106. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

413E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 10ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen eraginaren txostena egiten baita Arrazolako (Orbaizeta) autokarabanendako zerbitzuguneko eta kanpatze eremuko proiektuari buruz. Orbaizetako Udala eta Aezkoa ibarreko Batzarra dira proiektuaren sustatzaileak.

2022ko apirilaren 12an, Orbaizetako autokarabanendako guneko proiektua sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan, Orreaga-Iratiko oihana HBB gunean eta kontserbazio bereziko eremuan kokatuta dagoelako, Natura 2000 Sarearen barruan. Proiektuaren ezaugarriak kontuan hartuta, ingurumen eraginaren ebaluazioa egin behar zaio, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b) artikuluaren arabera. Izan ere, ezartzen du ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua eginen zaiela I. eta II. eranskinetan sartuta ez dauden proiektuei, baldin eta nabarmen, zuzenean edo zeharka eragiten badiete Natura 2000 Sareko eremu babestuei.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostena eman aurretik, kontsulta egin zaie ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Kontsulta egin zaie, halaber, Oihanak Kudeatzeko Atalari eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, eta bien erantzuna jaso da. Gainera, espedientean, Orbaizetako Udalaren txostena dago, zeina uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera egin baita. Horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen du, azaltzeko proiektuari ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar zaion edo ingurumen kalte nabarmenak aurreikusten diren, txostenean ezartzen den moduan.

Proiektuaren deskribapena:

–Autokarabanendako gunea:

Gaur egun, proiektatutako autokarabanendako gunean, egurrezko 4 mahai eta iturri bat dituen askaldegi bat dago, bai eta kanpaldi libreko eremu bat ere, egurrezko hesi batez inguratua (kendu eginen da). Harri lubetazko harri ilara batek inguratzen du Iratiko bidea, eginen den aparkalekuaren luzera osoan. Jarduketa eremuaren barruan bi pago eta elorri bat daude, eta kalteak jasanen dituzte esku hartzearen ondorioz.

Proiektuaren arabera, ordainpeko aparkaleku bat eginen da. Hori kudeatzeko, parkimetro bat egonen da, eta txartela atera beharko da. Beraz, gaur egun kanpaldi librerako eta askaldegi gisa erabiltzen den zelaia egokituko da. Jarduketa eremua Iratiko bidearen maila berean hasten da, eta 2 metroko desnibelean amaitzen, gutxi gorabehera, eta bi baratze alor horizontaletan gainditzen da. Sartzeko eta irteteko, egungo bidea erabiltzen da, hari atxikitako hormigoizko zabalgune batzuetan zehar. Irteerako desnibela gainditzeko, hormigoizko arrapala bat aurreikusten da, %8koa, gutxi gorabehera, eta harri lubeta bat, gaur egun bidearen ertzean dauden harriak berrerabiltzeko. Akazia zurezko hesi bat egin nahi da, aparkalekuaren itxitura gisa, bidearen luzera osoan. Sartzeko eta irteteko, 4 m-ko zabalerako atakak jarriko dira. Aparkalekuaren barruan 26 plaza eginen dira (4 x 8 m) ibilbide baten inguruan; hori guztia, errodadura zoladura ofitikoarekin. Gainerakoa egungo landaredi geruzarekin mantenduko da, berdegune gisa, eta ez zaie kalte eginen orain dauden zuhaitzei.

Gainazaleko indusketa lanak eginen dira (< 1 m), oinarri azpia eta hormigoizko zoladura eta errodadura geruza material ofitikoz jarriko diren eremuak nibelatzeko eta kaxa irekitzeko. Soberan dauden lurrak inguruko eremuak betetzeko erabiliko dira.

Biltegi gisa, 3 x 3 m-ko zur prefabrikatuzko etxola bat proiektatuko da, 4 x 4 m-ko hormigoizko zolata baten gainean.

Erdian, uharte baten moduan, ur grisak eta ur beltzak husteko zerbitzugune bat egitea aurreikusten da. Zerbitzuguneak 2 plaza izanen ditu (3,5 x 7 m), 15 cm-ko lodierako hormigoi armatuzko zolatarekin, plaza bakoitzean ur grisak husteko sareta batekin. Hor, gainera, monolito bat egin nahi da; alde batean ur beltzak husteko harraska bat eta txorrota independente bat izanen ditu, eta beste aldean, beste txorrota bat, edateko uraren biltegiak betetzeko. Hondakinak gaika biltzeko hainbat edukiontzi ere egonen dira.

Txorrota horiek hornitzeko, egungo iturriaren ondoan kutxatila bat jartzea proposatzen da, dagoen saretik adar bat lotuta; zangan lurperatutako hodi baten bidez iritsiko da zerbitzugunera, eta hor beste kutxatila bat jarriko da, monolitoaren ondoan.

