96. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantza. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2021eko martxoaren 29an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Gizalegezko jokaeren sustapenari eta Tuterako espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluen arabera, ordenantza horren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da.

Argitara ematen da, eta ohartarazten, behin betiko onespen honen kontra bide hauetakoren bat erabil daitekeela:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zuzenean aurkeztuz Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztuz, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Tuteran, 2021eko martxoaren 31n.–Alkate udalburua, Alejandro Toquero Gil.

GIZALEGEZKO JOKAEREN SUSTAPENARI ETA TUTERAKO ESPAZIO PUBLIKOEN BABESARI BURUZKO UDAL ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Tutera osatzen dute kale, eraikin, parke eta plazek, herritarrek goza ditzaten.

Hiria hobetu egiten da, elementu fisikoak modernizatuz eta areagotuz, gerora sortutako gizarte-beharrak asetzeko, eta gizalegezko portaera-jarraibideak hobetuz, herritarrek bizikidetza hobetu ahal izan dezaten eta, azken batean, hiri hobea eraiki dezaten bertan bizi edo hura bisitatzen dutenentzat.

Gizalegearen aurkako jarrerek, gutxiengoa izan arren, ez dituzte soilik guztion ondareko ondasunak eta espazioak kaltetzen eta hondatzen. Aitzitik, bizikidetzaren aurkako erasoa, elkartasunik ezaren jarrera eta errespetu falta dira beren eskubideak eta betebeharrak gizalegez beren gain hartzen dituzten herritar gehien-gehienekiko.

Beste alde batetik, gizalegearen aurkako portaerek behartzen dute diru kopuru handiak erabiltzera garbitze, mantentze eta konpontze lanetan edo ondasunak berrezartzen, diru hori beste zerbaitetarako baliatu beharrean.

Toki Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzko 57/2003 Legeak lege batera ekarri du Auzitegi Konstituzionalaren 132/2001 Epaiak ezarri doktrina, 139. artikuluan ahalmena ematen baitie udalerriei toki intereseko bizikidetza harremanak eta haien zerbitzu, hornidura, azpiegitura, instalazio eta eremu publikoen erabilera antolatzeko.

Beraz, lege aurreikuspen horrek bidea ematen du Udalak arlo hori modu zabalagoan arautzeko eta horiek horrela, bada, ordenantza hau izanen da aipatu alderdiak jorratzen dituen araua.

Orobat, 57/2003 Legeak mugak ezarri dizkio udal araudiari. Hortaz, ahalmen hori eraginkorra da “sektoreko araudi berariazkorik ez dagoenean” (139. artikulua). Era berean, lege mailako antolamendua errespetatu beharko da, eta ordenantzak ezin du lege formal batean ezarritakoan sartu edo hura hautsi. Eta, jakina, are gutxiago jasotzen ahalko ditu pertsonaren oinarrizko eskubideen urraketak, Konstituzioan jasota baitaude.

Gainera, legeak udalei toki intereseko bizikidetza harremanak arautzeko ahalmena ematearekin bidea irekitzen da arlo horri batera –hau da, ikuspegi orokorraz– heltzeko.

Ordenantza honen bidez bultzatu nahi dira balioak eta gizalegezko jokaerak, udal helburu gisa eta herritarren bizikidetza hausten duten jarreren prebentziorako baliabide gisa. Horretarako, hainbat neurri bildu dira, hezkuntza nahiz zabalkuntza arlokoak edo bestelakoak, edozein gizarte demokratikotan bizikidetzari oinarri ematen dioten balioak sustatzeko asmoz.

Bigarrenik, testu arauemaile honen beste helburu bat da ondasun publikoak nahiz eremu publikotik ikusten diren esparruak babestea, titulartasun pribatukoak izan arren apaindura publikoan ondorioak badituzte. Lehen kasua herritar guztiek erabiltzekoak diren ondasunak administrazio guztiek duten babestu beharraren ondorio logikoa da, herritarrek zergen bidez ordaintzen dituztela kontuan hartuta, haiek erabiltzeko aukera izan dezaten. Espazio publiko guztien zainketa egokia lortu nahi da, bizilagun guztien eskubidea baita hiria behar bezalako apaindura eta osasungarritasun egoeran izatea. Era berean, gizalegerik gabeko portaeren gaitzespena arautu da, herritarren arteko bizikidetza egokia bultzatzeko asmoz. Helburu horiek betetzeko, arau-hauste eta zehapenen araubidea ezarri beharra dago. Gizalegezko kontzientzia sustatzeko lanarekin batera, Udalak kontzientzia hori bultzatzen duten balioak urratzen dituztenei zehapena ezarri behar die, zalantzarik gabe.

Hirugarrenik, ordenantzak arau-hausleen erantzukizun eta errehabilitazio printzipioa bultzatzen du: gisa hartara, diru zehapenaren ordez, batzuetan komunitatearen onurarako zereginak eta lanak egin beharko dituzte arau-hausleek, haren bizikidetzako printzipioak urratu baitituzte. Errehabilitazio neurria den aldetik, arau-haustea ekarri duen jokaera gizalegezko balioez bereziki bete behar denean erabiltzen da. Alde horretatik, arau-hausleei ohartarazi nahi zaie bai egindako arau-hausteaz bai egindako kalteaz, gizalegezko balioak sendotzeko baliabide izan dadin. Bestalde, neurri hori zuzenean lotuta dago prebentzio lanarekin.

Xedapenaren testuak bost titulu ditu. Lehenbizikoak ordenantzaren xedeari heltzen dio eta haren aplikazio eremua mugatzen du. II. tituluak, bestalde, ezartzen du Udalak gizabidea sustatzeko egin beharreko jarduketek bete beharreko esparru orokorra. III. tituluak gizalegezko portaeraren gaineko arau multzoa biltzen du, eta haien izaeraren arabera bost kapitulutan elkartzen: xedapen orokorrak, kalteak ondasunei, publizitatea, herritarraren jarduketak, betebehar bereziak eta apaindura publikoa. Ordenantzaren IV. titulua zehapen araubideari buruzkoa da, arau-hausteak sailkatuta eta bidezko zehapenak ezarrita. V. tituluan, azkenik, arau-hausleen errehabilitazioa jorratzen da. Artikulu horiei xedapen indargabetzailea erantsi zaie, ordenantza honek gizalegezko kontzientziaren sustapenaren irizpide orokorraren azpian arautzen dituen arloetako batzuen gaineko arauetarako.

Arau hau antolamendu juridikoan txertatzea bere xedeari lotzen zaio zuzenean, hau da, gizarteko bizikidetza harremanen antolamendu egokiari.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

–Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak bultzatzea, herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduerak prebenituz.

Ordenantza honetan araututako gizalegezko jokabideek herritar bakoitzaren askatasuna ahalbidetu behar dute, besteekiko errespetuaren funtsezko mugarekin. Gizalegearen aurkako portaerek, gutxiengoa izan arren, guztion ondare diren ondasun eta espazio publikoak kaltetzen dituzte, eta, gainera, bizikidetzaren aurkako erasoa eta herritar gehien-gehienekiko errespeturik gabeko jarduera dira, ordenantza honekin onartzen diren arauen indarraldiaren aurretik ere errespetuzko jokabidea baitzuten.

