96. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

28E/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 24koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana. Honen bidez dirulaguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko deialdi bat onesten da Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitartean parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat, COVID-19aren prebentzioarekin lotutako nahitaezko gastuak diruz laguntzeko. DDBN identifikazioa: 554781.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen arabera, kirola herritarren eskubidea da, eta interes publikoko gizarte jarduera, laguntzen duena pertsonaren prestakuntza eta garapen integrala bultzatzen eta bizi-kalitatea eta norbanakoen eta kolektiboaren ongizatea hobetzen. Gainera, elkarbizitza eta gizartearen kohesioa eta barne lotura errazten ditu, osasun publikoa hobetzen du, eta garapen ekonomikoa sustatzen.

Foru legeak goi mailako kirol jarduera jorratzen du, oinarrizko kirol praktikarako pizgarri gisa hartzen baita. Horrez gain, Foru Komunitatea estatuan eta nazioartean ordezkatu eta sustatzen laguntzen du.

Egun Nafarroan indarra duen Kirol Plan Estrategikoan, Gobernuak 2009ko irailaren 7ko Erabakian onetsi, eta Nafarroako Parlamentuak 2010ean berretsi zuen horretan, Kirolari buruzko Legean aipatzen diren kirolaren berezko balioak jasotzen dira, heziketari eta bizi kalitateari dagokienez, eta helburu nagusi hauek azpimarratzen dira: Nafarroaren irudiaren proiekzioa sustatzea eta kirol ekintzan parte hartzen duten eragile guztientzako jarduketa esparru bat sortzea.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarrita dago Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza guztien araubide juridiko orokorra, eta bertan finkatzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, betebeharrak eta erantzukizunak, baita dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Azkenik, kontuan izan behar da egun bizi dugun pandemia egoera. Egoera horrek bultzatuta, bada, prebentzio neurri batzuk hartu behar dira kirola egiteko, orain arte ez bezala. Hori horrela, baliteke kirol erakundeek gastu gehiago egin behar izatea, modalitate bakoitzean ezarritako araudia betetzeko.

Gobernuak 2021eko martxoaren 17an hartutako 32131 Erabakiaren bidez, Kultura eta Kiroleko kontseilariari baimena eman zitzaion dirulaguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko deialdi bat tramitatzeko, Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitartean parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat, COVID-19aren prebentzioarekin lotutako nahitaezko gastuak diruz laguntzeko.

2021erako deialdi hau tresna bat da klubek aipatu lehiaketetan parte hartzeagatik COVID-19a hedatzea prebenitzeko izaten dituzten nahitaezko gastuak zati batean ordaintzen laguntzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuan esleitu zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko 2021eko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitartean parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat, COVID-19aren prebentzioarekin lotutako nahitaezko gastuak diruz laguntzeko. Orobat, foru agindu honetako eranskinak ere onesten dira, kontuan izanik laguntza horiek emateko beharrezkoa izanen dela diru-izendapena izatea aurrekontuan.

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 101.000,00 euroko gastua baimentzea. Diru hori 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako partida ekonomiko honi egotziko zaio: “COVID-19a. Suspertu plana. Kirol entitateak. Prebentzioko laguntzak” izeneko A50002 A5120 4819 336116 partida.

3. Foru agindu hau eta dagokion 1. eranskina argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Aipatu agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren webgunean eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren bulegoetan.

4. Foru Agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Kirol Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Gai Ekonomikoak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari.

Iruñean, 2021eko martxoaren 24an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

1.1. Oinarri hauek helburu dute kirol klubei eta kirol klub filialei dirulaguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko prozedura ezartzea, Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitartean parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat, COVID-19aren prebentzioarekin lotutako nahitaezko gastuak diruz laguntzeko. Horretarako, eranskineko baldintzak bete behar dituzte eta kreditu erabilgarria egon behar da aurrekontuan.

