99. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

33/2021 FORU DEKRETUA, apirilaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako printzipioen arabera eman zen 31/2007 Foru Dekretua, apirilaren 2koa, unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dituena.

Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 2. artikuluan ezartzen zenez, dekretuan xedatutakoa aplikatzeko, Eskolatze Batzorde Nagusia eratuko zen, eta aukera ematen zen, halaber, tokiko eskolatze batzordeak eratzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 86. artikuluan aurreikusitako terminoetan. Xede horretarako eman zen 40/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 9koa, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia eta tokiko eskolatze batzordeak sortu eta arautzen dituena.

Aipatutako bi foru dekretu horiei esker zorrotz bete dira Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako eskubide arauemaileak. Nolanahi ere, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak 2/2006 Lege Organikoan sartu dituen aldaketen ondoriozko testu berriak beharrezkotzat jotzen du Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko araudia eguneratzea eta onarpen horri dagokion orotan efizientziarik eta eraginkortasunik handienera buruz joateko bideak ezartzea.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren testu bateratu berriak, II. tituluko III. kapituluan, ikastetxe publiko eta ikastetxe pribatu itunduetako eskolatzea arautzen du. Lege horren 84.1 artikuluan ezartzen denez, hezkuntza administrazioek ikasleak ikastetxe publiko eta ikastetxe pribatu itunduetan onartzeko arauak ezarriko dituzte, halako moldez non hezkuntzarako eskubidea, hezkuntzan berdintasun egoeran sartzea, eta guraso edo tutoreen ikastetxea aukeratzeko askatasuna bermatuko diren. Erregulazio horretan beharrezko neurriak hartuko dira ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelakoengatik ez bereizteko eta, beti, hezkuntza-laguntzako berariazko premia duten ikasleak ikastetxeetan modu egoki eta orekatuan banatzeko.

Horrenbestez, bidezkoa da Nafarroako Gobernuak arautzea, bere araudiaz baliatuta, unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko prozedura, kontuan harturik Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan eta abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuan (horren bidez onetsi zen unibertsitatez kanpoko irakaskuntzaren arloko Estatuaren funtzioen eta zerbitzuen eskualdatzea) ezarritakoa.

Testuinguru horretan, Hezkuntza Departamentuaren erantzukizuna da bermatzea ikasle guztiek hezkuntzarako sarbidea dutela berdintasun eta kalitateko baldintzetan, bai eta familiek ikastetxea aukeratzeko askatasuna zaintzea ere. Bi eskubide horiek uztartu egin behar dira hezkuntza-laguntzako berariazko premia duten ikasleak modu egoki eta orekatuan eskolatzearekin.

Horretarako, hezkuntzarako sarbidea edo ikastetxearen hautaketa askea bermatzeaz gainera, foru dekretu honekin zenbait mekanismo ezarri nahi dira, ikasleak onartzeko prozesuaren kudeaketaren kalitatea hobetzen laguntzeko. Horretarako, zenbait printzipio arauemaile ezarriko dira, honako hauei buruzkoak: diskriminaziorik eza, berdintasuna arauen aplikazioan, hezkuntza kalitatea, aukera berdintasuna eta gizarte kohesioa. Era berean, aurrera egiten jarraitu nahi da hezkuntza-laguntzako berariazko premia duten ikasleak diru publikoz finantzatutako ikastetxeetan modu orekatuan banatzeari dagokionez, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat, eta horretarako zenbait neurri ezarri dira, hala nola ikasle horientzako ikaspostuak nahitaez erreserbatzea ikastetxe guztietan. Bestalde, aurrera egiten jarraitu nahi da, halaber, hezkuntza plangintzako jarduketetan eskola segregazioa saihesteari eta arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelako arrazoiengatik egoera ahulean dauden ikasleen eskolatzeari dagokienez ere.

Honako hau da foru dekretu honen testuaren osaera: bost kapitulu, sei xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen.

I. kapituluaren izenburua “Xedapen orokorrak” da. Bertan zehazten dira xedea eta aplikazio eremua, ikasleak onartzeko prozesuaren helburua eta printzipio orokorrak, bai eta hezkuntza programazioari buruzko zenbait alderdi ere.

II. kapituluan ikasleak onartzeko prozesuan jarraitu behar diren arauak ezartzen dira, bi ataletan banaturik.

Lehen atalean prozesuaren alderdi orokorrak arautzen dira, eta ikasleak onartzeko eskabideak aurkezteko prozedura azaltzen da. Ahal dela, Hezkuntza Departamentuak horretarako gaitzen duen webgunearen bidez egin beharko da, telematika bidez, eta horrela prozesua administrazio elektronikoaren eskaera berriei egokituko zaie. Era berean, ikastetxeen atxikipenaren baldintzak eta ikasleak onartzeko prozesuaren berariazko baldintzak xedatzen dira, bai eta ikastetxeek prozesuan parte hartzeko modua ere, ikaslea onartzearekin, emaitzaren argitalpenarekin eta ikaspostua galtzearekin batera.

Bigarren atalean, bestalde, ikasleak eskolatzeko irizpideak arautzen dira: baremazioari buruzko alderdiak eta puntuazio berdinketak hausteko irizpideak, halakorik dagoenean. Horrez gain, espediente akademikoa balioesteko prozedura ere zehazten da, ikasleak Batxilergoko ikasketetan onartu behar diren kasuetarako. Era berean, bigarren atal honetan, berritasun esanguratsua sartu da. Eskatutako ikastetxe bakoitzerako eskatzaile bakoitza lehiatuko da foru dekretu honetako baremoa aplikatu ondoren lortutako puntuen baturatik ateratako puntuazioarekin eta puntuazio horrek zehaztuko du onarpen-zerrendan izanen duen hurrenkera. Hartara, ikaspostua esleituko zaio lehentasun-hurrenkerarik handienarekin ezarri den ikastetxean, hain zuzen ere eskaeran ikastetxeak ezarri diren hurrenkera oinarri harturik onartua izan daitekeenen artean.

Ikasleak onartzeko lehentasunezko irizpideak bat datoz Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 84. artikuluan aurreikusitakoaren. Lehentasunezko irizpide guztien artean, garrantzi berezia eman zaio ikastetxean anai-arrebak matrikulatuta egoteari, edozein izanik ere haien kopurua, bai eta bizilekuaren edo guraso edo legezko tutoreen lantokiaren hurbiltasun irizpideari ere, Nafarroako Foru Komunitateko Ikastetxe Publikoen Sarea berrantolatzen duen uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuan definitutako eremuen eta eragin eremuen eta inguru mugakideen eta, orobat, familia-unitatearen per capita errentaren lehentasunezko irizpidearen arabera. Halaber, bigarren atal horrek jasotzen du Hezkuntza Departamentuak ikasleak onartzeko prozesuan irizpide osagarriak aplikatzeko aukera, behin ikasleak onartzeko lehentasunezko irizpideak aplikatu ondoren konpondu ezin izan diren berdinketa egoerak konpontzeko.

III. kapituluak bi atal ditu, onarpen prozesuko berme organoei dagozkienak, zeinek, haien osaeran, sustatu beharko baitute gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatuaren printzipioa.

