96. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CAPARROSO

Ordenantza fiskala, ibilgailuak espaloietan barna sartu eta ateratzeko nahiz merkataritza-lokalek eremu publikoa erreserbatzeko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Caparrosoko Udalak, 2020ko irailaren 24an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ibilgailuak espaloietan barna sartu eta ateratzeko nahiz merkataritza-lokalek eremu publikoa erreserbatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

2020ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 15ean, argitaratutako iragarkiaren bidez irekitako jendaurreko epean alegazioen idazki bat jaso zen.

Udal honek 2021eko martxoaren 25eko osoko bilkuran erabakita, aurkeztutako alegazioak ebatzi ziren eta ordenantza behin betiko onetsi zen.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat, argitara ematen da ordenantzaren testu osoa, zeina indarrean jarriko baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Argitara ematen da, eta ohartarazten, behin betiko onespen honen kontra bide hauetakoren bat erabil daitekeela:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Caparroson, 2021eko apirilaren 6an.–Alkatea, Carlos Alcuaz Monente.

ORDENANTZA FISKALA, IBILGAILUAK ESPALOIETAN BARNA SARTU ETA ATERATZEKO NAHIZ MERKATARITZA-LOKALEK EREMU PUBLIKOA ERRESERBATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100.4 artikuluan tasei buruz ezarritakoaren arabera.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Ordenantza honen zerga-egitatea da trakzio mekanikoko ibilgailuak sartzea eta ateratzea eraikin eta orubeetan, espaloietan barna, jabari publikoaren aprobetxamendu berezia delako, eta horretarako beharrezkoa delako aldez aurretik udalaren baimena edo lizentzia lortzea.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Ordaindu beharra izanen dute 2. artikuluan adierazitako kontzeptuagatik:

a) Pertsona fisikoak, juridikoak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak, udal lizentziaren titularrak direnak.

b) Ibilgailuendako sarbideak eta pasabideak zer eraikinetan ezarri diren, haien jabeak.

Lizentziaren titularraren edo titularren kargura izanen da ordainketa, beti.

Lizentzien eskatzaileak eta titularrak soilik izan daitezke finkaren jabea, negozio-lokalaren errentaria edo hura erabili eta lupertzeko eskubideren baten titularra, ez beste inor.

Eskatzailea ez bada jabea, azken horren adostasuna agertu beharko da eskaeran.

Lizentziak ekartzen dituen betebehar guztien erantzulea haren titularra izanen da, eta, subsidiarioki, finkaren jabea.

Lizentzia eskuratu ahal izateko, egunean izan behar dira zerga-betebeharrak Caparrosoko Udalarekin.

Karga-oinarriak

4. artikulua. Karga-oinarria izanen da sarbidearen edo ibilgailuen pasabidearen luzera, metro linealetan neurtua.

Tarifak

5. artikulua. Aplikatuko diren tarifak izanen dira urte bakoitzerako Udaleko Osoko Bilkurak ezartzen dituenak kontzeptu ezberdinetarako tasa eta prezio publikoetan.

Tributu-kuota

6. artikulua. Kuota zehazteko, karga-oinarriari dagozkion tasak aplikatuko zaizkio.

Tasaren sortzapena eta diru-bilketa

7. artikulua. Udalak baimena emandakoan sorraraziko da tasa lehendabiziko aldiz, hurrengo ordainketa egin arteko aldirako.

Gainera, alta emateko tasa ordaindu beharko da. Tasa horrek bere baitan hartuko ditu sartzeko eremua markatzeko lerro horia lehen aldiz margotzeko lana eta erreserbaren identifikazio seinalearen mailegua.

Ondoren, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sorraraziko da tasa.

Tasaren zenbatekoa ez da inoiz murriztuko, urtebeteko denboraldirako.

Salbuespenak eta hobariak

8. artikulua. Salbuespen gisa, ez zaie tasa ordainaraziko edo hobaria jasoko dute komunitatearendako zerbitzu mesedegarriak egiten dituzten pertsona edo entitate publiko edo pribatuek, Alkatetzaren Ebazpen bidez hala erabakitzen bada.

Merkataritza-establezimenduetarako, oro har ezarritakoa baino tarifa txikiagoa onesten da, tokiko merkataritza sustatzeko neurri gisa.

Kudeaketa arauak

9. artikulua. Ordenantza honetan araututako lizentziaren kontzesioa beti nahibadakoa izanen da, prekarioan eta hirugarrenei kalterik egin gabe; orobat, ez du inolako eskubide subjektiborik sortuko.

Alkatetzaren ebazpen bidez emanen dira baimenak.

10. artikulua. Lizentzia eman ondotik, Udalak araututako eremuaren luzera mugatuko du, lerro horia lehen aldiz margotuz, eta titularrari erreserbaren identifikazio seinalea emanen dio.

Beharrezkoa izanez gero, Udalak ibilgailuak sartu ahal izateko moldatu beharreko espaloi tartea mugatuko du. Obra hori titularrak egin beharko du, Udalaren baimenarekin eta dagokion zerga ordaindu ondotik.

Identifikatzeko seinalearen eta arrapalaren mantentze-lanak titularrari dagozkio eta Udalaren errekerimenduei kasu egin beharko die.