1.2. Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzak kobratzeko eskubidea emanen duten modalitateak honako hauek dira:

–“Liga erregularretan” parte hartzen duten klubak. “Liga erregularrak” honako ezaugarri hauek dituzten lehiaketak dira: talde guztiek guztien kontra jokatzen dute, kirol federazio bakoitzak ezarritako egutegiaren arabera, egutegi “itxi” bati jarraituz; hau da, egutegiko probetan nahieran (batzuetan bai, beste batzuetan ez) parte hartzeko aukerarik izan gabe. Gainera, honako baldintza hau bete beharko da: taldea inskribatuta dagoen ligak zortzi parte-hartzaile edo gehiago eta zazpi kirol jardunaldi edo gehiago (denak asteburu batean pilatu gabe) izan beharko ditu. Sailkapen horren barruan, bereizi eginen dira, batetik, kategoria desberdinetako ligak dituzten lehiaketak, halako moduz non horietara igo edo jaisten ahalko baita denboraldi horretan lortutako kirol merezimenduen arabera; eta, bestetik, halako egoerarik ez dutenak.

–Halaber, deialdi honetan parte hartzen ahalko dute liga erregularraren ezaugarriak (gutxieneko jardunaldi kopuruari, gutxieneko talde parte-hartzaileen kopuruari edo lehiaketan hautazko parte-hartzea izateari dagokienez) betetzen ez dituzten lehiaketetan parte hartzen duten taldeak dituzten klubek.

–Mugakideak diren beste autonomia erkidego batzuek antolatutako ligetan haur kategoriatik parte hartzen duten klubak, baldin eta Nafarroan ez badago modalitate eta kategoria horiei dagokien ligarik.

1.3. Dirulaguntza horiek emanda, xedea da klub horiei laguntzea Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko liga ofizialetan parte hartzen dutenean, lehiaketa horietan parte hartzeagatik COVID-19aren prebentziorako nahitaezkoak diren gastuak ordainduz. Laguntzak onura publikokoak dira, Nafarroako bizilagunen kirol jarduera sustatzen eta zabaltzen laguntzen dutelako.

2. Onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte har dezakete Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribaturik dauden kirol klubek eta kirol klub filialek, baldin eta kasuan kasuko Nafarroako kirol federazioei atxikita badaude eta 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitarte parte hartzen badute 1. oinarrian aipatzen diren Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan. Nafarroako kirol federaziorik ez badago, kasuan kasuko klubek aukera izanen dute deialdi honetan parte hartzeko, baldin eta federazio lizentziak lortu badituzte aurretik Espainiako Federazioan zuzenean.

2.2. Klub bat dirulaguntza honen onuradun izan dadin, inskribatuta egon beharko du Nafarroako Gobernuko Kirol Entitateen Erregistroan, eta klubeko jokalariek kirol lizentzia izan beharko dute, dena delako kirol modalitatearen Nafarroako federazioak emana.

2.3. Kirol klubak eta kirol klub filialak ezin izanen dira deialdi honen xede diren dirulaguntzen onuradun izan baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean badaude, eta, berariaz, baldin eta apustuetan aritzen diren enpresek (barne direla apustu makinak erabiltzen dituzten enpresak) finantzatu eta/edo partzialki babesten badituzte. Halaber, deialdi honetatik bazter utziko dira halako enpresen edozein publizitate mota duten klubak, dela jarduera egin behar den instalazioetan, dela parte-hartzaileen ekipamenduetan eta materialean.

2.4. Eskatzaileak ezin izanen dira egon zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, zehapen edo kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

2.5. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Deialdi honetarako onetsitako gastua 101.000,00 eurokoa da, eta 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “COVID-19a. Suspertu plana. Kirol entitateak. Prebentzioko laguntzak” izeneko A50002 A5120 4819 336116 partidaren kargura ordainduko da.

3.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa 4. oinarriko diruz laguntzeko kontzeptuengatiko gastu justifikatuen eta kreditu egokia eta behar bestekoa egotearen arabera zehaztuko da.

