96. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CAPARROSO

Udal ordenantza, trafikoa, ibilgailu motordunen zirkulazioa eta bide segurtasuna arautzen dituena. Behin betiko onespena

Caparrosoko Udalak, 2020ko irailaren 24an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Trafikoa, ibilgailu motordunen zirkulazioa eta bide segurtasuna arautzen dituen udal ordenantza.

2020ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 15ean, argitaratutako iragarkiaren bidez irekitako jendaurreko epean alegazioen idazki bat jaso zen.

Udal honek 2021eko martxoaren 25eko osoko bilkuran erabakita, aurkeztutako alegazioak ebatzi ziren eta ordenantza behin betiko onetsi zen.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, argitara ematen da ordenantzaren testu osoa, zeinak indarra hartuko baitu Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Argitara ematen da, eta ohartarazten, behin betiko onespen honen kontra bide hauetakoren bat erabil daitekeela:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Caparroson, 2021eko apirilaren 6an.–Alkatea, Carlos Alcuaz Monente.

UDAL ORDENANTZA, TRAFIKOA, IBILGAILU MOTORDUNEN ZIRKULAZIOA ETA BIDE SEGURTASUNA ARAUTZEN DITUENA ZIOEN AZALPENA

Caparrosoko herriak ez zuen trafikoa arautzeko udal araurik, eta, beraz, Caparrosoko Udalak, ordenantza honen bidez, araudi bat ezarri nahi du erregulatzeko bide publikoen erabilera egokia eta berariazkoa, balioko duena bateratzeko trafikoaren beharrak oro har, eta ibilgailu partikularren eta herritarren erabilera eskaerak.

Ordenantzaren artikuluetan arautzen dira, besteak beste, seinaleak, oztopoak, oinezkoen, bizikleten eta motozikleten erabilera, aparkatzea, zama-lanak, ibilgailu abandonatuak, garraio publikoa, jarduketa bereziak, erabilera debekatuak eta zehapenen araubidea.

Horrek guztiak Caparrosoko bizi-kalitatea hobetzen lagunduko du.

Aplikazio-eremua

1. artikulua. Ordenantza hau urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak xedatutakoaren osagarri da (errege dekretu horrek onetsi zuen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina) eta herriguneko bide publiko guztietan aplikatuko da.

Seinaleak

2. artikulua.

1. Manuzko seinaleak ezarriko dira bereziki, udalerriko bide-sarearen halako tarte batzuetan, edo orokorrean, herri guztian; azken kasu honetan seinaleak herriko sarrera guztietan jarriko dira.

2. Zirkulazio murriztuko eremuaren sarreran diren seinaleek, oro har, eremu horietako barruti osoan dute indarra.

3. Agintaritzaren agenteen seinaleak beste guztien gainetik daude.

3. artikulua.

1. Ez da seinale manuzkorik ez informatiborik jarri ahalko, aitzinetik Udalaren baimenik izan gabe.

2. Udal agintaritzaren iritzian benetako interes orokorra duten seinale informatiboak bakarrik jarri ahalko dira.

3. Debeku da seinaleen gainean edo alboetan publizitatea paratzea.

4. Debeku da erabiltzaileei semaforoak edo seinaleak behar bezala ikus ditzaten oztopatzea edo haien arreta galaraz dezaketen panfleto, afixa, iragarki edo nolanahiko mezuak jartzea.

4. artikulua.

1. Udalak berehala kenduko ditu behar bezala baimendu gabeko seinaleak edo indarrean dauden arauak betetzen ez dituztenak.

Jarduketa bereziak

5. artikulua.

1. Bai Udalak, udal zerbitzuen bitartez, bai agintaritzaren agenteek, segurtasuna eta ordena publikoa begiratu beharrez, edota zirkulazioaren arintasuna bermatu beharrez, batzuetan aldatu ahalko dute zenbait lekutako antolamendua, leku horietan pertsona edo ibilgailuen kontzentrazio handiak suertatzen direnean, eta orobat larrialdiren bat gertatzen denean.