–Ondasun eta espazio publikoak, eta hiriko hirigintza eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak babestea gerta daitezkeen eraso, bestelakotze eta legez kontrako erabileretatik.

Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak dagozkie udal titulartasuna duten zerbitzuko edo erabilera publikoko ondasunei, hala nola kaleak, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, aparkalekuak, iturriak, urmaelak eta ontziralekuak, udal-eraikinak: museoak eta kultur zentroak, ikastetxeak, haien patioak eta kirol-pistak, hilerriak, igerilekuak, kirolguneak eta haien instalazioak, estatuak eta eskulturak, bankuak, farolak, markesinak, oztopo-zutoinak, apaingarriak, semaforo-instalazioak: zutabeak eta bakuluak, erregistro-armairuak, bide-seinaleak eta horien zutoinak, eremu urdineko tiketak saltzeko makinak, zuhaitzak, landareak edo loreak eta horiek dituzten elementuak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, kioskoak eta udal-ibilgailuak, eta izaera bereko edo antzeko gainerako ondasunak.

Apaingarri publikoak babesteko neurriak hartzen ditu, babestuz Tuterako hiri-altzariak osatzen dituzten eta jendearentzat diren beste administrazio publiko eta erakunde publiko edo pribatuen titulartasuneko ondasun eta instalazioak edo herri zerbitzu bateko ekipamendu, instalazio edo elementuak badira, hala nola, markesinak, garraioko elementuak, farolak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak (iraunkorrak zein aldi baterakoak), trafikoko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta beladoreak, olanak, landareontziak, objektuak saltzen dituzten makinak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.

–Gizalegezko balioen kontrako jarduerak zuzentzea, zehapen ahalmenaren bidez.

Espazio publiko guztien zainketa egokia lortu nahian, auzotar guztien eskubidea baita hiri bat behar bezalako apaindura- eta osasungarritasun-baldintzetan gozatzea, ezarri behar da arau-hausteen eta zehapenen araubidea. Hori guztia, ahaztu gabe tartekatzea Udalak balio zibikoak erasotzen dituztenak zigortzeko betebeharra eta balio horiek biztanleen artean sustatzeko eta bultzatzeko lana.

Ordenantzak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak emandako gaikuntzaren arabera, ondasunen erabilera egokia babesten du, haien narriadura saihestuz.

–Bizikidetza arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea. Ordenantzak arau-hausleen erantzukizun- eta errehabilitazio-printzipioa sustatu nahi du, inguruabar berezietan, diruzko zehapenaren ordez komunitatearentzako lanak egin ditzaten, baldin eta, hain zuzen, komunitatearen elkarbizitza-printzipioak urratu badituzte.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetan jasotzen diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubideak, ahalmenak eta betebeharrak, ez eta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2. Ordenantza honek herritarren gizalegezko balioekin ikusteko duten jarduketak eta ez egiteak arautzen ditu; ez die eragiten, beraz, egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.

3. Ordenantza hau Tuterako udal-mugarte osoan aplikatuko da.

II. TITULUA

Gizalegearen sustapena

3. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Tuterako Udalak gizalegezko balioak sustatuko ditu; gizalegezko baliotzat joko dira gizarte demokratiko bateko herritarren bizikidetza egokia ahalbidetzen dutenak. Gizarte horren ezaugarri nagusia eskubide pertsonalak izatea da; eskubide horien errespetuak dakar eginbeharrak izatea eta herritar bakoitzak bete behar izatea.

Era berean eta berariaz, Tuterako Udalak legez dituen eskumenak erabiliko ditu herritarren kontzientzia guztiz pizteko hiriko espazio komunak zuzen erabiltzeaz eta hiri ingurunea zaintzeaz den bezainbatean.

4. artikulua. Hezkuntza jarduerak.

Udalak gizalegezko balio eta jokaeren transmisioa eta sendotzea bultzatuko du, hezkuntza eta prestakuntza arloan bere eskumenekoak diren jardueren bitartez.

5. artikulua. Hitzarmenak.

Udalak hitzarmenak egiten ahalko ditu beste administrazio edo erakunde publikoekin, eta/edo entitate pribatuekin, gizalegezko kontzientziazioa nahiz prestakuntza, hezkuntza eta jarduerak aurreikusitako xedeei egokitzea bultzatzen badituzte.

Hitzarmen horien bidez, herritarren ekimenak sustatuko dira, espazio publikoetan kultura-, kirol-, osasun-, ingurumen-, ekologia- eta aisialdi-jarduerak sustatzeko.

Halaber, eremu publikoak apaintzea eta hiri ingurumena hobetzea sustatuko da (paperontziak, loreontziak).

6. artikulua. Jakinarazpen publikoa.

Udalak balioak eta gizalegezko jokaerak hedatuko ditu herritar guztiei edo biztanle talde zehatz batzuei zuzendutako zabalkunde kanpainen bidez.

III. TITULUA

Herritarren portaera

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

7. artikulua. Bizikidetzarako printzipioak.

1. Herritarrek beren arteko bizikidetza errespetatu behar dute, eta ondasunak eta zerbitzu publikoak erabili berezkoa duten helburuaren arabera, gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea begiratuta. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarritako ildoetatik.

2. Herritarrek eskubidea dute hiriko bide eta eremu publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hori gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

3. Legez ezarritako soinu-mugak gaindi ditzaketen zaratarik ezin da egin gauez (22:00etatik 08:00etara astelehenetik ostiralera bitartean eta 22:00etatik 9:30era larunbat, igande eta jaiegunetan), ez eta gaueko iskanbiletan parte hartu edo gaueko aisiarako lokaletatik zalapartaka atera ere.

II. KAPITULUA

Ondasunak hondatzea

8. artikulua. Hondatzea eta kalteak eragitea.

Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunen gainean, haien erabileraren edo helburuaren kontrakoa bada, haiek hondatzen baditu edo kalteak eragiten badizkie, edo haien estetika desitxuratzen badu, 1. artikuluan ezarri bezala.

9. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1. Debeku da ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan pintadak, idazkiak, inskripzioak, grafismoak eta pintura orbanak edo zipriztinak egitea.

2. Aurreko apartatuan jasotako debekutik kanpo geratuko dira, Udalaren baimena izanda, orubeetako hesi, obretako itxitura, mehelin edo antzekoetan eta/edo horretarako prestaturiko lekuetan egiten diren horma-irudi artistikoak.

Udal baimena ematea aukerakoa da; hura ematen denean erantsiko da zer baldintza eta beharkizun beteko dituen jarduerak.

3. Agintaritza-agenteek ahalmena izanen dute erabilitako materialak edo tresnak kautelaz kendu edo atzemateko, jarduerak udalaren nahitaezko baimenik gabe egiten direnean.

4. Eraikin publiko batean edo hiri-altzarien elementu batean pintadak egin badira, paperak, eranskailuak jarri badira, marratu badira edo kristalak hautsi badira, kartelak itsatsita badaude itsaskinarekin edo ez, baina itsasteko zintarekin jarri zen gainazala hondatzen bada, edo haren egoera kaltetzen duen beste edozein ekintza gertatzen bada, Udalak egotzi ahalko dio enpresa iragarleari, erakunde edo pertsona arduradunari kasuan kasuko kalte-ordainen eta garbiketa-, birjartze-, egokitze- edo leheneratze-fakturen kostua, dagokion zehapena alde batera utzita.