Lehen atalean Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia definitzen da, haren atxikipena eta eskumen esparrua, eginkizunak, funtzionamendua eta osaera zehazten dira, eta ikasleen eskolatzeari buruzko zenbait alderdi azaltzen dira.

Bigarren atalean, bestalde, tokiko eskolatze batzordeak definitzen dira. Horien eginkizunak eta osaera ezartzen dira, bai eta funtzionatzeko moduari eta batzorde horiek sortu eta desegiteko moduari buruzko zenbait gai ere. Foru dekretu honen printzipio arauemaileetako batekin bat etorriz, tokiko eskolatze batzorde horiek zainduko dute, batik bat, hezkuntza-laguntzako berariazko premia duten ikasleek presentzia orekatua izatea beren lurralde esparruan funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan. Tokiko eskolatze batzorde horien burua eremuko hezkuntza ikuskatzaile bat izanen da eta, horien eraginkortasuna eta efizientzia hobetze aldera, kide gutxiago izanen dituzte. Edonola ere, errespetatu eginen da ordezkagarritasunaren printzipioa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 86. artikuluan ezarritakoa. Iruñeari eta Iruñerriari dagokienez, sisteman berandu sartzeko eskabide ugari jasotzen direnez eta erantzunak ahalik eta bizkor eta azkarrena izan behar duenez, tokiko eskolatze batzordeei emandako eginkizunak bere gain hartuko ditu eskolatzearen arloko Hezkuntza Departamentuko unitate eskudunak.

IV. kapituluan esaten da hezkuntza-laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatzea nolakoa izanen den. Zenbait neurri ezartzen dira ikasle horien eskolatzea egokia eta orekatua izan dadin. Hartara, aurreinskripzioak eta matrikulek irauten duten bitartean, erreserban gordeko dira ikastetxe publikoetako ikaspostuetako batzuk eta ikastetxe pribatu itunduei baimendutako ikaspostuetako batzuk, hots, ebaluazio arruntetik eta berezitik ondorioztatutakoak. Halaber, Hezkuntza Departamentuak baimena emanen du, foru dekretu hau garatuko duen araudian horretarako ezarriko denaren arabera, ikasgela bakoitzean gehienez sartzen ahal diren ikasleen kopurua ehuneko hamar arte handitzeko, IV. kapituluan ikasleei dagokienez jasotzen diren egoeretako bat ematen bada. Era berean, kasua bada, Hezkuntza Departamentuak ratio orokorren azpikoak aurreikusten ahalko ditu, eta hezkuntza sistemaren kalitatea eta ekitatea faboratzen duten beste neurri batzuk hartzen ahalko ditu. Aipatutako neurri horiek guztiak ezarri aurretik, Hezkuntza Departamentuak txosten bat eginen du aldian behin, eta bertan ikastetxeen egoera zein den azalduko da, hezkuntza-laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatzeari dagokionez.

V. kapituluan, ikasleak onartzeko prozesuan ikastetxeek hartutako erabakien eta, dagokionean, tokiko eskolatze batzordeek eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak hartutako akordio eta erabakien kontrako erreklamazioak eta errekurtsoak lantzen dira. Era berean, ez-betetzeei buruzko zenbait alderdi aipatzen dira.

Foru dekretuak sei xedapen gehigarri ditu eta haietan gai hauek lantzen dira: ikasleak beste ikasketa batzuetan onartzea eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak onartzea, itundu gabeko eta Foru Komunitatearen Administrazioaren finantzaketarik jasotzen ez duten ikastetxe pribatuei buruzko zenbait alderdi, eskolatzeko beste egoera lehenetsi batzuk, datu pertsonalen babesa eta administrazioaren beste instantzia batzuekiko lankidetza.

Foru dekretuaren amaieran biltzen dira bi xedapen iragankor (araudiaren indarraldiari eta prozedura telematikoa ezartzeko aldi baterako araubideari buruzkoak, hurrenez hurren), xedapen indargabetzaile bat (orain artean aplikatzen zen araudia indargabetzekoa) eta bi azken xedapen (bata, dekretua garatzeko ahalmenei buruzko bat, eta bestea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean indarrean jartzeari buruzkoa).

Horiek horrela, Nafarroako Eskola Kontseiluaren aldez aurreko txostena ikusirik eta Nafarroako Kontseiluarekin adostasunez, Hezkuntza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko apirilaren hogeita zortzian eginiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da ikasleen onarpena arautzea unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Foru dekretu honen bidez araututako onarpen prozesua aplikatu zaie Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan sartzeko eskaera egiten duten ikasleei, funts publikoekin finantzatutako ikasketa hauetan: Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetan.

2. Ikasleak onartzeko prozesua, foru dekretu honek arautzen duena, artikulu honen lehen apartatuan aipatutako unibertsitatez kanpoko ikasketen maila guztietan aplikatuko da. Ikastetxe publikoetan edo pribatu itunduetan ikasketa horiek egiteko lehenbizikoz sartzen diren ikasleei aplikatuko zaie, eta lehendik eskolatuta dauden ikasleei ere bai, unibertsitatez kanpoko ikasketak amaitu aurretik ikastetxez aldatzeko eskatzen badute.

3. Ikastetxe berean hezkuntza-maila edo kurtso desberdinetan jarraitzeko ez dago onarpen prozesuaren beharrik, salbu eta oinarrizko mailako heziketa zikloetan eta derrigorrezkoaren ondoko etapetan, ikasleak onartzeko berariazko baldintzak izanez gero.

4. Foru dekretu honetan aurreikusi ez diren ikasketa eta modalitateetako onarpenari dagokionez, araudi espezifikoaren arabera jokatuko da eta foru dekretu honetan jasotako arauak aplikatuko dira modu osagarrian.

3. artikulua. Onarpen prozesuaren xedea eta printzipio orokorrak.

1. Foru dekretu honen funtsezko xedea da bermatzea hezkuntzarako eskubidea, sisteman berdintasunez sartzeko aukera, eta guraso edo tutoreen eta, dagokionean, adinez nagusi diren ikasleen askatasuna ikastetxea hautatzeko. Nolanahi ere, hezkuntza-laguntzako berariazko premia duten ikasleen banaketa ikastetxeen artean egokia eta orekatua izan dadin zainduko da.