3.3. Talde bakoitzari 2.500 euro emanen zaie gehienez.

4. Kontzeptu diruz lagungarriak.

4.1. Diruz lagungarriak izanen dira taldeak, eranskin honen 1. oinarrian adierazitako lehiaketetan parte hartzeagatik, COVID-19a hedatzea prebenitzeko nahitaez egin behar izan dituen gastatuak. Zehazki, honako hauek:

–COVID-19a diagnostikatzeko PCR kitak eta kontsumigarriak, lehiaketan parte hartzeko behar direnak. Aktan jasotako jokalarien eta talde teknikoko kideen kitak bakarrik onartuko dira.

–Diagnostiko azkarreko kitak (antigenoen detekzioa), lehiaketan parte hartzeko behar direnak. Aktan jasotako jokalarien eta talde teknikoko kideen kitak bakarrik onartuko dira.

–Aurreko ataletan aipatutako testak egiteko behar den pertsonal sanitario espezializatuaren gastuak.

–Isipuak.

–Aktan jasotako jokalariek eta talde teknikoko kideek bidaiatzeko ezinbesteko dituzten FFP2 eta FFP3 babesteko maskarak.

–Soluzio hidroalkoholikoak (biozida eta kosmetikoa) eta horren lehengaiak.

–Termometroak.

–Alkohol sanitarioak.

5. Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epeak.

5.1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagokion esteka erabiliz.

Halaber, Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunea ere baliatu daiteke horretarako:

https://www.deportenavarra.es/eu/hasiera

Eskaera Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat, ez aurkeztutzat joko dira laguntzen fitxan dagoen ereduarekin bat ez datozen eskaerak, bai eta fitxa horren bidez telematikoki aurkezten ez direnak ere. Beraz, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ez dira zuzentzen ahalko.

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2021eko irailaren 20an bukatuko.

Eskaera bat baino gehiago egiten ahalko da, 2.500 euroko gehienekora iritsi arte.

5.2. Agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskaera inprimakia (2. eranskina); taldeak zein ligatan parte hartu duen adieraziko da eta egindako gastuen zerrenda xehe-xehe azalduko da (gero atalean aurkeztuko direnak).

Inprimakian, kasuan kasuko laukitxoak hautatu beharko dira eskaera beteta egoteko, baimen eta adierazpen hauekin:

–Baimena eskatzaileak Ogasunekiko zerga betebeharrak egunean dituela frogatzen duen egiaztagiria kontsultatzeko.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ezen ez dela urratzen, onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inolako debekurik.

–Erantzukizunpeko adierazpena, zehazten duena entitate eskatzailea ez dela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

–Adierazpena, zehazteko klubak badakiela NKIk ziurtagiria eska dezakeela frogatzeko eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela.

b) Gastuen azalpen memoria laburra, horiek nahitaez egin beharra argudiatzen dena, eta honako hauek xehe-xehe azalduta: dagokion araudia, kopuruak eta zein kirolariri eragin dien.

c) Aurkeztutako gastuak eragin dien egunen aktak, beste deialdi batean bidali ez badira.

d) Gastua nahitaez egin beharra zehazten den lehiaketaren araudia.

e) COVID-19aren prebentzioarekin lotutako fakturak eta ordainketa ziurtagiriak.

6. Laguntzak emateko prozedura.

Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta eskaerak aurkezten diren hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

7. Antolamendua eta instrukzioa.

7.1. Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolaketa eta instrukziorako organo eskuduna NKIko Kirol Zuzendariordetza izanen da.

Eskaerak aurkeztu ahala tramitatuko eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditu nahikoa dagoen bitartean.

Aurkeztutako dokumentazio administratiboa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

7.2. Organo horrek ahalmena du klub eskatzaileei eskatzeko aurkeztutako dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo handitu dezatela.

7.3. Gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

8. Dirulaguntza ebaztea.

8.1. NKIko zuzendari kudeatzaileak laguntzak ematearen gaineko ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen du, eskaera bakoitza aurkezten denetik aurrera. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Laguntzak onesteko ematen diren ebazpenetan onetsiko da, halaber, laguntzak ordaintzea, baldin eta 12. oinarrian ezartzen diren gardentasun betebeharrak bete badira.

