100. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

36/2022 FORU DEKRETUA, maiatzaren 4koa, César Oroz Martija jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

César Oroz Martija jauna (Iruña, 1968) Nafarroako marrazkilari eta umoregilea da, 1991z geroztik Diario de Navarran egunero marrazten duen egunerokotasun handiko atalarengatik ezaguna. Atal horrek, Punto Final izenekoak, Orozek bateko eta besteko gaiei buruz daukan bertsio partikularra eskaintzen du, ikuspegi umoretsu oso burutsu batetik betiere: Nafarroako, nazioko eta nazioarteko gaurkotasun politikoa, nafarren eta gipuzkoarren arteko auzo-gatazkak, Nafarroako kirolaren gorabeherak eta, bereziki, Indurainenak eta Osasunarenak, Camille hartza..., eta marrazkilari honek maisutasunez islatutako beste hainbat eta hainbat gai.

Diario de Navarrako bineta horretaz gain, antzeko lanak egin ditu beste komunikabide batzuetarako, eta lankidetzan aritu da El Jueves (2005/2011) eta OrgulloySatisfacción (2014/2017) aldizkari satirikoetan, ABCren igandeetako aldizkarian (2006/2010) edo Sibaritas (2005/2009) eta Actualidad Jurídica Aranzadi (2013/2016) aldizkarietan. Era berean, kartel eta ekitaldietarako ilustrazio ugari egin ditu enkarguz (Zezen Feria, 2006ko Sanferminak), peñetako pankartak, erakusketak (azkena Nafarroako Kontuen Ganberaren urteurrena dela-eta, 2021ean), elastikoak eta era guztietako marrazkiak.

Egileak landutako gai batzuek berezko pisu espezifikoa hartu dute eta argitalpen bihurtu dira. Horrela, hogei liburu inguru argitaratu ditu. Liburu horien artean honako hauek nabarmendu daitezke: Humor en Rojo (1989), Annus Horribilis (1995), Hemos estado ahí (1997), Piso de estudiantes (1997), Camille y otras fieras (1999), Hermano guipuzcoano (2001), ¿Por qué lo llaman anexión cuando quieren decir conquista? 1512-2012 (2012), Todo San Fermín. 20 años de fiesta y humor (2013), Lo que diga Shakespeare!!!! Navarreando por la literatura universal (2018) eta, azkenik, Aquel año de mierda!! (2020), COVID-19ari buruzkoa.

2004an, ABC egunkariak Umore Grafikoko Mingote Saria eman zion urte horretan Diario de Navarra egunkarian argitaratutako tira batengatik, eta 2018an Malagako Prentsa Elkarteak eta Manuel Alcántara Fundazioak ematen duten Elgar Saria irabazi zuen, urte horretan Diario de Navarra egunkarian argitaratutako beste tira batengatik.

2021ean, Vianako Printzea Kulturaren Sarirako hautagai gisa proposatu zuten, bere lan sortzaile eta artistikoaren bidez duen konpromiso sozialagatik eta “belaunaldi berriek egunkaria azken orritik irakurtzen hastearen arduraduna izateagatik”.

César Oroz marrazkilari iruindarrak, azken 25 urteetan, esparru ideologiko osoko politikarien kritika garratza egin du bere binetetan, eta umore-sena suminduraren antidoto gisa txertatu du. Bere lanarekin, Nafarroako Foru Komunitatearen proiekzioan laguntzen du, tokiko gaiak nabarmenduz eta auzi unibertsal handien maila berean jarriz, umore eta errespetuarekin, baina kritika eta satira baztertu gabe.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du César Oroz Martija jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatzen, ezagutarazten eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko maiatzaren lauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

1. César Oroz Martija jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 4an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2206402