2. Hauek izanen dira ikasleak onartzeko prozesuaren printzipio orokorrak:

a) Hezkuntzara sartzeko bermea: ikasle guztiek dute eskubidea oinarrizko, nahitaezko eta doako hezkuntza bermatuko dien ikaspostu bat izateko.

b) Ikastetxea hautatzeko askatasuna: gurasoek edo legezko tutoreek eta, dagokionean, adinez nagusi diren ikasleek eskubidea dute ikastetxe bat hautatzeko, berdintasuneko egoeran, ezartzen diren epeetan. Ikastetxe publiko edo pribatu itundu batean funts publikoen bidez finantzatzen diren ikaspostuen kopurua eskatzaileena baino txikiagoa denean, ikasleak onartzeko prozesua foru dekretu honetan ezarritako printzipio eta irizpideen arabera eginen da.

c) Diskriminaziorik eza: ezin izanen da diskriminazio irizpiderik ezarri ikaspostuaren eskatzaileen artean, hezkuntzaren alorrean ematen den oinarrizko legerian ezarritakoaren arabera.

d) Doakotasuna: ikastetxe publikoek edo pribatu itunduek ezin izanen dute dirurik jaso familiengandik doako irakaskuntza ematearen truke, ezin izanen diete fundazio edo elkarteei ekarpenak egiteko betebeharrik inposatu, ez eta irakaskuntzarekin lotutako nahitaezko zerbitzurik ezarri ere, baldin eta ikasleen familiek ekarpen ekonomikoa egin behar badute horien truke. Debeku horretatik kanpo geratzen dira eskolaz kanpoko jarduerei dagozkien zenbatekoak, bai eta eskola zerbitzuak ere. Edozein kasutan ere, borondatezkoak izanen dira. Curriculuma garatzeko beharrezkotzat jotzen diren jarduera osagarriak programatu beharko dira eta ez dute arrazoi ekonomikoengatiko diskriminaziorik sortuko.

e) Berdintasuna onarpen arauak aplikatzean: Hezkuntza Departamentuak bermatu eginen du ikasleak onartzeko arauak berdintasunez aplikatzen direla funts publikoen bidez finantzatutako ikastetxe guztietan.

f) Hezkuntzaren kalitatea eta aukera berdintasuna: Hezkuntza Departamentuak bermatu eginen du hezkuntza-laguntzako premia berezia duten ikasleak modu egoki eta orekatuan banatuko direla funts publikoen bidez finantzatutako ikastetxe guztien artean.

g) Gizarte kohesioa: Hezkuntza Departamentuak beharrezko neurri zuzentzaileak aginduko ditu arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelakoengatik ikasleen eskola segregazioa saihesteko.

h) Baldintzak betetzea: ikastetxe batean onartua izateko, ezinbestean bete beharko dira ordenamendu juridikoak hezkuntza maila eta kurtso horretan aritzeko eskatzen dituen baldintza akademikoak, adinari dagozkionak edo beste edozein gairekin lotutakoak.

i) Probak egin beharrik gabeko sarbidea: sarbide probek edo azterketek ezin izanen dute baldintzatu ikasleen onarpena foru dekretu honetan zehazten diren ikastetxeetan. Printzipio horretatik salbuetsita egonen da Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetako erdi mailako edo goi mailako heziketa zikloetarako sarbidea, baldin eta indarrean dagoen araudiaren araberako berariazko proben bidez egiten bada.

j) Ikastetxeen hezkuntza proiektua edo proiektu funtzionala errespetatzea: ikasle bat ikastetxe publiko edo pribatu itundu batean matrikulatzen denean, nahitaez errespetatu beharko dira ikastetxearen hezkuntza proiektua edo proiektu funtzionala eta ikastetxearen berezko nortasuna, deusetan ukatu gabe indarreko araudiak ikasleei eta horien familiei aitortzen dizkien eskubideak. Era berean, ikastetxeek beren hezkuntza proiektuaren edo proiektu funtzionalaren inguruko informazioa eman beharko diete; baita, halakorik dagokionean, berezko nortasunari buruzkoa ere, eskatzen duten gurasoei, legezko tutoreei eta adinez nagusi diren ikasleei.

k) Ikastetxean jarraitzeko bermea: funts publikoen bidez finantzatutako ikastetxe batean onartutako ikasleei bermatzen zaie ikastetxe horretan jarraituko dutela bertan ematen diren eta funts publikoen bidez finantzatzen diren ikasketak amaitu arte, salbu eta aldaketak interesdunen borondatez eginak badira edo ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko araudian ezarritako kasuen aplikazioaren ondoriozkoak, eta deusetan ukatu gabe ikasleak ikastetxean onartu eta bertan jarraitzeko ordenamendu juridikoan eskatzen diren baldintzak bete beharra. Jarraitzeko berme hori atxikitako ikastetxeari ere aplikatuko zaio, hezkuntza etapen arteko aldaketetan.

4. artikulua. Hezkuntza programazioa.

1. Hezkuntza Departamentuak erabakiko du funts publikoekin finantzatutako ikastetxeen ikaspostuen programazioa, horrela ikasleen hezkuntzarako eskubidea gauzatzeko. Hori egitean, ikastetxe publikoen kasuan, ikastetxe publikoen sarean ezarritakoa errespetatuko da eta, ikastetxe itunduen kasuan, hezkuntza itunen berariazko arauak.

2. Era berean, ikasleak onartzeko prozesu guztia zuzen egin dadin, Hezkuntza Departamentuak ikastetxe publikoen eta pribatu itunduen eragin eremuak zehaztuko ditu. Horren barnean sartzen da udalerri edo lurralde esparru bereko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan eragin eremu berak ezartzea, ematen dituzten ikasketen eta baimenduta dituzten ikaspostuen arabera. Hezkuntza Departamentuak zehaztuko ditu eragin eremu horiek, arau garapenaren bidez.

3. Ikaspostuen eskaintza baliabide publikoak esleitzeko efizientzia irizpideen arabera eginen da.

4. Programazioaren xedea kalitatezko eta ekitatezko hezkuntza erdiestea izanen da, bai eta eskola segregazioko egoerak saihestea ere.

II. KAPITULUA

Ikasleak onartzeko prozesua

1. ATALA

Prozesuaren alderdi orokorrak

5. artikulua. Eskaerak.

1. Gurasoek, legezko tutoreek edo, dagokionean, adinez nagusi diren ikasleek onarpen eskabideak, ahal dela, telematika bidez aurkeztuko dituzte, Hezkuntza Departamentuak horretarako gaituko duen webgunea erabiliz. Ikastetxeek eskabidea izapidetzen lagunduko diete horretarako laguntza eskatzen duten familiei.

2. Eskatzaile bakoitzak, Hezkuntza Departamentuak ikasturte bakoitzerako ezartzen duen epearen barnean, eskabide bakarra aurkeztuko du, horretarako ezarritako eredu ofiziala erabilita. Eskabide horretan jasoko da ikaspostua zer ikastetxetan eskatzen den, ikastetxeak lehentasun ordenan jarririk. Eskabidea oso-osorik bete beharko da, eta nahitaezkoa izanen da behar diren frogagiri guztiak hari eranstea.

3. Ikastetxe batean onartua izateko, ikasleak adinari buruzko baldintzak bete beharko ditu. Gainera, antolamendu juridikoak kasuan kasuko irakaskuntza modalitate edo araubiderako, hezkuntza mailarako, etaparako eta ikasmailarako eskatzen dituen baldintza akademikoak bete beharko ditu.

6. artikulua. Ikastetxeak atxikitzeko baldintzak eta onarpen prozesuaren berariazko baldintzak.

1. Etapa desberdinetako ikasketak ematen dituzten beste ikastetxe publiko batzuei atxikita dauden ikastetxe publikoak ikastetxe bakartzat joko dira, foru dekretu honetan ikasleak onartzeko ezarritako irizpideak aplikatzean.

