97. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRURTZUN

Kiroldegiaren erabilera eta funtzionamendua arautzen duen erregelamenduaren behin betiko onespena

Irurtzungo Udalak, 2021eko otsailaren 2an egin osoko bilkuran, “Kiroldegiaren erabilera eta funtzionamendua arautzen duen erregelamendua” onetsi zuen hasiera batez.

Iragarkia 2021eko otsailaren 23an argitaratutako 41. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Irurtzungo Udalaren iragarki-oholean argitaratu eta gero, jendaurrean egoteko legezko epea iragan da, inork erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe. Ondorioz, ordenantza behin betiko onetsitzat ematen da.

Segidan, haren testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324., 325. eta 326. artikuluetan aurreikusitakoa betetze aldera..

Irurtzunen, 2021eko apirilaren 20an.–Alkatea, Aitor Larraza Carrera.

IRURTZUNGO UDAL KIROLDEGIA ERABILTZEKO ARAUDIA

1. artikulua. Xedea.

Hona arau hauen xedea: hala Irurtzungo Udalaren kirol-instalazioen erabilera eta funtzionamendua nola erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak arautzea.

2. artikulua. Erabilera.

1. Hona Udalaren kirol-instalazioen jomugak: eskoletako kirol-jarduera fisikoa, herritarren aisialdirako kirolak, kirol-erakustaldiak, kirol-lehiak eta errendimendu altuko kirolak, baita horiek profesionalak direnean ere.

2. Arau orokor gisara, kirol-instalazio bakoitza zein kiroletarako izan eta horiek bakarrik egiten ahalko dira bertan, bai eta, Udalaren baimenik aurretik izanez gero, teknikoki egitea posible den beste edozein kirol ere.

3. Dagozkien kirol-erabilerak gorabehera, Udalaren kirol-instalazioetan kirolezkoak ez diren bestelako jarduerak egiteko baimena eman ahalko da, baldin eta dauden azpiegiturekin bateragarriak badira, eta xedatu diren baldintza partikularrekin bat, betiere ohiko funtzionamenduarekin trabarik ez egiten ahaleginduta.

Baimen horiek Irurtzungo Udaletik kanpoko ekimeneko jardueretarako badira, erabilera horretarako ezarritako prezioa handitu egingo da, eta erabilitako ordu guztiak zenbatuko dira, hala gertakizuna edo ikuskizuna prestatzekoak nola hori gauzatzekoak. Oro har, instalazioak erabiltzeko eskaerarekin batera jarduera gehigarriak eskatzen ez badira, hala nola muntaketa eta desmuntaketa, zaintza, garbiketa, energia-kontsumoak eta jarduera gauzatzeko sortutako gainerako zerbitzuak, ulertuko da jarduera horiek instalazioak erabiliko dituenaren kontura direla.

3. artikulua. Eskaerak eta baimenak.

1. Erabilera arautuzko kirol-instalazioak erabiltzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik horretarako baimena izatea.

2. Egun bateko erabileretarako, interesdunek udaletxean bertan eskatuko dute hori erabiltzeko baimena, betiere erabilgarri dagoen ordutegian; horretarako betekizun bakarra ezarritako prezioa aldez aurretik ordaintzea da. Epeak eta baldintzak aldatu ahal izango dira, Udalak horrela erabakitzen badu eta betiere zerbitzuaren beharren arabera.

3. Erabilera jarraitua edo sasoikoa bada, eta kirol-denboraldia hasi baino lehen, nahi duenak akordio bat sinatu ahal izango du Udalarekin. Akordio hori sinatuz gero, araudi hau erabat onartzen dela ulertuko da.

Behin akordioa sinatuta, nahi duenak baja hartu ahal izango du, egokitzat jotzen duenean, eta idatziz eman beharko dio horren berri Udalari.

4. Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko baimena edo bide ematea beste inori besterendu ezin zaion eskubidea da; horrenbestez, baimenaren titularrek ezin izango dizkiote emandako erabilerak inori laga, ezta inorekin elkartrukatu ere, salbu Udalaren onespena dutenean.

5. Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko baimena, dena dela, Irurtzungo Udalaren beharrek mugatuko dute.

Irurtzungo Udalak beretzat gorde du emandako erabilerak Udalaren interesengatik aldatzeko edo baliogabetzeko ahalmena, bai eta zerbitzua aldi baterako bertan behera uztekoa ere, interesdunei eragin ahal izan dizkien kalteak direla-eta erantzun beharrik gabe, salbu ordaindutako prezioak interesdunei proportzioan itzuli behar izatea.

4. artikulua. Erabilera-lehentasunak.

