100. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

176E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, “Nekazaritzako elikagaien industrietako inbertsioetarako laguntzak” izeneko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 625714

Nekazaritzako elikagaien industriak zutabe sendoa dira Batasuneko landa ekonomiaren oinarrian. Landa ingurunean errotuen dagoen sektore industriala da, lehen sektorearen mugiarazle, eta nekazaritzako produktuen balio erantsia handitzea errazten du. Nekazaritzako enpresen garapenari ematen zaion bulkadak bideraturik egon behar du landa eremuetan enplegua sustatzera eta kalitatezko lanpostuak sortzera, daudenak mantentzera eta enpleguaren sasoiko gorabeherak murriztera. Gainera, sektore hau etengabeko modernizatze prozesuan dago, eta horri esker lehiakorragoa da, gero eta zorrotzagoa den ingurune ekonomikoan.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzkoak, 17. artikuluan aurreikusten du “Inbertsioak aktibo fisikoetan” izeneko neurria. Horrek, halaber, 3 azpineurri ditu, eta hau da horietako bat: “Nekazaritzako produktuak (Tratatuko I. eranskinean jasotakoak edo kotoizkoak, eta arrantzako produktuak salbuesten dira) eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko inbertsio materialak eta immaterialak egiteko laguntza”.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldiko Programak azpineurri hori jasotzen du (4.2 kodea).

Nafarroako Gobernuak 2022ko apirilaren 6an hartutako Erabakiaren bidez, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, deialdi hau ebatz dezan.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nekazaritzako elikagaien industrietako inbertsioetarako laguntzen 2022ko deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 12.000.000 euroko gasturako baimena ematea, 2024ko aurrekontuen partidaren kargura, oraingo gastuen aurrekontuko partida honen parekoa baita: 810007 81200 7701 413102 “LGP LGENF 2014-2020. Dirulaguntzak nekazaritza industrializazioan eta merkaturatzean egindako inbertsioengatik”, kreditu nahikoa eta egokia baldin badago.

Halaber, 2.000.000 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetarako aplikatzeko, eta arautuko baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 9an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da nekazaritzako produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko inbertsioak sustatzea, Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna hobetzeko.

Laguntza hauek Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldiko Programan (LGP) jasota daude, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an eman zuten 1305/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapena laguntzeari buruzkoa zen erregelamendu hura. Edo, hala badagokio, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat, NPEren Plan Estrategikoei dagokienez.

2. oinarria.–Definizioak.

Deialdi honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:

1) “Nekazaritzako produktuak”: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean agertzen direnak, salbu arrantzako produktuak eta akuikulturakoak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1379/2013 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean zerrendatutakoak.

2) “Nekazaritzako produktuak eraldatzea”: nekazaritzako produktu batean egiten den eragiketa, horren emaitza ere nekazaritzako produktua duena. Salbuesten dira lehenbiziko salmentarako ustiategian egiten diren jarduketak, beharrezkoak direnak animalia edo landare produktu bat prestatzeko.

3) “Enpresa txiki eta ertainak” edo “ETEak”: laguntzak eskatzeko unean mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan xedatutako irizpideak betetzen dituztenak izanen dira. Aipatu irizpideak betetzen ez dituzten enpresak “enpresa handitzat” hartuko dira.

4) “Elkarteak”: Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 65.1 a) artikuluan definitutako landako nekazaritzako kooperatibak eta bigarren mailako kooperatibak, kooperatiba-taldeak eta entitate zibilak eta merkataritzakoak, baldin beren kapitalaren %50 gutxienez sozietate kooperatibena bada. Parte-hartzearen portzentajea txikiagoa bada, aplikatu beharreko lehia-baremoa kapitalean izandako portzentajearen proportzioan izanen da.

5) “Kalitatezko ekoizpeneko enpresak”: honako baldintza hauetakoren bat betetzen duten enpresak:

a) Jatorri-deituratan, adierazpen geografiko babestutan edo produktu ekologikotan inskribatutako ETEak eta artisautza-enpresak (Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Artisautza-enpresen Erregistroan inskribatuak). Baldintza hori betetzen dela frogatzen duten ziurtagiriek kasuan kasuko erakundeak emanak izan beharko dute, eta indarrean egon dirulaguntza eskatzeko epean.

b) Kalitatea kudeatzeko edo elikagaien segurtasuna ziurtatzeko nazioartean aitortutako sistemak (ISO familiak, IFS, BRC GlobalGAP eta baliokideak) dituzten enpresak. Baldintza hori betetzen dela frogatzen duten ziurtagiriek kasuan kasuko erakundeak emanak izan beharko dute, eta indarrean egon dirulaguntza eskatzeko epean. Kalitatezko enpresaren baldintza bete beharko da inbertsioen xede den ekoizpen instalazioan.

6) “Elkarte integratuak (EI)”: honako irizpide hauetakoren bat betetzen dutenak:

–Kooperatiben integrazio prozesuak egin badituzte, bat-egitearen edo xurgatzearen bidez, 2010eko urtarrilaren 1etik 2019ko urtarrilaren 1era bitartean.

–Kooperatiben integrazio prozesuak egin badituzte, kooperatiben arteko hitzarmenen bidez, 2010eko urtarrilaren 1etik 2019ko urtarrilaren 1era bitartean.

–Bigarren graduko edo gehiagoko kooperatibak badira edo, kooperatiben integrazio prozesuak egin badituzte 2010eko urtarrilaren 1a baino lehen, eta 10 milioi eurotik gorako fakturazioa badute azkeneko ekitaldi ekonomikoan.

–Lehentasunezko elkartetzat (LE) aitortuta badaude, edo LE batean sartuta badaude, aplikaturik Nekazaritzako elikagaien arloko kooperatibak eta beste elkarte batzuk sustatzeko abuztuaren 2ko 13/2013 Legean xedatutakoa.

7) “Kooperatiben integrazio prozesuan dauden elkarteak (KIPE)”: honako irizpide hauetakoren bat betetzen dutenak:

a) Kooperatiben integrazio prozesu bat hasia badute, bat-egitearen edo xurgatzearen bidez, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera; edo bigarren mailako kooperatibak eta lehentasunezko elkarteak (LE) badira, lehen aipatu datatik aurrera kooperatiba gehiago gehitu badituzte (KIPE-KHA).

b) Kooperatiben integrazio prozesu bat hasia badute, kooperatiben arteko hitzarmenen bidez, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera. (KIPE-KHA).

8) “Ekoizpen instalazio berriak”:

a) Nafarroan berria den enpresa batek egindako hasierako inbertsioak: ekoizpen instalazio berri bat abiarazteko inbertsioak, produkzioa 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten bada eta instalazio hori Nafarroan dagoen enpresa bati loturik ez badago. Loturik dagoen enpresaren definizioa Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan dago xedatua.

b) Nafarroan dauden enpresen ekoizpen instalazio berriak: Nafarroan dagoen enpresa batek edo horri lotutako enpresa batek egindako inbertsioak, ekoizpen instalazio berri bat martxan jartzeko, produkzioa 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten bada eta instalazioa kokatzen ez bada eskatzailearen edo horri lotutako enpresen inbertsioak zeuden tokian. Loturik dagoen enpresaren definizioa Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan dago xedatua.

Kokaleku desberdintzat jotzeko, lantegiaren zerbitzu eta ekoizpen jarduera guztien funtzionamendu autonomoa bermatu beharko da, beharrezkoa izan gabe aldez aurretik dauden eraikinak konektatzea edo partekatzea azpiegiturekin eta ekoizpen instalazioekin edo instalazio lagungarriekin, telekomunikazioetakoak izan ezik.

9) “Industria instalazio berriak azpiegitura partekatuko industrialdeetan”: industrialdeetan ezarritako enpresa instalazio berriak, baldin eta industrialde horiek lurruna, gasa eta argindarra oinarri dituen trigenerazioa eskaintzen badute, bai eta hondakinen kudeaketa eta/edo uren arazketa bateratua ere.

