97. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

51/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 20koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana. Honen bidez epe berezia ezartzen da 2021eko lehen hiruhilekoari dagozkion autolikidazio-eredu batzuk aurkezteko eta, hala bada, horien diru-sartzeak egiteko.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren martxoaren 18ko 40/2009 Foru Aginduaren bidez onetsi zen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako ordainketa zatikatuen autolikidaziorako 130 eredua. Foru agindu horrek eta martxoaren 8ko 86/1993 Foru Aginduaren bidez onetsitako Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 62.4.a) artikuluak ezartzen dute, hurrenez hurren, PFEZren konturako ordainketa zatikatuen eta BEZren hiruhilekoko aitorpen-likidazioen aurkezpena eta diru-sartzea egin behar direla hiruhileko natural bakoitzaren hurrengo hilabetearen lehenbiziko hogei egun naturaletan.

Bestalde, abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko zergaren Erregelamenduaren 48.6 artikuluan (Atxikitzailearen eta konturako diru-sarrera egitera behartutakoaren betebeharrak) xedatzen denez, artikuluak aipatzen dituen aitorpenak eta, hala bada, horiei dagozkien diru-sarrerak egin behar dira tributu arloan eskudun den departamentuaren titularrak errenta mota bakoitzerako ezartzen dituen epeetan, ereduetan eta moduan.

Azkenik, eta zentzu berean, maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 90.5 artikuluan (Atxikitzailearen eta konturako diru-sarrera egitera behartutakoaren betebehar formalak) xedatzen denez, artikuluak aipatzen dituen aitorpenak eta, hala bada, horiei dagozkien diru-sarrerak egin behar dira tributu arloan eskudun den departamentuaren titularrak errenta mota bakoitzerako ezartzen dituen epeetan, ereduetan eta moduan.

Aurrekoarekin bat, 2021eko lehen hiruhilekoari dagozkion aitorpenak aurkezteko epe orokorra 2021eko apirilaren 20an amaitzen da.

Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 62.4 artikuluak xedatzen du, halaber, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko titularrak luzatzen ahalko duela telematika bidez aurkezten diren aitorpenen epea, arrazoi tekniko eta sendoak badaude.

Hainbat arazo teknikok eragotzi dute 2021eko hiruhilekoari dagozkion aitorpen batzuk bide elektronikoz aurkeztea horretarako ezarritako epea bukatu aurreko egunetan. Hori dela eta, kasu batzuetan ezin izan dira ordainketak helbideratu, banku-helbideratzeak borondatez ordaintzeko epea amaitu baino gutxienez hiru egun baliodun lehenago egin behar direlako. Hala jasotzen da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak apirilaren 23an emandako 80/2008 Foru Aginduan, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua hein batean garatzen baita, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

Aitorpenak errekargurik sortu gabe aurkeztu ahal izateko eta, batez ere, apirilaren 15aren ondoren aurkeztutako aitorpenen kasuan, helbideratu ezin diren ordainketak egin ahal izateko, epe berezia ezartzen da Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako ordainketa zatikatuen eta atxikipenen ereduak aurkezteko eta, hala bada, diru-sartzeak egiteko, baita Balio erantsiaren gaineko zergarenak eta Sozietateen gaineko zergaren konturako atxikipenenak ere, 2021eko ekitaldiko lehen hiruhilekoari dagozkionak. Epea 2021eko apirilaren 30ean amaituko da.

Hori horrela, esleituta ditudan gaikuntzez baliaturik,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Epe berezia, autolikidazio-eredu batzuk aurkezteko, eta hala bada, horien diru-sartzeak egiteko.

1. Modu berezian, epea luzatzen da, 2021eko apirilaren 30era arte, 2021eko lehen hiruhilekoari dagozkion autolikidazio-eredu batzuk aurkezteko, eta hala bada, horien diru-sartzeak egiteko, interesik eta errekargurik gabe. Eredu hauek, alegia:

–130 eredua, Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako ordainketa zatikatuen autolikidazioa.

–F-69 eredua, Balio erantsiaren gaineko zerga. Hiruhilekoko aitorpen-likidazioa. Araubide orokorra eta erraztua.

–715 eredua, PFEZaren atxikipenak, lan etekinengatik, enpresa, lanbide, nekazaritza, abeltzaintza eta oihangintza jarduera batzuengatik, sariengatik eta errenta-egozpen batzuengatik.

–716 eredua, PFEZ eta sozietateak. Kapital higigarriaren konturako atxikipenak.

–759 eredua, PFEZ eta sozietateak. Hiri lurreko ondasun higiezinen errentamenduei dagozkien atxikipenak.

–781 eredua, PFEZ, sozietateak eta ez-egoiliarren errenta. Konturako atxikipenak eta diru-sarrerak. Ondare-gehikuntzei dagozkien konturako ordainketak.

2. 2021eko apirilaren 16tik 30era bitartean aurkezten diren aitorpenen diru-sartzeak honako bide hauetan soilik egiten ahalko dira:

a) Ordainketa telematikoa, aitorpena igortzen denean, edo horren ondoren P44 inprimakiaren bidez.

b) Ordainketa-gutuna, tributuen diru-bilketan laguntzen duen finantza-erakundean ordaindu beharrekoa.

Azken xedapen bakarra.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra, aginduan berean ezarritako ondorioekin.

Iruñean, 2021eko apirilaren 20an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2106317