8.2. Dirulaguntza emateko ebazpena interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio. Ebazpenak dirulaguntzaren onuradunen zerrenda eta ukatutako eskaeren zerrenda, ukoaren arrazoia barne, jasoko ditu. Orobat, ebazpena www.navarra.es/home_eu/ webgunean egonen da ikusgai.

8.3. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.

9. Dirulaguntza ordaintzea.

Emakidaren ebazpenean erabakita egonen da dirulaguntzaren ordainketa. Transferentzia bidez ordainduko da bi hilabeteko epean gehienez, kasuan kasuko ebazpena jakinarazten denetik aurrera, eta, betiere, 2021eko abenduaren 31 baino lehenago eta oinarri hauetako 12. apartatuan aipatutako gardentasun betebeharra konplitu ondoan.

10. Frogagiriak eta aurkezteko epea.

Ez da beste frogagiririk beharko, eskaeraren barnean baitaude (hura aurkezteko epea 2021eko irailaren 20an bukatuko da).

Justifikatzeko modua justifikazio-kontua izanen da.

11. Onuradunek bete beharrekoak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten klubek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzak eman diren xedeetarako erabiltzea, bete dituztela dokumentu bidez frogatu, eta NKIk egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztea.

b) Jaso duen edo jasotzeko duen beste edozein diru-sarrera, zuzena nahiz zeharkakoa, jakinaraztea 5. eranskineko inprimakia betez. Horrez gain, beste klub batzuekin batera egin dituzten joan-etorriak ere adieraziko dira. Jakinarazpen hori ahal bezain laster eginen da eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

c) Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluen arabera. 5. eranskina betetzea.

Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da Administrazioak berak, beste Administrazio Publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, naziokoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Laguntza hauen zenbatekoak, eta jardueraren ondoriozko beste diru-sarrera batzuek, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen dute behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

d) Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dela adieraztea jardueren gaineko edonolako publizitatean, klubaren webgunean, jantzietan eta instalazioetan, NKIk adierazten duen irudi korporatiboa jarriz.

e) Hizkuntza berdinzalea erabiltzea komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako diskriminazioa islatzen duen irudi oro saihestea eta berdintasunari, aniztasunari, eginkizunen pluraltasunari eta ardurakidetzari lotutako baloreak sustatzea.

f) Pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko, kirol klubek euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatuko dute komunikazio guztietan: paperak, inskripzio orriak, kartelak, zabalkunderako bitartekoak, megafonia eta publizitateko logotipoak.

g) Erraztasunak ematea NKIri diruz lagundutako lehiaketaren gainean dagozkion kontrol lanak egin ditzan, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen ote den egiaztatzeko.

h) Egiaztatu eta kontrolatzeko ahalmenak egoki erabiltzen direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta bestelako agiriak eduki eta mantendu beharko dira, behar bezala auditatuak, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala. NKIk edozein agiri eska dezake bidezkotzat jotzen badu eskatzailearen datuak berresteko.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

12. Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafarroako Gobernuko erregistro elektronikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horretan arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

Aitorpen eredua 4. eranskinean dago, baina Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko tramiteen katalogoko kasuan kasuko fitxaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: www.nafarroa.eus. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

13. Ez-betetzeak.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, bereziki betebeharren atalean ezarritakoa, datu faltsuak ematen badira edo dirulaguntzaren xedea NKIren baimenik gabe aldatuz gero, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako dirulaguntzaren eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

Onuradunek frogagiriak epez kanpo aurkezten badituzte, bidezkoa izanen da dirulaguntza osorik edo partez galtzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen arabera.

Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

14. Datu pertsonalak babestea.

Deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz sortzen den datu pertsonalen tratamendua Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorraren, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudiaren mende eginen da.

NKIko webgunean informazioa dago datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz (https://www.deportenavarra.es/eu/individualizada).

15. Baliabideak:

a) Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

b) Orobat, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

16. Legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2104960