10) “ONN”: ogibide nagusia nekazaritza dutenak edo bazkideen edo zuzendaritza kontseiluko kideen erdiek baino gehiagok izaera hori duten elkarteak.

11) “Kapitalizazio ertaineko enpresak (midcap-ak)”: 3. apartatuko definizioaren arabera ETEak ez diren eta 3.000 langile baino gutxiago dituzten enpresak, elkartutako edo lotutako enpresak aintzat hartu gabe.

12) “Lanen hasiera”: lanen hasierako datatzat hartuko da hauetako lehena:

a) Inbertsioan eraikitzeko lanen hasierako data, edo

b) Ekipamenduak eskatzeko konpromiso irmoaren data, edo inbertsioa itzulezin bihurtzen duten eraikitzeko lanen bestelako konpromiso baten data.

Ondorio horietarako, ez dira lanen hasieratzat hartuko lurrak erostea edo prestatze lanak, hala nola baimenak edo lizentziak lortzea eta bideragarritasunari buruzko aurretiko azterketak egitea (teknikarien zerbitzu-sariak, bideragarritasun ekonomikoa, teknikoa, geoteknikoa, merkatukoa eta antzekoak aztertzeko ikerketen gastuak eta baimenekin loturiko gastuak).

13) “Amaitutako inbertsioa”: materialki amaituta dagoen hori edo erabat gauzatu den hori, osorik ordaindu dena eta onuradunaren esku dagoena.

14) “Ez exekutatzea”: 12. oinarrian ezarritakoaren ondorioetarako, ez-exekutatutzat joko da eskaeran aurreikusitako inbertsio elementu oso bat ez egitea. Inbertsioa ez da ez exekutatutzat hartuko baldin eta diruz lagungarria ez bada oinarri hauetan ezarritako epetik kanpo exekutatzeagatik edo hori bezalako ez-betetzeren batengatik.

15) “Balorazio batzordea”: honako hauen titularrek osatutako organoa da: Industria Sustatzeko Zerbitzua, Nekazaritzako Elikagai Industriak Sustatzeko Atala, Industrian Inbertsioa Sustatzeko Atala eta Nekazaritzako Elikagaien Enpresentzako Laguntzen Bulegoa. Batzordea eratzeko behar den quoruma: lau kideetatik hiru, gutxienez.

16) “Ekitaldi fiskala”: Urte naturalarekin bat ez badator, ulertuko da ekitaldi fiskala hura hasten den urteari dagokiona dela (adibidez: epea 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartekoa bada, ekitaldi fiskala 2021a izanen da).

17) “Eskaeran aurreikusi gabeko funtsezko aldaketak edo inbertsio berriak”: teknologia-aldaketa dakarren, beste funtzio bat betetzen duen edo laguntza-eskaeran aurreikusitako inbertsioaz bestelako funtsezko ezaugarri teknikoak dituen inbertsioa. Bestalde, “eskaeran aurreikusi ez den inbertsio berria” egin dela ulertuko da eskaeran sartutako inbertsio baten unitateen kopurua handitzen denean.

18) “Aldaketa txikiak”: funtzionaltasun bera mantenduta, behar tekniko berak asetzen dituzten inbertsioak, errendimendua, energia-kontsumoak eta mantentze-lanak kontuan hartuta.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradunak izaten ahalko dira hurrengo baldintzak betetzen dituzten enpresak (pertsona fisiko edo juridikoak) eta nortasun juridikorik gabeko entitateak:

a) Dirulaguntzaren xedeko jarduera Nafarroan egitea.

b) Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean agertzen diren nekazaritzako produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko jardueraren bat egitea. Salbuespena dira arrantzaren sektoreko enpresak, baita beren emaitza den produktua I. eranskinean jasota ez dutenak ere.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

f) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du.

Baldintza hori laguntza eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu behar da hori.

Laguntzen eskaerak berekin dakar baimena ematea laguntzen organo kudeatzaileak egiazta dezan enpresa alta emanda dagoela Nafarroako Ekonomia Jardueren gaineko Zergan, eta zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak, egiaztatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena ematen den unean.

2. Nortasun juridikorik ez duten eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkien betebeharrak betetzeko adinako ahalmena duena.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskaeran zer konpromiso hartzen dituen bere gain unitateko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

3. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da 1. apartatuan eskatutako baldintzak betetzen direla, eta laguntzak eskatzeko unean aurkeztuko da.

4. Laguntzaren onuradun den enpresari sozietate berri batean bat egiteko edo xurgapen bidez bat egiteko prozesu batek eragiten badio, laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinarazi beharko dio. Behar den bezala egiaztatu beharko da aldaketa hori, eta, ondorengo denak oinarri hauetan onuradun izateko ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

Halaber, enpresa onuradunak sozietate-mota aldatzen badu, nortasun juridikoari eutsita, hala jakinarazi beharko zaio laguntzak kudeatzen dituen organoari.

5. Unibertsitate publikoak, erakunde autonomoak eta sozietate eta fundazio publikoak ezin dira laguntza hauen onuradun izan.

4. oinarria.–Inbertsio proiektuen betebeharrak.

1. Aktibo material edo immaterialetan inbertsioak egiteko proiektuak diruz lagungarriak izan daitezen, helburu hauek izan behar dituzte:

a) Eraldaketan eta merkaturatzean hobekuntzak egitea.

b) Produktuaren balio erantsia handitzea.

c) Kalitatea hobetzea.

d) Ekoizteko ahalmena handitzea.

e) Efizientzia, energian eta inputen erabileran.

f) Enpleguaren handitzea.

g) Jardueren dibertsifikatzea.

h) Ingurumena babestea.

i) Laneko segurtasuna.

j) Establezimendu berri bat sortzea.

k) Lehendik dagoen establezimendu bat handitzea.

2. Inbertsio proiektuak osorik exekutatu behar dira laguntza eskatu den egunetik 2024ko ekainaren 30era arte, edo laguntza emateko ebazpenean ezartzen den bukatzeko egunera arte.

Ondorio horietarako, proiektuak osorik exekutatutzat hartuko dira baldin eta inbertsio diruz lagungarriak aipatu epean fakturatuta, ordainduta eta onuradunen eskuetan badaude, 5.1 c) oinarrian ezarritako salbuespenekin.

Inbertsioa ezarritako epea baino lehen hasi ez dela egiaztatze aldera, Industria Sustatzeko Zerbitzuko langileek eskatzailearen instalazioak bisitatuko dituzte. Inbertsioak ez direla hasi edo egin egiaztatuko dute eta bisitaren emaitzaren akta eginen dute.

Proiektuak exekutatzeko eta justifikatzeko epea luzatzeko eskatzen ahalko da, 13.2 oinarrian aipatzen den moduan.

3. Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuak honako aurrekontu hau izanen du gutxienez, ekoizpen instalazioko langile kopuruaren arabera (2021eko batez besteko plantilla):

LANGILEAK

GUTXIENEKO AURREKONTUA

10 baino gutxiago

15.000 euro

10 eta 49 artean

50.000 euro

50 eta 249 artean

100.000 euro

250 edo gehiago

300.000 euro

4. Enpresak Nafarroan duen ekoizpen instalazio bakoitzeko inbertsio proiektu bakarrak jaso dezake dirulaguntza.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten inbertsio proiektuen gastuak dira diruz lagungarriak:

a) Honako xede hauek dituztenak:

1. Ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo hobetzea. Kontzeptu horrek hartzen ditu:

–Eraikinaren obra zibila, saneamenduko eta iturgintzako instalazioak barne, baita kalitate-kontrolaren eta hondakinen kudeaketaren kostuak ere.

–Kanpoko urbanizazioaren obra zibila, barne daudela bideak, hesiak, aparkatzeko eremuak eta abar.

–Instalazio berezien obra zibila; esaterako, hotz-ganberen itxiturak, siloak, araztegiak, makineria eta ekipamenduak instalatzeko oinarriak, suteen kontra babesteko instalazioak eta industriako erabilerarako putzuak eta ur-harguneak.

