.

5. Ibilgailuen gidari guztiak beharturik daude aipatu akatsak egiaztatzeko egiten diren erregelamenduzko detekzio frogetan laguntza ematera.

6. Lehentasunik ez duten ibilgailuek debeku dute hots seinaleak erabiltzea. Hona hemen salbuespenak:

–Gerta daitekeen istripua eragozteko.

–Inguruabar bereziki larriak gertaturik, normalean lehentasuna duten ibilgailuek egin beharreko zerbitzua egitera beharturik daudenean.

7. Debeku da bozgorailuak dituzten ibilgailuak ibiltzea, udal ordenantzak arautu eta Udalak baimendutako kasuetan izan ezik; horrelakoetan, ordutegiak zehaztu beharko dira, baita zarata mailaren muga eta zirkulazio murriztuko aldea ere, halakorik dagoenean.

8. artikulua. Larrialdiko zerbitzuan ari diren ibilgailuak.

1. Larrialdiko zerbitzuko ibilgailu publiko nahiz pribatuek, gisa horretako zerbitzuetan ari direnean, bide lehentasuna izanen dute beste ibilgailuen eta bideko beste erabiltzaileen aldean. Abiadura mugen gainetik ibiltzen ahalko dira eta, gidaria erantzule, beste arau eta seinale batzuk betetzetik salbuetsirik egonen dira erregelamenduz zehazten diren kasu eta baldintzetan.

2. Zerbitzu hauetarako ibilgailuen gidariek araudi berezi honen erabilera zuhurra eginen dute larrialdiko zerbitzu batean dabiltzanean, eta saiatuko dira bideen gurutzaguneetan bide lehentasuna ez urratzera, lehenago behar diren ardurak hartuta, oinezkorik harrapatzeko arriskurik ez dela eta beste ibilgailuen gidariak gelditu direla edo bide emateko prest daudela egiaztatu arte. Larrialdiko zerbitzu batean aritzean baizik ez dira erabiltzen ahalko lehentasuneko argi eta soinuak.

3. Agintaritzako agentek behar den bide atalean erabiltzen edo uzten ahalko dituzte beren ibilgailuak, haren erabiltzaileak sorosten ari direnean edo zerbitzuak edo zirkulazioak hala behar dutenean.

4. Larrialdiko zerbitzuetan ari diren ibilgailuek, argi seinalea eta hots seinale bereziak egiteko gailua erabiliz iragarriko dute heldu direla. Ibilgailu mota honen gaineko arauek aipatzen dituzte bata nahiz bestea.

5. Lehentasuna duen ibilgailu bat hurbiltzen ari dela ohartarazten duten seinale bereziei erreparatuta, gainerako gidariek behar diren neurriak hartuko dituzte, non noiz eta horrela, hari bide eman ahal izateko, eta baztertu edo gelditu eginen dira, beharrezkoa bada.

9. artikulua. Larrialdietan nola jokatu.

1. Bideen erabiltzaileak, trafiko istripu batean nahasirik aurkitzen badira, halakorik ikusten badute edo horren berri badute, beharturik daude biktimak sorostera edo sorospena eskatzera, biktimarik bada, eta laguntza eman beharko dute, arrisku edo kalte handiagoak eragozteko, zirkulazioaren segurtasuna ahal dela berrezartzeko, eta gertatuak argitzeko, hori guztia Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren 129. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Istripua edo matxura dela-eta, ibilgailuak edo haren kargak bidean traba egiten badute, gidariek, ibilgailua edo sortutako oztopoa behar bezala seinalatu ondoan, behar diren neurriak hartuko dituzte ahalik eta azkarren ken dadin. Ahal dela, zuzen aparkatu beharko da edo behar diren neurriak hartu beharko dira ibilgailua eta karga ahalik era azkarren ken dezaten bidetik.

10. artikulua. Bideko elementuei eta ibilgailuei egiten zaizkien kalteak.

1. Zirkulazioa arautzen duten seinaleei edo bide publikoko beste edozein elementuri kalte egiten dien gidariak Antsoaingo Udalari eman beharko dio horren berri, ahalik eta lasterren eman ere.

2. Gidaririk gabe aparkaturiko ibilgailu bati kalte egiten dion gidaria ibilgailuaren titularra aurkitzera ahalegindu beharko da eta egin dion kaltearen berri eman beharko dio, baita nor den adierazi ere.

3. Aurkitzea posible ez bada, agintaritzako agente hurbilenari emanen dio aditzera, edo, bestela, Udaltzaingoko bulegoari.

11. artikulua. Ziklomotor eta motozikletak.

1. Ziklomotorrek eta motozikletek betiere pizturik izan beharko dituzte gurutzatze argiak.

2. Hiru gurpileko motozikletak bi gurpilekoen maila berean daude ondorio guztietarako, baldin eta motozikleta gisa homologatuta badaude.

3. Ziklomotorren eta motozikleten gidariak eta erabiltzaileak beharturik daude kaskoa erabiltzera, behar bezala homologatua, ongi jantzia eta lotua.

12. artikulua. Ziklomotorrak eta motozikletak aparkatzea.

1. Ziklomotorrak eta motozikletak aparkatuko dira horretarako gaitutako tokietan, halakorik baldin badago. Tamainaz motozikleten gisakoak diren trizikloak motozikletatzat hartuko dira, eta motozikleta eta ziklomotorrendako tokietan aparkatu ahalko dira.

2. Ziklomotorrak baterian aparkatuko dira galtzadan, metro eta erdiko zabalera okupatuz, gehienez ere.

3. Motozikleta edo ziklomotor bat bi ibilgailuren artean aparkatuz gero, ez da galaraziko haietan sartzea, ezta zirkulaziora itzultzeko maniobra ere.

4. Debeku da espaloietan aparkatzea.

II. KAPITULUA

Oinezkoen zirkulazioa

13. artikulua. Oinezkoen zirkulazioa.

1. Oinezkoak oinezkoendako eremuetan ibiltzen ahalko dira: Espaloiak, pasealeku eta parkeak eta bizitegi kaleak.

Galtzadak eta bidegorriak gurutzatuko dituzte seinalatutako pasabideetatik.

2. Oinez doazenak bizikleta alboan daramatelarik, oinezkotzat joko dira ondorio guztietarako.

3. Mugikortasun murriztua duten pertsonek, aulkietan edo trizikloetan doazelarik, lehentasuna izanen dute gainerako oinezkoen aldean eta, gainerako oinezkoendako lekuetan ez ezik, bidegorrietan barna ere ibiltzen ahalko dira, baldin eta horiek bereizita badaude trafiko motordunetik, eta hor ere lehentasuna izanen dute.

4. Orokorrean, obren kontratistek, espaloia okupatu behar badute, horretarako baimena eskatu beharko dute, eta hartan sartuko dira oinezkoak arriskurik gabe pasatu ahal izateko hartuko diren segurtasun neurriak, ordezko espaloiak etab. Antsoaingo Udalaren berariazko baimena beharko da, eta hark ezartzen ahalko dituen neurri zuzentzaileak bete.

14. artikulua. Oinezkoendako eremuak.

1. Oinezkoendako eremua da Antsoaingo Udalak ibilgailuen zirkulazioa edo aparkatzea guztiz edo zati batean debekatu duen bidearen zatia, oinezkoen zirkulaziorako bereizita dagoena eta espaloia, nasa eta pasealekuak barne hartzen dituena.

2. Debeku da ibilgailuekin oinezkoendako eremuetan zirkulatzea eta aparkatzea. Horren barruan sartzen dira mugatutako eta seinaleztatutako zonaren barruan dauden bide guztiak, aparkatzeko eta zirkulatzeko debekua ordutegi jakin batera mugatzea eta finkoa izatea, edo asteko egun jakin batzuetarako bakarrik izatea.

3. Oinezkoendako eremuetan ibilgailuekin sartzea eta aparkatzea orokorrean debeku bada ere, udal organo eskudunak baimen espezifikoak ematen ahal ditu ibilgailu jakin batzuek oinezkoendako eremuetan zirkula dezaten, betiere ezinbesteak bultzatuta. Salbuespenezko kasu horietan, ibilgailuen gehieneko abiadura 10 km/h izanen da, eta lehentasuna oinezkoek izanen dute beti.

4. Oinezkoendako eremuak zutikako seinaleen bidez mugatuko dira, edo haietan ibilgailuak sartzea eta ibiltzea eragozten edo murrizten duten balizatzeko elementu mugigarriak edo finkoak erabiliz.

5. Bizikletekin pasealekuetan zirkulatzeari eta bertan aparkatzeari dagokionez, ordenantza honen 26. artikuluak xedatutakoa beteko da.

6. Oinezkoendako eremuetan oinezkoak lehentasuna izanen du ibilgailuen aurretik, salbu eta ibilgailua larrialdi zerbitzuan badabil eta hala ezarrita badago; kasu horretan, gehieneko abiadura 20 km/h-koa izanen da.

15. artikulua. Bizitegi kaleak.

1. Bizitegi kaleak dira oinezkoen zirkulazioari lehentasuna emateko bereziki egokitutako zirkulazio eremuak. Honako zirkulazio arau berezi hauek aplikatzen dira eremu horietan:

–Ibilgailuen gehieneko abiadura 10 km/h izanen da, eta gidariek lehentasuna eman behar diete oinezkoei.

–Ibilgailuak ezin dira aparkatu seinaleen edo marken bidez zehaztutako tokietan baizik.

–Oinezkoek zirkulazio eremu osoa erabiltzen ahal dute. Baimenduta dago bertan jolasak eta kirol-jarduerak egitea. Oinezkoek ez diete alferrik traba egin behar ibilgailuen gidariei.

2. Bizikletekin bizitegi kaleetan zirkulatzeari eta bertan aparkatzeari dagokionez, ordenantza honen 25. artikuluak xedatutakoa beteko da.

3. Bizitegi kaleak zutikako seinaleen bidez mugatuko dira.

L2206550_0.pdf

16. artikulua. Oinezkoen zirkulazioa mugatzea.

Oinez dabiltzan pertsonek aintzat hartu beharko dituzte honako arau hauek:

a) Bidea erabiltzen ari diren gainerako pertsonei trabarik ez egiteko maneran zirkulatu beharko dute. Toki baimenduetan barna gurutzatu beharko dute galtzada, ahal den azkarrena, gelditu gabe edo beste erabiltzaileei traba egin gabe, eta zirkulazioa oztopatu gabe.

b) Autobusak eta zerbitzuko publikoko gainerako ibilgailuak horretarako ezarri diren tokien barnean itxarotea, eta ez galtzadan sartzea geldi daitezela eskatzeko.

c) Espaloietan gelditzean taldeak ez eratzea, gainerako erabiltzaileen joan-etorria zailtzen edo eragozten badute.

d) Ibiltzen ari diren ibilgailuetara ez igotzea edo jaistea.

e) Galtzadan eta bidegorrietan ez sartzea ezta gelditzea ere.

17. artikulua. Udalaren ahalmena.

Antsoaingo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, segurtasuna bermatzeko, oinezkoen mugikortasuna hobetzeko edo beste xede baterako, sarbide kontrolatuko eremuak ezartzen ahalko ditu, ibilgailuekin zirkulatzea eta aparkatzea arruntik edo hein batean murrizteko aukera ematen dutenak. Horretarako, eremu horretan zirkulatzeko baldintza zehatzak ezarri beharko ditu.

18. artikulua. Baimenak.

1. Oinezkoendako eremuetan zirkulatzeko eta aparkatzeko debekuak ez du eraginik izanen ibilgailu motordun hauen kasuan:

–Suteei aitzintzeko eta itzaltzeko zerbitzukoak.

–Segurtasun indar edo kidegokoak.

–Zabor bilketakoak.

–Osasun garraioko ibilgailuak.

–Hileta zerbitzuetako ibilgailuak.

–Udal zerbitzuak edo kontratak, bai Iruñerriko Mankomunitatekoak ere, esleitu zaizkien lanak egiten ari badira.

–Bereziki baimendutako ibilgailuak.

2. Sarbide mugatuko eremuetan, bizitegi kaleetan eta oinezkoendako karriketan sartzeko eta aparkatzeko berariazko baimena duten gidariek nahiz bide horietan eta jarduera horietarako baimendutako ordutegiaren barnean zamalanak egiteko baimena dutenek aukera izanen dute ibilgailua zoladura gaineko marren bidez xede horretarako seinalatutako plazetatik kanpo aparkatzeko, baldin eta ibilgailuaren eta fatxadaren artean gutxienez 1,5 metroko tartea uzten badute eta ez badute trabatzen edo zailtzen oinezkoen edo beste ibilgailuen zirkulazioa, ezta atalondo, saltoki edo pasabide baimenduetarako sarbidea ere.

III. KAPITULUA

Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen joan-etorria

Mugikortasun pertsonalerako ibilgailuaren (MPI) definizioa:

Gurpil bat edo gehiago dituen ibilgailua, plaza bakarrekoa eta motor elektrikoz bakarrik propultsatua. Motor horiek 6 eta 25 km/h bitarteko abiadura ematen ahal diete diseinuagatik, eta eserleku edo aulkitxo bat izaten ahal dute, baldin eta autoorekako sistema badute.

19. artikulua. Patinen, patineteen eta monopatinen nahiz gizakiaren ahaleginak beste inolako laguntzarik gabe bultzatzen dituen antzekoen zirkulazioa.

1. Patin, patinete edo antzeko gailuak toki hauetan ibil daitezke:

–Oinezkoendako eremuetan.

–Bizitegi kaleak.

–Espaloietan.

–Bidegorri babestua.

–Bizikleta espaloia.

–Bizikleta bidexkak.

–Parke eta pasealekuak.

2. Patin, patinete, monopatin edo antzeko gailuak inoiz ere ez dira ibiltzen ahalko toki hauetan:

–Galtzadan, salbu eta hura gurutzatzeko, horretarako seinalatutako tokietan.

–Bidegorri banandu gabean.

3. Patinatzaileek, bidegorrietan barna doazenean, bizikleten abiadurara egokituko dute berea. Espaloietan barna doazenean, berriz, ez dute oinezkoen abiadura gaindituko eta egokituko dituzte beren mugimenduak oinez dabiltzanen mugimenduen arabera, betiere haiei trabarik edo arriskurik eragin gabe.

4. Patin, monopatin, patinete edo antzeko gailuetan doazen pertsonak oinezkotzat joko dira, ordenantza honetan ezarritako baldintzekin.

5. Monopatinak honako eremu hauetan ibil daitezke, betiere ordenantza honetan bide mota bakoitzerako aurreikusitakoa errespetatuz:

–Oinezkoen guneetan.

–Bizitegi kaleak.

–Espaloietan.

–Bizikleta espaloia.

–Bizikleta bidexkak.

–Parke eta pasealekuak.

–Bidegorriak.

6. Monopatinak eta gisako tramankuluak horretarako berariaz seinalatu diren eremuetan baizik ez dira erabiltzen ahalko, kirol moduan erabili ere.

7. Ezin dira ezein kasutan ere beste ibilgailuei lotuta edo atoian eraman.

IV. KAPITULUA

Mugikortasun pertsonaleko ibilgailu elektrikoen eta bi gurpiletik gorako zikloen zirkulazioa

20. artikulua. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailu elektrikoen eta bi gurpiletik gorako zikloen erabilera.

1. Kontzeptua, arauaren izaera eta aplikazio esparrua.

Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (MPI) dira estatuko araudian izaera hori dutenak. Antsoaingo espazio eta bideetan mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen zirkulazioa arautzea da arau honen helburua. Araudi honetatik kanpo daude:

–Duten eraikuntzaren zioz 6 km/h-ko abiadura gainditzen ez duten ibilgailuak eta patineteak.

–Degaitasun fisikoren bat duten pertsonek erabiltzeko baino ez diren ibilgailuak.

** Desgaitasunen bat duten pertsonak, motor elektrikoz bultzatutako aulkietan edo scooter elektrikoetan badoaz, “OINEZKOTZAT” joko dira (I. Eranskina, Bide Segurtasunaren Legea).

