97. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

80E/2021 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita proiektu honetarako: autokontsumorako 99 kW-eko eguzki-instalazio fotovoltaiko bat jartzea Lodosa eta Sartagudako hondakin-uren araztegian, Lodosako udal-mugartean. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA da.

2020ko irailaren 11n, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko i) epigrafean (energia instalazioak) jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta izanen dituela uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 117. artikuluan ezarritako ondorioak (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Proiektatutako jarduketaren xedea da autokontsumorako eguzki instalazio fotovoltaiko bat jartzea Lodosa eta Sartagudako hondakin-uren araztegian, Lodosako udal-mugartean, Lodosako 2. poligonoko 850 lurzatian. Instalazioa soberakinik gabekoa izanen da eta 99 kW-eko potentzia izanen da inbertsoreetan.

Instalazioak 380 Wp-eko 288 modulu fotovoltaiko izanen ditu, hiru inbertsoretan banaturik. Panelak hondakin-uren araztegiaren eremu hesituaren barruan paratuko dira, lau ilaratan (hiru erdian eta bat hegoaldeko hesiaren ondoan). Lurrean jarriko dira, 50 cm-ko altueran gutxienez ere, uholde arriskuaren maila gainditzeko. Altzairuzko egitura batzuen gainean kokatuko dira, zeinak lurrari ainguraturik egonen baitira hormigoiz beteriko putzuen bitartez. Lurzorua balastozkoa da, eta instalazioa gauzatu ondoren aldatuko da. Hondakin-uren araztegiak NA-123 errepidetik du sarbidea. Bada zuhaixka lerro bat, errepidearekiko paraleloan kokaturik, baina, hala ere, araztegia ikus daiteke errepidetik. Aurrekontuan sartu da ukitutako hiru apaindura-zuhaitz tokiz aldatzea, araztegiko edo hor inguruko beste toki batera.

Hondakin-uren araztegia Lodosako udalerritik 300 metrora dago, Ebro ibaiaren polizia eremuan, ezkerraldean. Ekialdetik 25 metrora NA-123 errepidea dago. Instalazioak ibai ezpondaren goiko aldean daude, uholde eremuan. Araztegiaren hegoaldean eta iparraldean lehorreko belar-laboreak daude; mendebaldean, ibaiaren eta araztegiaren artean, bide bat dago Lodosa (iparraldean) eta Sartaguda (hegoaldean) lotzen dituena eta ibai ezpondaren goiko eremutik doana. 380 metro ekialdera, Estellerriko Erriberako Igeltsuak izeneko ES2200031 kontserbazio bereziko eremua dago. Obrek ez dute ukituko.

Espedientean aldeko txostenak jasota daude, Lodosako Udalak 2020ko irailaren 15ean eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 2021eko martxoaren 2an emandakoak.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: autokontsumorako 99 kW-eko eguzki-instalazio fotovoltaiko bat jartzea Lodosa eta Sartagudako hondakin-uren araztegian, Lodosako udal-mugartean. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Jarduketa eremura araztegiko sarbidetik bertatik sartuko da, eta lan guztiak barruko esparruan eginen dira.

–Lanak hasi aurretik, materialak metatzeko eremua zedarrituko da (ibaiaren ingurutik ahalik eta urrunen behar du).

–Araztegiaren mendebaldean beharrezko neurri guztiak hartuko dira substantziarik –edozein eratakorik– isur ez dadin ibai ibilgura.

–Ingurumen ukipenen azterlanean jasotako prebentzio neurriak eta ingurumena zaintzeko programa beteko dira.

–NA-123 errepidetik ikusita paisaia-inpaktua lehen baino handiagoa izan ez dadin eta, ahal dela, hura murrizte aldera, bere horretan utziko dira jarduketa lurzatiaren ekialdeko mugan dauden zuhaitzak eta, beharrezkoa baldin bada, inguru horretako espezie autoktonoak landatuko dira landare hesia trinkotzeko.

–Baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obran bertan erabiltzen ez diren hondeaketako soberako lurrak.

–Lanak bukatzean, kanpaina bat eginen da proiektuaren jarduketa eremuan dauden zabor eta hondakin guztiak garbitzeko eta kentzeko. Era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, hondakinei buruzko araudi indardunarekin bat.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Baldin inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, landaredi naturala ukitzea, elementu bereziak aurkitzea, eta abar) sustatzaileak abisua eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Atalari, Ingurumena Zaintzeko Ataleko Lizarra 2. Koordinazio Unitatearekin jarri beharko du harremanetan (telefonoa: 686504345; helbide elektronikoa: gmaestellasur@navarra.es).

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek babesten du, bakar-bakarrik, autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat jartzea hondakin-uren araztegian (Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak emandako irailaren 11ko 1288 Ebazpenaren bidez baimendutakoan); aurkeztutako dokumentazioaren arabera eta baimenak berak ezarritako zehaztapenak kontuan harturik.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Instalazioak ukitzen duenez Ebro ibaiaren polizia eremua, sustatzaileak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eskuratu beharko du.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk horniketa edo banatze sarera konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea. Energia elektrikoa ateratzea ere baimenetik kanpo gelditzen da.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Lodosako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Lizarrako 2. Koordinazio Unitatea), Klima Aldaketaren Atalera, eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko martxoaren 22an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2104820