100. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

37/2022 FORU DEKRETUA, maiatzaren 4koa, Sandra Ollo Razquin andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Filologia Hispanikoan lizentziaduna, Nafarroako Unibertsitatean. Nafarroako Unibertsitateko Félix Huarte Estetika eta Arte Garaikideko Katedran hasi zen lanean, eta zentro horretan bertan irakasle izan zen Espainiako Hizkuntza eta Kulturaren Institutuan.

2008an Jaume Vallcorbak sortutako Acantilado argitaletxean sartu zen. Geroztik, argitalpenen arloan aritu zen bakarrik, editore eta kudeatzaile gisa. 2014an, argitaletxearen zuzendaritza hartu zuen bere gain. Gaur egun, Pompeu Fabra Unibertsitateko literaturari, arteari eta pentsamenduari buruzko azterlan konparatiboen master-tesiarekin uztartzen du argitaletxeko lana.

Acantilado argitaletxe independente bat da, 1999an sortua. Katalogoa zeharkako gogoetarako espazio gisa hartzen da, non garai eta genero bateko eta besteko liburuek elkarrekin hitz egiten duten eta gero eta aberatsagoa den unibertso bat osatzen duten. Argitaratu beharreko lanak aukeratzea bezain garrantzitsua da testuen edizioa, itzulpenekiko ardura eta liburuaren elaborazio material eta formala. Horrek guztiak bereziak egiten ditu Acantiladoko liburuak, ez bakarrik itxura berezia dutelako, baita ongi zahartzen direlako eta oso irakurketa erosoa egiteko aukera ematen dutelako ere. Gaur egun, hogei urte igaro eta gero, argitaletxeak izugarrizko onarpena du publikoaren eta kritikaren aldetik, eta urteotako ibilbideak balio izan du irakurleekiko konplizitatea estutzeko eta, horrela, literaturaren eta pentsamenduaren espazioa zabaltzeko Espainian eta Latinoamerikan.

Sandra Ollo andrea Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kidea da, Nafarroako Foru Komunitateko kulturaren eta irakaskuntzaren hainbat sektoretan lan egiten duten beste pertsona ezagun batzuekin batera. Arkitektura eta Gizartea Patronatuko kidea ere bada, non urbanista, soziologo, pentsalari, zientzialari eta artisten jakintza eta gure garaiko erronka handiengatik kezkatuak dauden beste gizon-emakume batzuen jakintza biltzen baita.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Sandra Ollo Razquin andrea saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatzen, ezagutarazten eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko maiatzaren lauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

1. Sandra Ollo Razquin andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 4an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2206401