2. Udal araudia.

2016ko azaroaren 3ko 16/V-124 Instrukzioaren bidez, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuak edo MPIak katalogatzeko irizpide batzuk proposatu ditu, baina, orokorrean, udalen esku uzten du horien erabilera eta zirkulazioa arautzeko erantzukizuna.

3. MPIen sailkapena.

Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak 16/V-124 Instrukzioan egindako tipifikazioa ezarri da. Bertan, A, B eta C taldeetan ezartzen da sailkapena:

–A motan honako ezaugarri hauek dituzten MPIak sartzen dira:

  • Gehieneko abiadura 25 km/h-tik beherakoa.
  • Bere masa ezin da izan 25 kg-tik gorakoa.
  • Pertsona bakarreko gehieneko edukiera, inolako bidaiaririk eramateko aukerarik gabe.
  • Gehieneko dimentsioak: zabalera 0,6 m, luzera 1 m, altuera 2,1 m.
  • Gehieneko biraketa erradioa: 1 m.
  • Tinbrerik edo balaztarik ez izatea zilegi da.
  • Ez dira egokiak salgaiak banatzeko.

Talde honetan sartuko lirateke dimentsio txikieneko MPIak, besteak beste hoverboard plataformak, monozikloak eta patineteak, aurreko ezaugarriak betetzen dituztenak.

–B motan honako ezaugarri hauek dituzten MPIak sartzen dira:

  • Gehieneko abiadura 25 km/h-tik beherakoa.
  • Bere masa ezin da izan 50 kg-tik gorakoa.
  • Pertsona bakarreko gehieneko edukiera, inolako bidaiaririk eramateko aukerarik gabe.
  • Gehieneko dimentsioak: zabalera 0,8 m, luzera 1,9 m, eta altuera 2,1 m.
  • Gehieneko biraketa erradioa: 2 m.
  • Tinbrea edo balazta eduki behar ditu.
  • Ez dira egokiak salgaiak banatzeko.

Talde honetan sartuko lirateke segwayak eta patinete handiagoak, lehen aipatutako ezaugarriak betetzen dituztenak.

–C mota (ez dira MPI, gidariaren muskulu indarra ere erabiltzen baitute; zikloen araudiaren arabera arautzen dira).

1.–C0 mota: bi gurpiletik gorako zikloak dira, erabilera pertsonalerako erabiltzen direnak eta honako ezaugarri hauek dituztenak:

–Gehieneko abiadura 45 km/h-tik beherakoa.

–Bere masa ezin da izan 300 kg-tik gorakoa.

–Pertsona bakarreko gehieneko edukiera, inolako bidaiaririk eramateko aukerarik gabe.

–Gehieneko dimentsioak: zabalera 1,5 m, luzera 1,9 m eta altuera 2,1 m.

–Gehieneko biraketa erradioa: 2 metro.

–Tinbrea edo balazta eduki behar ditu.

–Ez dira egokiak salgaiak banatzeko.

2.–C1 mota: bi gurpiletik gorako zikloak dira, jarduera ekonomikoren bat edo aisialdiko jardueraren bat egiteko erabiltzen direnak eta honako ezaugarri hauek dituztenak:

–Gehieneko abiadura 45 km/h-tik beherakoa.

–Bere masa ezin da izan 300 kg-tik gorakoa.

–Gehieneko dimentsioak: zabalera 1,5 m, luzera 1,9 m eta altuera 2,1 m.

–Gehieneko biraketa erradioa: 2 metro.

–Tinbrea edo balazta eduki behar ditu.

–Gehienez ere 3 pertsonako edukiera du, gidaria barne (horregatik prezio bat kobratu dezakete).

–Ez dira egokiak salgaiak banatzeko.

3.–C2 mota: bi gurpiletik gorako zikloak dira, salgaiak garraiatzeko erabiltzen direnak eta honako ezaugarri hauek dituztenak:

–Gehieneko abiadura 45 km/h-tik beherakoa.

–Bere masa ezin da izan 300 kg-tik gorakoa.

–Gehieneko dimentsioak: zabalera 1,5 m, luzera 1,9 m eta altuera 2,1 m.

–Gehieneko biraketa erradioa: 2 metro.

–Tinbrea edo balazta eduki behar ditu.

–Egokiak dira salgaiak banatzeko.

–Gehienez ere 3 pertsonako edukiera du, gidaria barne, eta ezin du preziorik kobratu bidaiariak garraiatzeagatik.

Mota horiez gain, kontuan hartu beharko dira MPI ez elektrikoen beste mota batzuk, merkatuan ager daitezkeenak eta Europako, Estatuko nahiz tokiko araudiaren bidez araututa egonen direnak.

4. Zirkulatzeko arau orokorrak:

a) Oro har, debeku da mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak espaloietan barna ibiltzea.

b) MPI batekin bide eta espazio publikoetan barna ibiltzeko gutxienez 15 urte eduki beharko dira. 15 urtetik beherakoek ibilgailu horiek erabiltzen ahalko dituzte, soilik pasabideetan, zirkulaziorik gabeko eremuetan, trafikoari itxitako espazioetan eta lagunduta, beren guraso edo tutoreen erantzukizun pean. MPIak behar bezala homologatuta egon behar dira, eta egokiak izan behar dira beren adin, altuera eta pisurako.

c) Derrigorra da gidariak kaskoa erabiltzea bai eta, hala badagokio, ibilgailuko bidaiariek ere, halakorik baimenduta dagoen kasuetan. Gainera, ilunabarraren eta egunsentiaren artean eta ikusgarritasun eskaseko baldintzetan, derrigorrezkoa da txaleko islatzailea erabiltzea eta aurreko eta atzeko argia edukitzea, Zirkulazioaren Araudi Orokorrean eta Ibilgailuen Araudi Orokorrean ezarritako arauen arabera.

d) Tinbrea eduki beharko dute eskulekua duten horiek.

e) Kontuz eta arretaz ibili beharko da, norberaren edo hirugarrenen gaineko kalteak saihesteko, eta bidea erabiltzen duten gainerako pertsonak arriskuan jartzea saihesteko.

f) Debeku da hotsa hartu edo berriz sortzen duen aparaturen bati loturiko kasko edo aurikularrak jarrita gidatzea.

g) Debeku da telefono mugikorra esku moduan erabiliz gidatzea, nahiz gidatzean etengabeko nahitaezko arreta ezintzen duen beste edozein gailu erabiltzea.

h) Debeku da MPIetan ibiltzea uhalez loturiko animaliekin batera.

i) MPIen gidariek, edari alkoholdunak, sorgorgarriak, psikotropikoak, estimulatzaileak edo gisako beste gai batzuk hartzeari dagokionez, gainerako gidariek dituzten betebehar eta muga berberak dituzte, Zirkulazioaren Araudi Orokorrean ezarritakoaren arabera.

j) Ibilgailua pertsonak garraiatzeko homologatuta badago (C1 eta C2 motak), gidariak adinez nagusiak izan behar dira.

k) Une oro errespetatuko dira ordenantza honetan ezarritako zirkulazio arau orokorrak nahiz trafikoaren, motordun ibilgailuen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren gaineko indarreko gainerako arau eta legeak.

l) Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen gidariek trafikoa zaintzeaz arduratzen diren agintaritzako agenteen esku eduki beharko dituzte honako agiri hauek gidatzen duten bitartean:

–Ibilgailu horien erabiltzaileek legez ezarritako edozein bide erabiliz egiaztatu beharko dute beren adina.

–Ibilgailu horien erabiltzaileei edo/eta jabeei eska dakieken dokumentazio teknikoak (ziurtagiriak, homologazioak, zehaztapen teknikoak eta abar) gaiaren gaineko estatuko araudian ezarritakoa bete beharko du.

5. MPIen (A, B eta C motak) zirkulazio arau zehatzak.

–A motako MPIen zirkulazioa:

Ezin da espaloietatik eta oinezkoendako eremuetatik ibili. Honako leku hauetatik soilik gidatzen ahalko da:

  • Galtzada, ziklo kalea.
  • Bidegorria eta bizikleta pista.
  • Espaloiko bidegorriak: Baimenduta dago, baldin eta halakoak guratzen dituzten oinezko pertsonen lehentasunezko joan-etorriak errespetatzen badira eta abiadura moteltzen bada.
  • S-28rekin seinaleztatutako bizitegi kaleak: bertan ibiltzea baimenduta dago, baldin eta gailuak balaztak eta eskulekua baditu, norabidea zehazteko. Oinezkoen lehentasuna errespetatuko da, eta abiadura bidearen inguruabarren arabera egokituko da. Ahal dela, galtzadaren erdialdetik ibiliko dira, fatxadatik gutxienez 2 metroko tartea gorderik.

Jendetza bildu denean, ezin bada oinezkoak aitzinatzeko 1,5 metroko tartea gorde, gidariek MPItik jaitsi eta, hura eskuekin helduta, oinez segitu beharko dute.

Kale horietan bi noranzkoetan ibiltzen ahalko dira, baldin eta berariaz baimentzen bada seinale egokien bidez.

  • Parkeak eta ibaiko pasealekuak: Oinezkoen lehentasuna errespetatuz ibili ahal da, baldin eta abiadura oinezkoenera egokitzen bada eta oinezkoarekiko 1,5 metroko tartea uzten bada gutxienez, betiere bideak horretarako aukera ematen badu. Jendetza bildu delako ezin bada oinezkoak aitzinatzeko segurtasun tartea gorde, gidariek MPItik jaitsi eta, hura eskuekin helduta, oinez segitu beharko dute. Zolatutako eremuetatik ibili beharko dira eta inoiz ez lorategi eremuetatik.

–B motako MPIen zirkulazioa:

A motako MPIetarako ezarritakoaz gain, honako leku hauetan ibiltzen ahalko dira:

  • Ziklo kaleak eta 30 km/h-ko abiadurara mugatutako kaleak.
  • Espaloietatik zirkulatzea debeku da.

–C motako MPIen zirkulazioa (C0, C1, C2):

A eta B motako MPIetarako ezarritakoaz gain, honako leku hauetan ibiltzen ahalko dira:

  • Bide guztien galtzada.
  • Bidegorrietatik ibiltzen ahalko dira, baldin eta azpiegituraren zabalerak aukera hori ematen badu.
  • Espaloiak 4 metrotik gora baditu eta 3 metroko tartea badago libre, C2 motako ibilgailuak bertara sar daitezke lokal eta dendetara iristeko, salgaien zamalanetarako hertsiki beharrezkoa den denboran.
  • C2 motako MPIek ezin dute parkeetatik ibili, parkearen barruan dauden establezimenduetara salgaiak banatzeko erabiltzen diren horiek izan ezik.

6. MPIak aparkatzea.

Ordenantza honen 36. artikuluan bizikletak aparkatzeko xedatutakoa beteko da.

Salgaiak garraiatzen dituzten C2 ibilgailuak, 4 metrotik gorako zabalera duen espaloitik dabiltzanean, bertara sartzen ahalko dira lokal eta dendetara iristeko, salgaien zamalanetarako hertsiki beharrezkoa den denboran. Ibilgailurik handienek galtzadako aparkaleku bandetan aparkatzen ahalko dute.

7. MPIen erregistroa. Homologazio ziurtagiria.

Antsoaindik dabiltzan MPI guztiek eduki behar dute beren ibilgailuaren informazio teknikoa edo homologazio ziurtagiria, udal agintaritzan aurkezteko, halakorik eskatzen baldin bada.

21. artikulua. Bizikleten zirkulazioa.

1. Ziklistek erreitik eta, ahal izanez gero, galtzadaren eskuineko erreitik zirkulatu beharko dute.

2. Bizikletak eremu hauetatik ibiltzen ahalko dira:

–Galtzadak.

–Bizikletendako bideak, galtzadan kokatuta egonez gero bidegorri izena dutenak eta espaloian badaude bizikleta espaloi deritzotenak.

–Bizitegi kaleak.

–Eremu asfaltatuak, parkeak eta pasealekuak.

–Bizikleta bidexkak.

–Ziklo kaleak.

3. Debeku da lorategi eremuetan bizikletak erabiltzea.

4. Ziklistek edozein errei erabiltzen ahalko dute, bidearen ezaugarriek hala eskatzen badute edo ezkerraldera biratu behar badute.

5. Ibilgailu motordunek bizikleten zirkulazioa erraztuko dute eta ondoko arau hauek beteko dituzte:

a. Bizikleten eta zikloen abiadurara egokituko dute haien abiadura.

b. Ezin dute maniobrarik egin bizikleta, ziklo edo mugikortasun murriztua duten pertsonendako ibilgailu bat aitzinatzeko zirkulazio errei berean.

c. Ez dituzte jazarriko bizikleta, ziklo edo mugikortasun urriko pertsonendako ibilgailuen gidariak.

6. Ziklo edo ziklomotor bat, edota ziklo edo ziklomotorren talde bat aurreratu nahi duten ibilgailuen gidariek galtzadaren ondoko edo kontrako errei osoa edo erreiaren zati bat hartu behar dute aurreratzeko, eta, betiere, gutxienez 1,5 metroko segurtasun-tartea utzi, salbu eta galtzadak noranzko bakoitzeko errei bat baino gehiago badu; kasu horretan, nahitaezkoa izanen da erreia guztiz aldatzea. Debeku da zikloak, ziklomotorrak edo horien multzoak zirkulazio errei berean aurreratzea, bai eta kontrako noranzkoan zirkulatzen ari diren txirrindulariak arriskuan jarriz edo oztopatuz aurreratzea ere, are txirrindulari horiek bazterbidetik zirkulatzen ari badira ere.

7. Bizikletek hiri barruko bideetan barna zirkulatzen dutenean, seinaleak, oro har, eta araudia –trafiko, zirkulazio eta bide segurtasunari buruzkoa– bete beharko dituzte, bai eta udal agintariek horretarako ezartzen duten beste edozein arau ere.

8. Bizikletak paraleloan edo zutabean binaka ibiltzen ahalko dira errei beretik, beste ibilgailu mota batzuendako gordetako erreia izan ezean. Halakoetan, ibilgailu bakartzat hartuko da ziklista talde osoa, semaforoak gurutzatzeari, gurutzaguneei, pasatzeko lehentasunari eta aitzinamenduei dagokienez.

9. Bizikleta espaloia duen bide batean zirkulatzen ari denean, ziklistak bizikleta espaloian edo galtzadan barna zirkulatzeko aukera izanen du. Bizikleta espaloian zirkulatuz gero, ordenantza honen 23. artikuluko bosgarren apartatuan ezarritakoa errespetatuko du.

10. Debeku da bizikletan, patinetan, monopatinetan eta gisakoetan ibiltzea uhalez loturiko animaliekin batera.

11. Debeku da beste ibilgailu, gailu edo animaliekin bizikletak herrestan eramatea.

12. Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrarekin bat:

–Ezin da bizikletarik gidatu, ezta beste ezein ibilgailu, patin, monopatin edo gisakorik ere, soinua jaso edo erreproduzitzen duten gailuei lotutako kaskoak edo aurikularrak jarrita.

–Ezin da bizikletarik gidatu, ezta beste ezein ibilgailu, patin, monopatin edo gisakorik ere, telefono mugikorra edo gidatzeari eman behar zaion arretarekin bateraezina den beste edozein gailu eskuez erabiltzen bada.

–Edari alkoholdunak, sorgorgarriak, psikotropikoak, estimulatzaileak edo gisako beste gai batzuk hartzeari dagokionez, gainerako gidariek dituzten betebehar eta muga berberak dituzte ziklistek.

22. artikulua. Ziklo kaleetako eta ziklo erreietako zirkulazioa.

1. Ziklo kale izena izanen dute, eta hala seinalatuko dira, seinaleen bidez gehieneko abiadura 30 km/h edo gutxiagora mugatzen duten galtzadak. Halaber, abiadura edo zirkulazioaren intentsitatea murrizteko neurri gehigarriak izaten ahal dituzte.

2. Ibilgailu motordunen gidariak, ziklo kaleetan barna doazenean, gehienez ere 30 km/h-ko abiaduran edo txikiagoan ibiliko dira, hala seinalatua badago, betiere ziklisten lehentasuna errespetatu eta gorde beharko dutelarik. Dena den, elkarguneetan errespetatu beharko dira bertako seinaleak nahiz bide lehentasunari buruzko arau orokorrak.

