105. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Kultura-jardueren zerbitzua emateko jardueraren eta prezio publikoaren arau erregulatzailea. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2021eko irailaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Zizur Nagusian kultura-jardueren zerbitzua emateko jardueraren eta prezio publikoaren arau erregulatzailea.

Jendaurrean jarri da, horretarako iragarkia argitaratuz 2022ko urtarrilaren 18ko 12. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udaleko iragarki-taulan. Jendaurrean jartzeko epean ez denez alegaziorik aurkeztu espedienteari buruz, hasierako onespena behin betikoa bilakatzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Zizur Nagusian, 2022ko maiatzaren 10ean.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

ZIZUR NAGUSIAN KULTURA-JARDUEREN ZERBITZUA EMATEKO JARDUERAREN ETA PREZIO PUBLIKOAREN ARAU ERREGULATZAILEA

Arrazoien azalpena

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 18. artikuluko c atalean, 25. artikuluko 2. ataleko m hizkian eta 69. artikuluko 1. atalean aurreikusitakoaren arabera, Toki-korporazioei eskumenak esleitu zaizkie, besteak beste, kultura-jarduera edo instalazioen arloan. Zizur Nagusiko Udalaren ustez, zerbitzu horiek ematea funtsezkoa da auzo-komunitatearen ongizaterako, herritarren bizikidetzaren eta kulturaren sustapenerako, herritar guztiek baitute horretarako eskubidea. Kultur Etxea, Zizur Nagusiko biztanleek parte hartzeko bide eta erreferentzia soziokulturaleko gune izateko lehentasunezko helburuarekin sortu da eta, haren bidez, Zizur Nagusiko Udalak udalerriko herritar guztiei zerbitzuak eskaintzen dizkie, kultura eskuragarriagoa izan dadin eta herritarren parte-hartzea eta asoziazionismoa susta daitezen.

Arau hau, beraz, udal-eskaintza identifikatzeko elementu argia da. Aldi berean, kultura-eskaintzen kudeaketa eta kalitatea errazten duen neurria da.

Arau erregulatzaile honek bi titulu ditu. Lehenengoak zerbitzuaren deskribapena eta hura kudeatzeko arauak jasotzen ditu, aplikazio-eremua mugatuz. Bigarrenak, ordainarazpenaren kudeaketari dagozkion prezio publikoei buruzko arauak jasotzen ditu. Halaber, berariaz aipatzen du Osoko Bilkuraren eskumenak Tokiko Gobernu Batzarraren esku uzten dituela, araudi hau arin eta berehala aplika dezan urtero programatzen diren ikastaro eta kultura-jardueretan. Eskuordetze horren bitartez, arrazoi praktikoak nahiz egutegikoak direla medio, ez da beharrezkoa Osoko Bilkurak jarduera zehatz bakoitzeko ezaugarriak onartu ditzan. Xede horretarako aplikatu dira bai Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (aurrerantzean, TAOL) 23. artikuluko 2. ataleko b letraren bidez onartua, bai Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen (aurrerantzean, TOFL), 35. artikuluko 1. atala; azken epai hori Konstituzioaren arabera onartu da, eta Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak zehazten du (denen erakusgarri, 185/1995 epaia, abenduaren 14koa, eta 233/1999 epaia, abenduaren 13koa). Era berean, azken xedapen bat du, testu hau indarrean noiz sartuko den ezartzen duena. Azkenik, I. eta II. eranskinetan eman beharreko zerbitzuak zerrendatzen dira eta horiei buruzko beste konkrezio batzuk, bai eta tarifak eta horien zehaztapena ere, hurrenez hurren.

I. TITULUA

Zerbitzua

1. KAPITULUA

Zerbitzuaren deskribapena

1. artikulua. Helburua.

1. Xedapen honen helburua, Zizur Nagusiko Udalak antolatutako kultura-jardueren oinarrizko ezaugarriak arautzea da, jarduera horien ondoriozko prezio publikoaren arau orokorrak erregulatuz.