Horretarako, behin-behinekoz jarri edo kendu ahalko dira behar diren seinaleak, baita aurreneurriak hartu ere.

Oztopoak bide publikoan

6. artikulua.

1. Debeku da oinezkoen edo ibilgailuen joan-etorriak eragotz ditzakeen edozein oztopo edo gauza eremu publikoan jartzea.

2. Aurrekoa hala izanik ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak direnean baimentzen ahalko da eremu publikoa aldi baterako okupatzea zenbait lekutan, baldin okupazioak inolako arriskurik sortzen ez badu eta, trafikoari begira, ahal den nahasmendurik txikiena gertatzen bada.

7. artikulua.

1. Behar bezala baimendu eta seinalatu beharko da joan-etorri librea zailtzen duen edozein oztopo.

8. artikulua.

a) Udal zerbitzuek oztopoak kendu ahalko dituzte ondoko kasu hauetan:

1. Bideen erabiltzaileendako arriskutsuak badira.

2. Behar den baimenik erdietsi ez bada.

3. Hura paratzea arrazoirik gabekoa gertatu bada.

4. Baimendutako epea amaitu bada edo baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

b) Oztopoak kentzeak eta seinale bereziak paratzeak eragindako gastuak interesdunen kontura izanen dira.

Oinezkoak

9. artikulua.

Oinezkoak espaloian barna ibiliko dira, eskuin aldean ahal dela. Eremu publikoak espaloirik ez badu, oinezkoak galtzadaren ezkerretik joanen dira.

Aparkatzea

10. artikulua.

Ibilgailuak aparkatzeko, arau hauek begiratu behar dira:

1. Ibilgailuak ilaran aparka daitezke, hau da, espaloiarekiko paraleloan; baterian, hots, espaloiarekiko perpendikularrean eta erdibaterian, zeharka.

2. Aparkatzeko manera zehazten duen seinalerik ez bada, ilaran aparkatu behar da.

3. Zoladuran seinalaturik, aparkatzeko lekuetan, ibilgailuak perimetro markatuaren barnean utziko dira.

4. Ibilgailuak aparkatzean, espaloitik ahal den hurbilen paratuko dira, baina tartetxo bat utziz, galtzadaren zati hori ere garbitu ahal izateko.

5. Nolanahi ere, gidariek beren ibilgailuak aparkatu beharko dituzte berez ez abiatzeko moduan.

11. artikulua.

Debeku da arras baldintza hauetan aparkatzea:

1. Behar den seinaleak debekatzen duen tokietan.

2. Zirkulazioa trabatzen edo oztopatzen den tokietan.

3. Beste gidariak erregelamenduaren aurkako maniobrak egitera behartzen direnean.

4. Bigarren ilaran, lehenbiziko ilaran ibilgailua nahiz edukiontzia dagoenean, baita beste objekturen bat edo babeseko beste elementuren bat dagoenean ere.

5. Aparkatzeko lekua ez den galtzadako beste edozein tokitan.

6. Galtzadaren zabaleragatik ibilgailu-lerro bat pasatzea ezinezkoa egiten denean.

7. Norabide biko karriketan, galtzadaren zabaleragatik bi ibilgailu-lerro pasatzea ezinezkoa denean.

8. Karrikaburuetan, beste ibilgailuren bati biratzea eragozten edo trabatzen zaionean.

9. Erregelamenduaren arabera aparkatutako beste ibilgailuei aterabidea oztopatzen zaienean.

10. Oinezkoen pasabide diren galtzada pusketan.

11. Espaloietan, nasetan, babestokietan, erdiko nahiz alboetako pasealekuetan eta zoladuran zerrendak paratuz seinalatutako aldeetan, okupazioa partziala nahiz osoa izan.

12. Nasa, babestoki, erdiko edo alboetako pasealeku eta zoladuran marraz seinalatutako lekuetan.

13. Garraio publiko, eskola-garraio edo taxietarako geralekuetan eta zama-lan, pasabide eta, oro har, erreserbako leku izateko seinalatu eta mugatutako tokietan.