–Obra zibileko proiektuen gastu orokorrak eta mozkin industriala, honako muga hauekin: proiektuko aurrekontuaren edo memoria tekniko baloratuaren gaineko %17 (gastu orokorretan) eta %6 (mozkin industrialean).

–Segurtasuna eta osasuna, obra zibileko proiektuarekin lotuta.

2. Makineria eta ekipamendu berriak erostea edo errentamendu finantzarioan hartzea, erosteko aukerarekin, produktuak duen merkatuko balioa edo gutxiago ordainduta. Kontzeptu horrek hartzen ditu:

–Makineria eta bestelako ekipamendu-ondasunak (informatikako ekipamenduak barne) eta ekoizpen instalazio berariazkoak, baita berokuntzako, hozketako / hotz industrialeko, aire girotuko, aire konprimituko eta autokontsumorako eguzki-paneletako instalazioak ere. Halaber, elektrizitate eta/edo gas hornidurak instalatzeko eta horien harguneak ezartzeko beharrezkoak diren kostuen gastuak ere sartzen dira, harguneen titulartasuna azken finean norena den kontuan hartu gabe.

–Makineria edo ekipamendurako inbertsioarekin loturiko segurtasuna eta osasuna, baldin eta inbertsioak ez badu obra zibila exekutatzea ekartzen.

3. Honako aktibo immaterialetan inbertsioak egitea: programa informatikoak eskuratzea edo garatzea eta patenteak, lizentziak eta egile eskubideak eta marka erregistratuak eskuratzea.

4. Goian aipatu 1. eta 2. helburuekin loturiko bestelako gastuak; esaterako, arkitektura eta ingeniaritza enpresen zerbitzu-sariak edo obra zibileko inbertsioekin loturiko tributuak, horien gastuen %20 gehienez. Kontzeptu horrek hartzen ditu:

–Proiektua prestatzeagatik eta obra zuzentzeagatik ordaindu beharreko zerbitzu-sariak.

–Tasazioko zerbitzu-sariak.

–Aholkularitza teknikoko zerbitzu-sariak.

–Azterketa geodesikoetako gastuak.

–Bideragarritasun azterketak.

–Jarduera, obra eta irekitze lizentziengatik ordaindutako tributuak.

Ez da diruz lagunduko laguntza eskaeraren tramitazioarekin eta kudeaketarekin lotutako inongo gasturik.

b) Nafarroan kokatutako ekoizpen instalazioetan egiten diren inbertsioak, 4.1 oinarrian zehaztutako helburuetako bat lortzeko zuzenean laguntzen baldin badute.

c) 4.2 oinarrian ezarritako epealdian egin direnak. Ondorio horietarako, egindako gastutzat hartuko da epealdi horretan fakturatu eta ordaindu dena.

Baldintza hori bete beharretik salbuesten dira 4. puntuko a) letrako gastuak. Horiek 2020ko ekainaren 1aren ondokoak izan daitezke.

d) Enpresaren ibilgetuan aktibatzen direnak, proiektua identifikatzen duten kontu espezifikoetan.

e) 6. oinarrian aipatzen den kostuen moderazioa betetzen dutenak.

2. Errentamendu finantzarioaren bidez aktiboak eskuratzea diruz lagundu daiteke baldin eta eragiketa oinarri honen 1. apartatuko c) letran adierazitako aldian egiten bada, eta enpresak konpromisoa hartzen badu ondasuna erosteko aukera gauzatzeko, eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaintzea ekarriko duena.

Diruz lagungarriak izanen dira BEZa ordaintzen denetik proiektua justifikatu arteko kuota ordainduak bakarrik. Eta ez dira diruz lagungarriak izanen eragiketarekin lotutako gastuak; esaterako, errentatzailearen marjinak, interesak, gastu orokorrak eta aseguruen gastuak.

3. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) 2.500 eurotik beherako zerga-oinarria duten inbertsio proiektuaren elementuak.

b) Lursailak, urbanizatu gabeko lurrak urbanizatzeko obrak (deialdi honen ondorioetarako, lur horiek bideen, ur saneamendu/horniduraren eta energia horniduren sareak ez dituztenak dira) eta horiek eskuratzearekin loturiko gastuak (notariotzak, zergak eta antzekoak).

c) Luxuzko gastuak.

d) Proiektuaren xedea aintzat hartuta, laguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz neurriz kanpokoak direnak.

e) Aipatu 4.1 oinarrian ezarritako helburuetako batekin edota ekoizpen eta/edo merkaturatze prozesuarekin lotura zuzenik ez dutenak.

f) Enpresako langileek ibilgeturako egindako lanak.

g) Eskaeraren eguna baino lehenagoko fakturekin edo ordainketa aurreratuekin justifikatutako gastuak, salbu eta 1. apartatuaren a) letrako 4. puntuko gastuak.

h) Eratzeko eta lehenbiziko aldiz ezartzeko gastuak.

i) Aktiboak birjartzeko, mantentzeko eta ordezteko inbertsioak, salbu eta ekoizteko ahalmena handitzen badute teknologiarengatik, errendimenduarengatik edo prestazioengatik.

j) Ibilgailuak, barnean erabiltzekoak salbu; esaterako, orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak.

k) Makineria eta ekipamendu erabiliak.

l) Zorraren interesak eta BEZa, salbu eta onuradunak ezin badu berreskuratu.

m) Eraikinak edo lokalak erostearekin zerikusia dutenak, baldin eta diruz lagunduak izan badira deialdi hau argitaratu aurreko 10 urteetan.

n) Enpresak eskuratzea.

o) Eskudiruzko ordainketak.

6. oinarria.–Kostuen moderazioa eta enpresa hornitzailea hautatzeko justifikazioa.

1. Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa edozein izanda ere, onuradunak ziurtatu behar du efizientzia eta ekonomia irizpideak hartu dituela kontuan enpresa hornitzailea hautatzean. Horretarako, “Enpresa hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia aurkeztu behar du 13. oinarrian araututako justifikazioa egiten duenean, baita, gutxienez, hiru eskaintza independente ere (haien artean eta eskatzailearekin lotuta ez dauden enpresenak), oinarrian ezarritako salbuespen kasuetako bat ez bada.

2. Eskaintzek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) 2020ko urtarrilaren 1a baino geroagokoak eta obra kontratatu, zerbitzua egin edo ondasuna eman baino lehenagokoak izatea.

b) Elkarren artean alderagarriak izatea eta inbertsio elementu berari lotuta egotea, emandako deskribapen teknikoan alderatzen diren elementuak antzekoak direla ondorioztatzeko. Eskatzaileak aski informazio eman behar du organo kudeatzaileak alderaketa egin ahal izateko.

c) Eskaintza garestienaren prezioa merkeenarena baino bi aldiz handiagoa denean, justifikatu beharko da zergatik ez dauden prezio antzekoak dituzten eskaintza gehiago.

d) Eskaintza faltsurik aurkeztuz gero, emandako dirulaguntza galduko da eta hasiera emanen zaie dagozkion legezko ekintzei.

3. Onuradunak ez ditu hiru eskaintza aurkeztu behar jarraian ematen diren kasuetan, justifikatu behar dituenak txosten tekniko-ekonomiko bidez eta eskaintzaren balioa merkatukoa dela frogatuz:

1. Justifikatzen duenean ezen, merkatuaren edo aktiboaren ezaugarrien berezitasunak direla eta, merkatuan ez dagoela behar adina entitate hornidura hori egiteko enpresak eskatzen dituen baldintzetan.

2. Enpresan instalatutako beste aktibo batzuekin kontroleko software bidez elkar lotutako aktiboak badira, eta frogatzen bada aktibo horiek batera izatearen ondorioz eragiketa-kostuak nabarmenki murrizten direla.

3. Aktiboa aukeratutako hornitzailearekin aurretik izandako proiektu, garapen edo lankidetza baten ondorioa denean.

4. Inbertsio elementuaren balioa 1.000.000 euro baino handiagoa denean eta eskaintza bakarra aurkezten denean, peritu-tasazio independentea aurkeztu beharko da.