2. Arau honetan ezarritako esparruaren barruan, Udaleko Kultura Zerbitzuak hala eskatuta, kultura-jarduera bakoitzaren ezaugarri zehatzak Kulturako Informazio Batzorde Iraunkorrak erabakiko ditu, eta ondoren, Tokiko Gobernu Batzarrak onartuko ditu.

2. artikulua. Kultura-jardueren edukiak.

1. Zizur Nagusiko Udalak ikastaro eta jarduera kulturalen programa bat eskainiko du, urritik ekainera bitarte.

2. Kultura-jardueren eskaintza, Arau Erregulatzaile honen I. eranskineko araubideen arabera arautuko da.

3. Ordutegiak aldatu egingo dira eskainitako jardueraren eta espazio kulturalen erabilgarritasunaren arabera, eta gehienak arratsaldez izango dira.

4. Jarduera bakoitza gehieneko eta gutxieneko bertaratze-ratioen arabera programatuko da. Ratio horiek parametro gisa erabiliko dira emandako zerbitzuen kalitatea eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko.

5. Euskarazko eta gaztelaniazko kultura-jardueren eskaintza bermatuko da.

3. artikulua. Zerbitzuaren helburuak.

1. Kultura-jarduerak antolatzean eta egitean, zerbitzuaren kalitatea ziurtatu beharko da.

2. Zerbitzuaren helburu orokorrak honakoak dira:

a) Herritarren bizikidetzaren sustapena.

b) Zizur Nagusiko herritarren artean kulturaren sustapena.

c) Zizur Nagusiko herritarren hazkunde pertsonalerako guneen sorrera.

d) Zizur Nagusiko herritarrentzako jolas eta hezkuntza-jardueren eskaintza handitzea.

e) Udal-instalazioen erabilera optimizatzea.

2. KAPITULUA

Zerbitzuaren kudeaketa arauak

4. artikulua. Eremu subjektiboa.

1. Kultur jardueren zerbitzua Zizur Nagusiko biztanle guztientzat izango da, baina beste herri batzuetako pertsonek ere parte hartu ahal izango dute.

2. Izena emateko epea amaitu ondoren egiten diren eskabideak aintzat hartuko dira, baldin eta jarduera bakoitzaren antolamenduak horretarako aukera ematen badu, Udalaren Kultura Zerbitzuak aldez aurretik finkatutako ratioen arabera eta araubide honen 2. artikuluko 4. atala kontuan hartuta.

3. Zizur Nagusian erroldatuta ez dauden eskatzaileen izen-emateak aurkezten direnean, erreserba-zerrenda bat eratuko da, eta aurrekoaren ordezko moduan erantzungo zaio zerrenda horri.

4. Eskaera kopurua jarduera batean eskainitako plaza-kopurua baino handiagoa bada, plaza horiek inskripzio-ordenaren arabera esleituko dira.

5. artikulua. Kontratazioa.

Kultura-jarduerak kontratatzeko, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen xedapenak bete beharko dira.

II. TITULUA

Prezio publikoa

1. KAPITULUA

Ordainarazpenaren kudeaketa

6. artikulua. Oinarria.

Ordainarazpen hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 2. azpiataleko 2. ataleko III. kapituluko Lehenengo Tituluan xedatutakoaren arabera ezartzen da, eta lege horren 28. artikuluan jasotako baimenaren arabera.

7. artikulua. Kopurua.

Tokiko Gobernu Batzordearen esku uzten da kasu bakoitzerako prezio publikoaren tarifak ezartzea, araubide honen 1. artikuluaren 2. atalean aurreikusitako prozedura izapidetu ondoren.

8. artikulua. Ordaintzera behartutakoak.

1. Araubide honetan araututako prezio publikoa ordaintzeko betebeharra jarduerarekin batera doa. Dena den, jarduera hasi aurretik ere zenbateko osoa edo zati bat gordailutzea eskatu ahal izango da, hala xedatzen baitu TOFLaren 34. artikuluak.

2. Izen-ematea iraupen luzeko kultura-jardueretarako egiten bada, ordainketa zatikatu egingo da. Zatikatzea 2 edo 3 ordainketatan egingo da, ikastaroaren iraupenaren arabera.