14. Toki berean zortzi egun baino gehiago jarraian.

15. Aldi batez jarduera baimenduek okupatu beharreko aldeetan, eta konpondu, seinalatu edo garbitu behar diren tokietan. Kasu horietan debekua behar bezala eta behar bezain goiz seinalaturik egonen da.

16. Eremu publikoa erreserbatzeko lizentzia eta ibilgailuendako sarbidea dituzten etxabeen aitzinean, etxabearen fatxadaren lerrotik kontrako espaloira edo lerro horira 6,80 m baino zabalera txikiagoa duten karriketan.

17. Debeku da herrigune guztian ibilgailu astunak aparkatzea (3.500 kg-tik gorako BGMa), horretarako gaitutako tokietan izan ezik.

18. Debeku da ibilgailuak motorra martxan dutela etxebizitzetatik gertu aparkatzea.

12. artikulua.

Gehienez ere bi ibilgailu lerro eduki eta zirkulazioa norabide bakarrekoa duten karriketan, ibilgailuak karrikaren alde batean bakarrik aparkatuko dira, udal agintaritzak zehaztutako aldean.

13. artikulua.

11. artikuluaren 14. apartatuan xedatua ez betetzeagatik, antolamenduaren edo noranzkoaren nahiz seinaleen aldaketaren batengatik, eta orobat obrak edo beste edozein aldaketa egin behar delakoz, ibilgailu bat aparkatua dagoen tokitik udal altxatokira edo, horren ordez, baimendutako beste edozein aparkalekutara eraman beharra gertatuz gero, gidaria izanen da arau-hauste berri horren erantzule.

14. artikulua.

1. Desgaitasuna duten pertsonendako erreserbatutako lekuetan aparkatzeko udal-baimena duten titularrek denbora mugarik gabe aparkatu ahalko dituzte beren ibilgailuak.

2. Aipatu gidari horien helmugatik hurbil desgaitasuna duten pertsonak aparkatzeko leku erreserbaturik ez balitz, agintaritzaren agenteek baimena eman lezakete zirkulazioari trabarik txikiena egiten zaion lekuetan aparkatzeko, baina inoiz ere ez aparkatzeko debekuak, ordenantza honetan aurreikusitakoaren arabera, ibilgailua kentzea eskatzen duen lekuetan.

15. artikulua.

1. Ziklomotorrak eta motozikletak aparkatzen ahal dira espaloietan, nasetan, hiru metro baino zabalera gehiagoko pasealekuetan, galtzadarekiko paraleloan, eta 50 zentimetroko tartea utziz, non eta ez den oinezkoen, bizikleten, haur-kotxeen eta abarren pasabidea sobera trabatzen.

2. Gutxienez bi metroko tartea utzi beharko da aitzineko atalaren arabera aparkatutako motozikletatik oinezkoen pasabide seinalatuaren edo garraio publikoko geralekuaren mugara.

3. Espaloi, nasa eta pasealekuen gainean aparkatu behar bada, ibilgailua bulkatuko da, motorra itzalita eta jarlekutik jaitsirik.

4. Galtzadan aparkatu behar denean, erdibaterian eginen da, gehienez ere metro eta erdi hartuz.

16. artikulua.

Udalak, halaber, bide publikotik ibilgailuak kendu ahalko ditu honelakoetan:

1. Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatu den toki batean aparkatuta baldin badaude.

2. Eremu publikoa garbitu, konpondu edo seinaleak jarri ahal izateko ibilgailua kendu beharra badago.

3. Larrialdietan.

Hala eginez gero, ahalik eta lasterren eman beharko da aditzera, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, gidariei non diren jakinarazita. Eramate horrek ez du inolako ordainketarik ekarriko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

17. artikulua.

Aurreikusitako salbuespenak ukatu gabe, ibilgailua kentzeagatik eta Udalaren altxatokian edukitzeagatik sortutako gastuak titularraren kontura izanen dira, eta hark ordaindu beharko ditu edo ordainketa ziurtatuko du ibilgailua berreskuratzeko baldintza gisa, bidezko diren errekurtsoak aurkezteko eskubidea ukatu gabe.

18. artikulua.