2. Halaber, hezkuntza etapa bat baino gehiago eskaintzen duten ikastetxe publikoetan, adin txikienari dagokion etaparen hasieran eginen da hasierako onarpen prozesua.

3. Lehen hezkuntzako, derrigorrezko bigarren hezkuntzako edo batxilergoko ikastetxe publikoetan ikasleak onartzeko prozesuetan, eskatu adina ikaspostu ez dagoenean, onartuak izateko lehentasuna izanen dute ikastetxeak atxikita daukan haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako edo derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikastetxetik, hurrenez hurren, datozen ikasleek. Ikastetxe pribatu itunduetan antzeko prozedura erabiliko da, baldin eta aipatu ikasketak itunduak badira.

4. Hainbat hezkuntza etapa ematen dituzten ikastetxe pribatu itunduetan, ikasleak onartzeko hasierako prozesua itunaren xede den eta adin txikienari dagokion ikasturtearen eskaintzaren hasieran aplikatuko da, ikastetxe publikoentzat ezarritako prozeduraren arabera. Era berean, Hezkuntza Departamentuak ikastetxe pribatu itunduak atxikitzen ahal dizkie beste etapa batzuk emateko baimena duten ikastetxe pribatu itunduei, horien titularrek eskatu ondoren.

7. artikulua. Ikastetxeen lankidetza Hezkuntza Departamentuarekin.

Ikastetxeek, beren eginkizunak betez, ikasleak onartzeko prozesuan parte hartuko dute, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen prozedura eta epeen arabera.

8. artikulua. Onarpena.

1. Ikastetxeko Eskola Kontseilua da ikastetxe publikoetan ikasleak onartzeko organo eskuduna, foru dekretu honetan eta hori garatzen duen arauzko xedapenetan ezarritakoaren arabera.

2. Ikastetxe pribatu itunduetan, ikastetxe horien titularren ardura da ikasleen onarpenari buruzko arau orokorrak hertsiki betetzea, eta ikastetxeko Eskola Kontseiluari dagokio onarpen horretan parte hartzea, indarreko araudia betetzen dela bermatuz.

3. Hezkuntza Departamentuak eta ikastetxeetako eskolatze organo edo arduradun eskudunak egokitzat jotzen dituzten agiriak eskatu ahal izanen dizkiete eskatzaileei, alegatzen dituzten egoerak eta inguruabarrak egiaztatzeko.

9. artikulua. Onarpen prozesuaren emaitza argitaratzea.

Ikaspostuak esleitzeko prozesuaren emaitza Hezkuntza Departamentuak horretarako gaituko duen webgunean jarriko du jendaurrean eta hartan agertuko dira ikasleak onartzeko zerrendak eta eskatzaileek jarraitu beharreko prozesuaren gaineko informazioa. Era berean, ikastetxe bakoitzeko organo eskudunak informazio bera emanen du argitara, bere ikastetxeko datuei dagokienez.

10. artikulua. Ikaspostua galtzea.

1. Jadanik eskolatutako ikasleei dagokienez, eskatutako ikaspostua behin betiko onartzeak berekin ekarriko du matrikula egin duen ikaspostuari lotutako eskubideak automatikoki galtzea, onarpena zein ikasturtean eskatu den hari dagozkion ondorioen egunean.

2. Matrikula ez bada ezarritako epean formalizatzen, onarpen prozesuan esleitutako ikaspostua galduko da.

3. Ikastetxean ez bada arauz ezarritako epeetan sartzen, onarpen prozesuan esleitutako ikaspostua galtzen ahalko da.

2. ATALA

Eskolatze irizpideak

11. artikulua. Baremoa.

Foru dekretu honen 6.3 artikuluan ezarritakoa deusetan ukatu gabe, ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan sartzeko eskabide guztiei erantzuteko aski ikaspostu ez dagoenean, onarpen prozesua bigarren atal honetan ezarritako lehentasunezko irizpideen arabera eginen da eta, ezarriko balira, irizpide osagarrien arabera. Irizpide horietako ezeinek ez du izaera baztertzailerik izanen.

12. artikulua. Lehentasunezko irizpideak.

1. Ikasleak onartzeko prozesua lehentasunezko irizpide hauen arabera eginen da:

a) Ikastetxe berean anai-arrebak matrikulatuta egotea.

b) Gurasoen edo legezko tutoreen bizilekua edo lantokia gertu izatea.

c) Familia-unitatearen per capita errenta.

d) Ikasleak edo haren guraso edo anai-arrebaren batek desgaitasuna izatea.

e) Genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima izatea.

f) Guraso edo legezko tutoreek ikastetxean lan egitea.

g) Legez familia ugariko kide izatea.

h) Ikaslea familia harreran egotea.

i) Familia gurasobakarra izatea.

j) Erditze anizkoitzean sortutako ikasleak.

2. Batxilergoko ikasketetarako, aurreko apartatuan ezarritako irizpideez gain, kontuan hartuko da ikasleen espediente akademikoa.

3. Lanbide Heziketan eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetan ikasleak onartzeko prozesuetan, jokatuko da ikasketa horietako bakoitzaren oinarrizko legediak ezarritakoaren arabera, bai eta, kasua bada, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak arautzen duen berariazko araudiaren arabera ere.

4. Musikako edo dantzako ikasketa arautuak eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak aldi berean egiten dituzten ikasleek lehentasuna izanen dute Bigarren Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxe batzuetan onartuak izateko; Hezkuntza Departamentuak zehaztuko ditu zein diren ikastetxe horiek, hala dagokionean. Tratamendu bera aplikatuko zaie errendimendu handiko kirol programetan aritzen diren ikasleei.

13. artikulua. Ikastetxean anai-arrebak matrikulatuta egotearen lehentasunezko irizpidearen balioespena.

1. Ikaslea onartzeko eskatu den ikastetxean haren anai-arrebarik badago matrikulatuta, 3 puntu emanen dira, anai-arreben kopurua edozein izanik ere.

2. Eskatzaileak ikastetxean anai-arrebak dituela ulertuko da onarpena eskatzen den ikasturte horretan horiek ikastetxean segitu behar baldin badute.

3. Behar bezala egiaztatutako familia harreran dauden ikasleei aurreko apartatuetan aurreikusitakoa aplikatuko zaie.

14. artikulua. Ikastetxea bizilekutik edo guraso zein legezko tutoreen lantokitik hurbil egotearen lehentasunezko irizpidearen balioespena.

1. Bizilekuaren hurbiltasuna balioesteko, ondoko hauen arteko egoera bakar bat hartuko da kontuan:

a) Ikasleen bizilekua uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuan zehaztutako eremuetan baldin badago: 4 puntu.

b) Ikaslearen bizilekua ikastetxearen eragin eremuaren barnean baldin badago: 3 puntu.

c) Ikaslearen bizilekua ikastetxearen eragin eremuaren mugakidea baldin bada: 1 puntu.

d) Ikaslearen bizilekua ez badago aurreko egoeretako batean: 0 puntu.