Saneamendurako, putzu septiko bat eginen da aparkalekuko plazen hegoaldean, eta bertara bideratuko dira ur grisak eta beltzak zerbitzugunetik, zangan lurperatutako hodi baten bidez, dagozkion kutxatilekin. Arazketa sistema 20.000 litroko edukiera duen sistema trinko prefabrikatu bat izanen da. Sistema horrek ganbera bikoitzeko dekantagailu digestorea eta plastikozko betegarria duen iragazki biologikoa izanen du, 60 biztanle baliokideko biztanleria tratatzeko diseinatua. Laginak hartzeko kutxatila bat jarriko da arazketa sistemaren irteeran, tratatutako efluentea kontrolatzeko, Arrazola errekara isuri aurretik.

Iratiko bidearen beste aldean dagoen pista autokarabanendako aparkaleku gisa erabiltzen da, baina autobusendako aparkaleku esklusibo bat egitea aurreikusten da. Horretarako, sartzeko ataka bat eta irteteko beste bat jarriko dira.

–Kanpaldi gunea:

Eginen den kanpaldi gunea Iratiko bidearen ondoko zelai bat da; egungo komun etxolaren parean hasten da –putzu septiko bat du–, eta Arrazolako informazio etxolaren parean amaitu. Landak %8ko goranzko aldapa du, Irabiako urtegirako norabidean. Gaur egun, sasiek eta zuhaixkek hartzen dute eremu hori; gainera, hainbat pago daude, baina errespetatu eginen dira.

Sastraka kenduko da, eta lurrak mugitu, 10 m-ko zabalerako maila horizontalak (%1eko malda) eta 1:1 ezpondak sortzeko. Haien artean metro bateko desnibela izanen dute. Ondoren, belardi larre bat ereinen da.

Autokarabanen aparkalekuan dauden 4 mahaiak lehengoratuko dira, eta eremu horretan sortutako maila batean kokatuko. Proiektuaren arabera, 250 metroko hesi perimetrala jarriko da, eta zurezko bi ate egonen dira, oinezkoentzat. Triangelu formako areka bat irekiko da (1 m zabal eta 0,5 m altu) kanpaldi gunearen ipar-mendebaldeko mugan.

–Ingurumen eraginaren ebaluazioa izapidetzea:

Proiektua Orreaga-Iratiko oihana kontserbazio bereziko eremuaren barruan dago, eta barne hartzen du Arrazola erreka. Autokarabanendako aparkalekuko arazketa sistematik bertara isuriko da. KBEren kudeaketa planaren funtsezko elementuetako bat ur ibilguei lotutako fauna da (desman piriniotarra, uhandre piriniotarra eta igel piriniotarra), eta helburua da leku horretako ibaien eta erreken habitataren kalitatea bermatzea, espezie horiek habitatera egokitzeko duten gaitasuna mantentzeko.

Isurketari dagokionez, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jakinarazi du proiektuak ez duela zehazten errekara isuritako efluente araztuaren kalitatea, eta ez duela barne hartzen ez dekantagailu digestoreak ez iragazki biologikoaren betelanaren bolumenak neurri egokia dutela justifikatzen duen kalkulurik. Txostenaren arabera, esperientziak erakusten du arazketa sistema trinko horiek zailtasunak dituztela proiektuan aurreikusitako eraginkortasuna lortzeko, eta, beraz, ez dutela behar bezala bermatzen agintaritza eskudunak isurketari dagokionez eskatzen dituen muga balioak betetzen diren edo ez. Nolanahi ere, eskatzen ahal diren isurketa-mailetara iritsi arren, ohartarazi du ingurune naturalaren gaineko eragina bateragarria den ebaluatu beharko dela, erreka Natura 2000 Sarean sartuta dagoela ikusita. Azkenik, errekaren gaineko ingurumen eragin potentziala murrizteko, beharrezkotzat jotzen du beste aukera batzuk ebaluatzea, hala nola biltegi estanko bat instalatzea, betetze-maila detektatu eta jakinarazteko sistemarekin, hondakin urak biltzeko, biltegiratzeko, ondoren erauzteko eta tratamendu instalazio batera eramateko; adibidez, hurbil dagoen HUA batera.

Oihanak Kudeatzeko Atalak aldeko txostena eman du, bere eskumenen esparruan baldintzak ezarrita, 1. zenbakiko (Aezkoa mendia) eta 177. zenbakiko (Lauzaran-Larraun) onura publikoko mendien gaineko eraginari dagokionez. Ez da beste alderdirik baloratu: KBEra datozen bisitarien kopurua handitzeak izan dezakeen eragina, ez delako horri buruzko informaziorik eman; errekara egiten den isurketa, haren eskumenekoa ez delako, eta eremua energia elektrikoz hornitzeko aurreikusitako linea elektrikoa, modu independentean izapidetzen delako. Lur mugimenduak, agregakinen ekarpena eta proposatutako eraikin txikiak gorabehera, txostenaren arabera, proposatutako jarduketek ez dute eragin atzeraezina, inbertsio txiki batekin desegin baitaitezke. Ikusten denez, asfaltoz eta hormigoiz sendotutako bide batetik sartu behar da –3 metro zabal besterik ez da–, eta baliteke urte osoan zehar baso ustiapenean eta/edo nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategian erabilitako kamioiekin eta makinekin kointziditzea.