3. Noranzko bereko zirkulazio errei bat baino gehiago duten bideetan, ziklo errei bat seinaleztatzen ahalko da 30 km/h abiadura mugarekin, bizikleten eta ibilgailu motordunen elkarbizitzarako eremu gisa. Ibilgailu motordunek abiadura egokitu beharko dute bizikletenarekin bat, eta ez dituzte bizikletak aitzinatzen ahalko zirkulazio errei beraren barnean.

23. artikulua. Bizikletak espaloietan barna.

1. Oro har, debeku da bizikletak espaloietan barna ibiltzea.

2. Hala eta guztiz ere, 14 urte arteko pertsona adingabeek bizikletarekin espaloietan barna ibiltzeko baimena dute, bakarrik nahiz adin nagusiko arduradun bat edo biren laguntzarekin, eta haiek ere bizikletarekin espaloian barna ibiltzen ahalko dira. Bai adin nagusiko pertsonak, bai adingabeak behartuta daude aldi oro oinezkoen lehentasuna errespetatzera eta beren abiadura oinezkoenera egokitzera.

3. Bizikletak espaloitik ibiltzea baimentzen ahalko da, salbuespen gisa, seinaleztatuta; aldez aurretik, txosten teknikoa egin beharko du Udalak.

4. Bizikleta espaloietan edo espaloietako bidegorrietan, ziklistek beti errespetatu beharko dute oinezkoek gurutzatzeko duten lehentasuna eta abiadura mantsotu beharko dute. Oinezkoek bizikleta espaloiak eta bidegorriak gurutzatzen ahalko dituzte, baina ez dira haietan gelditzen edo oinez ibiltzen ahalko.

5. Espaloian barna ibiltzen ahalko dira, betiere oinezkoen lehentasuna errespetatuz, atoi edo aulkitxo homologatuetan adingabeak garraiatzen dituzten adin nagusiko pertsonak, ordenantza honen 29. artikuluan ezarritako baldintzetan.

24. artikulua. Bizikleten zirkulazioa, oinezkoen pasabideetan eta ziklisten pasabideetan.

1. Oinezkoendako pasabideetan, ziklistek bizikletatik jaitsi eta oinez zeharkatuko dute galtzada.

2. Ziklistendako pasabideetan, bizikletek honela jokatuko dute:

–Abiadura mantsotuko dute, oinezkoenera egokitu arte.

–Egiaztatuko dute galtzadan dabiltzan ibilgailuen gidariek ikusi dituztela.

–Ziklisten pasabideak pedalei eraginez zeharkatuko dituzte, betiere lehentasuna dutelarik galtzadan barna dabiltzan gainerako ibilgailuei dagokienez.

25. artikulua. Bizikleten zirkulazioa bizitegi kaleetan.

1. Bizitegi kaleak dira zutikako seinaleen bidez seinalatuta daudenak eta honako ezaugarri hauek dituztenak:

–Lehentasunez oinezkoen joan-etorrietarako diren kaleak dira, horretarako egokituak.

–Haietan ibilgailuen gehieneko abiadura 20 km/h da, eta gidariek lehentasuna eman behar diete oinezkoei.

–Ibilgailuak seinale edo marken bidez adierazitako tokietan baizik ezin dira aparkatu.

–Oinezkoek zirkulazio eremu osoa erabil dezakete. Baimenduta dago bertan jolasak eta kirol jarduerak egitea.

–Oinezkoek ez diete justifikaziorik gabe traba eginen ibilgailuen gidariei.

2. Honako hauek dira bizikleten zirkulazio baldintzak bizitegi kaleetan:

–Oinezkoen lehentasuna errespetatu beharko dute une oro.

–Abiadura mantsotu beharko dute.

–Ahal dela, galtzadaren erdialdetik ibiliko dira, fatxadatik gutxienez 2 metroko tartea gorderik.

–Jendetza bildu denean, ezin bada oinezkoak aitzinatzeko 1,5 metroko tartea gorde, ziklistek bizikletatik jaitsi eta, hura eskuekin helduta, oinez segitu beharko dute.

3. Bizitegi kale horietan bizikletak bi noranzkoetan ibiltzen ahalko dira, baldin eta berariaz baimentzen bada seinale egokien bidez.

4. Bizitegi kaleak seinalatuak eta mugarrituak egonen dira zutikako seinaleen bidez, ordenantza honen 15.3 artikuluan jasotzen den bezala.

26. artikulua. Mugikortasun urriko pertsonen bizikleta, aulki eta trizikloen zirkulazioa parke eta pasealekuetan.

Mugikortasun urriko pertsonen bizikleta, aulki eta trizikloak parke eta pasealekuetan barna ibiltzen ahalko dira, berariaz debekatu ezean, honako baldintza hauetan:

–Oinezkoen lehentasuna errespetatu beharko dute une oro.

–Abiadura motelean ibiliko dira, eta oinezkoen abiadurara egokituko dira.

–Oinezkoei aitzinatzeko, gutxienez 1,5 metroko tartea utzi beharko dute, bideak aukera ematen duenean bederen.

–Jendetza bildu delako ezin bada oinezkoak aitzinatzeko segurtasun tartea gorde, ziklistek bizikletatik jaitsi eta, hura eskuekin helduta, oinez segitu beharko dute.

27. artikulua. Segurtasun osagarriak, ikusgaitasuna eta kaskoaren erabilera.

1. Bizikletek txirrina, argiak eta islagailuak izan beharko dituzte, indarra duen legeriak aurreikusten dituen baldintzetan. Kasu guztietan:

a. Egunez dabiltzanean txirrina izan beharko dute.

b. Hiriko edozein eremutan gauaz dabiltzanean, tunelaren seinalea duten bidearen zatietan edo ikusgaitasun urriko baldintzetan, txirrina, aurreko posizio argi zuria, atzeko posizio argi gorria eta atzeko islatzaile gorria eraman beharko dituzte, behar bezala homologatuak, oinez dabiltzan pertsonek eta gidariek ongi ikustea ahalbidetzeko.

2. Kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa da 16 urtetik beheitiko pertsonendako hiri bideetan, eta ziklista guztientzat hiriarteko bideetan.

28. artikulua. Ziklistendako gailuak eta seinale espezifikoak.

Udalak ziklistendako gailu edo seinale espezifikoak ezartzea baimentzen ahalko du, haien segurtasunerako eta erosotasunerako onuragarriak badira. Besteak beste, hauek:

–Bizikletendako bideak, trafiko motordunaren kontrako noranzkoan.

–Gurutzaguneetan itxaroteko eremu aurreratuak.

–Bizikletendako semaforo espezifikoak, ibilgailu motordunendako semaforoekin alderatuz ordena eta tenporizazio desberdina dutenak, bizikleten beharretara egokitzeko.

29. artikulua. Pertsona eta salgaien garraioa.

1. Adinez nagusiek pertsonak eta salgaiak garraiatzen ahalko dituzte bizikletetan eta zikloetan (29. artikulu honen 6. apartatuan deskribatutako baldintzekin bat).

2. Bizikletetan aulkitxoak eta beste edozein elementu erabiltzen ahalko dira, behar bezala homologatuta, haietan pertsonak edo zamak garraiatze aldera.

3. Pertsonak, zamak eta publizitate-zikloak garraiatzean ezin da:

–Herrestan eraman, osorik edo partez erori, edo modu arriskutsuan zirkulatu.

–Ibilgailuaren egonkortasuna kolokan jarri.

–Argien edo seinale optikoen gailuak estali.

4. Adingabeak garraiatzeari dagokionez, pertsona bakar batendako egindako bizikleta eta zikloetan, gidaria adinez nagusia bada, zazpi urtera arteko haur bat ere eramaten ahal da, betiere, behar bezala homologatutako jarleku osagarri batean, aulki akoplatu batean edo atoi batean.

5. Atoiak erraz ikusteko maneran eramanen dira eta atzeko posizio argi gorria zein atzeko islatzaile gorria edukiko dituzte.

6. Segurtasuna hobetzeko, batez ere bideen elkarguneetan, atoiak edo gurditxoak kolore deigarriko banderatxo bat eraman beharko du bidearen gainerako erabiltzaileak ohartarazteko moduko altueran paraturik.

7. Adingabea, nolanahi ere, behar bezala homologaturik dagoen kasko babesle batez garraiatu behar da, kaskoa ongi loturik eta buruan doiturik.

8. Udalak salgaiak eta pertsonak zikloetan, bizikletetan edo mugikortasun pertsonalerako bestelako ibilgailuetan garraiatzea arautzen ahalko du, Alkatetzaren dekretu baten bidez.

30. artikulua. Bizikletak aparkatzea.

1. Bizikletak horretarako berariaz ezarri eta seinalatu diren tokietan aparkatu behar dira, eta behar bezala segurtatuak utzi.

2. Toki horiek beste zikloen erabiltzaileek ere erabil ditzakete, barne harturik mugikortasun murriztuko ibilgailuenek.

3. Beste zenbait tokitan ere aparkatu eta lot daitezke, landare elementuak edo hiriko jarlekuak saihestuz, betiere honako baldintza hauek beteta:

–Oinezkoen edo ibilgailuen zirkulazioa ez oztopatzea.

–Hiri-altzariak ez kaltetzea edo haien funtzionaltasuna ez aldatzea.

–2 metroko tartea gordetzea gutxienez oinezkoak igarotzeko eremuarekin.

–Aparkatuta dauden bizikletak eskuratzeko tarte nahikoa gordetzea.

4. Ez dira aparkatzen edo lotzen ahalko Eskualdeko Hiri Garraioaren edo Taxi zerbitzuaren hiri altzarietan, ezta edukiontzien ondoan edo haien kokapena mugarritzen duten barren ondoan ere.

31. artikulua. Bizikletak eremu publikotik kentzea.

1. Agintari eskudunek eremu publikotik kentzen ahalko dute bizikleta edo zikloa, horretarako eginbeharra duenak ez badu halakorik egiten, honako kasu hauetan:

–Aparkatzeko berariaz prestaturik ez dagoen toki batean 7 egun baino gehiagoz aparkatuta egonez gero.

–Bizikleta, zikloa edo horien osagaietako bat abandonatutzat jotzen bada.

–Ibilgailua legearekin bat ibilgetu behar denean, hori egiteko toki aproposik ez badago.

2. Honako bizikleta eta ziklo hauek joko dira abandonatutzat, agintari eskudunek erretiratzeari dagokionez: eremu publikoan dauden bizikletak eta zikloak, baldin eta gurpilak falta bazaizkio, mugitzea eragozteko moduko narriadurak badituzte edo, beren egoera dela eta, argi eta garbi bada abandonaturik daudela.

Kasu horietan, udal agintariek ofizioz gauzatuko dute bizikletak eta zikloak erretiratzeko ekimena, loturetatik askatuz eta, halakorik balitz, gastuak haien jabeen kontura doazela.

3. Udal agintaritzak udal biltegira eramanen ditu bizikleta eta ziklo abandonatuak.

Kentzen direnetik hiru hilabete iraganda, Udalak ibilgailu horiek erabiltzen ahalko ditu indarrean dauden legeekin bat.

V. KAPITULUA

Abiadura

32. artikulua. Abiadura mugak.

1. Antsoaingo hiriguneko bideetan 30 kilometro orduko da, gehienez ere, baimendutako abiadura. Kasu berezietan, udal agintariek muga hori igo edo jaitsi ahalko dute, hartarako bidezko arrazoirik bada.

2. Herriko oinezkoen bideetan, galtzada erregelamenduzko neurrietara iristen ez denean, abiadura ez da 20 kilometro/ordua baino handiagoa izanen.

33. artikulua. Abiadura egoeren arabera egokitzea.

Gidari guztiek errespetatu beharko dituzte ezarritako abiadura mugak eta gainera kontuan hartu beharko dituzte beren baldintza fisiko eta psikikoak, bidearen ezaugarriak eta egoera, baita ibilgailuarenak eta haren kargarenak ere, eta orobat eguraldiaren, ingurunearen eta zirkulazioaren baldintzak, eta orokorrean une bakoitzean gertatzen ahalko diren inguruabar guztiak, ibilgailuaren abiadura haietara egokitzeko, betiere haren abiada gelditzeko gai izateko maneran, bere ikus eremuaren mugan eta edozein oztoporen aitzinean.

34. artikulua. Neurriko abiadura.

Neurriko abiaduran ibiliko da eta, beharrezkoa bada, ibilgailua geldituko da, inguruabarrek hartaratzen dutenean, bereziki halakoetan:

a) Erabiltzen ari den bide zatian oinezkorik ala bizikletarik bada, edo aurreikusten ahal bada oinezkoak sartuko direla, bereziki adingabeak, adineko pertsonak, ikusmen desgaitasuna duten pertsonak edo modu nabarmenean ezindurik daudenak.

b) Erabiltzen ari den bide zatian animaliarik bada, edo aurreikusten ahal bada animaliak sartuko direla.

c) Ordenantza honen 21. artikuluan zehaztutakoaren arabera, motordun ibilgailuek beren abiadura bizikleta eta zikloen abiadurara egokitu beharko dute. Ez dira bizikletak aurreratzen ahalko, artikulu honetan zehaztutako baldintzetan salbu, eta motordun ibilgailuen gidariek ez dituzte bizikleten gidariak jazartzen ahalko.

d) Oinezkoendako edo ziklistendako pasabideetara hurbiltzean, semaforoak edo bidezainak arautu gabe daudenean, eta orobat ikastetxeetara edo oinezko anitz dauden tokietara hurbiltzean.

e) Bidean mugikortasun murriztuko pertsonak badaude, bizikletek eta ibilgailuek beren abiadura horien arabera egokitu beharko dute.

f) Geralekuan dagoen autobus batera hurbiltzean, erabiltzaileak jaitsi edo igo baitaitezke.

g) Zoladura irristakorretan ibiltzean edo bidea erabiltzen ari diren gainerako pertsonak urez, hartxintxarrez, lokatzez edo beste elementuren batez zipriztintzeko arriskua dagoenean.

h) Biribilguneetara, lehentasunik gabeko bidegurutzeetara, obretan dauden lekuetara edo galtzadaren meharguneetara hurbiltzean.

i) Laino trinkoa, euri handia, elurra, horma, errauts lainoak edo ke adarrak direnean.

III. TITULUA

Zamalanak

I. KAPITULUA

Arau orokorrak, denborak eta kasu bereziak

35. artikulua. Arau orokorrak.

1. Salgairen bat finka batetik ibilgailu aparkatu batera, eta alderantziz, eramatea da eremu publikoan zamalana egitea.

Xede horretarako seinale zutikakoen edo etzanen bidez erreserbatutako eremuetan eta ezarritako ordutegian zamalanak egiteko baimendutzat jotzen dira, turismo ibilgailuak izan gabe, salgaiak garraiatzeko baimenduta dauden eta ibilgailuaren agirietan definizio horren araberako sailkapena duten ibilgailuak, edo salgaiak garraiatzeko txartela dutenak.

Inolaz ere ez daiteke oinezkoen eta ibilgailuen ibilia eragotz edo oztopa, ezta atari, saltoki edo pasabide baimenduen sarbideak ere. Horretarako, bizitegi kaleetan eta oinezkoendako karriketan, gutxienez 1,5 metroko tartea utzi beharko da ibilgailuaren eta fatxadaren artean, eta salgai materialak eta zamalanetan lekualdatzen diren objektuak ez dira lurrean utziko; izan ere, ibilgailutik zuzenean helmugara, edo alderantziz, eraman beharko baitira.

2. Lan horiek egiteko behar adina langile egonen da, eta arretaz ariko dira, agudo, arriskurik gabe eta zarata gutxi aterata. Hirugarrenei trabak eraginez gero, lan horiek bertan behera utzi beharko dira traba horiek eragitea ekiditeko neurri egokiak hartzen diren arte.

3. Ibilgailuak eremuaren egokitzapenaren arabera ezarri bezala kokatu beharko dira eta erabilgarri dagoen tokia zentzuz erabili beharko dute, baimena duten eta bertan gelditu nahi duten gainerako ibilgailuei eremuaren erabilera errazteko.

36. artikulua. Denbora.

