97. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRURTZUN

0 eta 3 urte bitarteko haurrak haur-eskoletara joateagatik familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak arautzen dituen ordenantzaren aldaketaren behin betiko onespena

Irurtzungo Udalak, 2021eko otsailaren 2an egin osoko bilkuran, “0 eta 3 urte bitarteko haurrak haur-eskoletara joateagatik familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak arautzen dituen ordenantza” aldatzea onetsi zuen hasiera batez.

Iragarkia 2021eko otsailaren 23ko 41. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Irurtzungo Udalaren iragarki-oholean argitaratu eta gero, jendaurrean egoteko legezko epea iragan da, inork erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe. Ondorioz, ordenantza behin betiko onetsitzat ematen da.

Segidan, haren testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324., 325. eta 326. artikuluetan aurreikusitakoa betetze aldera.

Irurtzunen, 2021eko apirilaren 20an.–Alkatea, Aitor Larraza Carrera.

0 ETA 3 URTE BITARTEKO HAURRAK HAUR-ESKOLETARA JOATEAGATIK FAMILIA ETA LANA BATERAGARRI EGITEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Laguntza hauek emateko betekizunak eta baldintzak.

a) Haurren adinak 4 hilabete eta 3 urte bitartekoa izan beharko du.

b) Eskaera egin duen gurasoak edo legezko tutoreak eta adingabea Irurtzunen erroldatuta egon beharko dira, eta gutxienez urtebeteko antzinatasuna izan beharko dute eskabidearen dataren aldean.

c) Dirulaguntza Nafarroako edozein haur-eskola publikotara joateko eska daiteke.

d) Dirulaguntza ikasturtearen amaieran ordainduko da, asistentzia denboraren arabera.

e) Dirulaguntza zuzeneko laguntza izango da, aurkeztutako eskabideetan oinarrituta. Gehienez 842 euro-ko laguntza izango da. Familia bakoitzari eman beharreko dirulaguntzaren kalkulua egiterakoan, honako hauek hartuko dira kontuan:

–Asistentzia jardunaren ehunekoa.

–Irurtzungo Udalaren eta haur-eskolaren udal titularraren artean hitzarmenik baden, hala badagokio, eta horren arabera sortutako defizita.

f) Dirulaguntza lana eta familia bateragarri egiteko Udalaren aurrekontu-partidaren kontura onartu eta ordainduko da, eta emandako dirulaguntzen guztizkoak ezin izango du aurrekontu-partida horri esleitutako kreditua gainditu.

g) Haurrak haur-eskoletara joateko laguntzen araudi hau indargabetuta geratuko da Irurtzunen haur-eskola bat dagoen unetik.

2. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

2.1. Dirulaguntza eta laguntza publikoen arloko arau-hauste administratiboak dira honako jokabide hauek, haietan doloa, errua edo zabarkeria hutsa tartean denean:

a) Dirulaguntza edo laguntza bat lortzea, hura emateko eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo eragotzi edo mugatu zezaketen baldintzak ezkutatuz.

b) Jasotako zenbatekoak dirulaguntzaren xede diren helburuetarako ez erabiltzea, betiere aldez aurretik errekerimendurik egin gabe itzuli ez bada.

c) Onuradunari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, dirulaguntza ematearen ondorioz bere gain hartutako betebeharrak ez betetzea.

2.2. Halaber, agintaritza zehatzaile eskudunak honako zehapen hauek ezartzea erabaki ahal izango du:

a) Administrazio emailearen dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea, bost urtera arteko epean.

b) Administrazio emailearekin kontratuak egiteko debekua, bost urtera arteko epean.

3. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

Eskabideak Udaleko Erregistroan aurkeztuko dira abuztuaren 1etik irailaren 30era eta abenduaren 15etik urtarrilaren 15era (kasu honetan, ikastarturteari geratzen zaion laguntza emango zaio), urtero, aipatutako azken eguneko 14: 00ak arte. Epea ezin izango da luzatu.

4. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

a) Eskabidea.

b) Errolda-ziurtagiria, haurra eta haren gurasoak edo legezko tutoreak Irurtzunen erroldatuta daudela eta eskaera egiten den egunean urtebeteko antzinatasuna dutela adierazten duena.

c) Eskaera egin duen aitaren edo amaren NANaren eta familia-liburuaren fotokopia.

d) Haur Eskolaren ziurtagiria, haurra bertara joan dela eta benetan ordaindutako matrikularen zenbatekoa egiaztatzen duena.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, semea edo alaba haur-eskolara joateagatik beste dirulaguntzarik jasotzen ez dela adierazten duena.

f) Dirulaguntza kobratu nahi den banku-kontuaren lehen orriaren fotokopia.

Iragarkiaren kodea: L2106341