10. artikulua. Zuhaitzak.

Zuhaitzak babesteko neurri gisa, debeku dira honako hauek:

a) Kalte egitea edo tratu txarrak ematea.

b) Zuhaitzetara igotzea edo eskalatzea, haien lodiera edozein dela ere.

c) Haietan edozein elementu itsatsi edo lotzea, Udalaren baimenik gabe.

d) Inguruan zaborrak eta obra-hondakinak botatzea.

e) Bizikletak edo bestelako ibilgailuak haietara lotzea.

11. artikulua. Kaleak, plazak, parkeak eta lorategiak.

1. Herritarrek hiriko kaleak, parkeak eta lorategiak errespetatu behar dituzte.

2. Kale, plaza, parke, lorategi, lore-aska eta bide edo espazio publikoetan landatutako landare-espezieak eta zuhaitzak ongi zaindu eta mantentzeko, debeku dira honako ekintza hauek:

a) Loreak edo landareak ebatsi, errotik atera edo hondatzea eta, oro har, parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak behar ez bezala erabiltzea.

b) Soropila hondatzea eta horren gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan izan ezik.

c) Zuhaitzak moztea, inaustea edo haustea.

d) Zuhaitz-azaletan grabatu edo pintatzea, puntapaxak sartzea, haiei eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar lotzea, eta kartelak paratzea.

e) Zuhaitzen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo haien gainean edozein motatako produktu toxikoak isurtzea.

f) Berdeguneetan zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo haiei kalte egin edo haien estetikari eta gustu onari eraso diezaiekeen beste edozein produktu botatzea.

g) Soropil eta lorategien gainean gorotzak uztea.

h) Parke eta lorategietan sua edo sutzarrak egitea.

3. Debeku da dauden seinaleen ohartarazpenei kasurik ez egitea, edo halako eremu batzuetara sartzeko murriztapen aldi baterako nahiz behin betikoei ez obeditzea. Jarritako karteletan ezarritako gehieneko adina gainditzen duten pertsonek debekatua dute parkeetako haur-jolasak erabiltzea.

12. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

1. Debeku da bide edo espazio publikoetan dauden paperontziak edo edukiontziak erabiltzea kalteak eragiteko, haien estetika desitxuratzeko edo erabilera oztopatzeko moduan. Bereziki debeku da haiek mugitu, erauzi, erre, iraultzea edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.

Bereziki debekatuta dago hartzea birziklatzeko utzitako kartoiak edo paperak behar bezala tolestuta eta pilatuta dauden edukiontzietatik edo haien ondotik.

2. Paperontzietara bota behar dira hondakin solido txikiak, hala nola zigarro-mutur itzaliak, azalak, txikleak, paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, eta birziklagarriak izanez gero, bilketa sailkaturako bide publikoan paraturik dauden edukiontziak erabiliko dira.

3. Debekatuta dago paperontzietan uztea etxeko zaborra edo hondakin txikiak ez diren hondakinak, materialak, tresnak edo objektu arriskutsuak.

13. artikulua. Urmaelak eta iturriak.

Debeku da baimenik gabeko manipulaziorik egitea urmaeletako, iturrietako edo horien eroanbide eta osagarrietako instalazioetan. Bereziki, debeku da barnean sartzea edo bertan gauzak garbitzea, arrantzan egitea, animaliei edaten ematea eta substantziak edo gauzak haietara botatzea.

III. KAPITULUA

Kartelak, pankartak eta gisakoak

14. artikulua. Publizitatea.

1. Edozein euskarritan egonda eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere, kanpoko publizitatea xede horretarako bereziki prestatutako lekuetan baizik ezin izanen da jarri. Horretarako, helburu hori duten euskarriak jarriko ditu Udalak behar adinako toki eta kopurutan. Establezimenduen titularrek ezin izanen dute bide publikoan publizitatea edo propaganda duen inolako instalaziorik ezarri, ez finkorik ez mugigarririk, baimena izan ezean.

2. Alde horretatik, udalaren baimenik izan ezean, debekatuta dago edozein iragarki mota jartzea eraikin publiko edo pribatuetako fatxadetan, arkupeetan, markesinetan, hiri-altzarietan, barandetan, faroletan, paperontzietan, edukiontzietan, zuhaiztietan, hormetan, tuneletan, lurpeko pasabideetan eta, oro har, bereziki prestatutako lekuetatik kanpo. Era berean, udalaren baimenik izan ezean, debekatuta dago leku horietan jartzea edozein motatako eranskailuak, kartelak, paskinak, pankartak edo banderolak.

15. artikulua. Kartelak, pankartak eta banderolak.

1. Udalak eremu publikoan kartelak eta banderolak paratzea espresuki baimentzen ahalko du honako kasu hauetan:

a) Hirian kultur, arte edo kirol ekitaldi garrantzitsuak egiten direnean.

b) Hirirako interesgarriak diren kontzertuak, ekitaldiak edo erakusketak egitea nabarmentzen laguntzen dutenean.

c) Hauteskunde kanpainetan, behar bezala baimendutako lekuetan.

d) Publizitate helburua dagoenean.

Salbuespen gisa, espresuki adierazitakoen artean sartzen ez diren zenbait kasutan, baimentzen ahalko da bide publikoan kartelak eta banderolak paratzea.

2. Artikulu honek aipatzen duen baimenaren eskaerak hurrengo zehaztapenak bildu beharko ditu, gutxienez:

a) Kartelen edo banderolen edukia eta neurriak.

b) Kokatu nahi diren toki zehatzen zerrenda.

c) Paraturik egonen diren denbora eta egunak.

d) Haiek kentzeko eta eragindako kalteak konpontzeko konpromisoa, halakorik eragiten bada.

e) Banderolak kale-argiei edo bestelako hiri-altzariei lotzeko modua islatzen duen krokisa, euskarriak pinturan edo galbanizatuan kalterik ez duela izanen ziurtatuz.

f) Harremanetarako pertsona eta mugikorraren zenbakia, sor daitekeen edozein gorabehera eskatzeko.

3. Faroletan edo argi-puntuetan jartzearen berri gutxienez 24 ordu lehenago emanen da, udaleko zerbitzu teknikoek edo argien mantentze-lanetako enpresak instalazioa behar bezala berrikus eta kontrola dezaten.

4. Baimendu diren zehaztapenetara mugatuko dira kartelak eta banderolak.

5. Kartelek eta banderolek baimenaren baldintzak beteko dituzte, eta epea bukatu bezain laster kenduko ditu baimenaren eskatzaileak.

6. Agintaritzako agenteek pertsonalki ohartaraziko diote arau-hausleari, materiala ken dezan eta material hori jartzearen ondoriozko kalteak konpon ditzan, alde batera utzi gabe arau-haustearen ondorioz ezartzen ahal diren zehapenak.

7. Udalak, ohartarazpenean esandakoa betetzen ez bada, propagandako edo publizitateko elementuak kenarazi ditzake, subsidiarioki eta kostua pertsona edo enpresa behartuaren gain ezarriz, alde batera utzi gabe arau-haustearen ondorioz ezartzen ahal diren zehapenak.

16. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.

1. Debeku da bide edo espazio publikoetan barreiatu eta botatzea mota guztietako liburuxkak, eskuorriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak.

Udal zerbitzuek eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak zikindutako hiri espazioa garbituko dute eta aparteko zerbitzuen kostua erantzuleei egotziko zaie, dagozkien zehapenak deusetan ukatu gabe.

2. Bide eta espazio publikoetan zikinkeriarik ez sortzeko moduan banatuko da publizitatea etxeetan. Publizitatea postontzi partikularren barruan eta/edo auzokideek edo eraikinaren jabeen erkidegoak horretarako ezarritako guneetan utzi beharko da.

3. Propaganda banatu, informazioa eman edo sinadurak biltzeko mahaiek Udalaren baimena izan beharko dute, aldez aurretik.

IV. KAPITULUA

Herritarren portaera

1. ATALA

Ondasun edo zerbitzuen erabilera arruntaren kontrako jarduerak

17. artikulua. Bide edo eremu publikoen erabilera arruntaren kontrako jarduerak.

1. Araudiak oinarri hartzen ditu pertsonen zirkulazio askatasuna, oinezkoen babesa eta eremu publikoak beren izaera eta xedearen arabera erabiltzeko eskubidea.

2. Eremu publikoak erabiltzeko eskubideak gainerako pertsonak errespetatzeko printzipio orokorra bete behar du eta, bereziki, haien segurtasuna eta lasaitasuna; gainera, ez da arriskurik sortu behar ondasun, zerbitzu edo instalazio publiko nahiz pribatuetan.

3. Debeku da edozein eratako jarduera edo jolasetan aritzea, baldin eta, kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak kontuan hartuta, pertsonei edo ondasun publiko zein pribatuei kalteak egiten bazaizkie edo herritarrei eragozpen nabariak, edo arriskuan jartzen badute pertsonen osotasun fisikoa eta gainerakoen eskubideak urratzen badituzte jendea dabilen eremu publikoetan.

Debeku hori ez da aplikatuko aitzinetik baimena lortu denean edo aipatu jarduerak egiteko berariaz prestatu lekuetan eta horrexetarako direnetan egiten denean, ezarritako baldintzetan.

4. Eragozpenak sortzen dituzten edo herritarren atsedena urratzen duten jarduerak egiten ahal diren udal eremu publiko, pista, instalazio eta haurren jostetarako eremuetan, eta baimen edo adierazpen espresik ez bada, jarduera horiek debekatuta egonen dira 22:00etatik 08:00ak arte.

18. artikulua. Zerbitzu publikoen erabilera egokiaren kontrako jarduerak.

Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren portaera oro eta, bereziki, larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezen maltzurkeriaz eragitea.

2. ATALA

Jarduera berariazkoak

19. artikulua. Sua eta jaiak.

1. Ezin da sua piztu edo mantendu bide publikoetan (barbakoak edo parrillak), esparru pribatuetan (barruko patioak/etxebizitzetako lorategiak), baldin eta horiek eragozpenak sortzen ohi badizkiete hirugarrenei. Debekatuta dago, halaber, metxak piztuta eramatea eta bide publikoan edo erabilera publikoko guneetan pirotekniako edozein artikulu botatzea edo erabiltzea: petardoak, suziriak, trakak, bengalak edo antzeko beste batzuk.

2. Jaiegunetan edo ekitaldi zehatzetan, Udalak baimen orokor bat ematen ahalko du. Baimen horretan zehaztuko dira suek, barbakoek edo parrillek edo baimentzen diren jarduketek bete beharreko baldintzak, betiere unean uneko tradizioa edo inguruabarrak kontuan hartuta. Baimen horretan, honako hauek arautuko dira: zer baldintzatan egin behar diren, orientazioa, ordutegiak, kokapena eragozpenik ez sortzeko, egunak eta abar. Baldintza horiek orokorrak edo berariazkoak izanen dira eskatzaile bakoitzarentzat.

Debekatutzat eta baimenik gabekotzat joko da mota horretako edozein jarduera, egiten bada baimenik gabe edo, hala badagokio, eskakizun orokorrak bete gabe.

20. artikulua. Zaratak.

1. Herritar guztiak behartuta daude bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatzera, baita bizikidetza arrunta oztopatzen duten zaratak ez egitera ere, Aisialdiko jarduerek, motorrek, ziklomotorrek eta antzekoek eragindako asots eta dardarien aurkako Hiri Ingurumena Babesteko Udal Ordenantzan ezarritako baldintzen arabera, eta gizalegezko jokabideak sustatzeko ordenantza honek arautzen dituen honako berezitasun hauekin bat etorriz:

a) Debekatuta dago, Udalaren baimenik gabe, petardoak, suziriak edo bengalak eta edozein gai pirotekniko erabiltzea, zarata sortzen badute edo suteak eragiten ahal badituzte.

b) Debekatuta dago saihestu daitekeen edozein zarata-mota etxebizitzetan, aisialdiko lokaletan edo bajeretan, baldin eta auzokoen atsedena urratzen edo hura larriki oztopatzen badu, eta legez ezarritako mugak gainditzen baditu.

c) Motorrek, ihes-hodiek, pneumatikoek eta klaxonek modu desegokian sortutako zaratak, edo zakar edo irregularki gidatzearen ondoriozkoak, baita ibilgailuetan musika ekipoak bolumen handiz erabiltzea ere, edo eremu publikoan dauden gainerako pertsonen lasaitasuna edo bizilagunen atsedena larriki urratzen ahal duten beste zarata batzuk.

d) Eremu publikoan nahiz hari begira bozgorailuak erabili edo jartzea, baimenik lortu ez bada.

e) Patioetan, terrazetan, etxabeetan, merkataritzako loketan, garajeetan, balkoietan edo beste eremu ireki edo itxi batzuetan animaliak uztea, baldin eta beraien soinu, garrasi edo kantuek bizilagunen atsedena larriki urratzen badute.

f) Oro har, ez dira baimenduko, batez ere gauez, bizilagunei traba egiten dieten jarduerak: kantatzea, instrumentuak jotzea, espazio publikoetan musika-ekipoekin egotea musika emititzen... ulertuz eragozpenak sortzen dituztela agintaritzaren agenteek entzuteko modukoak badira.

Era berean, ez da onartuko auzokoei zarata edo eragozpenak eragiten dizkien gaueko jokorik, hala nola pilota edo futbol jokoak, fatxadak edo hiri-altzariak kolpatzen eta/edo jolasaren ondorioz oihuak eta ahotsak sortzen dituztenak.

g) Maiz eta behin eta berriz zaratak eragiten diren eremuetan, udalak, udaltzaingoak eskatuta, “eremu ase” izendatzen ahalko ditu eremu horiek denbora-tarte jakin batean. Eremu ase izendatzeak berekin ekarriko du neurri zuzentzaileak erabiltzea, bereziki interesgarriak diren neurriak, deklarazio-aldian arinetatik astunetara eta astunetatik oso astunetara izaten ahalko baitira zehapenak. Deklarazioa behar bezala iragarri beharko zaie auzokoei eta lokalei.