1. Zamalanetarako erreserbatuetan ez da aparkatzen ahalko lan horiek egiteko behar den denbora baino luzeago, eta inoiz ez 30 minutu baino gehiago. Denbora hori zaindu eginen da, eremu horietan txandatzea egon dadin eta aprobetxamendua ahalik eta handiena izan dadin.

2. Zamalanetarako erreserbatutako ordutegitik kanpo, toki seinalatuak bat etorriko dira haien kokapenaren araberako aparkatzeko araubidearekin.

37. artikulua. Kasu bereziak.

Udalak aparkatzeko aldi baterako erreserbak ematen ahalko ditu, lan zehatzak egiteko (aldairak, fuel hornidura, obrak eta abar), betiere baimena aitzinetik eskatzen bada, gutxienez lanak hasi baino 24 ordu lehenago, eta dagokien tasa ordaintzen bada.

Eskaeran idatzi beharko da enpresa eskatzailearen sozietate izena, ibilgailuaren matrikula, pisua eta neurriak, jatorria, zamalanaren toki zehatza eta lanaren gutxi gorabeherako iraupena. Udaltzaingoaren irizpidearen arabera, lana istantean utzi beharko da bertan behera emandako baimenaren baldintzak betetzen ez badira edo lana zailtzen duen gertaerarik egonez gero.

Kale edo eremu batzuetan, zenbait salgai banatzeko ibilgailu mota bereziak erabiltzea erabakitzen ahalko du, ordutegi jakin batzuetan. Lehentasuna emanen die, haien ezaugarri teknikoei eta propultsio sistemari esker, ingurumenean kalte gutxien (isuriak eta zarata) eragiten duten eta eremu publikoan toki gutxiago hartzen duten ibilgailuei. Aipatutako kale edo eremuen xehetasunak, aldaketak edo hedapenak, baita baimendutako ibilgailu motarena ere, dagokion Alkatetza Dekretuaren bidez ezarriko da.

II. KAPITULUA

Pasatzeko lizentziak eta ibi lizentziak

38. artikulua. Bestelako erreserbatuak.

1. Administrazio publikoek eta bestelako erakunde publiko edo pribatuek beren egoitzen inguruan aparkatzeko erreserbatuak eskatzen ahalko dituzte.

Tokia erreserbatzeko eskaerak aztertuko dira eta, egokia dela iritziz gero, hagitz kasu mugatuetan baizik ez dira onartuko, eta betiere hala egitea trafikoarendako edo ibilgailuen joan-etorrirako mesedegarri, eragozpenak kentzeko baliagarri edo nolanahi dela ere interes publikoarendako onuragarri gertatzen den neurrian.

Udalak bere aldetik erabakitzen dituen baldintzak paratzen ahal ditu ematen den lizentziari dagokionez, eta emate hori berritzen edo baliogabetzen ahalko da, edo bere aprobetxamendua aldatzen, noiznahi eta kalte-ordainik izan gabe.

2. Eskumena duen udal organoak, eskabidea eta bestelako alderdi batzuk azterturik, hala nola alde horretako trafikoa eta aparkatzea, erreserbatua baimendu edo ezetsiko du, eta erabakiko du zein ibilgailuk erabiltzen ahalko duten eskaera egin dutenen artean. Halaber ematen ahalko du Udalaren beste ibilgailu batzuek edo beste administrazioetakoek erabiltzeko baimena. Ibilgailu bakoitzerako txartelak jaulkiko ditu, eta horiek ikusgai paratu beharko dituzte erreserbatua erabiltzen dutenean.

3. Tokia erreserbatzeko lizentziak eskatu nahi izanez gero, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskariaren xedea zehazten duen eskabidea, onura jasoko lukeen jardueraren titularrak sinatua.

–Eskatzen den erreserba beharrezkoa eta trafikoarendako oro har nahiz interes publikoarendako onuragarria dela egiaztatzeko txosten mardula

–Planoa, erreserbatzeko eskatzen den tokia ahalik eta zehatzena adierazi eta mugatzen duena

–Tokia erreserbatzeko lizentzia horien kontzesioa, oro har, aukerakoa izanen da.

Erreserbatu horiek tasaren sortzapenaren baitan egonen dira. Ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta eremu publikoa aparkaleku esklusiborako edo edozein salgairen zamalanetarako erreserbatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean dago jasota tasa hori.

39. artikulua. Pasatzeko lizentziaren definizioa.

1. Bi gurpil baino gehiagoko ibilgailuak erabilera pribatuko lokal edo guneetara edo haietatik espaloietan edo oinezkoen erabilera publikoko guneetan barna pasatzea; horretarako, beharrezkoa izanen da Udalaren lizentzia edukitzea (pasatzeko lizentzia, laburki).

2. Pasatzeko lizentzia hau nahitaezkoa da aitzineko paragrafoan adierazitako oinarrizko kasuan, nahiz eta hura baliatzeko ez den eskatzen pasagunean edo parean aparkatzeko debekua, bai trafiko arauek sektorean gelditzea edo aparkatzea debekatzen dutelako bai erabiltzen ez delako, edo beste arrazoi batzuengatik.

40. artikulua. Pasatzeko lizentziaren baldintzak.

1. Lizentzia bakarra gehieneko luzerarekin: pasatzeko lizentzia bakar bat ematen ahalko da lokal bakoitzeko, lokala izanik unitate fisiko bat, fabrika obrako beste tarte batzuen bidez guztiz eta modu iraunkorrean isolatua.

Orokorrean, ematen den lizentzia, gehienez ere, lokalean sartzeko atearen zabalera baino %20 luzeagoa izanen da, eta gehienez ere 6 metro izanen ditu, alboetako piezako errematea barne ez dela.

Gainera, lizentzia honen izaera murriztailea denez, interes publikoak hartaratuta, ahaleginak eginen dira elkarrengandik hurbil edo ondoan diren lokalak (bereziki titular berarenak ez badira) banan-banan ez baliatzeko lizentzia horietaz.

2. Salbuespenez eta interes publikoak hartaraturik, handitzen ahalko dira arestiko mugak, hala nola ibilgailuak gordetzeko lokaletan sartzeko pasaguneetan, ibilgailu kopuru handia gordetzeko edukiera badute, eta orobat beste kasu bakan eta arrazoituetan.

3. Orokorrean, pasatzeko lizentziak egoera hauetan baizik ez dira emanen:

a) Ibilgailuak gordetzeko lokalak: lokal edo tokiaren benetako edukiera eta egiazko erabilera, gutxienez, turismo motako bost ibilgailutarako eta garraio motako hiru ibilgailutarako adinakoa bada.

Gainera, lokal hauek horiendako izan behar duten espazio librea ez da 100 m² baino txikiagoa izanen.

b) Merkataritza edo industriarako lokalak, zentzu zabalean: honako baldintza hauek betetzen direnean:

–Jardueraren ezaugarri orokorrengatik, ibilgailuen ohiko sar-aterak nahitaezkoak izatea.

–Gutxienez 40 m²-ko tokia izatea, libre eta gau eta egun, ibilgailu horietarako edo horien zamalanetarako.

–Ibilgailuak konpontzeko tailerrak direnean, eskatzen den azalera librea 25 m² baizik ez da.

c) Familia bakarreko etxebizitzetan, HAPOk araututako eremuetan, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

–Eremuak familia bakarreko etxebizitzetarako antolamendua izatea, eta gisa hartara eraikia.

–Eremu publikoan halako jarduketa batzuk egiteko murriztapen nabarmenik ez ekartzea.

–Familia bakarreko etxebizitzarena soilik den eremuaren barnean aparkatzeko tokia izatea.

d) Etxebizitza kolektiboak, komunitatearen garajea dutenak.

4. Pasatzeko lizentzia horiek dagokien tasaren sortzapenaren baitan egonen dira. Ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta eremu publikoa aparkaleku esklusiborako edo edozein salgairen zamalanetarako erreserbatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean dago jasota tasa hori.

41. artikulua. Ordutegia.

Lizentziak ordutegi mugatuan edo gau eta egun erabiltzeko izan daitezke.

1. Ordu jakin batzuetarako lizentziek gehienez ere hamar orduz egunean emanen dute ibilgailuak pasatzeko baimena, jaiegunetan izan ezik, non eta ez den horietarako ere erabakiren bat. Interesdunak eskatu beharko du nahi duen ordutegi zehatza. Ordutegia zatikatzen ahalko da, establezimenduaren merkataritza ordutegira egokituta.

Ordu jakinetarako lizentzia horiek arau orokorra dira merkataritzako eta industriako establezimenduentzat, egonaldiko aparkalekuak ez badira.

2. Aldiz, gau eta eguneko lizentziak kasu bakan eta ezinbestekoetan baizik ez dira emanen, konparaziorako, larrialdi zerbitzuentzat eta ibilgailuendako garajeak direnean eta Udalaren iritziz behar hori nahitaezkoa badute.

42. artikulua. Seinaleztapena.

Pasabideetan seinale zutikako nahiz etzanak paratu beharko dira, artikulu honetan jasotzen den gisan.

Zutikako seinaleak erregelamenduzko debeku plakak izanen dira, lokal edo espazio pribatuko sarbidearen bi aldeetara ezarriko direnak; ordutegia eta aparkatzeko debeku gau eta egunekoa agertuko dituzte.

Pasatzeko zabalera baimenduak dakarren tartearekin paratuko dira plakak, tolerantzia ±%20 dutela. Plaken beheko aldea zorutik 1,50etik 2 metro bitarteko garaierara egonen da, Udaleko zerbitzu teknikoek salbuespenez besterik baimentzen dutenetan izan ezik.

Plakak tasa baten truke Udalak ematen duen eredu ofizialekoa izan behar du.

Gainera, pasatzeko lizentzia halako ordu jakin batzuetarako denean, hori erraz ikusteko maneran agertuko da seinaleetan.

Seinale etzanak paratzeko, pasabidea edo zintarriko oketsa horiz eta beltzez pintatuko da, kolore bakoitzari 50 zentimetroko zabalera emanen zaiola. Bestalde, galtzadan pasabidea mugatzeko bi marra hori elkarzutak pintatuko dira, 2 metro luze eta 15 zentimetro zabal izanen direnak, kolore eta zabalera bereko marra hautsiak baturik, edo marra eten bat, aparkatzeko tokirik ez dagoenean.

Pasatzeko lizentzia berrietarako eta lehendik daudenetarako, argi gailu distiratsu eta soinudun bat sartu beharko da, une oro indarrean dauden zehaztapen teknikoetara egokituko dena, gainerako erabiltzaileei garajeko ateen funtzionamenduaz ohartarazteko.

Lehendik dauden pasabide lizentzietarako, gehienez urtebeteko epea izanen da, ordenantza hau indarrean jartzen denetik hasita, aurreko puntuan adierazitako gailu argitsu eta soinudunak sartzeko.

Seinaleak okerrak badira, aipatutako elementuren bat falta bada edo seinaleak ez badira behar bezala mantendu, pasatzeko lizentziak indarrean egoteari utziko dio eta ordenantza honekiko arau hauste larritzat hartuko da.

43. artikulua. Zintarriko edo pasabideko oketsa.

Espaloiko zintarrian edo gisakoan («pasabidea», laburki) oketsa egitean, bere hartan utziko da sestra ofiziala, fatxadak eta espaloiak bat egiten duten gunean zehazten den fatxada lerroan. Gainera, gaur egun herrian ohi den eredu edo diseinuari egokituko zaio, baita zintarriaren gainerakoan eta alde horretako espaloietan erabili diren materialei ere.

Pasatzeko lizentzia ematen den guztietan beharko da zintarrian oketsa egin. Salbuespenez eta kasu berezietan baizik ez du Udalak baldintza hori kentzen ahalko.

44. artikulua. Pasatzeko lizentziak ukitutako eremuan aparkatzea.

Debeku da pasatzeko lizentziak ukitutako eremuan aparkatzea. Debeku hori lizentziaren titularrari ere dagokio. Kasu hauetan soilik onartzen da aparkatzea:

–Gidaria ibilgailuaren barnean dagoenean eta berehala mugitzen duenean.

–Merkataritza edo industrialeko lokalei emandako pasatzeko lizentzien kasuan, lokal horiek jarduera nagusitzat ibilgailuak konpontzea edo antzeko jardueraren bat badute, lokalera sartzeko zain dauden ibilgailuek aparkatzeko aukera izanen dute, lokala aipatutako jarduerarako zabalik dagoen ordutegian soilik.

Seinaleak behar bezala paraturik eta zaindurik ez badaude aginduta dagoen maneran, ez da salatuko ez kenduko pasabidean aparkatzen den ibilgailua; pasatzeko lizentzia baliogabetzeko arrazoia izaten ahal da hori.

45. artikulua. Erantzukizuna.

1. Pasatzeko lizentziaren titularraren ardura eta erantzukizuna izanen dira zoladurak edo zintarriak jasaten dituen kalteak, pasabidea egitea eta kentzea, eta horrelakoetan zintarria lehengoratzea, seinale zutikako nahiz etzanak (zintarriko eta galtzadako pintura) zuzen paratu eta zaintzea.

Horrexegatik, Udalak eskatzen ahalko du hura konpondu, sendotu edo nahi den pasabiderako egokitzeko, bai lizentzia eman aurreko baldintza gisa, bai lizentzia eman ondoko edozein unetan.

2. Erantzukizun subsidiarioa. Aitzineko kasuetan, lokalaren jabea ere erantzule subsidiarioa izanen da, pasatzeko lizentziaren titularra beste bat bada.

3. Ordezko betearazpena. Hondar-hondarrean, ez lizentziaren titularrak ez lokalaren jabeak ez baditu behar diren obrak egiten, Udalak obra egiten ahalko du ordezko betearazpen gisa; halakoetan, zenbatekoa fidantzari zuzenean kargatuko dio, eta fidantzarik ez bada edo aski ez bada, erantzuleari zuzenean ordainaraziko dio, dela borondatezko bidean, dela premiamendu bidean. Ordezko betearazpenaren ordez, isun hertsatzaileak paratzen ahalko dira.

Gisa berean, paratzen diren disko seinaleak eta zintarriko pintura ere kentzen edo deuseztatzen ahalko dituzte udal zerbitzuek, pasatzeko lizentzia edozein arrazoirengatik indarrik gabe gelditzen bada edo lizentzia eraginkorra izateko baldintzak betetzen ez badira.

46. artikulua. Eskaera eta dokumentazioa.

Pasatzeko lizentziak eredu ofizialaren araberako eskabideetan eskatuko dira. Irekitzeko edo lehen aldiz erabiltzeko lizentziaren eskaerarekin batean, zer eta horrela, ematen ahalko dira eskaera horiek. Pasatzeko lizentziarako eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Pasabidea zein lokaletarako eskatzen den, haren erabilera jaso beharko da. Hori jasoko da irekitzeko lizentziarekin batean edo hura eskuratzeko egindako eskaerarekin batean, tramiteak aldi berean egiten ari badira.

b) Eraikinaren edo eremuaren kokalekuaren argazkia eta planoa, 1/100etik 1/200rainoko eskalan; hartan zehaztuko da zein den erabiltzen dena eta zein diren pasabideari eragiten dioten hiri elementuak (espaloiak, kutxetak, kale argiak, ibilgailuak aparkatzeko eremuak, autobus geralekuak, edukiontziak etab.)

c) Lokalaren planoa, banaketa eta guzti; hartan bereziki adieraziko da ibilgailuendako eremua, sarbideak, haietan joan-etorriak egiteko korridoreak, ezaugarriak eta azalera.

d) Beste xederen bat duten negozio lokalak direnean, txosten labur bat erantsiko da, bere hartan gauzatzen den jarduerari buruzkoa, zehazturik batez beste zenbat ibilgailu sartu eta ateratzen diren handik egunean.

47. artikulua. Baimena.

1. Eskaera ikusirik, udal organo eskudunak pasatzeko lizentzia onartzeko ebazpena emanen du bidezko denean.

2. Eskaera egin bada irekitzeko edo lehen aldiz erabiltzeko lizentziarekin batean, edo horiek oraindik eman gabe daudenean, beste horiek eskuratzea izanen da pasatzeko lizentziarako baldintza. Halakoetan, ez dira plakak emanen irekitzeko edo lehen aldiz erabiltzeko lizentzia lortzen ez den bitartean.

