100. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

40/2022 FORU DEKRETUA, maiatzaren 4koa, Aitor Etxarte Berezibar jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona, hilondoan.

Aitor Etxarte Berezibar jauna (Arrasate, 1956-Iruña, 2020). Lanbidez pedagogoa, eta euskaltzalea bokazioz, Arrasaten jaio zen, Gipuzkoan, baina laster aldatu zen Iruñera. Filosofia eta Hezkuntza Zientziak ikasi zituen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Irakasle grinatsua, bere lan ibilbide oparoaren zatirik handiena Hegoalde Ikastolan egin zuen, maisu gisa lehenbizi, eta zuzendaritza lanetan geroago. Izan ere, Etxarte Hegoalde ikastola sortu zenetik aritu zen ikastola horretan, 80ko hamarkadaren hasieratik, Iruñeko udal ikastolaren bultzatzaileetako bat izan baitzen, beste maisu-maistra batzuekin batera. Ikastola hori irakaskuntza berritzailearen eta euskarazko irakaskuntzaren aitzindaria izan zen sare publikoan.

Berrikuntza pedagogikorako ereduen aitzindari, sustatzaile eta ikerlari entzutetsua izan zen, irakasleen irakaslea, eta hainbat lanbide elkartetako kidea. 2015etik 2019ra, Nafarroako Eskola Kontseiluko buru izan zen. Bere erronken artean, eskola-porrota murriztea eta hezkuntza arloko inbertsioak handitzea aipatu behar dira, besteak beste. Ikastolen kalitatea defendatu zuen, arrakala sozialak gainditzeko gai diren aldetik. Nafarroako hezkuntza komunitateari zerbitzu eginez, hezkuntza berrikuntzari buruzko gogoeta bultzatu zuen, eta eskola bakoitzaren hormetatik haragoko ikuspegia zabaltzen lagundu.

Bere hezkuntza jardueratik kanpora, Euskalerria Irratiaren kolaboratzailea izan zen, eta zenbait erakunde eta elkarteren sorreran parte hartu zuen, Karrikiri, esate baterako.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Aitor Etxarte Berezibar jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatzen, ezagutarazten eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko maiatzaren lauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

1. Aitor Etxarte Berezibar jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea, hilondoan.

2. Foru dekretu hau Begoña Moreno alargunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 4an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2206398