Ibilgailua kentzea bertan behera utziko da, baldin eta gidaria agertzen bada ibilgailua estekatu eta garabia abiatzen hasi baino lehen, eta behar diren neurriak hartzen baditu ibilgailua lehen zegoen egoera okerretik ateratzeko.

Ibilgailu abandonatuak

19. artikulua.

Ibilgailu bat abandonatuta dagoela jotzen da gertatzen badira urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 106. artikuluan aurreikusitako kasuak (legegintzako errege dekretu horrek onetsi zuen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina). Horrelakoetan, Udalak ahalmena du ibilgailuari hondakin-tratamendua emateko, eta agindu dezake ibilgailuak tratatzeko zentro baimendu batera eramatea, gero suntsitu eta deskontaminatzeko. Hona hemen kasu horiek:

a) Administrazioak ibilgailua ibilgetu edo eremu publikotik kendu eta altxatu duenetik bi hilabete baino gehiago iragan direnean eta haren titularrak alegaziorik egin ez duenean.

b) Leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean.

c) Toki pribatu batean matxura edo istripu baten ondorioz ibilgailu bat jaso ondoren, haren titularrak bi hilabeteko epean hartu ez duenean. Kasu horretan, toki edo esparru horren jabeak edo arduradunak Probintziako Trafiko Buruzagitzari baimena eskatuko dio ibilgailuari hondakin-tratamendua emateko. Horretarako, aurkeztu beharko du ibilgailuaren titularrari ibilgailua bere esparrutik kentzeko eskatu diola egiaztatzen duen dokumentazioa.

Ibilgailua eramateko agindua eman aurretik, Udalak ibilgailuaren titularrari eskatuko dio, eta ohartaraziko, hilabeteko epean hori egin ezean tratatzeko zentro baimendura eramanen dela.

20. artikulua.

Ibilgailuak tratatzeko zentro baimendu batera eraman behar direnean ondoren suntsitzeko asmoz, jarraituko zaio 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 106. eta 107. artikuluetan eta hurrengoetan ezarritako prozedurari.

Neurri bereziak

21. artikulua.

Inguruabar bereziek beharrezko egiten badute, trafikoa antolatzeko behar diren neurriak har daitezke, ibilgailuen zirkulazioa debekatuz nahiz murriztuz, edo sarbideak herriko alderdi batera eta halako bide batzuetatik desbideratuz, baita aparkalekuak berrantolatuz ere.

22. artikulua.

Herriko alde bateko ezaugarri bereziak kontuan hartuz, udal administrazioak debekatu ahalko du osoki edo partez ibilgailuak zirkulatzea edo aparkatzea, edo biak batera, alde horren barreneko eremu publiko guztiak edo batzuk bertako bizilagunendako erreserbatu ahal izateko, eta, oro har, auzo, oinezko eta bestelakoendako.

23. artikulua.

Halakoetan, karrikek behar diren seinaleak beharko dituzte sarreran eta irteeran, eta gainera, delako aldean ibilgailuen joan-etorriak eragotziko dituzten elementu mugigarri nahiz finkoak erabili ahalko dira.

24. artikulua.

Aipatutako murriztapenak izan daitezke:

1. Beren perimetro barreneko bide guztietarako edo batzuetarako bakarrik.

2. Aurretiaz ezarritako ordutegi batera mugatuak ala ez.

3. Egunerokoak edo egun jakin batzuetarako bakarrik.

25. artikulua.

Xedatutako mugapenen izaera eta norainokoa nolanahikoak direla ere, ez dute zirkulazioan ez aparkamenduan eraginik izanen, ibilgailuak honako hauek direnean:

1. Su-itzaltze eta salbamendu zerbitzukoak, poliziakoak, anbulantziak, eta oro har, zerbitzu publikoak egiteko beharrezko direnak.

2. Alde horretako eraikin batetik eri edo ezinduak garraiatzen dituztenak.

3. Alde horretako hotel-establezimenduetan, sartzeko nahiz ateratzeko, bidaiariak eramaten dituztenak.

4. Alde horretan berean baimendutako garaje edo aparkaleku publiko nahiz pribatuen erabiltzaile direnak.

5. Salgaien zama-lanetarako baimena dutenak.

Garraio publikoaren geralekuak

26. artikulua.