3. Kultura-jardueraren onuradunek prezio publikoa ordaindu beharko dute, ikastaro edo kultura-jardueraren antolaketa-oinarrietan kasu bakoitzerako ezarritako moduan eta tokian.

4. Prezio publikoa ordaindu behar duen pertsonari egotzi ezin zaizkion inguruabarrengatik zerbitzua ematen edo garatzen ez bada, dagokion zenbatekoa itzuliko da.

5. Behin kultura-jarduera batean izena emanda, eta hura onartuta, edozein arrazoi dela eta erabiltzaileak baja hartu nahi badu, eskaera Kultura Zerbitzuan izapidetuko da, dagokion justifikazio-dokumentazioa aurkeztuta. Udaleko langile eskudunek baloratuko dute eskaera hori, kasu bakoitzean kultura-ikastaroa edo jarduera antolatzeko oinarrietan ezarritako irizpideen arabera.

6. Aipatutako epeetan ordaindu ez diren zorrak premiamendu-prozeduraren bidez eskatuko dira, uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

2. KAPITULUA

Organo eskudunak

9. artikulua. Osoko Bilkuraren eskumenak.

Udalbatzaren Osoko Bilkurak kultura-jardueren zerbitzua emateagatik prezio publikoaren funtsezko elementuak edo elementu eratzaileak zehazteko eskumena izango du.

10. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarraren eskumenak.

Eskaini beharreko kultura-jarduera bakoitzaren ezaugarriak eta, beraz, zerbitzuaren ondoriozko prezio publikoak aldez aurretik zehaztea ezinezkoa denez, Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetzen zaio zerbitzua emateko eta arau hau garatzeko beharrezkoak diren preskripzio guztiak onartzea, bereziki prestazioaren zenbatekoa zehaztea, TAOLen 23. artikuluko 2. ataleko b letran eta TOFLaren 35. artikuluan xedatutakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Arau hau, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

I. ERANSKINA

Kultura Jarduerak

1.–Jarduera mota eta kopurua.

Urtero eskaini beharreko kultura-jarduerak baloratuko dira, bai jarduera-mota, bai jarduera-kopurua.

2.–Gehienezko plaza kopurua.

Eskainitako jarduera bakoitzerako gehieneko plaza kopuru bat egongo da, jardueraren izaeraren eta jarduera egiteko dagoen espazioaren ezaugarrien arabera zehaztuko dena.

3.–Gutxieneko plaza kopurua.

Izen-emate aldia itxi ondoren ezarriko dira behin betiko taldeak, zerbitzua eskaintzeko gutxieneko izen-emate kopuru batekin, zerbitzuaren aurrekontuaren eta kostu osoaren arabera zehaztuko dena.

4.–Taldeen osaera.

Taldeen azken osaera Kultura Zerbitzuak egingo du, izena emateko epea amaitu ondoren, eta zerbitzuaren kalitate-mailari eusteko irizpidea nagusituko da.

5.–Izen-emateak.

Kultur jardueretan izena emateko baldintza, Zizur Nagusian edo Zizur Zendean erroldatuta egotea izango da. Erroldatu gabeko pertsonak erreserba-zerrenda batean jarriko dira. Zerrenda hori taldeak osatzeko erabiliko da, Kultura Zerbitzuak ezartzen dituen beharren eta irizpideen arabera, arau honen 4. artikuluan adierazten den bezala.

Izen-ematea formalizatzeko unean, prezio publikoaren zenbatekoa ordainduko da, arau honen 8. artikuluaren 1. atalean xedatutakoaren arabera.

6.–Epeak.

Kultura-jarduerak irailean eskaini eta urrian hasten dira.

II. ERANSKINA

Prezioak

Jarduera bakoitzerako ordainduko diren prezioak, kasu bakoitzerako Tokiko Gobernu Batzarrak zehaztuko ditu, urtero onartutako aurrekontu-partidaren, zerbitzuaren kostu osoaren eta arau honen 2. artikuluko 4. atalean aipatutako bertaratze-ratioen arabera.

Iragarkiaren kodea: L2206881