3. Lizentzia hauek nori eman erabakitzea Udalaren borondatearen mende geldituko da, ordenantza honetan aipatzen bada ere zein diren hura ukatu edo onartzeko kasu zehatzak.

48. artikulua. Pasatzeko lizentziaren iraungipena.

Hona baimena iraungitzeko arrazoiak:

a) Titularrak uko egitea edo baja ematea.

b) Udalak baliogabetzea, Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 181.3 artikuluan aurreikusitako arrazoien arabera.

c) Borondatezko epean ez ordaintzea pasabideari dagozkion tasak.

49. artikulua. Pasatzeko lizentzia iraungitzeak ekartzen dituen betebeharrak.

Pasatzeko lizentzia iraungitzeak betebehar hauek ekarriko dizkio hartarainoko titularrari:

a) Disko seinaleak itzultzeko eta zintarria seinalatzeko pintura deuseztatzeko betebeharra.

b) Zoladura eta zintarria lehengoratzea.

50. artikulua. Fidantza itzultzea.

1. Aitzineko paragrafoko betebeharrak beterik, Udalak fidantza itzuliko du.

2. Betebehar horiek betetzen ez badira, Udalak ordezko betearazpena eginen du, 45. artikuluko 3. apartatuan aurreikusi bezala.

51. artikulua. Debeku orokorrak.

Berariaz debeku da:

1. Edozein motatako ibilgailuei sarbidea edo zintarrietako igoera errazteko asmoz, gailu finko edo mugikorrak paratzea erabilera publikoko bide edo eremuetan. Bidezko kasuetan baizik ez da onartuko pasabidea edo zintarri oketsa paratzea, ordenantzako baldintzen arabera.

2. Pintura, errotulu, seinale edo adierazpen suerte guztiak, grafikoak izan edo bestelakoak izan, baldin eta, tokia erreserbatzeko nahiz pasatzeko lizentziarik izan gabe, aipatu lizentziek aparkatzeko izan ohi dituzten mugapenen ordezko izan nahi badute edo mugapen horien gainean oker egitera bultzatzen badute.

3. Erabiltzen ez diren ibilgailuak, gurdiak edo bestelakoak uztea lokalen sarreraren parean edo inguruetan, aitzineko atalean zehazten den asmo berarekin.

Horietan guztietan, udal zerbitzuek eraman, kendu edo ezabatzen ahalko dituzte debekaturiko lanabes, seinale eta gainerakoak, aldez aurretik errekerimendurik egin beharrik izan gabe, eta udal biltegian gorde. Hortik eragindako gastuak, jarduera haiexen titularraren bizkar geldituko dira, zehapenak ere ezar badaitezke ere.

III. KAPITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

52. artikulua. Arau orokorrak.

1. Udal Administrazioari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea.

Horren ondorioz, ez da zirkulazioa mozten ahal, ezta inolako seinalerik edo adierazlerik paratzen ahalko ere, halako baimenik gabe.

2. Gelditu eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko edo pertsonen joan-etorria eragotziko, eraikinetatik sartzea eta ateratzea barne, ezta arriskurik sortuko ere kalearen gainerako erabiltzaileei; zainduko da non uzten den eta begiratuko, gidaria kanpoan delarik, mugitzen has ez dadin.

Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da.

Aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran.

3. Gelditzea da ibilgailua 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea, jendea hartu edo uzteko, edo zamalanak egiteko, gidaria ibilgailutik atera gabe. Ez da gelditzetzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez geratzea.

4. Galtzadan geldituz gero, ertzetik ahalik eta hurbilen kokatuko da ibilgailua.

5. Taxiak eta alokatzen diren bestelako ibilgailu arinak Udal Administrazioak zehazten duen tokian eta berak dioen gisan geldituko dira; gainerakoan, ordenantza honetan eta araudi espezifikoan orokorrean ezartzen diren arauei hertsiki lotuko zaizkie gelditzean.

Taxiak erabiltzaileak eskatzen duen tokian gelditzen ahalko dira bezeroak hartu eta utzi beharrez, betiere trafikoari trabarik egiten ez badiote.

6. Autobusak, hiriko nahiz hiriarteko lineatakoak izan, Udal Administrazioak espresuki zehazten edo seinalatzen dituen geralekuetan baizik ez dira gelditzen ahalko, bidaiariak hartu edo uzteko.

Modu osagarrian, hiri barneko garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa ezartzen diren geraleku-helmugetan eta erregulaziokoetan egoten ahalko dira.

Hiri garraioaren araua izanen da Iruñerriko Hiri Garraioaren Zerbitzu Publikoa arautzen duen ordenantzako aldaketaren testu bateginean jasorik dagoena, Iruñerriko Mankomunitateak onetsi baitzuen.

7. Eskola garraioaren eta haren geralekuen araua 443/2001 Errege Dekretuan xedatutakoa izanen da.

8. Aparkatzea da ibilgailu bat bi minutu baino gehiagoan ez mugitzea, zirkulazioaren eraginez ez bada.

9. Gidariek ez dute zilegi ibilgailua geldirik eta motorra pizturik dagoela uztea, ibilgailu barnean gelditzen ez badira.

10. Gidariek hogei zentimetro baino gutxiagoko tartea utzi beharko dute espaloiko zintarriaren eta ibilgailuko gurpilen kanpo aldearen artean.

Beste erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.

11. Udal Administrazioak aparkaldi mugatuko araubidea ezartzen ahalko du halako eremu batzuetan, doakoa nahiz ordaindua, parkimetroen edo beste edozein sistemaren bidez arautua, trafikoa antolatzeko edo hautatzeko, edo aparkatzeko tokien banaketa bidezkoa bermatzeko.

12. Antsoaingo Udaltzaingoko Burutzak aparkatzeko baimen txartelak ematen ahalko dizkie ibilgailu jakin batzuei, Zizur Nagusiko Udaleko organo eskudunak onetsitako irizpideen arabera.

Aparkatzeko baimen txartela behar ez bezala erabiliz gero, baliteke txartela aldi baterako edo behin betiko kentzea, legez dagozkion zehapenak ezartzeaz aparte.

Era horretako ibilgailuetarako zilegi da zamalanetarako hertsiki beharrezkoa den denboran geratzea, arau orokorrak, eta, bereziki, ordenantza honen 35. eta 54. artikuluak betez.

53. artikulua. Autobusak, kamioiak, atoiak, karabanak eta autokarabanak.

1. Debeku da gehieneko pisu baimendua 5.000 kg-tik gorakoa duten ibilgailuak aparkatzea udal-mugarteko bide guztietan, seinalatutako lekuetan zamalanak egiteko ez bada.

2. Debeku da gehieneko pisu baimendua 3.500 kg-tik gorakoa duten kamioiak bizitegi eremuetan eta, orokorrean, hirigunean barna ibiltzea eta aparkatzea, non eta eremu horietako arau espezifikoetan gehieneko pisu baimendu desberdina jasorik ez dagoen edo berariazko baimen bat ez duen.

3. Debeku da 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusak udal-mugarteko bide guztietan aparkatzea.

4. Debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespen kasuetan, betiere aitzinetik agintari eskudunaren baimena eskuratu baldin bada.

5. Udalak eremu espezifikoak ezartzen ahalko ditu, inolaz ere ez direnak udal-mugarteko bideak izanen, gehieneko pisu baimendua 5.000 kilotik gorakoa duten ibilgailuak edo 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusak aparkatzeko.

Eremu egokituetan aparkatzeko baimena emanen da txartel baten bidez. Txartel hori lortzeko, baldintza hauek bete beharko dira, nahitaez:

a) Pertsona fisikoa izatea, gehieneko pisu baimendua 5.000 kilotik gorakoa duen ibilgailu baten edo 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duen autobus baten titularra izatea, familia unitatearekin batera Antsoainen kokatutako etxebizitza batean erroldatuta egotea, urtebetez baino gehiagoz, eta hura izatea haren ohiko bizilekua. Orobat, ibilgailua toki berean helbideraturik egonen da eta haren ohiko gidariak titularrak bete beharreko baldintza berak bete beharko ditu.

b) Antsoaingo Udalarekin zorrik ez izatea derrigorrezko diru bilketaren epean, bereziki baimen txartela behar duten ibilgailuen zirkulazioaren gaineko zergarekin zerikusia badute.

c) Antsoaingo Udalari bizilagun txartela eskatu eta hura erdietsi izana, eskabidea indarreko dokumentu hauekin batera aurkeztuta:

–Nortasun agiri nazionalaren kopia konpultsatua.

–Ohiko gidariaren gidabaimenaren kopia. Ibilgailuaren zirkulazio-baimenaren kopia.

–Autoaren indarreko aseguru polizaren kopia eta ibilgailuen ikuskapen teknikoaren adostasun txostenarena, hura aginduzkoa bada.

d) Bizilagun txartela eskuratuz geroztik egoera aldatu ez eta, beraz, hura lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen jarraitzea.

e) Txartela ibilgailuen aitzineko haizetakoen barne aldean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko maneran. Hiru urterako balioko du eta eskatzailearena izanen da, ez beste inorena, eta zer ibilgailutarako eskatzen den, haretxena.

f) Txartela eskuratzen duten eskatzaileak haren erantzule izanen dira, eta etxez edo ibilgailuz aldatzen direnean, edo hartarako eskubidea ematen duen edozein baldintza aldatzen denean, horren berri eman beharko diote Udalari, gehienez ere astebetean. Hartara, txartel berria eskuratuko dute, horretarako eskubidea izanez gero, edo anarteraino indarra izan duen txartela indargabetuko zaie.

g) Egoera edonola aldatu bada eta, beraz, txartela lortzeko eskatzen diren baldintzetariko bat betetzen ez bada, txartela besterik gabe baliogabetuko da eta une horretatik aitzina aparkatzeko eskubidea galduko du interesdunak.

h) Baimen txartel berria eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da zaharra itzultzea interesdunari berria ematen zaionean.

i) Halaber, txartela itzuli beharko da helbidez aldatu edota baldintzaren bat ez betetzeagatik txartel berri bat lortzeko eskubidea galtzen bada, Udalari horren berri ematen zaion unean berean, edo hartarako eskubidea izanik ere hura berritu nahi ez denean itzuli ere.

Txartela ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri Udalari.

j) Udalak noiznahi egiaztatzen ahalko du ofizioz txartelak emateko ezarritako baldintzak betetzen ote diren, eta betetzen ez dituztenei baliorik gabe utziko dizkie, bidezkoak izan daitezkeen beste neurri edo zehapenez aparte.

Gaitutako eremuetan ez da inola ere aparkatzen ahalko ibilgailu motordunetik bereizitako atoirik.

Era berean, ibilgailu bat 7 egun gehienez egoten ahalko da toki berean mugitu gabe. Denbora hori gainditu ondoan, baimenak eragina galduko du eta ezeztaturik uzten ahal da behin betiko.

Oro har, debeku da atoiak, edukiontziak eta erdi-atoiak Antsoaingo hirigune osoan aparkatzea. Debeku da 5 metro baino gehiagoko luzera eta/edo 2,30 metro baino gehiagoko altuera duten ibilgailuak aparkatzea, kasu hauetan izan ezik: industrialdearen eremuan, gaituta dauden aparkatzeko eremu esklusiboetan edo baimen berezia dutenetan eta ez bada atarien, saltokien edo behe solairua duten etxebizitzen ondoan aparkatzen.

Debeku da karabanetan, atoietan eta etxebizitza ibilgailuetan bizitzea udal-mugartearen barnean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan. Toki horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko izan beharko dute.

Udal-mugartean kanpatzea debeku da, berariazko baimena eduki ezean.

Ordenantza hau aditzera emate aldera, honelakoetan ulertzen da autokarabana bat edo etxebizitza ibilgailu bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

a. Zorua gurpilekin edo segurtasun altxagarriekin baizik ukitzen ez duelarik.

b. Autokarabana itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez duelarik, hau da, ibilgailuaren perimetroa gainezkatzen duten elementurik hedaturik ez dagoelarik.

c. Kutsagarria izan ala ez, inolako isurkiren igorpenik gertatzen ez delarik, salbu eta motorraren errekuntzak ihes hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen ez badira, hala nola erabilitako urak eremu publikoan hustea.

d. Asots gogaikarriak ateratzen ez direlarik, hala nola argindar sorgailu bat piztuz, edo ekipamendu akustikoak sobera ozen edukiz pausatzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.

54. artikulua. Gelditzea.

Honelakoetan debeku da gelditzea:

a) Babeslekuetan, oinezkoen babesguneetan, erdibitzaileetan, oinezkoen eremuetan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.

b) Eraikinetako ibilgailuen sarrera-irteeretan, dagokien pasabide seinalea dutenetan.

c) Espaloi, pasealeku eta oinezkoak ibiltzeko gainerako tokien gainean.

d) Autobus, eskola garraio eta larrialdiko zerbitzuen geraleku behar bezala seinalatuetan.

e) Taxi geralekuetan eta salgaien zamalanetarako erreserbaturiko tokietan.

f) Gelditzeak gidariei ikusi beharreko trafiko seinaleak ikustea eragozten dien tokietan.

g) Bidaiarien garraio kolektiboko ibilgailuak, udal administrazioak bidaiariak utzi edo hartzeko erreserbatu edo baimenduriko eremuetatik kanpora aparkatzen direnean.

h) Garraio publikoak edo bizikletek soilik erabiltzeko erreietan.

i) Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten zaionean.

j) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, non eta ez dagoen kontrakoa dioen seinalerik.

k) Semaforoek araututako gurutzagune batean, gurutzagunea arautzen duten semaforoei eusteko zutoinek mugaturiko eremuaren barnean, non eta ez dagoen kontrakoa dioen seinalerik.

l) Zirkulazioaren bi norabideko bideetan, noranzkoaren ezkerraldean gelditzean.

m) Bigarren ilaran.

n) Galtzadaren erdian, espresuki baimendurik egon ezean.

o) Desgaitasuna dutenek beste inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.

p) Ibilgailu edo oinezkoen zirkulazioa arriskuan jartzen edo larriki trabatzen duen beste edozein tokitan.

q) Desgaitasuna duten pertsonen txartelarekin bakarrik aparkatzen ahalko den tokian gelditzea, hura behar ez bezala erabiliz.

55. artikulua. Aparkatzea.

1. Honelakoetan debeku da aparkatzea:

a) Gelditzeko debekua seinale zutikako nahiz etzanen bidez seinalaturik dagoen tokietan.

b) Espaloi, pasealeku eta oinezkoak ibiltzeko gainerako tokien gainean.

c) Bus, taxi, eskola garraio, erakunde ofizial eta larrialdiko zerbitzuen geraleku behar bezala seinalatuetan.

d) Zamalanetarako erreserbaturiko tokietan, erreserbarako behar diren seinaleen bidez ezarritako ordutegiaren barnean.

e) Gidariei ikusi beharreko trafiko seinaleak ikustea eragozten dien tokietan.

f) Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten zaionean.

g) Bigarren ilaran, edozein kasutan.

h) Zaborrontzien ondoan, zabor bilketa galaraziz edo oztopatuz.

i) Aparkaleku publikoetan, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragozten edo oztopatzen denean, edo hura normal ibiltzea.

j) Garraio publikorako erreserbaturiko bide lerroetan.

k) Espaloirik ez duten kale urbanizatuetan, horretarako seinalaturik dauden tokietan izan ezik.

l) Desgaitasuna dutenek beste inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.

m) Pasabide behar bezala seinalatuetan, osoki nahiz partez.

n) Galtzadaren erdian, espresuki baimendurik egon ezean.

o) Ordutegi mugatua duten aparkatzeko eremuetan, Udal agintaritzak hala gaituta, gehieneko denbora gainditzen denean.

p) Oinezkoendako pasabideetan, ziklistendako pasabideetan eta bide gorrietan.

q) Luzetara aparkatzean, dauden seinaleen arabera baterian aparkatu behar bada.

r) Bide bazterrean.

s) Aldi batean bestelako erabilera edo jarduketetarako okupatu behar diren tokietan. Toki horiek behar bezala seinalatu behar dira, gutxienez ere hogeita lau ordu lehenago.

t) Ibilgailu bat eremu publikoan aparkaturik gelditzen denean salgai edo alokagai jarri delako, eta funtsean publizitate helburuekin, edo kalez kaleko salmenta baimendu gabean edo bestelako jarduera ez zilegietan aritzeko, edo behin baino gehiagotan konpontzeko.

u) Landa eta orubeetan, hara sartzeko modu bakarra espaloietan barna denean.

v) Lorategietan

w) Aparkatzea, aparkatzeko baimen-txartela behar ez bezala erabiliz.

x) Aparkatzea, desgaitasuna dutenen aparkatzeko txartela behar ez bezala erabiliz. Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartel bat behar ez bezala edo iruzur eginez erabiltzea arau-hauste oso astuntzat zigortuko da, baldin eta arau-hauste penal bat ez bada.