1. Irurtzungo Udalak beretzat gordetzen du ustekabean sor daitezkeen udal-beharren ondoriozko erabilera-lehentasuna.

2. Kirol-instalazioak lehentasunez erabiltzeko irizpideen arabera erabiliko dira, betiere jarraian ezarritako lehentasun-ordenarekin bat. Berdinketa gertatuz gero, interes orokorrari begiratuko zaio.

a) Eskola orduetan, Atakondoa ikastetxe publikoko ikasleek izango dute Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko lehentasuna, Gorputz-hezkuntzako curriculumean jasotako programak gauzatze aldera.

b) Eskolaz kanpoko orduetan, Udalaren kirol-instalazioak ondokoetarako erabiliko dira, hurrenez hurren: Udalaren programak garatzeko, herriko kluben eta kirol elkarteen beharrak asetzeko, eta herritarren aisialdi-kirolerako.

Ordutegien kudeaketa Udalaren eta pertsona eta klub erabiltzaileen artean adostuko da.

5. artikulua. Objektuen eta ekipajeen zaintza.

Irurtzungo Udalak ez du ardurarik hartuko Udalaren kirol-instalazioetan galdu edo narriatu diren objektu pertsonalen gainean, eta aholku ematen du Udalaren kirol-instalazioetara ez eramateko balio duten objekturik.

6. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.

Erabiltzaileek orok eskubide berberak izanen dituzte, instalazioak erabili eta horiekin gozatzeko, ondokoak, zehazki:

a) Udalaren kirol-instalazioak erabiltzea, egutegi eta ordutegiarekin nahiz erabiltzeko gainerako baldintzekin bat.

b) Irurtzungo Udalari egoki jotako adina eskaera, iradokizun edo kexa aurkeztea, instalazioaren funtzionamenduaz bezainbatean.

c) Instalazioa behar bezala mantentze aldera, bertako arduradunei atzemandako gabeziez ohartaraztea, bai eta iradokizunak egitea ere.

d) Orobat, kirol-instalazioetan ustekabean konponketarik egin behar izanez gero, saiatuko da, ahal delarik, antzeko ezaugarriak dituen beste kirol-espazio bat eskaintzen. Hori ezinezkoa bada, Udala erantzukizun guztietatik salbuetsita geratuko da.

7. artikulua. Erabiltzeko murrizketak eta debeku orokorrak.

7.1. Debekatuta dago instalazioak erabiltzea prezipitazio handiak daudenean, baldin eta euriok jardueraren ohiko funtzionamenduari eragiten badiote edo eragin badiezaiokete.

7.2. Instalazioetan alkohola saltzea debekatuta dago.

7.3. Instalazioetan erretzea debekatuta dago.

8. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Udalaren kirol-instalazioetara sartzeak berekin dakar araudi honetan jasotako arauak oro onartzea.

1. Erabilera-baimena eskatzea, betiere indarrean den prozedurarekin bat, eta ezarritako prezio publikoa ordaintzea, zehaztutako epeen baitan eta eran ordaindu ere.

2. Udalari berehala jakinaraztea instalazioan edo erabili beharreko materialean egon daitekeen edozein akats, baldin eta hura erabiltzeko ezintasuna edo arriskua badakar.

3. Nolanahi ere, interesdunari egozten ahal zaion zio batengatik ez badu erreserbatutako instalazioa erabiltzen, horrek ez du salbuetsiko ezarritako prezioa ordaindu beharretik, eta ez du eraginen ordaindutako zenbatekoaren itzulketa, ez zenbateko osoarena ez parte batena ere.

4. Gainerako pertsonekiko errespetuzko jarrerak izatea, eta berariaz debekatzea jarduera sexistak, homofoboak, xenofoboak, klasistak eta giza eskubideen gaineko urraketak.

5. Udal-langileen errekerimenduei eta jarraibideei erantzutea.

6. Arau hauek ez betetzeak edota bandalismoz jokatu zein gaizki portatzeak berekin ekartzen ahalko dituzte araudi honetan aurreikusitako zehapenak, bai eta eragindako kalteak konpondu, ordaindu edota narriatutakoa berriz ere jarri beharra.

9. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizunak.

1. Erabiltzaileek behar den bezala utzi beharko dituzte instalazioak, hau da, hurrengoek erabiltzeko moduan. Bestalde, beren gain hartuko dituzte, osotasunean eta zuzenean hartu ere, instalazioak erabiltzen ari direnean haiek eragindako kalte-galerak, bai eta lokal edo eraikineko beste geletan egindakoak zein pertsona fisikoek jasaten ahal dituztenak ere, baimendutako jardueraren ondorioz.

2. Baimenaren titularra joko da egindako erabileraren zuzeneko erantzulea, salbu daukan ordezkaritza egiaztatzen badu; kasu horretan, erantzukizuna ordezkatuarena izanen baita.