21. artikulua. Kea eta usainak.

1. Herritarrek ez dute eginen kea, usaina edo hautsa sortzen duen jarduerarik espazio publikoetan edo baimendu gabeko beste batzuetan, haietatik espazio publikoei eragiten bazaie, halako jarduerek lasaitasuna galarazten dutenean edo osasungarritasunaren edo apaintasun publikoaren kontrakoak direnean, indarra duen legedian ezarritako mugak edozein direla ere.

Aurreko debekutik kanpo daude aldez aurreko baimenik gabe gauza daitezkeen etxeko lanak, hala nola, zorua bernizatzea, hormak pintatzea, etab. Hala ere, lan horiek eginen dira kalera ahalik eta gehien aireztatuz eta ahaleginak eginez usainak gune komunetara ez joateko, hala nola eskailera, eskailera-buru eta patio txikietara.

2. Ibilgailuek ezin izanen dute bost minutu baino gehiago aparkatuta egon motorrak piztuta, bizitegien eraikinetatik 10 metro baino gutxiagora badaude.

3. Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinen fatxadetatik 10 metrora jarri beharko dira gutxienez, eta haien keak 2,5 metroko altueratik gora bideratu beharko dira, jendea distantzia hori baino hurbilago badago, Udalaren baimena izan ezean.

22. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.

1. Debeku dira baimendu gabeko jarduera edo eragiketa guztiak, zikin baditzakete erabilera publikoko bide eta espazioak –orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak, parkeak, kaleak, plazak eta ibaien ibilguak barne. Batzuk aipatzearren, debeku dira aipatu bide edo espazioetan automobilak garbitu, konpondu edo olioztatzea ezinbesteko kasua izan ezean, botatzea zigarro-muturrak, bilgarriak, txikle erabiliak eta bildu gabeak eta hondakin solidoak edo likidoak, hautsontziak eta ontziak hustea, botilak haustea, zaborrak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea, eta gisako beste ekintza batzuk.

2. Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzi egokietan botatzera.

Hondakin solido txikiak, hala nola zigarro-mutur itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak paperontzietan bota behar dira, birziklagarriak izan ezean; azken kasu horretan, bide publikoan bilketa sailkaturako diren edukiontziak erabiliko dira. Espresuki debekatuta dago paperontzietan uztea etxeko zaborra.

Debekatuta dago zakarrontzietan edo edukiontzietan tresna edo objektu arriskutsuak uztea, bai eta zigarrokinak edo piztutako beste edozein objektu ere (hala nola errauts beroak edo berpiztu daitezkeenak, edo txingarrak, likido beroak...). Horretarako, tresna edo gauzaki arriskutsutzat jotzen dira jendeari kalte egiten ahal dieten guztiak, hala nola xiringak eta gai sorgorkariak hartzeko lanabesak, eritasunak kutsatu eta zabaltzen ahal dituzten osasun laguntzako materialak, baita edozein droga toxiko, sorgorkari eta produktu kimiko, pirotekniko edo gisakorik ere.

Paperontzietara ezin bota diren hiri hondakinak horretarako jarritako edukiontzietan sartu beharko dira, Erriberako Hondakinen Mankomunitateko ordenantzan ezarritakoaren arabera.

Tamaina handiko hondakin solidoak ezabatu egin beharko dira, aldez aurretik abisatzeko eta non eta zer ordutan utzi diren baieztatzeko prozedurari jarraikiz, gero Mankomunitateko zerbitzuek kentzeko edo zuzenean Tuterako El Culebrete puntu finkora eramateko.

Debekatuta dago tamaina handiko hondakin solidoak botatzea Mankomunitatearekin deskribatutako izapideak bete gabe, eta uztea ere garbiguneen inguruan, landa-bideetan edo herri-lurretan edo eremu pribatuetan. Hondakinak Mankomunitateak ezarritako ordutegian utzi beharko dira.

3. Espresuki debeku da uztea edo abandonatzea beirazko edozein objektu, osorik nahiz hautsirik, erabilera publikoko edozein espaziotan.

4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea, eta era berean, debeku da hondakinak edukiontzien inguruan uztea.

5. Debekatuta dago Mankomunitateak ongintzako erakundeekin batera arropa eta oinetakoak biltzeko prestatutako edukiontzietatik ateratzea. Era berean, debekatuta dago Mankomunitateko edukiontzietan utzitako paperak, kartoiak eta plastikoa eta organikoa hartzea. Edukiontzietan utzi ondoren, Mankomunitatearen jabetzakoak dira, birziklatzeko.

6. Debekatuta dago landareak baimenik gabe ureztatzea, soberako ura edozein modutan kaltetu daitezkeen edo bide publikoan edo haren erabiltzaileetan kalteak edo eragozpenak eragin ditzaketen objektuetara edo etxebizitzen elementuetara isuri badaiteke.

7. Debekatuta dago balkoietatik, leihoetatik edo terrazetatik erratzak, eskoboiak, alfonbrak, arropak edo edozein motatako oihalak espazio publikora astintzea. Nolanahi ere, eragiketa horiek bide publikoari edo erabiltzaileei kalterik edo eragozpenik ez eragiteko moduan eginen dira.

8. Debeku da ibilgailuetatik hondakin mota oro botatzea, abian nahiz geldirik egon. Debekatuta dago etxebizitzetatik bide publikora hondakinak edo objektuak botatzea.

23. artikulua. Hondakin organikoak.

Debeku da bide publikoetan eta erabilera publikoko espazioetan kaka, pixa edo tu egitea.

24. artikulua. Animaliak.

1. Herritarrek behar bezala zaindu beharko dituzte etxeko animaliak, eta bereziki debeku da horiek abandonatzea.

2. Araudi hau betetzeko, aplikatzekoak izanen dira bai Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean ezarritakoa, bai Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen Tuterako Udalaren ordenantzan ezarritakoa.

25. artikulua. Kanpaldiak eta aisia.

1. Ezin izanen da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik paratu 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean.

Agintaritza-agenteek kanpatzea bertan behera uzteko eskatuko diete kanpadenden, ibilgailuen edo bide publikoa modu bidegabean okupatzen duten bestelako materialen erabiltzaile eta jabeei, dagokien salaketa baztertu gabe horregatik. Ezezkoa emanez gero edo jabeak edo erabiltzaileak aurkitu ezin izanez gero, agintaritzako agenteek haiek berehala kentzeko beharrezko baliabideak antolatzen ahalko dituzte. Halakoetan, arau-hausleek eta, haiekin batera, jabeek beren gain hartu beharko dute sortu den gastua.

2. Ezin izanen da bide publikoan janaririk prestatu, berariazko baimena izan ezean. Baimenak berekin ekarriko du dagokion zerbitzuak proposatutako higiene eta elikadura neurriak betetzea.

3. Ezin da biluzik egon erabilera publikoko espazio eta bideetan –salbu eta administrazioak horretarako prestatzen dituen lekuetan, halakorik prestatuz gero–, horrek trabatzen duenean herritarren lasaitasuna edo beren eskubide eta eginbeharrak modu baketsuan gauza ditzaten. Oro har, inoiz inork ezin ditu gutxietsi bide edo espazio publikoetan duen portaerarekin gainerakoen eskubidea eta ekintza askatasuna, ez eta orokorrean onartuta dauden bizikidetzako sineste eta ereduak laidoztatu ere; ez da zilegi genitalak erakustea, ez eta ordenantza honetan edo beste araudi aplikagarri batean debekatuta dauden jokaera edo jarduketak egitea ere.