4. Orokorrean, eskaintzarik merkeena lagunduko da diruz, efizientzia tekniko eta ekonomikoaren arrazoiek ez badute justifikatzen beste bat aukeratzea.

Obra zibileko inbertsioetan, proiektuaren aurrekontua eskaintza merkeenaren %70 baino txikiagoa bada, aurkeztutako eskaintzen bidezkotasuna aztertuko du balorazio batzordeak.

7. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzaren zenbatekoa enpresaren eta inbertsio proiektuaren ezaugarrien arabera zehaztuko da, jarraian adierazten den bezala.

Laguntzaren intentsitatea atal honetan adierazitako ehunekoen batura izanen da, eta inbertsio proiektuaren gastu diruz lagungarrien oinarriari aplikatuko zaio, 2. apartatuan ezarritako gehieneko mugarekin.

a) Enpresaren tamaina laguntzak eskatzeko unean:

Tamaina

Laguntza (%)

Handia

3

ETEa

8

b) Elkartea izatea:

Elkarte motak

Laguntza (%)

Elkartea (2.4 oinarria)

4

Elkarte integratua (2.6 oinarria)

8

c) Enpresaren esportazioa, fakturazioaren portzentajean (2020ko edo itxitako azken ekitaldi fiskaleko datuen arabera):

Esportazioaren %

Laguntza (%)

≥ 10% eta <30%

1

≥ %30

2

d) Enpleguaren kalitatea - Enplegu mugagabea. Batez besteko enplegu mugagabearen portzentajea enpresan 2021. urtean:

Kontratu mugagabeen kopurua / Kontratu kopurua guztira

Laguntza (%)

≥ %80 eta < %90

1

≥ %90 eta < %95

2

≥ %95

3

Batez besteko portzentaje hori kalkulatzeko, aintzat hartuko da lan bizitzaren txostena honako data hauetan: 2021-03-31, 2021-06-30, 2021-09-30 eta 2021-12-31.

e) Enpleguaren kalitatea - Prestakuntza. Prestakuntza enpresan (laguntza, %2): 2021ean prestakuntza programetan parte hartzea, gutxienez prestakuntzako 10 ordu egin badira langileko, aukera hauetako baten bidez eginak:

–Gizarte Segurantzako kuoten hobariaren bidez.

–Kontratatzeko konpromisoa duen prestakuntzarako laguntzen deialdiak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (NL-NEZk) eginak.

–NL-NEZren prestakuntza proiektu bereziak.

–Bestelako prestakuntza, NL-NEZk egindako aldeko txostena izan behar duena.

f) Enpleguaren kalitatea - Genero-berdintasuna. Emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat hartzea (laguntza, %1):

1. Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esaterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen “Reconcilia zigilua”, eta abar).

2. Zuzendaritza-postuetan %30, gutxienez, emakumeak izatea. Neurri hori justifikatzeko, enpresak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagiri horretan, onartutako eta/edo ikuskatutako azken urteko kontuetan jasotako zuzendaritza-postuen guztizkoari dagokionez, zuzendaritza-postuetan dauden emakumeen ehunekoa adieraziko da. Modu horretan ezin bada justifikatu, Merkataritza Erregistroak zuzendaritza-karguei buruz emandako ziurtagiriaren bidez edo enpresako Zuzendaritza Batzordeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

3. 50 langile baino gutxiago dituen enpresa bada, legez berdintasun-plana izatera behartuta ez dagoenez, honako hauek baloratuko dira:

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-plan bat izatea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua.

–Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak edo berdintasuna sustatzeko beste batzuk aplikatu izana; eta hori, enpresaren eta langileen ordezkarien artean sinatutako dokumentu baten bidez frogatuko da.

–Laneko sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko protokolo bat edo neurri espezifikoak onartu edo zabaldu izana; hori aurreko neurrian bezala egiaztatuko da.

g) Enpleguaren kalitatea - Desgaitasuna. Desgaitasun maila %33koa edo handiagoa duten plantillako langileen kopurua 2021. urtean. Kalkulatzeko, 7.1 d) oinarrian aipatu datetako lan bizitzari buruzko txostenak erabiliko dira, edota urtarrilaren 14ko 27/2000 Errege Dekretuan aurreikusitako neurri alternatiboak ere.

plantillan desgaitasuna dutenen % (neurri alternatiboak barne)

Laguntza (%)

≥ %2

1

≥ %4

2

≥ % 6

4

h) Kalitatezko ekoizpeneko enpresak. “Kalitatezko ekoizpeneko enpresatzat” hartzeko baldintzak, oinarri honen 5) definizioan ezarriak:

“Kalitatezko ekoizpeneko enpresatzat” hartzeko baldintzak

Laguntza (%)

a) edo b) betetzen du

1

a) eta b) betetzen ditu

2

i) Kooperatiben integrazioa. Nafarroako nekazaritzako elikagaien enpresen eta nekazaritzako kooperatiben integrazioa sostengatzeko neurriak:

Kooperatiben integrazioa

Laguntza (%)

Integrazio prozesuan dagoen kooperatiba (kooperatiben arteko hitzarmena)

4

Integrazio prozesuan dagoen kooperatiba (bat-egitea edo xurgapena)

16

j) Inbertsioaren kokapena (eremu geografikoa):

Kokalekua

Laguntza (%)

5.000 biztanletik beherako udalerri batean (2020ko urtarrilaren 1ean), Iruñeko metropoli-eremuan sartutakoetan izan ezik (*)

5

(*) Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 4ko 16/2021 Foru Agindua (2021ko 38. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 18koa).

k) Inbertsioaren kokapena: azpiegitura partekatuko industrialde batean kokatutako establezimendua: laguntza, %5.

l) Ekoizpen instalazio berria:

Ekoizpen instalazio berria

Laguntza (%)

Nafarroan kokatutako enpresen ekoizpen instalazio berriak (2.8 b) oinarria)

4

Nafarroan berria den enpresa (2.8 a) oinarria)

13

m) Makineriako inbertsioaren zenbatekoa. Makineriaren eta horri erantsitako instalazioen portzentajea, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:

makineriaren eta horri erantsitako instalazioen % (aktibo immaterialak barne)

Laguntza (%)

≥ 25% eta <50%

1

≥ 50% eta <75%

2

≥ %75

3

n) Enpresa dibertsifikatzeko inbertsioak:

Enpresa dibertsifikazioa

Laguntza (%)

Aurrez egindako jarduerez bestelako jarduera bat, EJSNaren 4. digituari dagokionez

2

Aurrez egindako jarduerez bestelako jarduera bat, EJSNaren 3. digituari dagokionez

4

o) I+Gko proiektuen ondoriozko inbertsioak (inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez). Zuzenean eta modu agerikoan I+Gko proiektu baten ondorio diren inbertsioak baloratuko dira, dena delako proiektua hala kalifikatu duenean horretarako baimendua dagoen erakunde batek edo entitate publiko batek:

I+Gko proiektu baten ondoriozko inbertsioa

Laguntza (%)

≥ 2% eta <10%

1

≥ %10

2

p) Proiektuak enpleguan duen eragina:

Enpresak guztira sortutako enplegua baloratuko da. Horretarako, enpresak sortutako enpleguaren balioa (SE) erabiliko da. Balio hori honela lortzen da: 2021-01-01etik 2021-12-31ra bitarteko aldian alta-egoeran zeuden langileen plantillaren batez besteko balioa ken 2023-07-01etik 2024-06-30era bitarteko aldiko balioa, edo, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean inbertsioak amaitzeko agertzen den dataren aurreko hamabi hilabeteko aldiko balioa.

SE balioa

Laguntza (%)

5 ≤ SE < 10

1

10 ≤ SE < 15

2

15 ≤ SE < 20

3

20 ≤ SE< 25

4

SE ≥ 25

5

q) Lehentasunezko sektoreak:

Lehentasunezko sektoreak

Laguntza (%)

Zerealak, frutak eta barazkiak, oliba olioa eta haragiak

1

Esnekiak

2

Pentsuak ekoizten dituzten enpresek zereala erabiltzen badute pentsu horiek formulatzeko, enpresa horiek “zerealak” lehentasunezko sektoretzat hartuko dira.

