108. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

141E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, eskatutako aldaketa onartzen duena, Los Arcosko udal-mugartean ibilgailuetarako motelgailuak fabrikatzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako. Instalazioaren titularra KYB Advanced Manufacturing Spain SAU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua; Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 1eko 173/2011 Ebazpenaren bidez eman zen, eta gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 283E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zen.

2021eko ekainaren 10ean, titularrak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu zuen, Ingurumen erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partzialki garatzen duen Erregelamenduaren 33. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz (lege hori abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta martxoaren 13ko 183/2015 Errege Dekretuak aldatu zuen gero). Bertan onartzen zuen finantza bermea eratzetik salbuetsita geratzen zela, ingurumen erantzukizunagatiko finantza bermearen zenbatekoa kalkulatzean lortutako emaitzaren arabera.

2022ko otsailaren 3an, titularrak ingurumen baimen integratuan zehaztutako baldintzak aldatzeko eskatu zuen, zehazki, finantza bermea kontratatzetik salbuesteko, Ingurumen erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 28. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Horretarako, ingurumen arloko arriskuak ebaluatzeko txosten bat erantsi zuen, aplikatu beharreko araudiarekin bat ez zetorrena.

Ondoren, 2022ko otsailaren 23an eta 2022ko martxoaren 14an, titularrak, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak eskatuta, 2021eko ekainaren 10ean aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren dokumentazio osagarria aurkeztu zuen.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera eta dokumentazioa, eta egiaztatu du operadoreak bete dituela urriaren 23ko 26/2007 Legean eta hura partzialki garatzeko erregelamenduan ezarritako baldintzak, hots, finantza bermea zehaztu eta, hala badagokio, eratzekoak.

Ikusi da, kasu honetan, gertatzen direla Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin, iritzita ez dela beharrezkoa aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Los Arcosko udal-mugartean ibilgailuetarako motelgailuak fabrikatzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa onartzea; hori dela eta, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra KYB Advanced Manufacturing Spain SAU da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan agertzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan zehaztutakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), eta, subsidiarioki, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau KYB Advanced Manufacturing Spain SAUri eta Los Arcosko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 11n.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2206978