4. ATALA

Betebehar bereziak

26. artikulua. Kirol eta kultur eremuak.

Debekatuta dago gizalegearen aurkako jarrerak izatea udaleko kirol eta kultur eremuetan, eta, bereziki, protagonista adingabeak diren ekitaldietan.

Berariaz debekatuta daude irainak, mehatxuak, erasoak edo ohiko bizikidetzaren aurkako beste edozein eraso, bai ikusleen artean, bai ekitaldiaren parte-hartzaileen artean.

Era berean, berariaz debekatuta dago udalaren eskola edo kirol instalazioetara sartzea irekiera ordutegitik kanpo.

27. artikulua. Merkataritzako jarduerak.

1. Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz inguruetan edo baimendutako lekuetan (terrazak, edariak eta elikagaiak saltzeko establezimenduak eta gisakoak) zikinkeria sortzen duenean, establezimenduaren titularrak bide publikoan ukitutako zatia garbi utzi beharko du, deusetan ukatu gabe neurri zuzentzaileak eta nahitaezko lizentziei aplika dakiekeen araubidetik ondorioztatzen diren gainerako betebeharrak.

2. Terrazak, beladoreak eta bide publikoko beste instalazio batzuk dituzten kioskoen eta establezimenduen titularrek garbi utzi beharko dituzte okupatzen duten lekua zein ingurua, bai eta instalazioak berak ere.

Kioskoen, bazarren eta salmenta automatikoko (“vending”) establezimenduen titularrek, gainera, hurbileko paperontzi bat jarri eta eduki beharko dute beren kargura. Paperontzi horrek bere jardueraren ezaugarriekin bat datorren edukiera izan beharko du eta aldizka hustu beharko da.

Espazio eta ingurune horiek etengabe garbituko dira eta, nolanahi ere, establezimendua ixten den unean egin beharko da beti.

Estetika, higiene eta segurtasun arrazoiengatik, debekatuta dago espazio publiko zein pribatuetan tresnak edo produktuak biltegiratzea edo pilatzea.

Udalak edozein elementu edo altzari ken dezake, bide publikoan baimenik gabe jarria bada, edo baimendutakoa baino leku handiagoa okupatzen badu; instalazioaren erantzuleari eskatuko zaio hura kentzeko gastua, deusetan ukatu gabe dagokion zehapena.

28. artikulua. Kalez kaleko salmenta.

1. Eremu publikoan debekatuta dago edozein janari edo edariren eta beste produktu batzuen kalez kaleko salmenta, berariazko baimenak izan ezik. Nolanahi ere, lizentzia edo baimena behar bezala ikusteko modukoa izan beharko da.

Era berean, debeku da eremu publikoan baimenik gabeko saltzaile ibiltariei laguntzea, salgaiak ematen edo agintaritza agenteak dauden zaintzen eta ohartarazten.

2. Debeku da eremu publikoan baimendu gabeko salmenta ibiltaritik datozen elikagaiak, edariak eta bestelako produktuak erosi edo eskuratzea.

3. Kultura, jai, jolas edo kirol izaerako edo beste edozein eratako ekitaldi publikoen antolatzaileek zainduko dute ekitaldi horiek egiten diren bitartean ez gertatzea aurreko apartatuetan deskribatutako jokabideak. Ekitaldi horietako edozein dela-eta jokabide horiek gauzatzen badira, antolatzaileek berehala jakinaraziko diete agintaritza agenteei.

4. Agintaritzaren agenteek debekuen xede diren salgaiak edo elementuak eta erabilitako materialak edo baliabideak kendu eta kautelaz esku hartuko dute. Elikagaiak edo ondasun suntsikorrak badira, suntsituko dira edo egoki den erabilera emanen zaie.

29. artikulua. Lurrak, obra-hondakinak edo bestelako materialak garraiatzea.

1. Lurrak, ikatza, obra-hondakinak, erregaia, hormigoia, hautsak, kartoiak, paperak edo, isuriz gero, eremu publikoa zikintzen duten, eta, hortaz, hirugarrenei kalteak sor diezazkieketen bestelako materialak garraiatzen dituzten ibilgailuen jabeek eta gidariek hertsiki beteko dute Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, eta karga ez erortzeko moduan egokituko dute, horretarako behar diren neurriak hartuz.

2. Ibilgailuaren jabea eta gidaria izanen dira aurreko apartatuan xedatutakoa ez betetzearen arduradunak, eta isuritako materiala nahiz ukitutako eremu publikoa garbitzera beharturik egonen dira, ezertan ukatu gabe legozkiekeen zehapenak.

3. Erregai fosilak erabiltzen dituen berogailua duten bizilagun-erkidegoek egoera egokian mantendu beharko dute erregaiaren biltontzia kamioiaren mahukarekin lotzen duen ahoa, erregaia isur ez dadin.

4. Istripua edo iraulketa gertatuz gero edo karga eremu publikora isuri edo erorita bide segurtasunean arriskuak sortzeko aukera izanez gero, kasuan kasuko gidariek ahalik eta lasterren jakinarazi beharko diote udaltzaingoari, eta azken horrek udaleko garbiketa-zerbitzuari jakinaraziko dio.

5. Lurrak eta obra-hondakinak bildu, garraiatu eta isurtzeari dagokionez, Hondakin solidoen kudeaketa arautzen duen ordenantzan xedatutakoa beteko da.

30. artikulua. Eremu publikoko obrak.

1. Obra batek (esaterako, eraikuntzak egitea, zaharberritzea, berritzea edo eraistea) arrazoia edozein dela ere eremu publikoa ukitzen duenean, finkaren jabetzak eta, subsidiarioki, obrak egiten dituenak, kontrolatu beharko du ez dela zikinkeriarik sortzen, segurtasun eta prebentzio elementuak paratuz, lanek ukitutako eremutik kanpo zabal eta isur ez dadin materialik (adibidez, eraispenak, lurrak eta obretatik soberan gelditzen diren beste material batzuk), eta ez daitezen estolderiako hustubideak buxatu.

2. Beharrezkoa izanez gero, obran erabiltzen diren garraiorako ibilgailuek eremu publikoa zikintzen badute, ibilgailu horien gurpilak garbitzeko sistema bat instalatuko dute.

3. Bereziki, eremu publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta abarren lanen inguruak garbi eduki beharko dira beti, galtzadan eta, batez ere, espaloian inolako hondakinik ez dagoela, eremu publikoko erabiltzaileei arriskurik ez sortzeko.

4. 1. puntuan aipatu segurtasun neurriak hartu beharko dira obrak eremu publikoan egiten direnean (adibidez, seinaleak, hesiak, babeserako elementuak, zamalanetarako tutuak eta eraispenak), hura zikindu eta pertsona edo gauzei kalterik ez egiteko.

5. Hiri Hondakin Solidoen Bilketa, Garraio eta Tratamendurako Zerbitzua arautzen duen ordenantzan lurrak eta obra-hondakinak garraiatzeari eta isurtzeari buruz ezartzen diren aginduak beteko dituzte eraikuntza lanetarako ibilgailuek.

