100. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

39/2022 FORU DEKRETUA, maiatzaren 4koa, Josefina Campos Orduña andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Josefina Campos Orduña andrea (Azkoien, 1942), Azkoienen jaiotako jostuna, 1936ko kolpe militarraren ondoren errepresaliatutako ezkerreko familia errepublikazale bateko kidea da, eta memoriaren aldeko mugimenduaren erreferente nagusietako bat Nafarroan. Franco hil zenetik, aktiboki parte hartu zuen kolpe militarraren ondoren eraildako pertsonen errekuperazio prozesuan.

Gorpu horiek bilatzeaz eta errekuperatzeaz arduratu ziren kudeaketa batzordeen sorreran parte hartu zuen, bai Azkoienen, bai beste herri batzuetan. Bizitza osoan zehar lan gogorra egin du Nafarroako Erriberan fusilatutakoen eta errepresaliatuen gorpuak hobitik ateratzeko, identifikatzeko, aitortza egiteko eta haien memoria historikoa berreskuratzeko, eta zenbait memoria-elkartetan aktiboki kolaboratu izan du. Los fusilados de Peralta, la vuelta a casa (1936-1978): Operación retorno izeneko liburuaren egilea da, eta Mujeres con Memoria elkarteko lehendakaria. Bere testigantza eta dokumentu-funtsak Nafarroako Memoriaren Institutuko Dokumentazio Zentroaren esku utzi ditu, eta funts horiek, beste batzuekin batera, ezinbestekoak izan dira “Lur Azpian. Desobiratze goiztiarrak Nafarroan” izeneko erakusketa prestatzeko. Aktiboki parte hartu du belaunaldi gazteei memoria transmititzen, eta Eskola Memoriadunak programako ohiko kolaboratzaileetako bat da.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Josefina Campos Orduña andrea saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatzen, ezagutarazten eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko maiatzaren lauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

1. Josefina Campos Orduña andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 4an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2206399