2. Eskabidean, bizilekuaren hurbiltasunaren ordez ikaslearen guraso edo legezko tutoreren baten lantokiaren hurbiltasuna hautatu ahal izanen da irizpide gisa.

15. artikulua. Familia-unitatearen per capita errentaren lehentasunezko irizpidearen balioespena.

1. Familia-unitatearen per capita errenta ondoko baremo honen arabera balioetsiko da:

a) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarri bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldataren erdia edo txikiagoa bada, puntuazio hau emanen da: 3 puntu.

b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarrita dagoen bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldataren erdia baino handiagoa eta lanbide arteko gutxieneko soldataren hiru laurden edo txikiagoa bada, puntuazio hau emanen da: 2 puntu.

c) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarrita dagoen bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldataren hiru laurdenak baino handiagoa eta soldata hori bera edo txikiagoa bada, puntuazio hau emanen da: Puntu bat.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarrita dagoen bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoa bada, puntuazio hau emanen da: 0 puntu.

2. Familia-unitatearen per capita errentari buruzko irizpide honen balorazioa borondatezkoa da, eta bakarrik aplikatuko da horrela eskatzen bada.

16. artikulua. Ikasleak edo haren guraso, legezko tutore edo anai-arrebaren batek desgaitasuna izatearen lehentasunezko irizpidearen balioespena.

1. Ikaspostua eskatzen duen ikasleak desgaitasuna badu, ofizialki egiaztatua, 2 puntu emanen dira.

2. Desgaitasuna ikaspostua eskatzen duen ikaslearen gurasoek, legezko tutoreek edo anai-arrebek dutenean, 0,5 puntu emanen dira, alde batera utzita zenbat pertsonak duten desgaitasuna, eta betiere ofizialki egiaztatuta badago.

17. artikulua. Genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima izatearen lehentasunezko irizpidearen balioespena.

Genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima izatearen egoera balioetsiko da bi inguruabarrak edo bietako bat gertatzen bada: 1 puntu.

18. artikulua. Guraso edo legezko tutoreek ikastetxean lan egitearen lehentasunezko irizpidearen balioespena.

Guraso edo legezko tutoreren batek ikastetxean lan egiten badu puntuazio bakarra izanen dute, hots, 0,8 puntu.

19. artikulua. Legez familia ugaria izatearen lehentasunezko irizpidearen balioespena.

Legez familia ugariko kide izatea 0,8 punturekin balioetsiko da.

20. artikulua. Ikaslea familia harreran egotearen lehentasunezko irizpidearen balioespena.

Ikaslea familia harreran badago, 0,8 puntu emanen dira.

21. artikulua. Guraso bakarra izatearen lehentasunezko irizpidearen balioespena.

Guraso bakarreko familiako kide bada ikaslea, 0,8 puntu emanen dira.

22. artikulua. Erditze anizkoitzetik sortutako ikaslea izatearen lehentasunezko irizpidearen balioespena.

Erditze anizkoitzetik sortutakoa bada ikaslea, 0,8 puntu emanen dira.

23. artikulua. Batxilergoko irakaskuntzetarako ikasleak onartzen diren kasuetan, ikasketa espedientea baloratzea.

Batxilergoko ikasketetan sartuko diren ikasleak onartzerakoan, kontuan hartu beharko da Batxilergoan sartzeko ezarritako ikasketen espediente akademikoa, indarrean dagoen araudiaren arabera. Ikasketa horietan lortutako batez besteko nota hartuko da kontuan, eta indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera kalkulatuko da. Batez besteko nota foru dekretu honetan araututako gainerako irizpideen balioespenetan lortutako puntuazioari batuko zaio.

24. artikulua. Puntuazioa, berdinketak eta ikaspostua esleitzea.

1. Eskatutako ikastetxe bakoitzerako, eskatzaile bakoitza lehiatuko da foru dekretu honetan ezarritako baremoa aplikatzetik lortutako puntuen baturatik ateratako puntuazioarekin, eta puntuazio horren araberako hurrenkeran ezarriko da onarpen zerrendan.

2. Eskabidean ikastetxeak zein ordenatan ezarri diren kontuan hartuz, eskatzaileari ikaspostua esleituko zaio onarturik gertatuko litzatekeen ikastetxeen artean lehentasun ordenarik handienarekin adierazitako ikastetxean.

3. Berdinketarik badago, irizpide hauek aplikatuko dira, ordena honetan, behar bezala egiaztaturik:

a) Ikastetxe berean anai-arrebak matrikulatuta egotea.

b) Gurasoen edo legezko tutoreen bizilekua edo lantokia hurbil izatearen atalean puntuazio handiagoa lortzea.

c) Familia-unitatearen per capita errentagatik puntu gehien lortu dituena.

d) Ikasleak edo haren guraso edo anai-arrebaren batek desgaitasuna izatearen atalean puntuazio handiagoa lortzea.

e) Genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima izatea.

f) Guraso edo legezko tutoreek ikastetxean lan egitea.

g) Legez familia ugariko kide izatea.

h) Ikaslea familia harreran egotea.

i) Familia gurasobakarra izatea.

j) Erditze anizkoitzean sortutako ikasleak.

k) Batxilergoko ikasketen kasuan, espediente akademikoaren batez besteko notan puntuaziorik handiena.

4. Aurreko apartatuan aipatutako berdinketa hausteko irizpideak ordena horretan aplikatuko dira, harik eta berdinketa hautsi arte.

5. Berdinketa egoera mantenduko balitz, Hezkuntza Departamentuak ikasleak onartzeko prozesuan ezartzen ahal dituen irizpide osagarriak erabiliko dira.

6. Irizpide osagarria erabiltzeak ez badu balio berdinketa desegiteko, Hezkuntza Departamentuaren barnean ikasleak onartzearen esparruan eskumena duen organoak egindako zozketa publikoaren bidez ebatziko da berdinketa. Betiere aurretiaz jakinaraziko da ekitaldi hori zein toki, egun eta ordutan eginen litzatekeen.

III. KAPITULUA

Onarpen prozesuko berme organoak: Eskolatze batzordeak

1. ATALA

Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia

25 artikulua. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiaren definizioa, atxikipena eta eskumenen esparrua.

1. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia Hezkuntza Departamentuko organoa da, ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan ikasleak onartzeko prozesua zuzen aplikatzearen ardura duena. Batzorde hori eskolatzearen gaineko eskumenak dituen Hezkuntza Departamentuko zuzendaritza nagusiari atxikiko zaio.

2. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiaren eskumen esparruan sartzen da ikasleen onarpena unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan.

3. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari dagokio ikasleen eskolatzea koordinatzea eta gainbegiratzea, deusetan galarazi gabe Hezkuntza Departamentuak dituen eskumenak eta foru dekretu honek tokiko eskolatze batzordeei esleitzen dizkien eskumenak. Nafarroako eskolatze batzorde nagusiak koordinatu eta gainbegiratuko du tokiko eskolatze batzordeen funtzionamendua.

26. artikulua. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiaren eginkizunak.

Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ikasleak onartzeko prozesua eta sortzen diren tokiko eskolatze batzorde guztien jarduketa koordinatzea eta, orobat, gainbegiratzea ikasleak onartzeko prozesuaren baremazioa eta foru dekretu honetan ezarritako lehentasunezko irizpideen eta, dagokionean, irizpide osagarrien aplikazio egokia.

b) Eskatutako ikastetxeetan ikasposturik lortu ez duen ikasleak eskolatzeko irizpideak betetzen direla gainbegiratzea, deusetan galarazi gabe foru dekretu honek tokiko eskolatze batzordeei esleitzen dizkien eginkizunak.

c) Hezkuntza-laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleak eta egoera sozioekonomiko ahulean edo bestelako egoeraren batean dauden ikasleak eskolatzeko irizpideak betetzen direla gainbegiratzea.

d) Ikastetxez aldatzeko epez kanpoko eskaerak baimentzea, behar bezala justifikatutako ohiz kanpoko inguruabarrak daudenean.

e) Hezkuntza Departamentuak planifikatutako hezkuntza eskaintza ezagutzea.

f) Ikastetxeei eta tokiko eskolatze batzordeei argibideak eta aholkuak ematea foru dekretu honen edukiaren gainean eta, orobat, ikasleen onarpen prozesua arautzeko onesten den araudiaren gainean.

g) Bere eskumen esparruaren barnean eskolatzearen arloko zuzendaritza nagusi eskudunak esleitzen dion beste eginkizun oro, hezkuntzari buruzko oinarrizko legerian ezarritakoaren esparruan.

27. artikulua. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiaren funtzionamendua.

Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiaren funtzionamendua hau izanen da:

a) Hezkuntza Departamentuak ezarriko ditu Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiaren funtzionamendurako behar diren baliabideen zuzkidura eta haren laneko egoitza.

b) Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiko buruari dagokio ohiko batzarretarako eta batzar berezietarako deia egitea.

c) Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia behar adina aldiz bilduko da beren eginkizunak zuzen eta eraginkortasunez gauzatzeko. Edonola ere, bi bilkura eginen dira ezinbestean: bat ikasturtearen hasieran eta beste bat amaieran.

d) Foru dekretu honetan Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiaren arloan ezarri ez den orotarako, honako arau hauetan kide anitzeko organoentzat ezarritakoa aplikatuko da: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

28. artikulua. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiaren osaera.

1. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak kide hauek izanen ditu:

a) Batzordeko burua: eskolatze arloan eskumena duen zuzendari nagusia.

b) Batzordeko kideak:

–Hezkuntzako ikuskapen arloan eskumena duen zerbitzuko zuzendaria.

–Aniztasunarekiko arretaren arloan eskumena duen zerbitzuko zuzendaria.

–Lanbide heziketa antolatzeko arloan eskumena duen zerbitzuko zuzendaria.

–Hezkuntza itunen arloan eskumena duen zerbitzuko zuzendaria.

–Hezkuntza Departamentuan orientazio arloan eskuduna den unitateko funtzionario bat.

–Hezkuntza Departamentuan inklusioaren arloan eskudun den unitateko funtzionario bat.

–Hezkuntza Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

–Udal ordezkari bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hautatutakoa.

–Ikastetxeetako bi zuzendari: bata, ikastetxe publikoetako ordezkaria, irakaskuntza publikoko zuzendarien elkarteek hautatua; bestea, irakaskuntza itunduko ordezkaria, sektoreko erakunde patronalek hautatua.

–Erakunde sindikaletako bi ordezkari: bata, irakaskuntza publikokoa, unibertsitatez kanpoko irakasleen batzordeak hautatua; eta bestea, irakaskuntza itundukoa, sektoreko sindikatuek hautatua.

–Ikasleen gurasoen bi ordezkari: bata, irakaskuntza publikokoa, eta bestea, irakaskuntza itundukoa, hurrenez hurren, ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan ordezkari gehien dituzten federazioek hautatuak.

c) Idazkaria: Eskolatze Ataleko koordinatzailea, hitzarekin eta botoarekin jardunen duena.

2. Batzordeko kideak hautatu behar dituzten entitateek edo erakundeek eta Hezkuntza Departamentuak, Foru Komunitateko Administrazioko ordezkariei dagokienez, kideen ordezkoak ere hautatuko dituzte.

3. Eskolatze Batzorde Nagusiko kideak eta horien ordezkoak eskolatzearen arloan eskudun den zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez izendatuko dira ikasturte bakoitzaren hasieran, eta haren osaketan gizonen eta emakumeen arteko ordezkaritza orekatuaren printzipioa sustatuko da.

29 artikulua. Ikasleak eskolatzea.

Hezkuntza Departamentuak, bere barneko organoen bidez, ikasleak eskolatuko ditu, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak ezarritako irizpideen eta zuzentarauen arabera.

2. ATALA

Tokiko eskolatze batzordeak

30 artikulua. Tokiko eskolatze batzordeen definizioa.

1. Tokiko eskolatze batzordea ikastetxe publikoak edota ikastetxe pribatu itunduak dauden lurralde esparru batean eratzen den organoa da, ikasleen onarpen prozesuaren gainean argibideak eta aholkua emateko, eta prozesu hori gainbegiratzeko, batzordearen eskumen esparruan.

2. Tokiko eskolatze batzordeek zainduko dute, batik bat, hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleek presentzia orekatua dutela beren jarduketa esparruan funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan.

31. artikulua. Tokiko eskolatze batzordeak sortzea eta desegitea.

1. Foru dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, Altsasuko, Berako, Elizondoko, Etxarri Aranazko, Lesakako, Lizarrako, Lodosako, Tafallako eta Tuterako tokiko eskolatze batzordeak sortzen dira.

2. Iruñeko eta Iruñerriko barrutiari dagokionez, tokiko eskolatze batzordeei emandako eginkizunak eskolatzearen arloko Hezkuntza Departamentuko unitate eskudunak hartuko ditu bere gain.

3. Hezkuntzaren arloan eskudun den departamentuko kontseilariaren foru agindu bidez sortuko dira tokiko eskolatze batzorde gehiago, dagokionean, eta prozedura beraren bidez deseginen dira lehendik daudenak.

32. artikulua. Tokiko eskolatze batzordeen eginkizunak.

1. Tokiko eskolatze batzordeen xedea da ikastetxeetan sartzeko eta eskolatzeko aukera berdintasuna sustatzea eta bermatzea, beren eskumen esparruko ikastetxeetan, foru dekretu honen aplikazio eremuan ezarritako mailetan ikasten duten ikasle guztientzat, bereziki hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzat eta arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelako arrazoiengatik egoera ahulean dauden ikasleentzat.