2. Nolanahi ere, ibilgailuaren jabeak egiaztatu behar du, berez edo beste pertsona edo bitarteko baten bidez, bere ibilgailua ez dagoela behar ez bezala aparkaturik, seinaleak edo trafikoaren antolamendua nolanahi aldatu direlako; horretarako, berrogeita zortzi orduko epea izanen du gehienez, horretarako egun baliodunak kontatuko direla.

IV. TITULUA

Ekitaldi kulturalekin edo kirol ekitaldiekin zerikusia duten eremu publikoko jarduketak.

56. artikulua. Baimenak.

Ordenantza honen xede diren bideak okupatzeko, Udalaren aldez aurreko baimena beharko da eta ezinbestekoa izanen da Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren II. Eranskinean (kirol probei, bizikleta martxei eta bestelako gertaerei buruzkoan) ezarritakoa betetzea, udal agintaritzak adierazitako arau propioak betetzeaz gain. Baimendutako probak bete beharreko baldintza bereziak agertuko dira baimenean, eta titularrak derrigorrez bete beharko ditu.

57. artikulua. Baimena eskatzea.

Interesdunak jardueraren aurreikusitako data baino gutxienez 1 hilabete lehenago eskatu beharko du baimena, baldin eta, izanen duen tamainagatik udaleko langileek ezohiko zerbitzu bat eskaintzea beharrezkoa bada, eta ez bada nahikoa ohiko zerbitzuarekin. Eskaera Antsoaingo Udalera bidalitako eskabide normalizatu baten bidez formalizatuko da, eta bertan adierazi beharko da zein gertaera mota den eta zenbat iraunen duen, baita ibilbidea eta okupatu beharreko eremuak erakusten dituen plano xehatu bat erantsi ere.

58. artikulua. Baimena ematea.

Dagokion administrazio espedientea izapidetu aurretik, eskatutako baimena emanen da eta bertan adieraziko dira behar izanez gero hartu beharreko segurtasun neurriak eta eskatzaileak bete beharko dituen baldintzak.

59. artikulua. Laguntza-langileen eskakizuna.

1. Antolatzaileei laguntza-langileak izatea eskatzen zaien kirol-proben kasuan, zuzendari betearazlearen lanak eginen dituen pertsona bat izendatu beharko da, eta bide segurtasunaren arduradun bat. Azken horrek bete beharreko baldintzak eta funtzioak Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren II. Eranskinean azaltzen dira.

2. Jarduera garatzen den bitartean ordena eta kontrola mantenduko duten laguntza langileen kopurua behar adinakoa izan beharko da.

3. Proba baino lehenago, Udaltzaingoak zerbitzuaren argibideak emanen dizkie antolatzaileei, eta bertan adieraziko dira laguntza langileek bide mozketen edo saihesbideen kasuan dituzten betebeharrak, baita proba behar bezala garatzeko jarraibide egokiak.

60. artikulua. Bide segurtasunaren arduraduna.

1. Bide segurtasunaren arduraduna laguntza langile guztiez arduratuko da eta pertsona bakoitzari zehatz-mehatz adierazi beharko dio zein den egin behar duen funtzioa, Udaltzaingoak ezarritako zerbitzuaren arabera.

2. Proba hasi aurretik, eta aurrerapen nahikoarekin, laguntza langileek postu guztiak bete dituztela eta pertsona guztiek haien eginbeharra ezagutzen dutela ziurtatuko du. Hala bada, Udaltzaingoaren operatiboaren arduradunari jakinaraziko dio eta dagokion egiaztagiria sinatuko du.

3. Udaltzaingoaren operatiboaren arduradunak izanen du antolatzaileei proba hasteko baimena dutela jakinarazteko ardura; izan ere, proba ez baita hasten ahalko udaltzainen nahiz laguntza langileek bete beharreko postu guztiak beteta egon arte.

61. artikulua. Fidantza.

1. Baimena emateko baldintza gisa ezartzen ahalko da eskatzaileak fidantza bat jartzea utziko zaion materiala mantentzeko eta, behar izanez gero, berriak erosteko (hesiak, konoak, seinaleak...), edo hiri altzariei edo eremu publikoari eragindako kalteak ordaintzeko.

2. Beharrezkoa izanez gero antolatzaileek galtzadan markak egitea, aglomeratu asfaltikozko zoladuraren gainean soilik eginen dira eta inoiz ez beste mota bateko zoladuraren gainean. Halaber, egun gutxiren ondotik ezabatzen den pinturarekin egin beharko dira.

62. artikulua. Lekua erreserbatzea.

1. Beharrezkoa izanez gero lekua erreserbatzea eta, horren ondorioz, aparkatzeko eremuak okupatuko badira, hogeita lau ordu lehenago seinalatu beharko da kaltetutako eremua. Aparkatzeko debekuaren seinaleari legenda bat gehitu beharko zaio, okupazioaren arrazoia eta iraupena adieraziko dituena. Lekuaren erreserba egitea gertaeraren antolatzaileari eskatzen ahalko zaio, eta haren ardura izanen da hura mantentzea.

2. Erreserba seinaleztatzean aparkatuta dauden ibilgailuek bertan jarraitzen badute 24 ordu igaro ondotik, beste eremu batzuetara edo udal gordailura eramanen dira garabi zerbitzuaren bidez. Baliteke baimenaren titularrari eskatzea behar izan diren zerbitzuen gastuak ordaintzeko. Horretarako, baimena eman aurretik, udal administrazioak fidantza jartzeko eskatzen ahalko du, baimenean ezarritako zenbatekoan. Erabilitako garabi zerbitzuaren gastuak aipatutako fidantzatik kenduko dira.

3. Baimenak eragiten dien eremuak garbitu eta behar bezala seinalatu ondotik, eremu horietan aparkatzen duten ibilgailuei salaketa jarriko zaie bidegabeki aparkatzeagatik eta bertatik kenduko dira garabi-zerbitzuaren bidez. Gainera, zerbitzu horren erabilerak eragiten ahal dituen gastuak ordaindu beharko ditu horien titularrak.

63. artikulua. Ibilbidearen seinaleztapena.

1. Ibilbidea seinaleztatzeko ardura antolatzaileak izanen du, eta berak ekarri beharko du beharrezko materiala. Seinaleztatze hori edo hesien, konoen edo bestelako elementuen bidez balizajea Udaltzaingoak ikuskatuko du gertaera hasi aurretik.

2. Ibilbidearen aurretik trafikoa mozteko edo saihesbideak ezartzeko beharra dagoen tokietan soilik jarriko ditu seinaleak Udaltzaingoak, trafikoak ez dezan eraginik izan ibilbidean.

64. artikulua. Baldintzak ez betetzea.

Baimenean ezarritako baldintzak ez betetzeak, halaber, hura kentzea eta dagokion zehapen-espedientea irekitzea ekarriko du.

V. TITULUA

Ibilgailu abandonatuak

65. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Abandonatutako ibilgailuak mugarik gabe kaleetan aparkatuta egotea ekiditeko, kendu eginen dira.

2. Ibilgailu bat eremu publikoan abandonaturik dagoela uste izatekoa izanen da leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean.

3. Bizikletei dagokienez, ordenantza honen 31. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

4. Ibilgailu bat abandonaturik dagoela uste izatekoa izanen da, orobat, eremu publikotik kendu eta altxatu denetik, bi hilabete baino gehiago iragan direnean.

66. artikulua. Prozedura.

1. Ibilgailuak bide publikoan daudenean, Antsoaingo Udalak ibilgailuaren erregistroko titularrari jakinaraziko dio hura ustez abandonatua dagoela, eta hamar egun naturaleko epea emanen dio ibilgailua dagoen tokitik kentzeko. Ibilgailuak arriskuren bat sortzen ahalko badu, hortik kentzen ahalko da eta, gero, titularrari jakinaraziko zaio.

Bizikletei dagokienez, ordenantza honen 31. artikuluan (Bizikletak eremu publikotik kentzea) xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Aitzineko atalean aipatutako epean titularrak ez badu ibilgailua kentzen, udal gordailura eramanen da.

3. Abandonaturik egoteagatik edo beste arrazoiren batengatik ibilgailu bat gordailura eramaten denetik hogeita hamar egun natural iraganda, errekerimendua eginen zaio titularrari hilabeteko epean horrek eraman dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidotzat hartuko dela.

4. Orokorrean eta bidezko arrazoirik izan ezean, ibilgailuak kentzeko eta gordetzeko gastuak horiek gordailutik eraman aitzin ordaindu beharko dira.

VI. TITULUA

Salgai arriskutsuen garraioa eta ibilgailu bereziak

67. artikulua. Zirkulazioa.

1. Debeku da Salgai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren Erregelamendu Nazionalaren (1754/1976 Dekretuaren bidez onetsia) 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetan sartutako salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, Erregelamendu horren arriskuko 1. edo 2. etiketak eraman behar dituztenak Uharteko udal-mugartean barna ibiltzea, ez bada bertatik iragaten diren ingurabide eta zeharbideetan barna.

2. Ibilgailu horiek aipatu eremuetan zeharkatzeko, Udaleko organo eskudunaren baimena beharko dute. Hartan zehaztuko dira garraio horren mugak egun, ordu eta ibilbideei dagokienez.

68. artikulua. Aparkatzea.

Debeku da guztiz ordenantza honen 67. artikuluan aipatu ibilgailuek Antsoaingo udal-mugarte osoan aparkatzea.

69. artikulua. Ibilgailu bereziak.

Beren ezaugarri bereziengatik, neurriengatik edo zamaren kokapenagatik Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baimenak behar dituzten ibilgailuek eskaera egin beharko diote Tafallako Udalari, Udaltzaingoak eman diezaien udalerrian barna gidatu, zaindu eta lagun egiteko zerbitzua. Dagokion tasa, Tafallako Udalaren behar den ordenantza fiskalean jasoa, sorraraziko da

70. artikulua. Bestelako ibilgailuak.

1. Debeku da Antsoaingo udal-mugarteko bideetan animaliek tiraturiko ibilgailuak ibiltzea, espresuki baimena eman eta hartan zer bidetan eta zer baldintzatan ibil daitezkeen adierazi ezik.

2. Trizikloak ez dira ibiltzen ahalko espaloietan, metro bat zabal baino gehiago badira.

VII. TITULUA

Seinaleak

I. KAPITULUA

Paratzea

71. artikulua. Seinaleak jartzea.

1. Udaleko organo eskudunak aginduko du kasu bakoitzean bidezko diren trafikoko seinaleak ezartzea, kentzea eta ordeztea. Orokorrean, partikularrek ez dute zilegi izanen trafikoko edo zirkulazioko seinaleak paratzea, salbuespenak izan ezik, hala nola ibilgailuendako pasabideko seinaleak, Udaleko organo horrek behar den baimena eman ondoan.

2. Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera beraiek doazen bideetan aurkitzen dituzten erregelamenduzko seinaleen mezuaren arabera.

72. artikulua. Aplikazioa.

Hiriko sarbideetan paratzen diren seinaleek udal-mugarte osoan izanen dute indarra, halako kale tarteren baterako seinale berariazkoak izan ezik.

Oinezkoendako eremuen, bizitegi kaleen eta zirkulazio murriztuko edo aparkatze mugatuko gainerako aldeen sarreretan, nahiz gehieneko abiadura muga 30 km/h duten eremuetan paratzen diren seinaleek perimetroko barne bide guztietan izanen dute indarra, beste seinale batek salbuespena adierazi ezik.

II. KAPITULUA

Edukia

73. artikulua. Edukia.

Partikularrek ez dute libre seinaleak paratzea (hotelak, jatetxeak, garajeak...), Udalak baimendu behar dituen salbuespenak izan ezik. Ez da baimenik emanen trafiko seinaleen gainean nahiz ondoan plakarik, afixarik, iragarkirik edo bestelakorik paratzeko, nahasmendua ekarri, haien ikusgaitasuna edo eraginkortasuna murriztu edo bidearen erabiltzaileei arreta galarazten ahal badie.

Trafikokoak ez diren seinale guztiak berehala kenduko dira, behar bezala baimendurik ez badaude edo udal baimenaren baldintzak betetzen ez badituzte, bizikidetza eta eremu publikoaren babesa sustatzeko neurriei buruzko udal ordenantzan ezarritakoari jarraikiz bidezko izaten ahal den zehapenaren kalterik gabe.

Zirkulazioko seinale eta bideko marken katalogo ofizialean ez badago ohartarazi, jakinarazi, agindu edo arautu nahi denari dagokion esanahia duen seinalerik, Udalak onetsiko du egokiena iruditzen zaion seinale eredua edo seinale multzoa.

Delako seinalea edo seinale multzoa diseinatzeko, ahaleginak eginen dira aipatu katalogoko forma, sinbolo eta hiztegi berariazkoak erabiltzeko, oker egiteko biderik eman gabe.

VIII. TITULUA

Aparkaldi mugatuko eta murriztuko eremuak eta autokarabanak aparkatzea

74. artikulua. Aparkaldi mugatuko eremuak zehaztea. Aparkaldi mugatuko eremua.

1. Antsoaingo Udalak erabakitzen duen eremuetan ibilgailuei sartzea murrizten ahalko zaie, baita bertan eman dezaketen denbora ere.

2. Eremu horiek behar bezala seinalatuko dira; orobat, baliabide teknikoak ezar daitezke sarbidea eta bertan eman dezaketen denbora galarazteko, murrizteko edo kontrolatzeko.

3. Mugatutako eremuetara baimenik gabe sartzea nahiz bertan denbora soberaz gelditzea, biak izanen dira zehatzeko arrazoi.

4. Ezarritako lekuetara sartzeko arauak behin eta berriz ez betetzea gertatzen bada, Udalak txartela baliogabetzea erabaki dezake.

75. artikulua. Aparkaldi murriztuko eremuak ezartzea. Aparkaldi murriztuko eremua

1. Aparkaldi murriztuko eremuak dira Udalak bide publikoan aurreikusi dituenak eta aparkatzea aldi baterako mugatuta dutenak mugikortasun jasangarria sustatzeko, espazio publikoaren zentzuzko erabilera sustatzeko eta egoiliarrendako eta ibilgailu-kategoria jakin batzuetarako plaza libreen eskaintza bermatzeko.

2. Hurrengo artikuluen arabera bere aplikazio eremutik berariaz kanpo dauden ibilgailu batzuek bakarrik aparkatzen ahalko dute, inolako denbora mugarik gabe, aparkaldi mugatuko eremuetan.

3. Hala ere, aurreko apartatuan aurreikusitakoa gorabehera, Udalak, dagokion seinaleztapenaren bidez, ezartzen ahalko du bide publikoko zenbait plazatan ibilgailuek aldi jakin batean bakarrik aparkatu ahal izatea, aparkalekuen banaketa zuzena eta jabari publikoaren erabilera arrazionala bermatzeko. Plaza horiek mugatzen dituzten seinaleek aparkatzeko gehienezko denbora ezarriko dute, eta Udaltzaingoak edo Udalak zehazten dituzten langileek hartuko dute denbora hori kontrolatzeko ardura. Udalak, gainera, kontrol hori egiteko baliabide teknikoak ezartzen ahalko ditu.