2. Gehieneko dirulaguntza 2.000.000 eurokoa izanen da ekoizpen instalazio bakoitzeko. Eta inolaz ere ez dira gaindituko taula honetan zehaztutako laguntzen gehieneko intentsitateak:

Enpresaren tamaina eta mota

Laguntza (%)

Enpresa handia

14

ETEa

17

Elkartea

20

Kooperatiben arteko hitzarmenen bidezko integrazio prozesuan dagoen elkartea (KIPE-KAH; 2.7 b) oinarria)

23

Bat-egitearen edo xurgatzearen bidezko integrazio prozesuan dagoen elkartea eta bigarren mailako kooperatibak edo lehentasunezko elkarteak (LE), kooperatiba gehiago gehitu badituzte (KIPE-BXG; 2.7 a) oinarria)

28

3. 1. apartatuko j), k), m), n), o) eta p) letretan aurreikusitako laguntza intentsitatea lortzen duten onuradunek baldintza berberak mantendu beharko dituzte laguntza ordaindu aurretik egiten den egiaztapenean; bestela, laguntzaren portzentajea murriztuko zaie.

8. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2022ko azaroaren 30ean bukatuko da, egun hori barne.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Laguntzen eskaera telematikoan adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan. GHEa 20. oinarrian aipatutako moduan eskuratu daiteke.

3. Dokumentazio hau aurkeztu behar da laguntza eskatzeko, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera:

a) Eskaera-orria.

b) Enpresa eta inbertsio proiektua deskribatzen dituen memoria tekniko eta ekonomikoa.

c) Inbertsio elementu bakoitzeko aurrekontu bana, aski zehaztuta.

d) Onuradun izateko baldintzak (3. oinarriarenak) betetzearen erantzukizunpeko adierazpena.

e) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren lan bizitzari buruzko txostenak, egun hauetakoak: 2021/03/31, 2021/06/30, 2021/09/30 eta 2021/12/31.

f) Batez besteko plantillaren gaineko txostena, 2021-01-01etik 2021-12-31ra bitartean altan ziren langileei dagokienez.

g) Genero berdintasuna sustatzeko neurriak aplikatzeagatik ematen den laguntza frogatzeko dokumentazioa (7.1 oinarriaren f) letra).

h) Ingurumen baimena, jardueraren eta inbertsio proiektuaren araberakoa (ingurumen baimen integratua –IBI–, jarduera sailkatuko udal lizentzia, ingurumen-inpaktuaren adierazpena –IIA– eta abar).

i) Obra zibileko jarduketen kasuan, obra-lizentzia edo, hori ez bada, dagokion udalean egindako eskaeraren gordekina.

j) Hala badagokio, aurkeztu behar den dokumentazio osagarria (laguntzen fitxan zehaztuko dena).

4. Aurkeztutako dokumentazioak betetzen ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Industria Sustatzeko Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

9. oinarria.–Norgehiagoka.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, 10. oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten proiektuei 7. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean jakinaraziko zaie eskatzaileei proiektuak baloratzeko prozedura hasi dela, eta jakinarazpen horretan adierazitako egunetik hasi eta laguntza emateko ebazpena eman arte ez da onartuko proiektuaren aldaketarik.

10. oinarria.–Inbertsio proiektuak baloratzeko irizpideak.

1. Hauek dira inbertsio proiektuak baloratzeko irizpideak:

1.1. Enpresa irizpideak (31 puntu, gehienez ere):

1.1.1. Enpresaren tamaina:

Tamaina

Puntuazioa

Handia (> 3.000 langile plantillan)

0

Midcap-a (≤ 3.000 langile plantillan)

4

ETEa

8

1.1.2. Enpresaren hazkundea:

Hazkunde enpresariala (enpresaren 2020ko salmentak / enpresaren 2015eko salmentak)

Puntuazioa

< 1,00

0

≥ 1,00 eta <1,20

1

≥ 1,20

2

1.1.3. Enpleguaren kalitatea: enpresako enplegu mugagabearen ehunekoa 2021ean (7.1 d) oinarriaren arabera):

Kontratu mugagabea duten pertsonen kop. / Kontratatutako pertsonen kop.

Puntuazioa

< %70

0

≥ %70 eta < %80

2

≥ %80 eta < %90

3

≥ %90 eta < %95

4

≥ %95

5

1.1.4. Kalitatezko ekoizpena: kalitatezko ekoizpeneko enpresatzat hartzeko baldintzak, 2. oinarriaren 5) definizioan ezarriak:

Kalitatezko ekoizpeneko enpresatzat hartzeko baldintzak

Puntuazioa

Ez du betetzen ez a) ez b)

0

a) edo b) betetzen du

5

a) eta b) betetzen ditu

8

1.1.5. Elkarteak: elkarteak eta lehentasunezko elkarteak (LE), Nekazaritzako elikagaien arloko kooperatiben eta beste elkarte batzuen integrazioa sustatzeko abuztuaren 2ko 13/2013 Legearen aplikazioaren arabera:

Lehentasunezko elkarteak

Puntuazioa

Ez elkartea

0

Elkartea (2.4 oinarria)

4

Elkarte integratua (EI) (2.6 oinarria)

6

Nekazaritzako elikagaien kooperatiba-sozietateek %50etik beheragoko partaidetza duten entitateen kasuan, baremo aplikagarria entitatearen kapital sozialeko partaidetza-ehunekoaren araberakoa izanen da.

1.1.6. ONN. Ogibide nagusia nekazaritza (ONN) duten bazkideen parte-hartzea, edo bazkideen edo zuzendaritza kontseiluko kideen erdiek baino gehiagok izaera hori duten elkarteak: 2 puntu. Irizpide hau bateraezina da 1.1.5 irizpidearekin

1.2. Kokapen irizpidea (8 puntu, gehienez ere):

1.2.1. Ekoizpen instalazioaren kokapena:

Kokalekua

Puntuazioa

Iruña

0

Iruñerrian, Iruñean izan ezik (Nafarroako Lurralde Estrategiaren 10.4 azpieremua)

3

Iruñerritik kanpo (Nafarroako Lurralde Estrategiaren 10.4 azpieremua)

6

5.000 biztanletik beherako udalerrian (2020ko urtarrilaren 1ean)

8

1.3. Proiektu irizpideak (61 puntu, gehienez ere):

1.3.1. Kooperatiben integrazio prozesuan dauden elkarteak (KIPE), 2.7 oinarriaren definizioaren arabera.

Integrazio prozesuan dauden elkarteak

Puntuazioa

Kooperatiben arteko hitzarmenen bidezko integrazio prozesuan dagoen elkartea (2.7 oinarria)

2

Bat-egitearen edo xurgatzearen bidezko integrazio prozesuan dagoen elkartea eta bigarren mailako kooperatibak edo lehentasunezko elkarteak (LE), kooperatiba gehiago gehitu badituzte (2.7 oinarria)

6

1.3.2. Energia efizientziaz erabiltzea. Mota hauek bereizten dira:

a) Hondarreko energiez baliatzea.

b) Energia berriztagarriak erabiltzea.

c) Energia kontsumitzen duten ekipamendu eta instalazioak aldatzea edo erostea, eta haien ordez efizientzia handiko teknologiak edo eskura dagoen teknologia hoberena erabiltzen dituzten ekipamendu eta instalazioak ezartzea, energiaren kontsumoa gutxitzeko.

Efizientzia energetikorako inbertsioaren zenbatekoa/ inbertsio diruz lagungarriaren zenbatekoa guztira (%)

Puntuazioa

= %0

0

> %0 eta < %10

1

≥ %10 eta < %20

2

≥ %20 eta < %30

4

≥ %30 eta < %40

6

≥ %40

7

Azpiegitura energetikoak beste enpresa batzuekin partekatzen dituzten enpresek, 2.9 oinarrian zehaztutako industrialde batean kokatuta baldin badaude, 5 puntu izanen dituzte kontzeptu honengatik bakarrik.

