96. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRURTZUN

Iturrizarreko Autokarabanen Gunearen erabilera arautzen duen Ordenantzaren behin betiko onespena

Irurtzungo Udalak, 2021eko otsailaren 2an egin osoko bilkuran, “Iturrizarreko Autokarabanen Gunearen erabilera arautzen duen Ordenantza” hasiera batez onetsi zuen.

Iragarkia 2021eko otsailaren 22an argitaratutako 40 zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Irurtzungo Udalaren iragarki-oholean argitaratu eta gero, jendaurrean egoteko legezko epea iragan da, inork erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe. Ondorioz, ordenantza behin betiko onetsitzat ematen da.

Segidan, haren testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324., 325. eta 326. artikuluetan aurreikusitakoa betetze aldera.

Irurtzunen, 2021eko apirilaren 12an.–Alkatea, Aitor Larraza Carrera.

UDAL ORDENANTZA, ITURRIZARREN (IRURTZUN) EZARRI DEN AUTOKARABANEN ETA ETXEBIZITZA-IBILGAILUEN ZERBITZU EREMUA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, batetik, Nafarroako Gobernuaren araudi autonomikoan kanpaldi libreaz egiten den debekua betetzen dela bermatzea, eta, bestetik, arauak ezartzea horretarako Irurtzungo udalerrian autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak ostatatzeko erabil daitezen Iturrizar alderdian gaitu den eremuaren barrenean. Horren guztiaren helburua da bertako natur baliabide eta espazioak zaintzea, Irurtzungo bizilagunen eta autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak erabiltzen dituzten turisten arteko bizikidetza erraztea, eta bermatzea bai pertsonen segurtasuna bai aparkaleku publikoen errotazio nahitaezkoa eta banaketa zuzena autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen eremuaren erabiltzaile guztien artean.

2. artikulua. Kanpaldi librea debekatzea.

Zehapena ezarriko zaio Irurtzungo udal-mugartean kanpaldi librea egiteko debekua betetzen ez duenari, non ez duen aurretik baimena eskuratu.

3. artikulua. Kanpaldi librea.

Kanpaldi libretzat hartuko da:

a) Aterpe mugikor bi edo gehiago, karabana bat, autokarabana bat, kanpadenda bat edo aise garraiatu eta desmuntatzeko gisako elementu bat edo gehiago paratzea, lege eta erregelamenduek arautzen dituzten turismoko kanpalekuetatik kanpora.

b) Ordenantza honetan ezartzen dena baino denbora gehiago egotea autokarabanen aparkalekuan.

4. artikulua. Aparkatzearen eta akanpatzearen arteko desberdintasuna.

Zilegi da gelditzea eta aparkatzea autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako erreserbaturiko eremuan.

Aditzera emate aldera, honelakoetan ulertzen da autokarabana edo etxebizitza-ibilgailu bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

1.–Gurpilekin edo segurtasun ziriekin baizik ez duelarik zorua ukitzen (ez daude beheraturik hanka egonkortzaileak, ezta beste edozein tramankulu paraturik ere).

2.–Ibilgailu itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez duelarik, hau da, ibilgailuaren perimetroa gainditzen duen elementurik hedaturik ez dagoelarik.

3.–Inolako isurki kutsagarriren igorpenik gertatzen ez delarik, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen direlarik, hala nola ur erabiliak eremu publikoan hustea.

4.–Ez du zarata gogaikarririk egiten, hala nola argindar sorgailu bat piztuz, edo ekipamendu akustikoak sobera ozen edukiz pausatzeko ohiko ordutegian, honakotzat 22:00etatik 08:00etara bitarteko tartea ulertuz.

Eremua egonaldirako edo gaua igarotzeko erabiltzen duten autokarabanek edo etxebizitza-ibilgailuek plaza bakoitzaren espazioaren mugak errespetatuko dituzte beti, eta inoiz ezin izanen dira kanpora atera mahaiak, aulkiak, eguzki-oihalak, eguzkitakoak edo bestelako tresnak. Plaza hauek egonaldirako erabiliko dira soilik.

5. artikulua. Aparkatzea.