2. Tokiko eskolatze batzordeen eginkizunak honako hauek dira:

a) Eskatzen duten pertsonei aholku ematea, eta informazioa ematea hezkuntza sistemari eta derrigorrezko irakaskuntzaren doakotasunari buruz, ikastetxeei eta haien ezaugarriei eta ikaspostuen kopuruari buruz eta, orobat, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan, eta bereziki haien lurralde eremukoetan, ikasleak onartzeko prozesuari buruz.

b) Ikasleak onartzeko prozesua eta hura erregulatzen duten arauak betetzea ikuskatzea, bereziki arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelako arrazoiengatik ikasleak segregatzea saihestekoak.

c) Ikastetxe guztiek hezkuntzaren laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleak eta arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelako arrazoiengatik egoera ahulean dauden ikasleak ekitatiboki eskolatzen lagun dezaten laguntzea. Horretarako, beste jarduketa batzuen artean, egokienak iruditzen zaizkien neurriak proposatuko dizkiote Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari, ikasle horien eskolatzea ahalik eta baldintza onenetan egin dadin..

d) Ezarritako epeetatik kanpo jasotzen diren eskolatze eskaerak kudeatzea. Eginkizun hori betetzeko, jarduera hauek eginen dituzte:

–Ikaspostua eskatzen duten gurasoengandik, legezko tutoreengandik eta, dagokionean, adinez nagusi diren ikasleengandik hezkuntza eta gizarte esparruetako informazioa jasotzea.

–Ikasleen gainean jasotako datuak balioestea, esleipen proposamena prestatzea lurralde esparruko ikastetxeetan eskolatzearen gainean dagoen informazioaren arabera, eta, familiek esan beharrekoa entzun ondoren, familiak aukeratutako ikaspostua proposatutakoen artekoetatik esleitzea.

–Ikaspostuaren esleipenaren berri ematea gurasoei, legezko tutoreei eta, dagokionean, adinez nagusi diren ikasleei, bai eta dagokion ikastetxeari ere.

e) Hala denean, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak agintzen dien beste edozein, hezkuntzaren arloko oinarrizko legerian ezarritakoaren esparruan.

3. Ikastetxeek behar duten informazioa eta dokumentazioa emanen dizkiete tokiko eskolatze batzordeei, beren lana egin dezaten. Halaber, une oro aholkua eskatzen ahal diote Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari.

4. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak gainbegiratuko du tokiko eskolatze batzordeen lana eta horren berri emanen dio eskolatzearen arloan eskudun den zuzendaritza nagusiari.

33. artikulua. Tokiko eskolatze batzordeen osaera.

1. Tokiko eskolatze batzordeen osaera honako hau izanen da:

a) Batzordeko burua: eskualdeko hezkuntza ikuskatzailea, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak proposatutakoa.

b) Kideak:

–Herriko edo eskolatze eremuko ikastetxe publiko bateko zuzendaria, dagokion lurralde eremuko zuzendariek proposatutakoa.

–Herriko edo eskolatze eremuko ikastetxe pribatu itundu bateko zuzendaria, sektoreko erakunde patronalek proposatutakoa.

–Herriko edo eskolatze eremuko ikastetxeetako irakasleen ordezkari bat, erakunde sindikalek proposatutakoa.

–Herriko edo eskolatze eremuko ikastetxeetako ikasleen gurasoen ordezkari bat, ikastetxe horietako guraso elkarteek proposatutakoa.

–Udalerriari edo eskolatze eremuari dagozkion toki entitateetako gizarte zerbitzuetako pertsona bat, dagokien instituzio edo erakundeek proposatutakoa.

c) Batzordeko idazkaria ikastetxe publikoko zuzendaria izanen da.

2. Tokiko eskolatze batzordeetako kideak eta horien ordezkoak eskolatzearen arloan eskudun den zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez izendatuko dira ikasturte bakoitzaren hasieran, eta haren osaeran sustatuko da gizonen eta emakumeen artean ordezkaritza orekatuaren printzipioa.

34. artikulua. Tokiko eskolatze batzordeen funtzionamendua.

1. Hezkuntza Departamentuak ezarriko ditu Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiaren funtzionamendurako behar diren baliabideen zuzkidura eta haren laneko egoitza.

2. Tokiko eskolatze batzordeetako buruari dagokio ohiko batzarretarako eta batzar berezietarako deia egitea.

3. Tokiko eskolatze batzordeak behar adina aldiz bilduko dira beren eginkizunak zuzen eta eraginkortasunez gauzatzeko. Edonola ere, bi bilkura eginen dira ezinbestean: bat ikasturtearen hasieran eta beste bat amaieran.

4. Tokiko eskolatze batzordeak, epez kanpo egiten diren eskaeretan, ikaspostuen proposamen bat prestatuko du eskatutako eskolatze aukerekin bat etorriko dena, hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleen presentzia orekatua bereziki zainduko eta, orobat, gurasoek, legezko tutoreek edo, kasua bada, adinez nagusi diren ikasleek aukeratutako ikaspostua esleituko du proposatutako ikaspostuen artetik.

5. Eskolatze kasu jakin bat aztertu ondoren, Tokiko Eskolatze Batzordeari haren eskumenetatik at dauden arazoak planteatzen bazaizkio, gaia Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusira bidaliko du, kasua epaitu ondoren behar diren erabakiak har ditzan. Ondorio horietarako, Tokiko Eskolatze Batzordeko ordezkariak deitzen ahalko ditu.

6. Foru dekretu honetan tokiko eskolatze batzordeen funtzionamenduaren arloan ezarri ez den orotarako, honako arau hauetan kide anitzeko organoentzat ezarritakoa aplikatuko da: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

IV. KAPITULUA

Hezkuntza-laguntzako berariazko premia duten ikasleen eskolatzea

35. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Hezkuntzaren kalitatea, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna ziurtatzeko, Hezkuntza Departamentuak bermatuko du hezkuntza-laguntzako berariazko premia duten ikasleak modu egoki eta orekatuan eskolatzen direla, eta beharrezko neurriak hartuko ditu ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelako arrazoiengatik ez segregatzea saihesteko.

2. Kapitulu honetan aipatzen diren neurriak hartzeko, kontuan hartuko dira dagokion eremuko baldintza sozioekonomikoak eta demografikoak, bai eta hezkuntza-laguntzako berariazko premia dakarten ikaslearen baldintza pertsonalak edo familiakoak ere.

36. artikulua. Ikasleen banaketa orekatua.

1. Hezkuntza laguntzarako berariazko premia duten ikasleak eskolatzeko eta horien hezkuntzarako eskubidea bermatzeko, Hezkuntza Departamentuak ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuei baimendutako ikaspostuen zati bat, hots, ebaluazio arruntetik eta ezohikotik ondorioztatutako ikaspostuetatik, gordetzen ahal izanen diete, aurrez izena emateko eta matrikulatzeko aldia amaitu arte, honela:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen ikasmaila eginen duten ikasleei dagokienez, erreserba gordeko da aurreinskripzioaren aldia bukatu arte.

b) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko bigarren ikasmailatik Lehen Hezkuntzako seigarren ikasmaila bitarte eginen duten ikasleei dagokienez, erreserba gordeko da ebaluazio arruntaren aldia bukatu arte.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo Batxilergoa eginen duten ikasleei dagokienez, erreserba gordeko da ebaluazio bereziaren aldia bukatu arte.