1. Udal administrazioak zehaztuko du garraio publiko nahiz eskolakoaren geralekuak non izanen diren.

2. Haietan bidaiariek igotzeko edo jaisteko behar duten denbora baino gehiago ez daitezke geratu, salbu eta lineako abiapuntu edo helmuga badira.

3. Ibilgailuen kopurua ez da inola ere izanen geralekuak har ditzakeen ibilgailuena baino handiagoa.

Zama-lanak

27. artikulua.

1. Merkataritzako gaien zama-lanak horretarako jarritako tokietan bakarrik egiten ahalko dira.

2. Hartara, aipatu jarduera eremu publikoan eta nolabaiteko maiztasunez egin beharra dagoenean, denda, industria edo lokalen jabeek beharrezkoa den erreserba eskatu beharko diote Udalari.

3. Erreserbatutako tokietatik at, zama-lanetarako baimena horretarako propio finkatutako egun, ordu eta tokietarako baizik ez da emanen.

4. Orokorrean, geratu edo aparkatzea debekaturik dagoen tokietan ez da inola ere eta inolako arrazoirengatik zama-lanik egiten ahalko.

28. artikulua.

Zama-lanetan erabiltzen diren merkataritzako gaiak, materialak edo gauzak ez dira zoruan utziko, baizik eta zuzenean eraikinetik ibilgailura edo alderantziz eramanen dira.

29. artikulua.

Zama-lanak behar den arretaz eginen dira ahalik eta traba gutxien egitearren, eta erabilitako lekua garbi utzi beharko da.

30. artikulua.

Merkataritzako gaien zama-lanak ibilgailua espaloitik gertuen dagoen aldetik eginen dira, eta behar diren baliabideak erabiliko, lana ahalik eta lasterren egitearren eta oinezkoen zein ibilgailuen zirkulazioa ez oztopatzen saiatuz.

31. artikulua.

Alkatetzak zama-lanetarako toki erreserbatuak zehatz ditzake, zeinetan aplikatuko baita ordutegi mugatuko aparkaldien araubide orokorra. Halaz ere, eta kontuan izanik inguruabarrak, hala nola erreserbatutako beste toki batzuekiko hurbiltasuna edo erabileraren maiztasuna, aipatu araubide orokorrean aldaketak egin daitezke.

Pasabide erreserbak

32. artikulua.

Udalak baimenduko ditu garaje, finka eta higiezinetan sartzeko eremu publikoan behar diren erreserbak. Leku erreserbatu horiek behar bezala seinalatuak egon beharko dute eta bereziki dagokien udal ordenantzara moldatuko dira beti.

Edukiontziak

33. artikulua.

1. Altzariak edo etxeko tresnak, eta orobat obra eta etxeko hondakinak biltzeko edukiontziak, udal organo eskudunak erabakita, eremu publikoko toki jakin batzuetan jarri beharko dira.

Abiadura murriztapena oinezkoen kopuru handiko lekuetan

34. artikulua.

Errei bakar batetik ibili beharreko karriketan eta oinezkoen kopurua handia den guztietan, baita ikastetxeak dauden karriketan ere, ibilgailuek abiadura egokia eramanen dute eta behar diren aurreneurriak hartuko dituzte.

Motozikleten zirkulazioa

35. artikulua.

1. Motozikletek debeku dute kategoria gehiagoko ibilgailuez osatutako bi lerroren artean ibiltzea, ezta lerro baten eta espaloiaren artean ere.

2. Debeku dute, halaber, traba egitea, zakarki azeleratuz, ke-hodiak itxuraldatuta eta normalak ez diren beste inguruabarren bidez. Kasu horietan, agintaritzaren agenteek horretarako prestatutako aparatuekin neurtu ahal izanen dituzte zarata horiek, bai eta zehatu ere.