Udal-mugarte osoan debeku da karabanak edo atoiak aparkatzea beren trakzio-ibilgailuetatik bereizita. Gainera, nahitaezkoa izanen da autokarabana eta etxebizitza-ibilgailu guztiek gaua pasatzea Irurtzungo udalerrian horretarako prestatu den aparkalekuan, Iturrizar alderdian.

6. artikulua. Aparkatze denbora.

Autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak gehienez ere 48 orduz egon daitezke jarraian eremuan aparkaturik. Udalak mugatzen edo debekatzen ahalko du, gainera, autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak eremu publikoko zonalde mugatuetan aparkatzea, arrazoi objektiboak eta etxebizitza-ibilgailuen tamaina edo baimendutako gehieneko masa direla-eta, bide segurtasunari eta zirkulatzeko eta aparkatzeko espazioari eragiten badiete.

7. artikulua. Irurtzungo zerbitzu eremua autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako.

Autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen zerbitzu eremua izanen den alderdia Irurtzunen dago, 2. poligonoko 80. lurzatian, Plazaolaren Natur Bidetik hurbil. Eremu horrek hustubide edo estolda-zuloak ditu, estolda-sarerako sarrerarekin, hondakinak botatzeko eta tratatzeko; halaber, edateko uraz baliatzeko modua du. Alderdi horretan, autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko eta gaua igarotzeko plaza erreserbatuak daude.

8. artikulua. Iturrizarreko zerbitzu-eremua erabiltzeko arauak.

Zerbitzu eremu hau erabilera arau hauen mendean egonen da:

1.–Etxebizitza-ibilgailu gisa katalogatuak direnak baizik ezin dira aparkatu eremu erreserbatuetan, eta bazterturik daude gainerako ibilgailu guztiak, hala nola kamioiak, karabanak, turismoak, etab., etxebizitza-ibilgailu gisa homologaturik ez badaude eta komuna eta ur erabilien biltontzia ez badituzte.

2.–Aparkatutako ibilgailuek plaza bakoitzaren espazioaren mugak errespetatuko dituzte beti.

3.–Gehienez ere 48 orduz egon daitezke, gelditzen diren unetik plaza uzten duten arte. Ezinbestean edo premia delarik baizik ez da gehieneko denbora baimendu hori gaindituko, eta Udalak baimendua bada.

4.–Eremuak baditu ur gris eta beltzak botatzeko espazioa, edateko uraren hargunea eta bizikletak garbitu eta konpontzeko gunea.

5.–Irurtzunen erroldatutako pertsonek honako zerbitzu hauek erabili ahal izango dituzte: ur grisak eta beltzak husteko zerbitzua, edateko ura hartzeko zerbitzua eta bizikletak garbitzeko eta konpontzeko gunea, aldez aurretik udaletxean eskatu eta baimena eman ondoren eta dagokion tarifa ordaindu ondoren.

6.–Biltontziak hustutzeko alderdian ezin da aparkatu; aldiz, oztoporik gabe egon behar du, erabiltzaileen eskura, proposatutako xederako erabiltzen ari ez direlarik; erabiltzaileek higienea mantendu beharko dute erabili ondoan.

7.–Berariaz debekatzen da eremu osoan edozein ibilgailu-mota garbitzea, bizikletak izan ezik, eta horiek urarekin bakarrik garbitu ahal izango dira; inola ere ez dira erabiliko xaboiak edo garbiketa-detergenteak. Zehapena ekarriko du arau hori ez betetzeak.

8.–Zerbitzu eremuen erabiltzaileek men eginen diete Udalak ematen dizkien jarraibide guztiei, eremu hori zaintzeko eta begiratzeko eta errespetua eta jendetasuna izan dadin. Orobat, Udalak noiznahi xeda dezake zerbitzu eremuen guneek beste erabilera bat izatea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileendako.

9.–Debeku da kanpatzeko tresnak paratzea eremu publikoan eta bereziki autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko plazetan, hala nola mahaiak, aulkiak, olanak, itzalkinak edota bestelako tresnak.

10.–Autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen Iturrizarreko zerbitzu eremu honetan, zilegi da gaua igarotzea.

9. artikulua. Ordainketa aldia.

Tarifa bat kobratuko zaio zerbitzu eremuan dagoen edozein ibilgailuri goi nahiz behe denboraldian.

10. artikulua. Tarifa motak.

