106. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

143E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ofizioz berrikusten baita Berriobeitiko udal-mugartean ibilgailuak desegiteko dagoen instalazioaren eta IP04 hornidura unitatearen ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Desguaces la Cabaña SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua; Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 26ko 0724/2009 Ebazpenaren bidez eman zen, gero Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 5eko 352E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zen, eta, azkenik, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 11ko 353E/2018 Ebazpenaren bidez aldatu zen.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, 2018ko otsailaren 6an, instalazio horren hondakin urak isurtzearen onargarritasunari buruzko beste txosten lotesle bat eman zuen (erreferentzia zenbakia: 2017-S-485), eta 2018ko irailaren 12an aldatu. Bertan baldintza berri batzuk ezarri ziren, ingurumen baimen integratuari erantsi beharrekoak.

Kasu honetan, ondorioztatu da gertatzen direla Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26.4. artikuluaren d) letran aurreikusitako inguruabarrak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen lege hori), eta, horrenbestez, bidezkoa da ofizioz berrikustea ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak, bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatu eta industriako emisioen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16.5 artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ofizioz berrikustea Berriobeitiko udal-mugartean ibilgailuak desegiteko dagoen instalazioaren eta IP04 hornidura unitatearen ingurumen baimen integratua, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Instalazioaren titularra Desguaces la Cabaña SL da.

Bigarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena eguneratzea, hots, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bateginaren –uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia– hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean ageri da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezartzen badu, ez da eragozpen teknikorik izanen hasierako epea, besterik gabe, arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan agertzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan zehaztutakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), eta, subsidiarioki, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea Desguaces la Cabaña SLri, Berriobeitiko Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 11n.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2206976