1.3.3. Ekoizpen instalazio berria

Ekoizpen instalazio berria (2.8 oinarria)

Puntuazioa

Nafarroan kokatutako enpresen ekoizpen instalazio berriak

10

Enpresa berria Nafarroan

15

1.3.4. Makineriari eta aktibo immaterialei dagokien inbertsioaren zenbatekoa. Aktibo immaterialen, makineriaren eta horri erantsitako instalazioen portzentajea, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:

Makineriaren eta horri erantsitako instalazioen %

Puntuazioa

< %25

0

≥ 25% eta < 50%

3

≥ 50% eta < 75%

6

≥ %75

8

1.3.5. Berrikuntza produktuan eta/edo prozesuan. I+Gko proiektuen ondoriozko inbertsioak (inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez). Zuzenean eta modu agerikoan I+Gko proiektu baten ondorio diren inbertsioak baloratuko dira, dena delako proiektua hala kalifikatu duenean horretarako baimendua dagoen erakunde batek edo entitate publiko batek:

I+Gko proiektu baten ondoriozko inbertsioa

Puntuazioa

= %0

0

> %0 eta < %10

1

≥ %10

2

1.3.6. Berrikuntza produktuan eta/edo prozesuan. Fabrikazio aurreratuko sistemetan (Industria 4.0) egindako inbertsioaren portzentajea, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:

Fabrikazio aurreratuko (Industria 4.0) sistemetako inbertsioen %

Puntuazioa

= %0

0

> %0 eta < %5

1

≥ 5% eta < 10%

2

≥ 10% eta < 20%

3

≥ 20% eta < 30%

4

≥ 30% eta < 40%

5

≥ %40

6

Enpresek 2017. eta 2021. urteen artean eraldaketa digitaleko plan bat egina izan behar dute, edo horretan aritu behar dute gaur egun.

Fabrikazio aurreratuko sistemetan egindako inbertsiotzat hartzen dira makinerian eta/edo aktibo immaterialetan egindako inbertsioak, aipatu planaren neurrietan sartutakoak, kategoria hauetako batean:

a) Robotika aurreratua edo adimen artifiziala duena.

b) Ikuspen artifiziala.

c) Fabrikazio gehigarria.

d) Errealitate birtuala.

e) Errealitate areagotua.

f) Simulazioa.

g) Big data, analitika aurreratua eta Business intelligence.

h) Gauzen Internet.

i) Cloud computing.

j) Zibersegurtasuna.

1.3.7. Enplegua sortzea. Enplegua sortzean (SE, sortutako enplegua) izandako eragina baloratuko da. Baldintza hauetako bat bete beharko da:

–SE ≥ %1.

–SE ≥ 5 unitate.

Betebehar horietako bat gutxienez betetzen bada, 5 puntu emanen dira.

1.3.8. Ekoizpena nazioartekotzea, enpresaren esportazio maila kontuan hartuta neurtua fakturazioaren proportzioan (2020ko edo itxitako azken ekitaldi fiskaleko datuak):

Esportazioaren %

Puntuazioa

= %0

0

> %0 eta < %10

1

≥ 10% eta < 20%

2

≥ 20% eta < 30%

3

≥ %30

4

1.3.9. Inbertsio ahalegina. Laguntzak jaso ditzaketen inbertsioen eta enpresaren ibilgetu garbiaren arteko ratioa baloratuko da, 2020ko edo itxitako azken ekitaldi ekonomikoko datuak kontuan hartuta:

Laguntza jaso dezakeen inbertsioa / ibilgetu garbia (%)

Puntuazioa

< %2

0

≥ %2 eta < %5

1

≥ %5 eta < %10

2

≥ %10 eta < %20

4

≥%20 eta < %50

6

≥ %50

8

2. Proiektu bat dirulaguntzaren xede izateko, 30 puntu lortu behar ditu gutxienez.

3. Berdinketarik izanez gero, kontuan hartuko dira honako balorazio irizpide hauetan lortutako puntuazioak, eta horren arabera ebatziko da:

1. Elkarteak / Lehentasunezko elkarteak.

2. Ekoizpen instalazio berria.

3. Inbertsio ahalegina.

4. Ekoizpen instalazioaren kokapena

5. Energia efizientziaz erabiltzea.

6. I+Gko proiektuen ondoriozko inbertsioak.

7. Fabrikazio aurreratuko (Industria 4.0) sistemetako inbertsioak.

8. Makineriaren ehunekoa.

9. ONN.

10. Enpleguaren kalitatea.

11. Eragina enpleguan.

12. Ekoizpenaren nazioartekotzea.

13. Enpresaren hazkundea.

14. Kalitatezko ekoizpena.

15. Enpresaren tamaina.

Berdinketa ez bada hausten, laguntza jaso dezakeen inbertsio bolumen handiena duten proiektuei emanen zaie lehentasuna.

11. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Industria Sustatzeko Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, eskaerak ebaluatuko ditu 10. oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz, eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko du.

Aipatu zerbitzuak beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko die enpresei, eta adieraziko die gehienez 10 egun balioduneko epean erantzuten ez badiote eskaerari, eskatutako laguntzak ukatuko direla.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna.

Laguntzak eman eta ukatzen dituen ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da gehienez ere, laguntzak eskatzeko epea bukatzen denetik hasita. Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.

3. Baldin eta dirulaguntza eman ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, kreditu hori ematen ahalko zaie beste eskaera batzuei, 7. oinarrian ezarritakoaren arabera jaso behar zuten laguntza baino gutxiago jaso badute (kasu horretan ere onuradunak inbertsio guztia justifikatu behar du).

12. oinarria.–Inbertsio proiektuak aldatzea.

1. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak baimena ematen ahalko die oinarri honetan aurreikusten diren inbertsio proiektuen aldaketei.

Aldaketek baldintza orokor hauek bete behar dituzte:

a) Gehienez bi aldaketa eskaera onartuko dira laguntzak eskatzeko epea amaitzen denetik aurrera.

b) Bi alditan eskatzen ahalko dira:

–Laguntzak eskatzeko epea amaitu eta gero, eta proiektuen ebaluaziorako prozedura (eskatzaileei jakinaraziko zaiena) hasi baino lehen.

–Laguntzak emateko ebazpenaren eguna eta gero.

c) Planteatutako aldaketek ez dute laguntzen helburua aldatuko, ezta hasierako eskaeraren guztirako aurrekontua gainditu ere.

d) Obra zibileko aldaketak egiteko ez da baimenik eskatu behar, baldin gainditzen ez badute aipatu inbertsio elementurako laguntza emateko ebazpenean onetsi zen aurrekontuaren %10.

e) Ez da baimenik emanen 5.1 a) oinarriaren 4. puntuan zehaztutako gastuen partida handitzeko.

2. Aldaketak egiteko baimena laguntzen fitxaren bitartez eskatuko da eta dokumentazio hau aurkeztu behar da horretarako:

–Aldaketa justifikatzen duen eskaera arrazoitua.

–Beste memoria tekniko bat, 8.3. b) oinarrian eskatutakoa bezalakoa, aldatzen diren elementu guztiak zehaztasunez deskribatzeko. Gainera, hasierako eskaerarekin konparatuta izan diren aldaketen balorazio bat edukiko du, konparazio-koadro gisan.

3. Aldaketek, gainera, honako epe eta baldintza espezifiko hauek ere bete beharko dituzte:

a) Proiektuaren kokalekua aldatzen bada deialdiaren betekizunak betetzen dituen beste kokaleku batera: aldaketa egin baino lehen eskatu beharko da.

b) Eskaeran aurreikusitako inbertsioak ez exekutatzea, 2. oinarriaren 14) definizioaren arabera: 2024ko apirilaren 1a baino lehen eskatu beharko dira.

c) Eskaeran aurreikusi gabeko funtsezko aldaketak edo inbertsio berriak, 2. oinarriaren 17) definizioaren arabera: egin aurretik eskatu beharko dira eta, betiere, 2024ko apirilaren 1a baino lehen.