Tarifa bakarra, bost eurokoa. Gehienez, 48 orduko egonaldia.

11. artikulua. Ordaintzeko jarraibideak.

10. artikuluan azaltzen den tarifa aparkatu baino lehen ordaindu beharko da, zerbitzu eremuko sarreran den parkimetroan.

Emandako tiketa aurreko kristalaren parean jarriko da.

12. artikulua. Ikuskapena.

Arau-haustea izanen da ordenantza honen artikuluetako edozein eta orobat hura garatzeko Alkatetzak ematen dituen xedapenak ez betetzea edo urratzea; udal korporazioaren (Alkatetzaren) lanak dira dagokion bezala ikuskatzea eta zehapenak ezartzea.

Udal honek horretarako gaitzen dituen pertsonak arduratuko dira ordenantza hau betetzen den begiratzeaz.

13. artikulua. Zehatzeko eskumena eta prozedura.

1.–Irurtzungo Udaleko alkatea da, edo hark eskuordetutakoa, zehapen prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duen organoa.

2.–Zehapen prozedura egiteko bidea da Zehapen Ahalmena Erabiltzearen gaineko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan aurreikusia.

3.–Espedientearen ebazpena beranduenez urtebetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak erabakiko ditu, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.

Prozedura hasi denetik urtebetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunak eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz eskatuta, salbu eta prozedura gelditu denetan interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik edo jarduketa judizialen ondorioz eten denetan.

14. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke. Honela daude sailkatuta:

a) Arau-hauste arina da:

–Mahaiak, aulkiak, oihalak, eguzkitakoak edo beste edozein tresna kanpoaldera ateratzea.

–Ordaintzeko tiketa ez jartzea ongi ikusteko moduko tokian.

b) Honako hauek arau-hauste astuntzat hartuko dira:

–Ordaintzeko tiketa ez ordaintzea.

–Zerbitzu eremuko edozein leku garbi ez edukitzea.

–Autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako plazetan 2 egun jarraian baino denbora luzeagoan egotea, horretarako baimenik izan gabe.

–5. artikulua ez betetzea, karabanak edo atoiak kotxerik gabe aparkatuta Irurtzungo udal-mugartean.

c) Arau-hauste oso astunak:

–Iturrizarreko zerbitzugunean autokarabanak, etxebizitza-ibilgailuak edo bestelako ibilgailuak garbitzea, edo garbiketa-produktuak erabiltzea, hala nola xaboia edo antzekoak, bizikletak garbitzeko.

–Zerbitzu eremuko altzariak hondatzea.

–Autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako erreserbaturiko tokietan ibilgailuak, kamioiak, karabanak, kotxeak, etab. aparkatzea eta/edo han gaua igarotzea.

–Gai kutsatzaileak isurtzea.

Zehapenak:

Arau-hauste arina egiteagatik, 6 eta 90 euro bitarteko zehapen ekonomikoa ezarriko da.

Arau-hauste astuna egiteagatik, 91 eta 600 euro bitarteko zehapen ekonomikoa ezarriko da.

Arau-hauste oso astuna egiteagatik, 601 eta 12000 euro bitarteko zehapen ekonomikoa ezarriko da.

15. artikulua. Arau-hausteez erantzutea.

Autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko eremua ez da zaintzapeko eremua. Beraz, Irurtzungo Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko baldin eta gorabeherak, lapurretak edo gisakoak gertatzen badira aparkatuta dauden autokarabanetan.

Arau-haustea zer egitatek ekarri duen, harexen egilea edo bere tutoretza duena izanen da ordenantza honetan xedatzen denaren kontrako arau-hausteen erantzulea.

Dagokionean, arau-haustea egiteko erabili den ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki esan beharko du arau-haustearen erantzule den gidaria nor den, horretarako errekerimendu egiten bazaio.

Betebehar hori behar den prozedura tramitean betetzen ez badu haren zehapena 300 euroko isuna izanen da, arau-hauste astunaren egilea izateagatik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

ERANSKINA

Tasak eta tarifak

Ikusi taula osoa.

Aparkatzea, 48 orduko egonaldia

5 euro ibilgailu bakoitzeko

Hustuketa-txartela, erroldatuak

15 euro urtean matrikula bakoitzeko

Iragarkiaren kodea: L2105847