105. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

56/2022 FORU DEKRETUA, maiatzaren 25ekoa, maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru dekretu horren bidez, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendua arautu ziren.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eskumena da, besteak beste, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak koordinatzea eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (foru dekretu horren bidez, erakunde autonomo honen estatutuak onetsi ziren).

Nafarroako Berdintasunerako Institutua Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko erakunde autonomoa da, eta hari atxikitzen zaio Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua. Kontseiluaren araubide juridikoa maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretuak osatzen du, horren bidez arautu baitziren Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendua. Gero, foru dekretu hori aldatu zen, apirilaren 11ko 15/2018 Foru Dekretuaren bidez.

Nafarroako Gobernuak herritarren parte-hartzea sustatzeko xedea du, eskubide eta betebeharren jabe diren aldetik, bai eta emakumeen parte-hartze aktiboari lotutako xede berariazkoa ere, eremu publikoan eta erabakiak hartzeko guneetan parte har dezaten.

Gorago aipatu bezala, apirilaren 11ko 15/2018 Foru Dekretuaren bidez maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretua aldatu zen. Zehazki, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren osaera aldatu zen, herritarren ordezkaritza handitzeko eta, azken batean, parte-hartzea hobetzeko emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako politika publikoetan.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen aplikazioak agerian utzi du beharrezkoa dela onetsi diren arauzko agindu berriei estaldura ematea, eta, horrez gainera, arau horren ondoriozko eginkizun berriei erantzun egokia eman behar zaiela.

Horregatik, kontuan hartuta maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretua argitaratu zenetik igaro den denbora (haren bidez arautu ziren Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendua), Nafarroako Berdintasunerako Institutuak beharrezkotzat jotzen du zenbait alderdi eguneratzea, eraginkorragoak izan daitezen, eta alderdi horiek Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean ezarritako araudira egokitzea, batez ere arau horretan berdintasunerako erakundeen antolaketako sistemari buruz ezarritakora.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak berdintasun politiken gaineko eskumen esklusiboa ematen dio Foru Komunitateari, eta emandako eskudantzia horiek daude, hain zuzen ere, eguneratze honen oinarrian.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak bere 10. artikuluan ezartzen duenez, Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko kontsultak egiteko eta parte hartzeko organo gorena Nafarroako Foru Komunitatean. Artikulu horretan zehazten dira haren eginkizunak, atxikipena eta osaera.

Foru lege hori onesteak ekarritako lege aldaketa dela-eta, beharrezkoa da Kontseilua gaur egun arautzen duen araudia arau horretan jasotakora egokitzea, kontuan hartuta bai kontseilukideek historikoki egindako eskaerak, bai Nafarroako Berdintasunerako Institutuak atzemandako premia berriak.

Ildo horretan, komeni da kontseilukideen presentzia erraztea, bertaratzea ekonomikoki garestia izan ez dadin. Horretarako, behar dutenen joan-etorriak eta kilometrajea arautuko dira.

Bestalde, Kontseiluaren bilkura berezirako deia egiteko epeak ere aldatu behar dira, eta epe egokiago bat ezarri. Nolanahi ere, kide gehienak bertaratuko direla bermatzen duen denborarekin eginen da deialdia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak bere 133.1 artikuluan ezartzen duenez, erregelamenduzko xedapenak prestatu baino lehen, iritzia eskatuko zaie datorren arauaren eraginpean gerta litezkeen subjektuei eta ordezkaritza handiena duten erakundeei, eta behar bezala bete da tramite hori.

Ondoren, eta foru lege beraren 132.3 eta 132.4 artikuluetan xedatutakoaren arabera, arauak prestatzeko prozedura hasteko testu arauemaile bat idatzi behar da aldaketa-proposamenarekin, eta bertan zioen azalpen bat jaso beharko da aldatu beharreko xedapen edo artikuluarekin. Arau-proposamen horrekin batera, agiri edo memoria ekonomiko bat aurkeztuko da, sortuko duen kostuaren gaineko kalkulua jasoko duena. Bertan, ondorio ekonomikoak baloratu eta kuantifikatu beharko dira, oraingoak eta etorkizunekoak. Horrez gain, genero arrazoiengatiko eraginari buruzko txosten bat aurkeztuko da, eta, azkenik, irisgarritasunean eta desgaitasunean eraginik duen adieraziko da.

Azkenik, eta aurretik azaldutakoarekin bat etorriz, bidezkoa da aldatzea maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretua, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendua arautzen dituena, lehen aipatutako bi alderdietan; zehazki, 5. artikuluaren 1. zenbakia aldatzen da eta beste zenbaki bat gehitzen da artikulu berean, bederatzigarrena.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko maiatzaren hogeita bostean egin bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzen da maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretua, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendua arautzen dituena.

Maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretua aldatzen da, hots, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendua arautzen dituena.

Bat.–5. artikuluaren 1. zenbakia aldatzen da, eta hemendik aurrera honela idatzita geratuko da:

1. “Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluak urtean bitan eginen du bilkura arrunta, eta bilkura berezia, berriz, kontseiluburuak horretarako deia egiten duenean, bere ekimenez edo ordezkaritza duten kideen heren batek gutxienez eskaturik. Kasu horretan, kideen eskaera Idazkaritzara bidaliko da, bilkurarako aurreikusitako data baino zazpi egun lehenago gutxienez, beharrezko dokumentazioa prestatzeko.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoarekin bat, Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua aurrez aurre zein urrutitik eratu daiteke, eta berdin-berdin bilkuretarako deia egin, bilerak berak egin, erabakiak hartu eta aktak egin.”

Bi.–5. artikuluari 9. zenbakia gehitzen zaio, eta honela idatzita geratuko da:

9. “Kontseiluko kideren batek bilkuretara joateko bizileku duen herritik atera behar badu, joan-etorri horrek sortzen dizkion gastuen ordaina jasoko du, kontzeptu horretarako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario publikoentzat ezarritako zenbatekoen araberakoa. Behar bezala justifikatutako gastuak itzuliko dira, Kontseiluaren deialdietara joateagatik sortutakoak: kilometrajea, indarrean dauden tarifen arabera, edo garraio publikoaren egiaztagiriak.”

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2207778