6. Eraikinak eraisteko eta hondakinak ateratzeko lanetan, behar adinako presioko urez baliatu beharko da, lan horiek sortzen duten hautsa eusteko.

31. artikulua. Ibilgailuen garbiketa.

1. 15. artikuluan zehazten diren lanetarako erabiltzen diren ibilgailuek eta hondeaketa lanetan, eraikuntzak egitekoetan eta antzekoetan erabiltzen direnek gurpilak garbitu beharko dituzte obretatik edo lan eremutik ateratzerakoan, lokatzik eror ez dadin eremu publikoan.

2. Neurri hori, halaber, eraikuntzak eraisteko obretan hartuko da, hautsa sortzea saihesteko behar diren neurriekin batera.

32. artikulua. Diru-bilketak.

Ezin izanen da eskean ibili, horrek herritarren lasaitasuna trabatzen badu edo beste pertsona batzuen legezko eskubideak erabiltzea eragozten badu.

Horri dagokionez, arau-hauste administratiboa izanen dira larderiaz egiten diren edo herritarrak askatasunean ibiltzea oztopatzen duten diru-bilketak, besteak beste.

33. artikulua. Establezimendu publikoak.

Establezimendu publikoen edo elkarte establezimenduen jabeek edo titularrek, beste xedapen batzuk betetzeaz gain, ahalegina eginen dute bezeroek eta/edo erabiltzaileek lokalen sarreran eta irteeran eta emandako terrazaren gehieneko espazioan gizalegearen aurkako ekintzak edo ekintza gogaikarriak egin ez ditzaten.

Jokaera horiek eragozten ahal ez direnean, polizia deitu beharko dute ordena eta herritarren bizikidetza mantentzeko, eta laguntza emanen diete uneoro esku hartzen duten agenteei.

34. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Eremu publikoan edo eraikin publikoetan egiten diren kultur, jaialdi, jolas, kirol edo beste edozein motatako ekitaldi publikoen antolatzaileak (eremu publikoan edo eraikin publikoetan egiten diren ezkontzak edo ospakizun pribatuak) dira horietan sortzen den zikinkeriaren erantzuleak eta Udalari jakinarazi behar diote zein den egin gogo den ekitaldiaren ibilbidea, ordutegia eta tokia.

2. Udalak fidantza bat eska diezaieke, ekitaldi hori egitearen ondoriozko garbiketa lanetarako aurreikusten den zenbatekoaren adinakoa. Okupatutako eremu publikoa eta inguruak behar bezain garbi geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.

3. Ekitaldi publiko baten ondorioz, kalterik egiten bada eremu publikoan edo altzarietan, horren erantzuleak antolatzaileak edo sustatzaileak izanen dira eta konponketa gastuak ordaindu beharko dituzte, izan daitezkeen zehapenak gorabehera.

35. artikulua. Eskaletza.

Ordenantza honi dagokionez, eskean ibiltzea da erabilera publikoko bide edo eremu publikoetan limosna eskatzea, baita bestelako jarduera batzuk egitea ere, hala nola ibilgailuetako haizetakoak edo gainerako elementuak garbitzea edo baimenik gabe auto-aparkatzaile jardutea.

Debeku da diru edo limosna eskean ibiltzea larderiaz edo modu gogaikarrian, hitzez zein egitez. Orobat, debeku da larderiaz edo modu gogaikarrian gauzak edo zerbitzuak diru truke eskaintzea.

Eskean dabiltzanak adingabeak izanez gero, adingabeen babesaren arloan indarrean dagoen legediak xedatutakoari helduko zaio.

Agintaritzako agenteek eskaletza debekatua eragotziko dute, larderiaz edo modu gogaikarrian eskatzen duen ala ez alde batera utzita, eta beti Tuterako Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen berri emanen diote eskaleari derrigorrean, beharrezko laguntza eskatu ahal izan dezan.

36. artikulua. Ibilgailuak garbitu eta konpontzea.

1. Debeku da eremu publikoa zikintzen ahal duen edozein lan egitea, batik bat ibilgailuak garbitzea, olioa aldatzea, garbitu ondoko ura isurtzea eta hiri hondakin edo hondar solidoak hautatu edo manipulatzea.

2. Debeku da ibilgailuak konpontzea edo muntaketak egitea eremu publikoan, edo hura erabiltzea materialak edo zernahi produktu gordetzeko.

37. artikulua. Arropa zabaltzea.

Balkoietan, terrazetan edo teilatu-hegaletan ezin da arropa zabaldu kaletik ikusteko moduan, salbu eta fisikoki bestelakorik egin ezin duten etxebizitzetan. Halakoetan, edonola ere, kaletik gutxien ikusten den aldean zabalduko dute, bizilagunei eragozpenik egin gabe.

Era berean, ezin da balkoi edo galerietan utzi eraikinaren estetikari kalte egiten dion edo eraikineko gainerako bizilagunak arriskuan jartzen dituen materialik, tresnarik edo altzaririk.

Debeku horiek ez betetzearen erantzulea etxebizitzako maizterra izanen da.

38. artikulua. Alkoholdun edarien kontsumoa.

1. Debekatuta dago edari alkoholdunak kontsumitzea bide edo espazio publikoetan, baldin eta ordena publikoa asaldatzea badakarte, edo bide edo espazioen erabilera edo erabilera normala oztopatzen edo eragozten duten jende-pilaketak sortzen badira, edo inguruneko ingurumen, garbiketa, estetika edo zarata baldintzak aldatzen badituzte, bizilagunen atsedena oztopatuz.

2. Tuterako Udalak salbuespenak ezartzen ahalko ditu, berariazko baimenaren bidez, Tuterako hiriko leku jakin batzuetarako, ekitaldi edo jai tradizionalak direla eta, edo nahitaezko udal lizentzia edo baimena duten ostalaritza jardueretarako.

IV. TITULUA

Zehapen araubidea

39. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Zehatzeko ahala arlo honetan erabiltzeko, legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraikiko zaio zehapenak ezartzeko.

2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki gertaerak, arau-hauste administratibo ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-hauste ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko du zehapen prozedura –hasita badago–, harik eta agintari judizialak erabakia hartu arte.

Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

40. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, egiteak nahiz ez-egiteak izan, oso astuntzat, astuntzat edo arintzat joko dira.

41. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Oso astunak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:

a) Herritarren bizikidetza modu nabarmenean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaintasun publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, baldin eta jokaera horiek ez badaude Herritarren Segurtasuna Babesteko buruzko martxoaren 30eko 4/2015 Legearen IV. kapituluan, edo ordezko araudian, tipifikatutakoen artean.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

d) Zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak larriki hondatzea.

e) Espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei haientzat prestatutako tokian zirkula dezaten nahita eta modu larrian galaraztea, baimenik izan gabe.

f) Bide publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri zein higiezin izan, modu larrian eta nabarmenean hondatzen dituzten ekintzak, herritarren segurtasunaren asaldatzeak eragindakoak ez direnean. Betiere, honako jokaera hauek arau-hausteak izanen dira:

–Seinale publikoak hautsi, erauzi edo pintatzea edo haietan kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.

–Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak erretzea, nahita edo erru larria izanda.

–Eremu publikoan eta parke eta lorategietan dauden arbolak hautsi edo deusetarako ez direla uztea.

g) Bidegabeki eta maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezen.

h) Argiteria publikoaren edozein sistema nahita itzaltzea.

i) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak, baldin pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala arriskuan jartzen badute.

j) Urtebetean hiru arau-hauste astun edo gehiago egitea.

42. artikulua. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astunak honako hauek dira:

a) Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaintasun publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasunaren babesteko legedian.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu larrian trabatzea beste pertsona batzuei.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu larrian trabatzea, esaterako:

–Baimenik gabe sartzea udal-instalazioetara irekitzeko ordutegitik kanpo.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.

e) Osasungarritasun edo apaintasun publikoa modu larrian trabatzea. Betiere, arau-haustea izanen da:

–Estolderia-sarera edo bide edo eremu publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungaiztasun arriskua sortzen dutenak.

–Eremu publikoan janariak edo edariak saltzea Udalaren baimenik gabe.

f) Nahita oztopatzea oinezkoek edo ibilgailuek modu normalean zirkula dezaten haientzat prestatutako tokietan.

g) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

43. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Herritarren bizikidetza modu arinean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaintasun publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasunaren babesteko legedian. Betiere, arau-haustea izanen da:

–Baimenik gabe sua piztea edo mantentzea bide publikoetan: barbakoak, parrillak etab.

–Bizilagunei eragozpenak sortzen dizkieten jarduerak egitea, batez ere gaueko ordutegian: kantatzea, instrumentuak jotzea, espazio publikoetan musika-ekipoekin musika emititzen egotea...

–Eremu publikoetan edari alkoholdunak kontsumitzea, eragozpenak sortuz edo herritarren arteko elkarbizitza urratuz, edo beirazko ontziak erabiltzea.

–Auzokoei zarata edo eragozpenak eragiten dizkieten gaueko jolasak egitea, hala nola pilota jokoak, futbol jokoak eta abar.

–Ordenantzan debekatu gisa jasotako jokoak edo tokian bertan horrela seinaleztaturik daudenak egitea, pilota jokoak fatxadak kolpatuz eta/edo jolasaren ondorioz oihuak eta ahotsak sortuz.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu arinean trabatzea beste pertsona batzuei. Betiere, arau-haustea izanen da:

–Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea baimenik gabe.

–Baimenik gabe kanpatzea.

–Eremu publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.

–Espazio publikoetan autoak garbitu edo konpontzea.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu arinean trabatzea. Honako hau arau-haustea izanen da beti:

–Iturri edo urmael publikoetan bainatzea.

–Baimenik gabe sartzea ikastetxeetako patioetara irekitzeko ordutegitik kanpo.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea. Betiere, arau-haustea izanen da:

–Edozein ondasun edo eremu publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.

–Arbola, landare eta lorategi publikoetan kalte egitea.

e) Osasungarritasun edo apaintasun publikoak modu arinean trabatzea. Betiere, arau-haustea izanen da:

–Propaganda edo publizitatea zabaltzea ordenantza honetan ezarritakoa hautsiz.

–Eremu publikoan pixa, kaka edo tu egitea.

–Eremu publikoan zaborra edo beste edozein elementu bota edo bertan uztea.

f) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak, aurreko artikuluetan tipifikatu ez direnak.

44. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinei 100 eta 750 euro arteko isuna ezarriko zaie, 43. artikuluaren a) eta b) apartatuetan tipifikatutakoei izan ezik, halakoei 100 eta 200 euro arteko isuna ezarriko baitzaie.

Arau-hauste astunei 751 eta 1.500 euro arteko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste oso astunei 1.501 eta 3.000 euro arteko isuna ezarriko zaie.

45. artikulua. Kalteei ordaina ematea.

Ordenantza honetan adierazten diren zehapenak ezartzean, beti eskatuko zaio arau-hausleari kaltetu den egoera lehengora dezala. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konponduko edo ordainduko dituzte beti.

Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera izapidetuko du antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta.

Betebeharpekoaren kontura eginen ditu Udalak egin beharrekoak, gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Betebeharpekoari kostua eskatzeko, antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraikiko zaio.

46. artikulua. Erantzuleak.

1. Ekitaldi publikoetan antolatzailea edo sustatzailea izanen dira erantzule solidario, bai eta baimena eskatzen duena ere.

2. Animaliak daramatzaten pertsonak eta modu subsidiarioan animalien jabeak izanen dira erantzuleak animaliak gauza edo pertsonei sortu kalte edo eraginengatik eta zikinkeriarengatik.

3. Erantzulea eta zuzeneko egilea izanen dira, modu solidarioan, kanpoko publizitateari buruzko arau-hausteen erantzuleak, eskuorriena barne.

4. Etxebizitzak edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak 21.1, 22.6, 27. eta 37. artikuluetan bildu arau-hausteen erantzuleak izanen dira.

5. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

6. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurrea hartzeko.

Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.

7. Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

47. artikulua. Zehapenak mailakatzea.

Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

b) Errepikatzea, urtebetean astuntasun handiagoko arau-hauste bat edo astuntasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egin badira, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

c) Nahitakotasuna.

d) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

e) Zer kalte egin den eta haien larritasuna.

f) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.

V. TITULUA

Errehabilitazioa

48. artikulua. Itundutako amaiera.

1. Bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, komunitaterako zeregin edo lanak egiteko aukera eskaintzen ahal dio udalak espedientatuari ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen astuntasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.

2. Aukera hori arau-hausleen errehabilitazio bide bezala eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baino ez da aplikatuko:

a) Arau-hausteak oso zehapen astuna ezartzea dakarrenean.

b) Zehapen astuna dakarren arau-haustea izanda, aurretik arau-hauste astunak edo oso astunak egin direnean.

c) Neurri hori hartzearen alde egiten duten baldintza bereziak ikusita, modu arrazoituan horrela erabakitzen denean.

3. Espedientatuak zer lan egiteko prest dagoen esanen dio udalari. Ahal dela, komunitatearen onerako lan borondatezkoak izanen dira, gizalegezko jokabideak sortu edo gisako ekintzen ondoriozko kalteen ordaina ematen dutenak. Udaltzaingoak kontrolatu eta bermatuko du betetzen direla.

4. Espedientatuak eskaera egin ondoren, prozedura ebazteko epea eten eginen da, eta egin beharreko zerbitzuaren baldintzak jakinarazi beharko dizkio udalak arau-hausleari.

5. Udalak prozedura amaitzeko, espedientatuak egin beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpenaren ekitaldian, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.

6. Kasu bakoitzaren inguruabarrak ikusita, Udalak kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu, zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen dela bermatzeko.

7. Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondoren, zehapen prozedura amaitutzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 88. artikuluan ezarritakoaren arabera.

8. Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Hasierako arau-haustearen sailkapen bera izanen du arau-hausteak.

b) Zehapena mailakatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera, indargabetuta geratzen dira ordenantzaren aurkako udal-xedapen guztiak eta, bereziki, Bideen eta eremu publikoen garbiketari buruzko udal ordenantza.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritako epea iragan ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2105375