Aldaketa horiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Konpentsatzeko, onetsitako beste inbertsio batzuk ez dira gauzatuko, baina ez da onartuko horien zenbatekoa murriztea.

–Inola ere ezin izanen da gainditu onetsitako inbertsio proiektuaren aurrekontu osoaren balioa.

–Laguntzak kudeatzen dituen organoak bisita bat eginen du eskatzailearen instalazioetara, egiaztatzeko inbertsioak hasi gabe daudela edo ez direla egin zehatutako epea baino lehenago.

d) Inbertsio elementuen aldaketak, aldaketa garrantzitsurik eragiten ez badute, baina, behar bezala justifikatutako arrazoiengatik, hasieran aurrekontuan sartutako zenbatekoarekiko igoera esanguratsua (%10etik gorakoa) badakarte: 2024ko apirilaren 1a baino lehen eskatu beharko dira. Kasu horretan, beste ez-exekuzio batzuekin konpentsatu beharko da, eta inola ere ezin izanen du ekarri proiektuaren guztizko balioa handitzea.

e) Aldaketa txikiak, 2. oinarriaren 18) definizioaren araberakoak: ez da joko ez-betetzeak direla, eta ofizioz onartuko dira, beste ebazpen bat egin beharrik gabe. Nolanahi ere, onuradunak, ordainketa justifikatzen duenean, diferentzien memoria bat sartu eta justifikatu beharko du, aldaketa hauen berri emanez, ebaluaziorako. Ez hastearen aktarik ez dute behar.

4. Aldaketek ez badituzte betetzen 3. apartatuan ezarritako baldintzak, 16. oinarrian adierazitako ondorioak gertatuko dira.

Halaber, baimendutako aldaketak proiektuaren balorazioan lortutako puntuazioari eragiten badio, eta horregatik proiektuak ez badu lortzen laguntza jasotzeko behar den puntuazioa, deklaratuko da emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzen dela. Aldaketa laguntza eman aurrekoa bada, lehenik eta behin, jatorrizko proiektua baloratuko da eta egindako aldaketaren ondoren lortutako balorazioarekin alderatuko da. Kontuan hartu beharreko puntuazioa guztien arteko txikiena izanen da.

Aldaketak 7. oinarriaren arabera emandako laguntzaren intentsitateari eragiten badio, baimenak beste ehuneko bat finkatuko du laguntzarako, hasierakoa baino handiagoa ezin izanen dena.

5. Salbuespenez, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak baimena ematen ahal du 1.a) apartatuan jasotzen ez diren aldaketak egiteko, honako kasu hauetan:

a) Proiektuaren exekuzioa nabarmenki aldatzen bada enpresatik kanpoko ustekabeko kausa saihestezin eta naturalengatik (hala nola, lurrikarak, urakanak edo uholdeak, baita suteak ere). Salbuespen honen barnean sartzen dira laguntzen onuradunaren heriotza edo gaixotasun larria.

b) Laguntza emateko ebazpenean jasotako baldintza tekniko eta ekonomikoak aldatzen badira behar bezala justifikatutako arrazoiengatik. Edozein kasutan ere, aldaketak ezin ditu inolaz ere laguntzaren helburuak, horren oinarrizko alderdiak eta onuradunaren asmoak ukitu, ezta hirugarrenen eskubideak kaltetu ere. Aldaketa hori proiektua justifikatzeko epea amaitu baino bi hilabete lehenago eskatu behar da, beranduenez.

Horretarako, inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

–Aldaketak gerora sortutako arrazoiengatik izatea, arrazoi horiek honelakoak izanda: ezin ziren aurreikusi eskaera egin zen momentuan edo lehenago, lanbide jardun onaren ardura osoa jarrita ere proiektua edo zehaztapen teknikoak prestatzean.

–Hasierako proiektuari hobekuntzak egitea komenigarria dela justifikatzea, hobekuntza horiek ezin baziren lehenago iragarri eta ez badute proiektuaren helburua aldatzen.

–Jarduera zehaztapen teknikoetara, ingurumenekoetara, hirigintzakoetara, segurtasunekoetara edo irisgarritasunekoetara egokitu beharra justifikatzea.

–Ezinbesteko kasua dela eta, ezinezkoa izatea proiektua hasieran definitu bezala exekutatzea.

13. oinarria.–Egindako inbertsioak justifikatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek laguntza emateko ebazpenaren egunetik 2024ko ekainaren 30era bitartean (egun hori barne) justifikatu ahal izanen dituzte egindako inbertsioak, edo, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean ezartzen den datan.

Justifikazioa epe hori bukatu eta hurrengo hilabetean egiten bada, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da. Hilabetea baino denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

2. Eska daiteke proiektuak gauzatu eta justifikatzeko epea luza dadila, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan xedatutakoarekin bat. Eskaera 1. paragrafoan adierazitako epea amaitu baino lehen egin beharko da, eta epea ez da inolaz ere luzatuko 2024ko irailaren 30etik aurrera.

3. Ordainketa eskaera aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura daitekeen ereduaren araberakoa, bai eta dokumentazio hau ere:

a) Inbertsioak egin direla justifikatzen duen dokumentazioa, aipatu fitxan zehazten dena.

b) Laguntzak kudeatzen dituen organoak onuradunei bidaliko dien dokumentua, behar bezala beteta, kontzesioan sartzen diren inbertsioen xehetasunarekin.

c) 6. oinarrian zehaztutako dokumentazioa, enpresa hornitzaileen hautaketa justifikatzeko.

d) Inbertsioen barruan obra zibilaren proiektuak baldin badira, txosten bat aurkeztu beharko da, alderatzen dituena proiektu horien balioak exekuzio-une jakin batzuetan: proiektua, aurkeztutako eskaintzak, obra-lizentzia, obraren ziurtagiri partzialak, obra bukaerako ziurtagiria, fakturak eta ordainketak.

e) Diruz lagundutako proiektuek irekitzeko lizentziarik ez badute justifikazioa egin behar denean, 1 apartatuan zehaztutako epearen hurrengo urtean aurkeztu beharko dute.

f) Diferentzien memoria.

14. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Aipatu ziurtagiriak azterturik, Industria Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa ebazteko proposamena igorriko dio Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiari, eta bertan jasoko da onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak betetzen dituztela.

Proposamen horretan, laguntzen organo kudeatzaileak zehaztuko ditu, onuradunek aurkeztutako ordainketa eskaera aztertu ondoren, onartuko diren zenbatekoak eta, gainera, zenbateko hauek ere bai, Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 63. artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz:

a) Onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa, ordaintzeko eskaeraren arabera eta hura emateko ebazpenaren arabera.

b) Onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa, behin azterturik ordaintzeko eskaeran jasotzen den gastua noraino den onargarri.

Ordainketa eskaeraren arabera onuradunari ordainduko zaion zenbatekoaren baitan, laguntza jaso dezakeen inbertsioa eta jaso ez dezakeena sartuko dira, baina inolaz ere ez inbertsio kengarria.

2. Aurreko apartatuko a) letraren arabera finkatutako zenbatekoa b) letraren arabera finkatutakoa baino %10 handiagoa bada, b) letraren arabera finkatutako zenbatekoari penalizazio bat ezarriko zaio. Penalizazioa bi zenbateko horien artekoa adinakoa izanen da, baina ez da laguntza osoa galtzeaz haratago joanen.

Edonola ere, ez da penalizaziorik ezarriko baldin onuradunak frogatzen badu bera ez dela onargarria ez den zenbatekoa sartzearen erantzulea, edo organo kudeatzailea beste nonbaitetik jabetzen bada onuraduna ez dela horren erantzulea.

Aipatu penalizazioa tokian bertan egindako kontroletan hautemandako gastu ez onargarriei aplikatuko zaie modu berean, 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 49. artikuluan jasotakoarekin bat.

3. 7.1 oinarriaren j), k), m), n), o) eta p) letrei jarraikiz laguntzaren intentsitate osagarria jasotzen duten onuradunek baldintza berak bete beharko dituzte inbertsioa frogatzeko orduan. Bestela, laguntzaren intentsitatea benetan frogatu denaren arabera murriztuko da ordaintzeko ebazpenean.

