100. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

118/2022 FORU AGINDUA, maiatzaren 16koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, gutxieneko funtsezko zerbitzuak arautzen dituena LAB sindikatuak deituta Nafarroako Gobernuko haur eskoletan egitekoa den greba dela eta. Greba 2022ko maiatzaren 19an hasiko da, ostegunarekin, egun horretako goizeko 8:00etan, eta ostegunero errepikatuko da denbora-mugarik gabe.

Belén Zúñiga Barberena andreak, LAB sindikatua ordezkatuz, greba deialdia egin du Nafarroako Gobernuko haur eskoletan, 2022ko maiatzaren 19ko (osteguna) goizeko 8:00etan hasita, eta ostegunero errepikatuko da denbora-mugarik gabe. Sindikatu horren arabera, grebaren helburua da Nafarroako haur eskola publikoetako langileen lan baldintzak hobetzea.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartuta dagoen greba egiteko eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Haur eskolak ezin dira arretarik gabe utzi, horrek eragin negatiboa izanen lukeelako haurren guardian, hezkuntzan, zaintzan eta arretan, eta familiei bermatu behar zaielako grebak irauten duen bitartean haurrak behar bezala zainduko direla.

Azpimarratu beharra dago ezen haur eskolen erabiltzaile diren haurren gutxieneko arretaren barruan sartzen direla haien oinarrizko beharrak estaltzeko diren jarduera guztiak, hala nola elikadura, baina, baita ere, zainketa pertsonalari, komunikazioari, kontrolari eta babesari lotutakoak.

Gutxieneko zerbitzu hauek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla pertsona horiek behar duten gutxieneko arreta bermatzeko.

Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da haur horiei zainduak eta artatuak izateko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.

Proposamena LAB sindikatuari bidali zaio, Greba Batzordearen ordezkaria den aldetik.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–Nafarroako Gobernuko haur eskoletan 2022ko maiatzaren 19ko (osteguna) goizeko 8:00etan hasita, ostegunero, denbora-mugarik gabe egitekoa den greba dela eta, honako gutxieneko zerbitzu hauek finkatzen dira greba eskubidea erabiltzeari begira:

Goizeko txandan:

–Zentroko zuzendaritza: 1 langile.

–Haur-hezitzaileak: 3 langile.

–Sukaldea: 1 langile.

Nafarroako Gobernuko haur eskola bakoitzean zentro horietako haurren oinarrizko premiei arreta ematen zaiela eta haurrak zaindu eta arreta egokia ematen zaiela bermatzeko moduko zerbitzuak eman beharko dira. Horretarako, zerbitzu horiek ematen direla bermatzeko adierazi diren langileak egon beharko dira jardunean.

2.–Aurreko zenbakian jasotako funtsezko zerbitzuak enpresako zuzendaritzak izendatuko dituen langileek eginen dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan istiluak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3.–Foru agindu hau Belén Zúñiga Barberena andreari jakinaraztea, LAB sindikatuaren ordezkari gisa, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5.–Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 16an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2207154