4. Osoko bilkuraren erabakiaren bidez, informazio batzordearen proposamenez eta beharrezko txosten teknikoak egin ondotik, aparkaldia aldi baterako mugatuta egon daitezkeen eta dagokion zerga ordenantzan aurreikusitako tasa baten mende egon daitezkeen eremuak ezartzen ahalko dira. Erabaki horretan –ordenantza honi eranskin gisa erantsiko zaio– aparkaldi mugatuko modalitateak (gune urdina, errotazio handiko aparkalekuetarako eremu gorria, etab.), horien espazio eta denbora eremua eta horietako bakoitzaren erabilera baldintzak ezarriko dira.

76. artikulua. Lurralde eremua.

1. Aparkaldi murriztuko eremuaren lurralde eremua ordenantza honen I. eranskinean aurreikusitakoa da, eta udalerriaren hiriguneari dagokio, industrialdea eta berariaz salbuetsitako eremuak barne hartzen dituen eremua izan ezik.

2. Aparkaldi murriztuko eremuaren lurralde eremua murrizten edo zabaltzen ahalko da, aldi baterako edo behin betiko, tokiko gobernu batzarraren erabakiz, informazio batzordearen proposamenez eta beharrezko txosten teknikoak egin ondotik. Erabaki horrek aipatutako eranskina aldatuko du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta ahalik eta zabalkunderik handiena emanen zaio eskura dauden udal baliabideen bidez.

77. artikulua. Denbora eremua.

1. Mugatutako eremuko aparkaldi murriztua urte osoan egonen da indarrean, astelehenetik igandera.

2. Aparkaldi murriztuaren ordutegia honako hau izanen da:

–Igandeko 21:00etatik asteleheneko 09:00ak arte.

–Asteleheneko 21:00etatik astearteko 09:00ak arte.

–Astearteko 21:00etatik asteazkeneko 09:00ak arte.

–Asteazkeneko 21:00etatik osteguneko 09:00ak arte.

–Osteguneko 21:00etatik ostiraleko 09:00ak arte.

–Ostiraleko 21:00etatik larunbateko 09:00ak arte.

3. Adierazitako egunetako orduetan, beherago adierazten diren eta beren aplikazio eremutik berariaz kanpo dauden ibilgailuak soilik aparkatzen ahalko dute aparkaldi murriztuko eremuetan.

4. Tokiko gobernu batzarraren erabakiaren bidez, informazio batzordeak proposatuta eta beharrezko txosten teknikoak egin ondotik, ordutegi hori mugatu edo zabaltzen ahalko da aparkaldi murriztuko eremu osorako edo hura osatzen duten eremuren edo bideren baterako.

78. artikulua. Seinaleztapena.

1. Aparkaldi murriztuko eremua behar bezala seinaleztatuta egonen da, bai bertikalki, bai horizontalki, trafikoari eta bide segurtasunari buruzko araudiaren arabera. Bere lurralde eremua lerro berde eten batekin mugatuko da.

2. Tasa bat ordaindu behar den aldi baterako aparkaldiko eremuak ezarriz gero, dagokion kolore lerro eten batekin mugatuko da dagokion espazioa (urdina, gorria, etab.).

Artículo 79. Aparkaldi murriztuko eremutik kanpo dauden ibilgailuak.

1. Aldi baterako aparkaldi murrizketatik kanpo daude:

a) Gune mugatuan bizi direnen ibilgailuak, dagokien txartela badute.

b) Aparkatzeko txartela duten eta jarduera komertzialak, industrialak, profesionalak edo zerbitzuetakoak egiten dituzten pertsonen ibilgailuak.

c) Antsoainen lantokia duten administrazio publikoetako langileen ibilgailuak, dagokien txartela badute.

d) Udalaren baimen berezia edo aldi baterakoa duen beste edozein ibilgailu, beherago adierazitako moduan.

e) Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela erakusten duten ibilgailuak, betiere ibilgailua titularrak erabiltzen badu.

f) Funtsezko edo larrialdiko zerbitzuak ematen ari diren ibilgailuak, hala nola anbulantziak, osasun langileak, suhiltzaileak, polizia, Gurutze Gorria, DYA, ehorztetxeak, etab.

g) Zerbitzu publikoei atxikitako ibilgailuak, behar bezala errotulatuta eta identifikatuta, benetan zerbitzua ematen ari direnean.

h) Guneetan zamalanetan ari diren merkataritzako ibilgailuak, horretarako ezarritako ordu eta tokietan.

i) Larrialdietako merkataritza zerbitzuetako enpresen ibilgailuak, benetan zerbitzua ematen ari direnean.

j) Aparkatzeko baimena duten ibilgailuak (hoteletakoak, zentro ofizialetakoak, eta abar), horretarako erreserbaturik dauden toki eta orduetan.

k) Taxiak, gidaria bertan badago eta zerbitzu egiten ari bada.

l) Zerbitzua aldez aurretik kontratatuta duen eta gidaria barne dagoen alokatzeko ibilgailuak, betiere gidaria bertan badago.

m) Bizikletak, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak, motozikletak eta ziklomotorrak, hiru gurpil edo gehiagokoak izan ezik; horiek, nolanahi ere, horretarako prestatutako lekuetan aparkatu beharko dute.

2. Tokiko gobernu batzarrak, informazio batzordeak proposatuta eta beharrezko txosten teknikoak egin ondotik, aparkatzeko aldi baterako murrizketarik ez duten ibilgailuen zerrenda handitzen edo murrizten ahal du. Era berean, artikulu honetan aurreikusitako ibilgailuetako batzuk aparkaldi murriztuko eremuaren eremu edo bide jakin batzuetan aparkatzeko aldi baterako murrizketatik salbuetsita daudela erabakitzen ahalko du.

80. artikulua. Egoiliarren ibilgailuak

1. Antsoaingo udalerrian bizi diren pertsonen ibilgailuek edozein unetan eta denbora mugarik gabe aparkatzen ahalko dute aparkaldi murriztuko eremuan, betiere dagokien aparkaleku txartela badute.

2. Honako baldintza hauek betetzen dituztenak izanen dira egoiliarrak, aparkaldi murriztuko eremuan aparkatzeko baimendutako ibilgailuarekin:

a) Antsoaingo udalerrian erroldatuta egotea eta ohiko bizileku eraginkorra izatea aparkaldi murriztuko eremuaren barruan.

b) Ibilgailuaren titularra izatea, ohiko gidaria izatea edo titularraren berariazko baimena izatea. Aparkatzeko erabili nahi den ibilgailuak alta emanda egon beharko du Ibilgailuen Zirkulazioko Zergaren Erroldan.

c) Antsoaingo Udalari aparkaldi murriztuko eremuan aparkatzeko egoiliar txartela eskatu izana eta harengandik lortu izana.

d) Txartela eskatzen denean udalean trafikoko zehapenik bete gabe ez izatea eta udal zerga eta betebeharrak ordainduta izatea.

3. Txartela lortzeko, interesdunek Udalari zuzendutako eskabide bat aurkeztu beharko dute eredu ofizialean, eta honako agiri hauek aurkeztu:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

b) Ibilgailuaren zirkulazio baimenaren fotokopia.

c) Ibilgailuaren aseguruaren akreditazioa.

d) IAT txartelaren fotokopia, ibilgailuaren antzinatasunak hala eskatzen duenean.

81. artikulua. Jarduera komertzialak, industrialak, profesionalak edo zerbitzuetakoak egiten dituzten pertsonen ibilgailuak.

1. Antsoainen jarduera komertzialak, industrialak, profesionalak edo zerbitzuetakoak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoek hiru txartel lortzen ahalko dituzte, haiek edo haien soldatapekoak aparkaldi murriztuko eremuan denbora mugarik gabe aparkatzeko gaitzeko.

2. Txartela lortzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Dagokien jarduera ekonomikoaren gaineko zergan eta establezimendua dagoen tokian alta emanda egotea.

b) Aparkaldi murriztuko eremuaren barruan dagokion jarduera egitea.

c) Establezimenduak edo lokalak irekitzeko eta funtzionatzeko gaikuntza titulua izatea.

d) Ibilgailua jardueraren titularraren izenean edo hari atxikita edo soldatapekoaren izenean egotea, dagokion asegurua izatea eta, hala badagokio, IATa igaro izana.

e) Soldatapekoen ibilgailuen kasuan, indarrean dagoen lan kontratua, aparkaldi murriztuko eremuan lan egiten duela egiaztatzen duena.

3. Udalak, mugikortasun jasangarria sustatzeko eta espazio publikoaren erabilera ekitatiboa bermatzeko, establezimendu, zentro edo lokal bakoitzeko txartel kopurua mugatzen ahalko du.

82. artikulua. Antsoaingo administrazio publikoen zerbitzuko langileen ibilgailuak.

1. Egoitza Antsoaingo aparkaldi murriztuko eremuan duten administrazio publikoen zerbitzura lan egiten duten eta egoiliarrak ez diren pertsonek dagokien aparkaleku txartela eskuratzen ahalko dute.

2. Hori lortzeko, honako hauek egiaztatu beharko dituzte: administrazio publikoarekiko lotura (izendapena, funtzionarioen kasuan, edo, indarreko kontratua, lan kontratuko langileen kasuan), ibilgailuaren titulartasuna, aseguru kontratua eta, hala badagokio, IAT txartela.

83. artikulua. Baimen bereziak edo aldi baterakoak dituzten ibilgailuak.

1. Udalak aparkaldi murriztuko eremuan denbora mugarik gabe aparkatzeko txartelak ematen ahal ditu honako egoera berezi edo salbuespenezko hauetan:

a) Udalari zerbitzuak ematen dizkioten enpresentzat lan egiten duten pertsonak.

b) Aparkaldi murriztuko eremuan bizi diren edo lan egiten duten baina udalerrian erroldatuta ez dauden ikasleak eta irakasleak.

c) Egoiliarrak ez diren pertsonak, aparkaldi murriztuko eremuan dagoen senitarteko bati denbora zehaztugabean edo luzean laguntza eman behar diotenak.

d) Ohiko ibilgailua Renting modalitatean duten egoiliarrak.

e) Egoiliarren ibilgailu komertzialak, aparkaldi murriztuko eremuan aparkatzeko beharra justifikatzen dutenak.

2. Aparkatzeko aldi baterako txartelak honako kasu hauetan ere ematen ahal dira:

a) Aparkatzeko txartela duten ibilgailuak ordezteko ibilgailuak.

b) Obretako ibilgailuak.

c) Osasun zentro batera joateko erabiltzen diren ibilgailuak.

d) Senide bati denboraldi labur batez laguntza emateko ibilgailuak.

Kasu horietan, Antsoaingo Udaltzaingoak berehala ematen ahal du aldi baterako txartela.

84. artikulua. Aparkaldi murriztuko eremuen erabilera baldintzak.

1. Ezarritako ordutegiaren barruan, aparkatzeko aldi baterako murrizketa duten ibilgailuek ez dute aparkaldi murriztuko eremuan aparkatzen ahalko.

2. Aparkatzeko aldi baterako murrizketatik kanpo dauden ibilgailuek libreki aparkatzen ahalko dute aparkaldi murriztuko eremuan. Ezarritako ordutegiaren barruan, aurreko artikuluen arabera behar duten ibilgailuek dagokien txartela erakutsi beharko dute ibilgailuaren haizetakoaren barruan, ikusteko moduko leku batean.

3. Trafikoari eta bide segurtasunari buruzko legerian eta ordenantza honetan aurreikusitako arauen arabera aparkatu beharko da beti aparkaldi murriztuko eremuan.

4. Udalak, Gobernu Batzarraren erabaki bidez, aparkatzeko baimenaren egiaztapenaren txartel sistemaren bidez egin ordez, ibilgailuaren matrikula baimentzeko eta kontrolatzeko sistema bat ezartzen ahalko du.

85. artikulua. Aparkatzeko txartelak ematea.

1. Dagokion txartela emateko, dagokion ordenantza fiskalean aurreikusitako tasa ordaindu beharko zaio Udalari.

2. Txartelek ekitaldi fiskalari dagokion indarraldia izanen dute.

3. Udalak, dagozkion egiaztapenak egin ondotik, ofizioz berrituko ditu emandako txartelak, eta dagokion tasa sortuko da. Txartelaren titularrak ez badu txartela berritzeko interesik, ekitaldi fiskala amaitu baino lehen jakinaraziko dio Udalari.

4. Udalak ofizioz egiaztatzen ahalko du edozein unetan egoiliar txartela lortzeko ezarritako baldintzak betetzen direla, eta txartela baliogabetuko du betetzen ez badira edo betetzeari utzi bazaio.

86. artikulua. Txartelak erabiltzeko baldintzak, datuak aldatzea eta kopiak egitea.

1. Aparlatzeko txartelaren titularra izanen da horren erabileraren arduraduna.

2. Txartelaren titularrak helbidea edo ibilgailua aldatzen badu edo txartela emateko eskatutako baldintzaren bat aldatzen badu, Udalari jakinarazi beharko dio 7 egun naturaleko gehieneko epean, eta txartela entregatu. Kasu horretan, Udalak txartel berri bat emanen dio, baina horrek ez du tasa kobratzea eraginen.

3. Txartela galtzen bada edo lapurtu badute, titularrak berehala jakinarazi beharko dio Udalari, eta hark kopia bat eginen du.

4. Txartela hondatuz gero ere, horren kopia bat ere eginen du Udalak.

87. artikulua. Aparkaldi murriztuko eremuaren zaintza eta kontrola.

1. Aparkaldi murriztuko eremua erabiltzeko baldintzak behar bezala betetzen direla bermatzeko, aparkatuta dauden ibilgailuak zaintzeko eta kontrolatzeko zerbitzu bat ezarriko da, eta beharrezko baliabide material eta pertsonalez hornitua egonen da.

2. Udaltzaingoak edo Udalak ezartzen dituen langileek zaindu eta kontrolatuko dute aparkaldi murriztuko eremua, eta egindako arau-hausteengatik dagozkion salaketak eginen dituzte.

88. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Ordenantza honek aparkaldi murriztuko eremuari buruz ezartzen dituen jokabide arauen aurkako ekintzak edo ez-egiteak arau-hauste administratiboak dira (arau-hauste oso astunak, astunak edo arinak), eta artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera zehatuko dira.

2. Arau-hauste oso astunak hauek izanen dira:

a) Manipulatutako edo faltsututako aparkatzeko txartelak erabiltzea, delitua ez denean.

b) Aparkatzeko txartela edo aparkatzeko baimen bereziak edo aldi baterakoak lortzeko eskatutako datuak edo dokumentazioa ezkutatzea, manipulatzea edo faltsutzea, delitua ez denean.

c) Titularrak aparkatzeko txartela besteei lagatzea.

3. Arau-hauste astunak hauek izanen dira:

a) Iraungitako aparkatzeko txartela erabiltzea, jada txartela emateko unean eskatutako baldintzak betetzen ez direnean.

b) Mugikortasun urriko pertsonendako aparkatzeko txartela horren titularra ez denak erabiltzea.

c) Aparkaldi murriztuko eremuaren mendeko ibilgailu bat aparkatzea aparkatzea murriztuta dagoen ordutegiaren barruan.

d) Baimendutakoa baino denbora gehiagoz aparkatzea ibilgailu bat ordu muga duten plazetan.

4. Arau-hauste arinak hauek izanen dira:

a) Udalari ez jakinaraztea aparkatzeko txartela galdu dela edo lapurtu dutela.

b) Iraungitako aparkatzeko txartela erabiltzea, baldin eta txartela emateko unean eskatzen diren baldintza guztiak betetzen badira.

c) Aparkaldi murriztuko eremutik kanpo dagoen ibilgailu bat aparkatzea txartela ibilgailuaren haizetakoaren barruan, ikusteko moduko leku batean, jarri gabe hori nahitaezkoa denean.

d) Aparkaldi murriztuko eremuaren jokabide arauen aurkako beste edozein ekintza edo ez-egite, baldin eta berariaz oso astuntzat edo astuntzat tipifikatuta ez badago.

5. Aparkaldi murriztuko eremuaren arauak urratzea zehapen hauekin zigortuko da:

a) Arau-hauste oso astunei 201etik 1.000 eurora bitarteko isuna jarriko zaie.

b) Arau-hauste astunei 101etik 200 eurora bitarteko isuna

c) Arau-hauste arinei 100 euro bitarteko isuna jarriko zaie.