Halaber, diruz lagundutako proiektuak puntuaziorik jaso bazuen 10. oinarriaren 1.3.2, 1.3.4, 1.3.5, 1.3.6, 1.3.7 eta 1.3.9 irizpideengatik, irizpide horiek bete ote diren egiaztatuko da. Bete ezean, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, baldin eta proiektuak laguntza jasotzeko behar zen puntuazioa baino gutxiago lortzen badu.

4. Laguntza ordaindu baino lehen, bisita bat eginen da onuradunaren establezimendura, inbertsioak egiaztatzeko. Une horretan enpresaren establezimenduan ez dauden inbertsio elementuei dagokien dirulaguntza ez da ordainduko.

5. Ordainketaren ebazpena sei hilabeteko epean emanen da gehienez, inbertsioa frogatzen duen dokumentazioa aurkezten denetik hasita.

15. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, eskuragarri dagoen eredua erabiliz. Adierazpen hori kasu guztietan aurkeztuko da, bai onuradunak gardentasun betebeharra baldin badu (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko baldintzak betetzeagatik), bai halako betebeharrik ez badu (kasu horretan, egoera hori azalduko da adierazpenean).

Foru dekretu horren 4.1 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) 13. oinarrian ezarritako moduan egin eta justifikatu beharko da dirulaguntzaren xedeko inbertsioa.

c) Nork bere gain hartu behar du diruz lagungarritzat jotzen diren inbertsioen eta gastuen finantza karga.

d) Diruz lagundutako inbertsioak enpresaren jardun ekonomikoari loturik eta haren jabetzan mantentzea 3 urtez, enpresa txiki eta ertainaren kasuan, eta 5 urtez enpresa handien kasuan, laguntza ordaintzeko ebazpena ematen den egunetik aurrera.

e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari baimena eskatzea aurreko letran adierazitako epean dirulaguntzaren xedeko ondasun higiezinen destinoa edo karga aldatzen bada edo ondasunak besterentzen badira.

f) Enpresa deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta. Deslokalizaziorik gertatuz gero, laguntza itzultzeko eskatuko zaio enpresari, aipatutako arauaren 7. artikuluan ezarritako baldintzetan.

g) Laguntzen organo kudeatzaileari jakinaraztea laguntzaren enpresa onuraduna bat-egite prozesu batean sartzen bada edo sozietate mota aldatzen badu, 3.4 oinarrian zehaztu bezala.

h) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emanen zaio dirulaguntzak kudeatzen dituen organoari. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena.

i) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

j) Izena ematea, kasua bada, Elikagai Enpresen eta Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrean.

k) Diruz lagundutako proiektuek irekitzeko lizentziarik ez badute gastua justifikatu behar denean, 13.1 oinarrian zehaztutako epearen hurrengo urtean aurkeztu beharko dute.

l) 17. oinarrian adierazitako betebeharrak, laguntza hauek Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) kofinantzatuak direnez gero.

m) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

16. oinarria.–Betebeharrak ez betetzearen ondorioak.

1. Oro har, betetzen ez bada dirulaguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, laguntzen organo kudeatzailearen iritziz, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

2. 3.4 oinarrian ezarritakoa betetzen ez bada, laguntza ukatuko da, edo emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, kasua zein den.

3. 13.2 oinarrian ezarritakoa betetzen ez bada, proiektuaren justifikazio epez kanpo eginiko inbertsioei dagokien laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

4. 12.3 oinarrian aldaketez ezarritakoa ez betetzeak ondorio hauek ekarriko ditu:

a) Goiko a) letrako aldaketen kasuan: laguntza ukatzea edo emandako laguntza kobratzeko eskubidea galtzea, kasua zein den.

b) Goiko b) letrako aldaketen kasuan: exekutatu ez denari dagokion laguntza kobratzeko eskubidea galtzea, eta gainera kobratu ez den laguntzaren %10eko penalizazio bat ordaintzea. Exekutatu ez denak gainditzen badu kontzesioaren ebazpenean (edo baimendutako aldaken ostean) onetsitako inbertsioaren %50, deklaratuko da dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela.

Edonola ere, ez da%10eko penalizaziorik ezarriko baldin onuradunak frogatzen badu bera ez dela ez exekutatzearen erantzulea, edo organo kudeatzailea beste nonbaitetik jabetzen bada onuraduna ez dela horren erantzulea.

c) Aurreko c) letrako aldaketen kasuan: funtsezko aldaketak edo inbertsio berriak ez dira diruz lagunduko.

5. Aipatu 15. d) oinarrian ezarritako betebeharra bete ezean, ondorio hauek gertatuko dira:

a) Jarduera bertan behera uztea edo enpresak porrot egitea: laguntza osoa itzultzea.

b) Lantegia Nafarroatik kanpora eramatea: laguntza osoa itzultzea.

c) Inbertsioak lekuz aldatzea Nafarroan bertan, baina laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zirenez beste eskualde batzuetara: jasotako dirulaguntzaren %10 itzultzea.

6. Betebehar hauek konplitzen ez badira, jasotako laguntzaren %10 itzuli beharko da:

a) Nafarroako Industria Erregistroan izena emanda egoteko betebeharra, 3.1.c) oinarrian zehaztutakoarekin bat.

b) 15. oinarriaren i), j) eta k) letretako betebeharrak.

c) 17.c) oinarriaren betebeharra.

7. Bete ez arren, 15. oinarrian ezarritako betebeharrak ez dira ez-betetzetzat hartuko honako inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Onuraduna hiltzen bada, pertsona fisikoa denean.

b) Proiektuaren exekuzioa nabarmenki aldatzen bada enpresatik kanpoko ustekabeko kausa saihestezin eta naturalengatik (hala nola, lurrikarak, urakanak edo uholdeak, baita suteak ere).

c) Ezinbesteko kasua dela eta, ezinezkoa izatea proiektua exekutatzea.

8. Frogatzen bada, bidezko prozeduraren bidez, onuradunak baldintza artifizialak sortu dituela laguntza jaso ahal izateko, 1306/2013 Erregelamenduaren 60. artikulua aplikatuz, laguntzak itzuli beharko ditu.

17. oinarria.–Europar Batasuneko Egiturazko eta Inbertsio Funtsen kofinantzaketa.

Deialdi honetako laguntzek Europako nekazaritzako funtsen %31ko kofinantzaketa dute, zehazki, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsarena, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldiko Programaren bidez.

Onuradunei, Europako funts horren finantzaketaren onuradunak ere izanen direnez, ondokoa aplikatuko zaie:

a) Laguntza hartzeak berekin ekarriko du onartzen dutela honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea eta kontrol horietan laguntzea, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

b) Eragiketen frogagiriak gorde behar dituzte 3 urtez, ordainketak egiten dituen erakundeak azkeneko ordainketa egiten duen urtetik aurrera.

c) Halaber, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) ekarpena jendaurrean paratu beharko dute, web-orrian eta azalpen plaka batean esaldi hau ikusgai jarriz (zenbatekoa 50.000 eurotik gorakoa izanez gero): “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) kofinantzatutako laguntza jaso du, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldiko Programaren bidez”.

18. oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak inbertsio beretarako ematen duen beste edozein laguntzarekin eta Europako nekazaritzako funtsen bidez edo egitura funtsen bidez kofinantzatutako beste edozein laguntzarekin.

Bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoak edo atzerrikoak izan, ematen dituzten beste dirulaguntza batzuekin, betiere legezko mugak gainditzen ez badira.

19. oinarria.–Laguntzen sailkapena.

Laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan (inbertsioak aktibo fisikoetan) sailkatuta daude. Erregelamendua Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzkoa da, eta Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen du.

20. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Laguntzen eskaera-orria eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH).

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

21. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Industria Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Orobat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatuarekin bat, aipatutako informazioa Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian argitaratuko da: www.nafarroa.eus.

22. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2206812