–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:

Kontsulten ondorioz, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako zehazten diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, adierazi du behar bezala egin dela ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura, eta zehaztu du jarduketak, proiektatu den moduan, ez duela ondorio nabarmenik Orreaga-Iratiko Oihana KBEren helburuetan eta osotasunean. Hori dela eta, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin beharko litzaioke. Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35.c) artikuluaren arabera, ingurumen eraginaren azterketak apartatu espezifiko bat izan beharko du proiektuak Natura 2000 Sareko gune horretan izanen dituen ondorioak ebaluatzeko, kontuan hartuta tokia kontserbatzeko helburuak eta aipatutako eraginak, prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak eta horien jarraipena.

Nolanahi ere, Arrazola errekara isurketarik egin ezean, Ingurumen Eraginaren Atalak uste du proiektuak ez lukeela eragin nabarmenik izanen ez ingurumenean ezta Natura 2000 Sarean ere, baldin ingurumen eraginaren txosten honetan bildutako zehaztapenak betetzen badira. Hala, aldeko txostena eman zaio proiektuari, betiere txosten honetan adierazitako zehaztapenak betetzen badira, eta adierazten da ez dela ingurumen eraginaren ebaluazio arruntik egin behar aukera hori hautatzen bada. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta dauzkadan eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Arrazolako (Orbaizeta) autokarabanendako zerbitzugunea eta kanpaldi eremua egiteko proiektuak –Orbaizetako Udala eta Aezkoa ibarreko Batzarra dira sustatzaileak–ondorio nabarmenak ditu ingurumenean itu ingurumenean, eta, beraz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin beharko litzaioke, 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean ezarritako prozeduraren arabera eta aipatu Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideak betez.

2. Arrazola errekara isurketarik egiten ez bada, proiektuak ez du eragin nabarmenik izanen ingurumenean, eta, beraz, ez zaio egin beharko 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusita dagoen ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta, ondoren zehazten den moduan:

Ez da inolako isurketarik eginen Arrazola errekara. Ur grisak eta beltzak bilduko dituen biltegi estanko bat instalatzen ahalko da, aldian-aldian hustuko dena, hondakin urak tratamendu instalazio batera eramateko. Biltegiak errekatik urrun egon beharko du, dela autokarabanendako aparkalekuko zerbitzugunearen ondoan dela atal honen oniritzia duen beste kokapen batean.

Lurra egokitzeko beharrezkoa den lur mugimenduren bat egin aurretik, zotalak eta landare lurra kenduko dira. Izan ere, ingurunea leheneratzeko berrerabiliko dira.

Lur mugimenduek behar-beharrezkoa den azalerari soilik eragin beharko diote, eta, obrak amaitu ondoren, ukitutako eremuak leheneratuko dira. Horretarako, obrak hastean, landare lurrezko geruza kenduko da, eta hondeaketaren gainerako materialetatik bereizita bilduko da, bukaeran lehengoratzeko erabiltze aldera. Landare lurra zabaldu ondoren, eremua profilatuko da, inguruko lurrekin modu egokian bat egin arte, alderdi fisiografikoari dagokionez.

Zanga irekitzeko lanetan, gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare lur geruza kenduko da hasieran; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean jarriko da zanga betetzen denean.

Lurzoru minerala berriz erein beharko da eremuko berezko belar espezieekin.

Oro har, ez da baimentzen ez zuhaitzak ez zuhaitz itxurako sastrakak moztea.

Materialak pilatzeko eta obrako makinen joan-etorrietarako guneak ahalik eta azalera txikiena hartuko du, eta argi mugatuko da lurraren gainean, lanei ekin aurretik. Materialak pilatzeko gunea Arrazola errekatik urrun egonen da. Espresuki debekatuta dago ibai ibilgura edonolako isuriak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia.

Indusketa jarduketak egin aurretik, trazadura birplanteatuko da lurrean. Hain zuzen ere, memorian aurkeztutako planoetan zehaztutakoa. Desberdintasunen bat izanez gero, jakinarazi eta baimendu egin beharko da.

Lanak birplanteatu ondoren, Aezkoa-Kintoa barrutiko Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Atalari jakinarazi beharko zaio (948184715 eta 686502927), betiere, lanok hasi baino lehen.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Orbaizetako Udalari, Aezkoa ibarreko Batzarrari eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Atalari (Aezkoa-Kintoa barrutia), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 10ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2206779