6. Zehapenak arau-hauste mota bakoitzerako gutxieneko eta gehieneko zenbatekoaren barruan zehaztean, zehatzeko eskumena duen organoak kontuan hartuko ditu trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko legerian eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean aurreikusitako zehapenak mailakatzeko irizpideak. Arau-hauslearen egoera ekonomikoa ere kontuan hartzen ahalko da.

89. artikulua. Automobilak aparkatzeko gehienezko denbora.

1. Tokiko jabari publikoa erabiltzeak ez du babesten ibilgailuak bide publikoko toki berean denbora mugarik gabe aparkatzea; beraz, ordenantza honetan ezarritako edo Udalak erabakitako denbora mugak errespetatu beharko dituzte.

2. Automobilak ez dira bide publikoko toki berean, hamabost egun baliodun baino gehiagoan, aparkatuta egoten ahalko. Hori ez betetzea arau-hauste astuna izanen da eta, ondorioz, baliteke ibilgailua kendu behar izatea.

3. Tokiko Gobernu Batzarrak gainerako ibilgailuak bide publikoko toki berean aparkatzeko gehienezko denbora ezartzen ahalko du.

IX. TITULUA

Autokarabanak eta antzeko ibilgailuak

90. artikulua. Udalak sarbideari, zirkulazioari eta aparkatzeari buruz dituen eskumenak.

Antsoaingo Udalak, mugikortasunaren eta trafikoaren arloan eskumena duen zinegotzigoaren bitartez, bere titulartasuneko bideetan autokarabana, karabana, camper edo antzeko ibilgailuen sarbidea, zirkulazioa eta aparkatzea debekatzen ahalko du, hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.

91. artikulua. Sarbidea eta zirkulazioa.

Autokarabanak, kanpinak edo antzekoak galtzadatik baino ez dira ibiltzen ahalko. Inola ere ez dira ibiltzen ahalko oinezkoendako guneetan, bizikletendako guneetan edo garraio publikorako guneetan.

92. artikulua. Erreserbatutako eremuetan aldi baterako aparkatzea.

1. Autokarabanek, camperrek edo antzekoek Udalak horretarako aurreikusitako eremuetan aparkatuko dute, eta honako arau hauek bete beharko dituzte:

a) Ibilgailuak ez dira ateratzen ahalko aparkatzeko bereziki prestatutako eremutik, ezta galtzadaren, espaloiaren, pasealekuaren edo lorategi eremuaren zati bat okupatu ere.

b) Aparkatu behar da sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko moduan, bai eta eskura dagoen espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan ere.

c) Gidariak ibilgailua ibilgetuko du, berez ez mugitzeko eta hirugarrenek ez mugitzeko moduan. Malda handiko leku batean aparkatzen bada, gidariak ibilgailua behar bezala finkatuta utzi beharko du.

2. Gune horietako aparkalekuen txandaketa eta banaketa ekitatiboa bermatzeko, Udalak aparkatzeko ordu jarraituen gehieneko kopurua ezartzen ahalko du.

93. artikulua. Erreserbatuta ez dauden eremuetan aparkatzea.

1. Autokarabanek, camperrek edo antzekoek industrialdetik kanpo beste ibilgailu motordun batzuentzat gordetako espazioetan ere aparkatzen ahalko dute, betiere 5 metroko luzera eta/edo 2,30 metroko altuera gainditzen ez badute.

2. Kasu horietan, aurreko artikuluan aurreikusitako arauak beteko dira aparkatzeko, zirkulazioa oztopatu gabe eta bidearen gainerako erabiltzaileei arriskurik eragin gabe.

X. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak. Kautelazko neurriak

I. KAPITULUA

Ibilgailuak ibilgetzea

94. artikulua. Ibilgailuak ibilgetzea.

1. Bidezainek eta Udaltzaingoko laguntzaileek ibilgailu bat ibilgetzen ahalko dute, hura erabiltzeak zirkulaziorako, pertsonendako edo ondasunetarako arrisku larria ekartzen ahalko badu bide segurtasunari buruzko araudiko aginduak ez betetzeagatik, baita honelakoetan ere:

a) Istripuren edo matxuraren bat izan eta segurtasun baldintza ohikoetan bidean jarraitu ezinik gelditzen denean edo galtzada hondatzen duenean.

b) Gidaria gaizkitu eta ibilgailua normaltasunez eraman ezinean gelditzen denean.

c) Ageri denean gidaria edari alkoholdunen eraginpean dagoela, edo droga toxikoak edo estupefazienteak hartu edo bere organismoan sartu dituenean, edo botiken edo bestelakoen eraginpean dagoenean, horiek gidatzeko behar den egoera fisikoa edo mentala bestelakotzen badute.

d) Gidariak alkohola, estupefazienteak edo gisako beste gai batzuk hautemateko probak egin behar baditu eta horiei uko egiten dienean edo proba horiek eginda, araudian gehienekotzat jotzen diren parametroak baino handiagoak ateratzen direnean.

e) Gidariak gidabaimenik ez duenean edo aldean duena baliozkoa ez denean.

f) Ibilgailuak ez duenean zirkulatzeko administrazio-baimenik, ez duelako lortu, baliogabetu delako edo indarra galdu duelako, edo ez direlako betetzen zirkulatzeko baimena lortzeko baldintzak.

g) Ibilgailuaren kanpo egoera dela-eta uste izatekoa denean arriskugarria dela, galtzadan kalte egin dezakeela edo haren kargaren parte bat bide publikora erortzen ahalko zaiola.

h) Dabilen ibilgailu baten garaiera edo zabalera handiagoak direnean Bide Segurtasunari buruzko Legeak edo haren Erregelamenduak, edo ibilgailuaren beraren baimen bereziak, halakorik badu, baimentzen dituenak baino.

i) Mugitzeko aukerak edo, kasuaren arabera, gidariaren ikusmena modu arriskutsuan murrizten denean bidaiari kopuruagatik edo haien posizioagatik, edo garraiatutako objektuen kokapenagatik, eta edozein kasutan bidaiari kopuruak erabilgarri dauden plazak %50ean gainditzen baditu, gidaria aintzat hartu gabe.

j) Kateak edo pneumatiko bereziak erabiltzea nahitaezkoa izan eta ibilgailua horiek gabe ibiltzen denean.

k) Ibilgailuak nahitaezko asegururik ez duenean.

l) Gidariak edo bidaiariak ez dituztenean erabiltzen babeserako kaskoa edo haurrei eusteko gailuak, derrigorrezkoak diren kasuetan. Neurri hori ez zaie ziklistei aplikatuko.

m) Ibilgailuak ateratzen duen asotsa eta aireratzen dituen gas eta keak indarra duen legeriak ezarritako mugak baino handiagoak direnean.

n) Arau-hausleak ez duenean egiaztatzen lurralde espainiarrean legezko bizilekua duela, ez badu agenteak behin-behinean ezarritako isunaren zenbatekoa gordailutu. Dena den, aintzat hartuko da hasiera batean ezarritako isuna %50ean murriztea, ordenantza honen 81. artikuluaren arabera.

2. Ibilgailua ibilgetzeak ekartzen dituen gastuak titularraren bizkar izanen dira; horrek ordaindu beharko ditu edo ordaintzea bermatu, neurri horiek kentzeko aldez aurreko baldintza gisa, ukatu gabe ere defendatzeko duen eskubidea ezta erantzukizuna erantzuleari pasatzeko aukera ere, Administrazioak harengatik hartu baitu delako neurria.

3. Udal agintaritzak adierazten duen tokian gauzatuko da ibilgetzea, eta ez da indargabetuko harik eta hura ekarri duten akatsak zuzendu edo ibilgailua agintaritza horrek zehazten dituen baldintzetan kentzen ez den arte, aitzinetik behar den tasa ordainduta, horrela ezarri bada.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak eremu publikotik kentzea

95. artikulua. Ibilgailuak eremu publikotik kentzea.

Ibilgailua kendu behar duenak segituan egiten ez badu, bidezainek eta Udaltzaingoko laguntzaileek eremu publikotik kendu eta udal gordailura eramaten ahalko dute, kasu hauetan:

a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa hondatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori eremu publikoan abandonatua dagoela uste denean.

b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

c) Ibilgailua bera hondatu delako ibilgetzen denean.

d) Arau-haustea dela eta ibilgailua ibilgetuta, arau-hausleak ez badu frogatzen bere ohiko bizilekua lurralde espainiarrean duela eta isunaren zenbatekoa ez ordaintzera edo haren ordainketa ez bermatzera tematzen denean.

e) Udal agintaritzak paratzen dituen eta denbora-muga duten aparkatzeko tokietan aparkaturik gelditzen denean, gehieneko denbora gainditu ondotik.

f) Ibilgailua bide lerroetan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako zatietan aparkatuta dagoenean.

g) Edukiontziak husteko lanak oztopatzen dituenean.

h) Legez ibilgailua ibilgetu behar eta hura egiteko manerarik ez dagoenean ibilgailu edo jendeen ibilia trabatu gabe.

96. artikulua. Arriskua eta trafikoa larriki trabatzea.

Aipatze aldera, honelakoetan ulertuko da ibilgailua 75. artikuluaren a) atalean adierazitako egoeran dagoela eta, beraz, hura kentzeko arrazoiak daudela:

a) Gelditzea debeku den toki batean aparkatuta dagoenean.

b) Ibilgailua bigarren ilaran eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.

c) Kantoi baten ertzetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat aterata, beste gidariak maniobra arriskutsuak egitera behartzen dituenean.

d) Oinezkoen pasabide seinalatu batean edo espaloian urritu fisikoak pasatzeko oketsean aparkatua dagoenean.

e) Ordutegi erreserbatuaren barnean pasabide bat osorik edo partez okupatzen duenean.

f) Zamalanetarako tokietan aparkatua dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan eta halako lanak egin gabe.

g) Garraio publikorako geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatua dagoenean.

h) Larrialdiko edo segurtasuneko zerbitzuentzat erreserbaturiko tokian aparkatua dagoenean.

i) Desgaitasuna dutenendako toki erreserbatuan aparkatua dagoenean.

j) Espaloi, ibiltoki, babesgune, pasabide, bidegorri edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatua dagoenean, osorik nahiz partez, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.

k) Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.

l) Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.

m) Bide batetik heldu diren gidariei beste bidea ikustea trabatzen dienean.

n) Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati bat oztopatzen duenean.

o) Galtzadan aparkaturik egonda zirkulazioa trabatzen duenean.

p) Bizitegi eremu batean baimendutako orduetatik kanpo aparkatua dagoenean, espresuki baimendutako aparkalekuetan izan ezik.

q) Bizitegi eremuetan apartaturik dagoenean, seinaleen edo bideko marken bidez berariaz adierazitako tokietatik kanpo.

r) Landetan aparkatua dagoenean, hara sartzeko modu bakarra espaloietan barna baldin bada.

s) Lorategien aldean aparkaturik dagoenean.

t) Garraio publikorako erreserbaturiko bide lerroetan aparkaturik dagoenean.

u) Taxien geralekuetan aparkaturik dagoenean.

v) Betiere, aurreko kasuetan bezala, arriskua edo zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragozpen larria sortzen zaienean.

Ebatsia denean edo, behar bezala frogaturik, ibilgailua titularraren borondatearen kontra bestela erabiltzen denean izan ezik, ibilgailua kentzen bada, horren ondoriozko gastuak titularraren kontura izanen dira; eta, ibilgailuak ibilgetzeko, eremu publikotik kentzeko eta gordetzeko zerbitzuekin lotutako eskubideak eta tasak arautzen dituen Ordenantza Fiskalaren arabera, horiek ordaintzea edo haien ordainketa bermatzea aldez aurreko baldintza izanen du ibilgailua itzuliko bazaio. Horrek ez du deusetan ukatzen errekurtsoa aurkezteko duen eskubidea, ezta gastu horiek istripua eragin, ibilgailua abandonaturik utzi edo arau-haustea egin duen lagunari kobratzea ere, egitate horietariko batengatik eraman badiote ibilgailua.

97. artikulua. Bestelako kasuak.

1. Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kentzen ahalko dituzte honelakoetan:

a) Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatua dagoen toki batean aparkaturik daudenean.

b) Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak paratu ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.

c) Larrialdietan.

2. Inguruabar horien gaztigua lehenbailehen egin beharko da, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, edo udal gordailura, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie.

Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

98. artikulua. Kentzeko lanak bertan behera uztea.

Baldin eta, dagokion tasa sortzen duten kausetako baten ondorioz, ibilgailua kentzeko lanak hasita gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek, betiere kontzeptu horrengatik ezartzen den tasa ordaindu ondotik, Ibilgailuak ibilgetzeko, eremu publikotik kentzeko eta gordetzeko zerbitzuekin lotutako eskubideak eta tasak arautzen dituen ordenantza fiskalari jarraituz.

III. KAPITULUA

Zehapen prozedura

99. artikulua. Prozedura.

Ordenantza honetan araututako gaietan jarraitu beharreko prozedura Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da, eta, horretan aurreikusirik ez dagoen orotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

100. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1. Arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan xedatua ez betetzea, trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den beste araudi batean arau-hauste astunaren edo oso astunaren kalifikazioa ez baldin badu.

2. Arau-hauste oso larritzat joko da ibilgailu bat gelditzea edo aparkatzea desgaitasuna dutenen aparkatzeko txartela behar ez bezala erabiliz.

101. artikulua. Agudo ordaintzea.

Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalean %50 merkeago ordaintzen ahalko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak.

Isuna %50 merkeago ordaintzeak berarekin dakar alegazioak aurkezteari uko egitea eta prozedura ebazpen espresik eman behar izan gabe amaitzea, errekurtsoak paratzen ahalko badira ere.

102. artikulua. Instrukzioa.

Alorreko Idazkaritza Teknikoak edo haren eginkizunak betetzen dituenak irekiko ditu espedienteak ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatik.

Idazkari teknikoa kanpoan izateagatik edo legezko arrazoi bat tartean dela, errefusatua bada edo abstenitzen bada, eskumena duen alorreko legelari batek ordeztuko ditu haren funtzioak.

Hura burututa, Udaleko organo eskudunak bidezko ebazpena emanen du.

103. artikulua. Udalak eskumenik ez duenean.

Zehapena Udalaren eskumenekoa ez den arau-hausteen kasuan, Antsoaingo Udaltzaingoak salaketa eginen du, eta horren ondotik Antsoaingo Udalak berak administrazio eskudunari igorriko dio.

104. artikulua. Gidabaimena bertan behera uztea edo kentzea eta puntuak galtzea.

Diru zehapenarekin batera, gidabaimena edo gidatzeko lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena eta puntuen galera ere jasotzen ahalko duten arau-hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, betiere zehapena Udalaren eskumenekoa duten egitateak badira, egiteko hori duten udal organoek tramitatu eta ebatziko dituzte, eta ondotik agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik gidabaimena edo gidatzeko lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko edo esleituriko puntuetakoren bat galtzeko zehapena ezar dezan, hala behar badu.

105. artikulua. Helbidea, jakinarazpenetarako.

Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea gidarien eta arau-hausleen erregistroan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren, ageri dena izanen da. Interesdunak beste helbide bat ematen badu, aldatu eginen da, horretarako arrazoia, instruktorearen iritziz, prozedurari trabak jartzeko ahalegin maltzurra ez bada.

106. artikulua. Errekurtsoak.

I. ERANSKINA

Aparkaldi murriztuko eremuaren lurralde eremua

Antsoaingo aparkaldi murriztuko eremua honako bide hauek osatutako eta planoan islatutako perimetroaren barruan dauden kaleek osatuko dute:

1. Antsoaingo errepidea.

2. Burgiko aita Tomás zeharkalea.

3. Ostoki kalea.

4. Atarrabiako etorbidea.

5. Kanal kalea.

6. José María Jimeno Jurio kalea.

7. Mendikale kalea.

8. Larrazko kalea.

L2206550_1.pdf

Iragarkiaren kodea: L2206550