11. artikulua. Ibilgailuendako sarbidearen lizentzia eskuratzeko ez da lokalaren gutxieneko azalerarik eskatuko, ezta gutxieneko ibilgailu kopururik ere.

Sarbidearen gutxieneko zabalera 2 metrokoa izanen da eta gehienekoa, berriz, atearen zabalera gehi 0,50 m.

12. artikulua. Titulartasuna aldatzeko, lizentzia berria eman beharko da eta, hortaz, ordenantza honetan ezarritako tramite eta baldintzak bete beharko dira.

13. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura ekar dezaketenean, onuraduna beharturik dago aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere, dagokion prezio publikoa ordaindu beharra kendu gabe.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan entitateari.

Toki entitateak ez ditu inolaz ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eta diru itzulerak.

14. artikulua. Lizentziaren titularrak aprobetxamendua bukatu eta gero beharturik daude baja ematera, pasabidearen lerro mugatzailea ezabatzera eta Udalak emandako erreserbaren seinalea itzultzera.

15. artikulua. Merkataritza-establezimenduetarako erreserbetan, salgaien zamalanetarako aparkatzea baimenduko da.

Arau-hausteak eta zehapenak

16. artikulua. Udal zerbitzuek edo agintaritzaren agenteek, pasabide lizentziarik izan gabe, aprobetxamendua egiten ari diren lokal edo espazio guztien berri emanen diote Udalari.

17. artikulua. Arau-hausteak.

Tributuen arloko araudian, bide segurtasunarenean edo gainerako araudi administratiboan ezartzen diren arau-hausteak eta arlo zibilean edo penalean gerta litezkeen erantzukizunak deusetan galarazi gabe, honela tipifikatzen dira ordenantza honen aurkako arau-hausteak:

1. Arau-hauste arinak:

1.1. Erreserba identifikatzeko seinalea egoera onean ez kontserbatzea.

1.2. Ordenantza hau ez betetzea dakarren eta arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat jotzen ez den beste edozein ekintza edo omisio.

2. Arau-hauste astunak:

2.1. Erreserbagunearen parean traba edo oztoporen bat jartzea, garajera edo establezimendu/lokalera sartzea galarazi edo eragozten duena.

2.2. Zoladura ez berritzea Udalak hala agintzen duenean.

3. Arau-hauste oso astunak:

3.1. Aprobetxamendua egitea behar den baimenik eskatu gabe.

3.2. Lizentzia zer epetarako eman zen, hura iraungita aprobetxamendua egiten jarraitzea.

3.3. Eremu publikoko lurzorua edo jabari publikoko lurrak okupatzea, baimenak finkatutako mugetatik kanpora.

3.4. Paratzen dituen plaka edo bereizgarriak ez izatea Udalak luzatzen dituen plaka ofizialak, eta espaloia horiz pintatzea behar den baimena eskuratu gabe.

3.5. Udalari ez jakinaraztea lizentzia emateko oinarri izan ziren inguruabarren aldaketa, lokalaren titulartasunaren aldaketa, handitzeak edo lekualdatzeak.

3.6. Beste titular baten erreserbaren lizentzia erabiltzea eskualdaketarako baimena eman gabe.

3.7. Udalak agintzen dituen segurtasun neurriak ez betetzea.

18. artikulua. Zehapenak.

1. Honako zehapen hauek ezarriko dira aurreko artikuluan tipifikatutako arau-hausteengatik:

–Arau-hauste arinak, 100 euro arteko isuna.

–Arau-hauste astunak, 101 eta 200 euro arteko isuna.

–Arau-hauste oso astunak, 201 eta 500 euro arteko isuna.

Arau-hauste astunen eta oso-astunen kasuan, isun ekonomikoaz gain, lizentzia indargabetzen ahalko da.

2. Zehapenak mailakatzeko, egintzaren munta, interes publikoari eragindako kaltea eta arau-hauslearen berrerortze-maila hartuko dira kontuan.

3. Isunak jartzea Alkatetzaren eskumena da, horretarako espedientea instruitu ondoren, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legean, Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta legeak garatzeko erregelamenduetan ezarritakoarekin bat.

4. Zehapena jartzeaz gain, araua hautsi duen pertsonari eska dakioke aldatutako egoera lehengoratzeko, baita zehatutako egintzek eragindako kalte-galerak ordaintzeko ere.

Kalte-galerak Udalaren titulartasuneko ondasunetan sortzen direnean, Udalak, zerbitzu tekniko eskudunek tasazioa egin ondoren, konponketaren zenbatekoa zehaztuko du, eta horren berri emanen dio arau-hausleari edo arau-haustearen erantzuleari, ezartzen den epean ordainketa egin dezan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan aurreikusi ez den guztian, bai arau-hausteei, bai zehapenei, bai gainerako gaiei dagokienez, ordenantza fiskal orokorrean edo, hala badagokio, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horiekin bat datozen arauetan xedatutakoa beteko da.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta indarrean egonen da espresuki erabaki arte aldatzea edo indargabetzea.

TARIFEN ERANSKINA

–Altako tarifa: 50 euro (plakaren kostua).

–Urteko tarifa orokorra: 25 euro/metro lineala/urtea.

–Erkidegoetako sarreren urteko tarifa: 25 euro/metro lineala/urtea.

–Merkataritza-lokalen tarifa: 20 euro/metro lineala/urtea.

Iragarkiaren kodea: L2105563