Era berean, Hezkuntza Departamentuak baimena emanen du, foru dekretu hau garatuko duen araudian horretarako ezarriko denaren arabera, ikasgela bakoitzean gehienez sartzen ahal diren ikasleen kopurua ehuneko hamar arte handitzeko, dela berandu sartutako ikasleen eskolatze-premia berehalakoei erantzuteko, dela aurreinskripzioaren eta matrikularen aldian ezarritako epetik kanpo familia-unitatea lekualdatzeak sortutako beharkizunengatik, lekualdatze hori gertatu bada guraso edo legezko tutoreetako edozeinen mugikortasun behartuagatik edo ikaslea familian hartzeko neurri bati hasiera emateagatik.

2. Hezkuntza-laguntzako berariazko premia duten ikasleen banaketa orekatua bermatzeko, Hezkuntza Departamentuak aldian behin prestatuko du hezkuntza-laguntzako berariazko premia duten ikasleen indizea ikastetxeka, gutxienez alderdi hauek jasoz: hezkuntza-laguntzako berariazko premia dutenen baldintza pertsonalak, curriculum atzerapena eta hartutako hezkuntza neurriak.

3. Indize hori kontuan hartuko da ezaugarri horiek dituzten ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itundu bakoitzean eskolatzeko, artikulu honen 1. apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako.

4. Indize hori aintzat harturik, Hezkuntza Departamentuak dena delako hezkuntza mailarako finkatuta daudenak baino ikasle ratio txikiagoak ezartzen ahal ditu, dagokionean.

5. Era berean, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza sistemaren kalitatea eta ekitatea sustatzeko beste neurri batzuk hartzen ahal ditu.

V. KAPITULUA

Erreklamazioak, errekurtsoak eta ez-betetzeak

37 artikulua. Erreklamazioak eta errekurtsoak.

Ikasleak onartzeko prozesuko erabakien aurka, foru dekretu honetan edo foru dekretua garatzen duen araudian ezarritakoa betetzen ez badute, eta, dagokionean, tokiko eskolatze batzordeek eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak hartutako akordio eta erabakien aurka, erreklamazioa aurkezten ahalko da erabaki horiek hartu dituen organoaren aurrean, hiru egun balioduneko epean, kasuan kasuko egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita. Edonola ere, organo horrek hartzen duen erabakiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, hezkuntzaren arloan eskudun den kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita; errekurtso horri buruzko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari.

38. artikulua. Ez-betetzeak.

1. Ikastetxe publikoetan ikasleak onartzeari buruzko arauak betetzen ez badira, dagokion administrazio prozedura abiarazten ahalko da, balizko erantzukizunak zehazte aldera.

2. Ikastetxe pribatu itunduek ez badituzte betetzen ikasleak onartzeari buruzko arauak, ikastetxeko titularrari egotzitako ituna ez betetzeko kausa izanen da, Hezkuntzarako eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 62. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengo xedapen gehigarria.–Beste ikasketa batzuetako onarpena.

1. Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikasketetan onartzeko kontuan hartuko dira foru dekretu honetan xedatutakoa aplikatzetik ondorioztatutakoa, ikasketa horietako bakoitza arautzen duen oinarrizko legedia eta, orobat, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, kasuan kasu, ezartzen duen berariazko araudia.

2. Foru dekretu honen aplikazio eremutik kanpoko ikasketetako onarpena ikasketa horietako bakoitza arautzen duen oinarrizko legediaren arabera eginen da, bai eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak ezartzen duen berariazko araudiaren arabera ere, halakorik denean.

Bigarren xedapen gehigarria.–Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen onarpena.

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen onarpenari dagokionez, hezkuntza-laguntzako berariazko premia duten ikasleentzat foru dekretu honetan xedatutakoaz gain, horien berariazko araudian ezartzen dena beteko da.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Foru Komunitatearen Administrazioaren finantzaketarik jasotzen ez duten itundu gabeko ikastetxe pribatuak.

Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 25. artikuluan ezarritakoarekin bat, itundu gabeko ikastetxe pribatuek, horien finantzaketaren zati bat ere ez badator Foru Komunitatearen Administraziotik jasotako funtsetatik, autonomia izanen dute ikasleak onartzeko irizpideak ezartzeko eta prozesua xedatzeko.

Laugarren xedapen gehigarria.–Eskolatzeko lehentasunezko beste egoera batzuk.

1. Foru dekretu honetan jasotakoaz gain, guraso edo legezko tutoreetako baten bizileku edo lantokiari dagokion eskolatze eremuan lehentasuna izanen dute ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan eskolatzen diren ikasleek, baldin eta horren arrazoia bada familia-unitatea bizilekuz aldatu dela guraso edo legezko tutoreetako edozeinen mugikortasun behartuagatik, edo bizilekuz aldatu behar izan dutela genero indarkeriako ekintzen ondorioz.

2. Era berean, genero indarkeriako ekintzen edo eskola jazarpenaren ondorioz ikastetxez aldatu behar duten ikasleak berehala eskolatzen direla bermatuko da. Era berean, Hezkuntza Departamentuak erraztasunak emanen ditu ikastetxeek arreta berezia eman diezaieten ikasle horiei.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Datu pertsonalak babestea.

Ikasleen, gurasoen eta legezko tutoreen datu pertsonalak eskuratu eta tratatzean, datu horiek ikastetxeek elkarri lagatzean, eta datu horien segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzeko neurriak hartzean, datu pertsonalak babesteko indarreko legedian xedatutakoaren arabera jokatuko da.

Seigarren xedapen gehigarria.–Elkarlanean aritzea beste administrazio instantzia batzuekin.

Hezkuntza Departamentuak Administrazioko beste instantzia batzuei laguntza eskatuko die ikasleak onartzeko prozesuan interesdunek eta ikastetxeek ematen dituzten datuak egiaztatzeko, behar denean eta horretarako ezartzen den esparruaren barnean.

Zergen arloko informazioaren kasuan, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 84. artikuluaren 10. eta 11. apartatuetan xedatutakoaren arabera jokatuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehen xedapen iragankorra.–Araudiaren indarraldia.

Foru dekretu honek indarra hartu aurretik abiatu diren ikasleak onartzeko prozesuetan, hasi ziren unean indarrean zen araudia aplikatuko da.

Bigarren xedapen iragankorra.–Prozedura telematikoa ezarri arteko araubide iragankorra.

Foru dekretu honen 5. eta 9. artikuluetan aipatutako webgunea erabilgarri ez dagoen artean, Hezkuntza Departamentuak egokitzat jotzen dituen behar adina kanal ezartzen ahalko ditu, ikasleak onartzeko prozesua egoki gauzatzen dela bermatzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetutako arauak.

Indargabetuta geratzen dira 31/2007 Foru Dekretua, apirilaren 2koa, unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dituena; eta 40/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 9koa, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia eta tokiko eskolatze batzordeak sortu eta arautzen dituena, bai eta dekretu honetan xedatutakoaren aurka doazen eta maila bera edo apalagoa duten beste xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Erregelamendu bidez garatzea.

Hezkuntzaren arloko eskumena duen kontseilariari baimena ematen zaio behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu hau garatzeko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko apirilaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2106782