3. Adingabeen segurtasuna gurasoen erantzukizuna da bakarrik, edo haiekin dauden pertsona helduena; horien ardurakoak izango dira, baita ere, adingabeek Udalaren kirol-instalazioak erabiltzean egiten dituzten funtzionamendu-arauen hausteak.

4. Irurtzungo Udalak ez ditu bere gain hartuko erabiltzaileek jasaten ahal dituzten istripuak edo kalteak, baldin eta horiek arau hauek ez betetzeak edo kirol-instalazioak behar ez bezala eta zuhurtziagabe erabiltzeak eragindakoak badira.

5. Udalaren kirol-instalazioen erabiltzaileak izango dira instalazioei edo hirugarrenei eragindako kalteen edo lesioen erantzuleak.

10. artikulua. Zehatzeko prozedura.

1. Araudi honetan arau-haustetzat jotakoak egiteagatik erantzukizuna galde egitea bat etorriko da zehatzeko ahala gauzatzeko ezarrita dagoen legezko eta arauzko prozedurarekin.

2. Zehapen-prozedurari hasiera emateko ahalmena duen organoak baldin badaki gertatutako jazoerek administrazioko arau-hausteaz gain arau-hauste penalik ere badakartela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio, eta eten eginen du zehatzeko prozedura, baldin eta abiarazia badu, harik eta agintaritza judizialak epaia eman arte. Zehatzeko prozedura etenda dagoen bitartean, eten eginen dira, baita ere, hala arau-haustearen preskripzioaren epea nola prozeduraren beraren iraungitasuna.

11. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1. Arau-hausteak arinak eta larriak izan daitezke, ondoren adierazitakoarekin bat:

A) Arau-hauste arinak:

–Instalazio bakoitzak erabiltzeko dituen berezko arauak ez betetzea.

–Instalazioa erabiltzen ari den edozein pertsona edo bertako langile desegoki tratatzea.

–Haren titularra ez den pertsona batek instalaziora sartzeko txartela edo baimena erabiltzea.

–Jolasean edo kirola egiten jardutea, horretarako ez diren eremuetan.

–Arautegi honetan ezarritako beste edozein betebehar, debeku edo mugapen ez betetzea, betiere horrek arau-hauste astunik edo oso astunik ez badakar.

B) Arau-hauste astunak:

–Instalazioak, ekipamenduak, kirol-materiala edo erabiltzaileen ondasunak eta objektuak nahita ostu, lapurtu edo narriatzea.

–Arduradunek instalazioen funtzionamenduaren hobe beharrez ezarritako jarraibideei behin eta berriz kasurik ez egitea.

–Instalazioak barnetik hankaz gora uztea.

–Hiru arau-hauste arin egitea.

2. Zehapenak mailakatzean ondokoak hartuko dira kontuan: asmoa, arduragabekeria edo larritasuna.

12. artikulua. Zehapenak.

1. Zehapen hauek ezarri ahal izango dira, egindako arau-haustearen mailaketaren arabera:

a) Arau-hauste arinen kasuan, haiei dagokien zehapena ezartzen ahalko da: idatzizko ohartarazpena edo erabiltzaile-izaera 15 egunez galtzea.

b) Arau-hauste astunen kasuan, haiei dagokien zehapena ezartzen ahalko da: erabiltzaile-izaera 30 egunez edo behin betiko galtzea.

Erabiltzaile-izaera zehapen baten ondorioz galduz gero, kasuan kasuko pertsonak instalazioa erabiltzeko ordaindutakoa ere galduko du.

2. Nolanahi ere, kasuan kasuko erabiltzaileak modu nabarian joz gero araudi honen kontra, eta egin dizkioten ahozko ohartarazpenei kasurik egin ezean, instalazioen arduradunek ahalmena izanen dute bertatik alde egin dezala exijitzeko, betiere geroago aplikagarriak diren jarduketak deusetan galarazi gabe.

3. Arau-hausterik eginez gero, arau-hausteak berekin ekartzen ahal duen zehapena gorabehera, erabiltzaileek eragindako kaltea konpondu edo ordaindu beharko dute, edo narriatutakoa berriz ere jarri.

4. Udalak gauzatuko ditu, betiere horretara beharturik dagoen obligaziodunaren kontura, arau-haustea baino lehen gauzak nola zeuden eta horretara leheneratzeko egin beharrekoak, baldin eta arau-hausleak berak egin ez baditu. Obligaziodunari eragindako kostua ordaintzeko exijituko zaio, betiere ordenamendu juridikoak ezarritakoarekin bat.

5. Behin zehapen-espedientea abiaturik, edozein unetan hartu ahalko dira prozedura egokia garatzeko beharrezkoak diren behin-behineko neurriak, bai eta ezar daitekeen zehapenaren prozedura segurtatu edo arau-hauste berriak egiten ekidin.

Iragarkiaren kodea: L2106342