3. Gidari eta bidaiariek, bi gurpileko motozikletetan, sidekarrarekin ala gabe, eta ziklomotoreetan doazenean, egokiro erabili behar dituzte babes-kaskoak, egungo legeriaren arabera homologatuak edo ziurtatuak, bai herri barneko bideetan bai herrien artekoetan.

Bizikletak

36. artikulua.

1. Bizikletak galtzadan barna joanen dira, espaloitik ahal den hurbilen.

Zirkulatzeko baimen bereziak

37. artikulua.

Erregelamenduz baimenduak baino pisu edo tamaina handiagoko ibilgailuak ez dira herriko bide publikoetan barna ibili ahalko Udalaren baimenik gabe, landabideak barne.

Aurreko puntuan aipatu baimenak bidaia baterako izan daitezke, edo halako aldi baterako.

Animaliak

38. artikulua.

Udal bideetan barna ondasunak nahiz jendea garraiatzeko baimendutako animaliak edo lagun egiteko animalia behar bezala lagunduak baizik ez dira ibili ahalko.

39. artikulua.

Herri barrenean eskola-garraiorako zerbitzuak egin ahal izateko, Udalaren baimena beharko da, aldez aurretik.

40. artikulua.

1. Herriko eskola-garraioa garraio diskrezional jarraitua da, ibilgailu automobil publikoetan edo zerbitzu partikularrekotan egina, abiapuntu edo helmuga ikastetxeak izanik, ibilgailua udal-mugartean dabilenean tarteka geraldiak eginez.

2. Ibilgailura igo eta jaistea Udalak berariaz zehazturiko tokietan bakarrik eginen da.

Erabilera debekatuak bide publikoetan

41. artikulua.

1. Oinezkoen ibiltoki erreserbatuetan eta galtzadetan debeku dira ibiltariendako edo jostetan dabiltzanendako arriskutsuak izan daitezkeen josteta eta jolasak.

2. Patinak, patintxoak, monopatinak, haurren bizikletak edo trizikloak eta gisakoak, motordunak izan ala ez, ibili ahalko dira espaloi, nasa edo pasealekuetan, baina oinezko baten abiada arruntean. Halaber, ordenantza honen 9. artikuluan horiendako ezarritako arauen menean egon beharko dute.

3. Debeku da ibilgailuak Caparrosoko herrigunean ibiltzea, garraiatzen badituzte Errepideko Nazioarteko Garraioaren (ADR) 1etik 9ra bitarteko motetako merkataritzako gai arriskutsuak.

Halako ibilgailu batek aipatu eremua zeharkatzeko eta zama-lanetan aritzeko, Caparrosoko Udalaren baimena beharko du. Hartan zehaztuko dira garraio horren mugak, egun, ordu eta ibilbideei dagokienez.

Gasolioa eta butanoa garraiatuz gero artikulu honetatik kanpo daude gai arriskutsuen garraioan aritzen diren ibilgailuak.

ADRko 7. motako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek debeku dute Caparrosoko mugarte osoan ibiltzea, salbu eta aldez aurretik Udalaren berariazko baimena lortzen badute.

4. Caparrosoko herrigunean gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuendako abiadura muga 20 km/ordua izanen da.

5. ADRko 1etik 9ra bitarteko merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek debekatua dute Caparrosoko udal-mugarte osoan ibiltzea.

Zehapen prozedura

42. artikulua.

Zehapenak ezartzeko eskumena Caparrosoko Udaleko alkateak izanen du.

Ordenantza honetan ezarritakoaren aurkako arau-hausteen tipifikazioa, zehapenen zenbatekoa eta zehapen-prozedura izanen dira arautzen direnak Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan, eta, horretan aurreikusirik ez dagoen orotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

Arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan xedatua ez betetzea, trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den beste araudi batean arau-hauste astunen edo oso astunen kalifikazioa ez baldin badu.

43. artikulua.

Zehapen-espediente bidez emandako ebazpenekin burutuko da bide administratiboa, eta horiek aurkaratu ahalko dira indarrean dagoen legeriak ezarritako moduetan.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du bere testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan aurreikusitako epea iraganik.

Iragarkiaren kodea: L2105656