95. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABERIN

Ordenantza, Hirigintzako tramitazioen tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Aberingo Udalak, 2021eko otsailaren 10ean egin osoko bilkuran, legez eskatzen den gehiengoarekin, hasiera batez onetsi zuen Hirigintzako tramitazioen tasak arautzen dituen ordenantza berria. Iragarkia 2021eko 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, martxoaren 17an.

Jendaurreko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onesten da, eta testu osoa argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua).

Aberinen, 2021eko apirilaren 6an.–Alkatea, Francisco Javier Fernández Velasco.

HIRIGINTZAKO TRAMITAZIOEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12.1, 100. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren babespean.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Ordainarazpen honen xede da hirigintzako edozein jarduketa tramitatzeari dagozkion zerbitzu tekniko edo administratiboak ematea, hirigintzako jarduketa udal-mugartearen edozein tokitan egiten denean, hala lur pribatuan nola publikoan.

3. artikulua. Udalaren hirigintzako jarduketa hauek daude tasei loturik:

a) Obra lizentziak ematea.

b) Udal Planaren aldaketa puntualak tramitatzea.

c) Plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak tramitatzea.

d) Lerrokaduren azterketa osagarriak edo xehetasun-azterketak tramitatzea.

e) Unitateen mugapenak eta erabilera aldaketak tramitatzea.

f) Lur banantzeak tramitatzea.

g) Birpartzelazioak edo kudeaketarako beste figura batzuk tramitatzea.

h) Urbanizazio proiektuak tramitatzea.

i) Hirigintza arloko kontsultak.

j) Eta, oro har, aurrekoen artean ez dagoen hirigintzako beste edozein tramitazio, baldin eta sartzen bada uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren babespean (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Ordaindu beharra

4. artikulua. Hirigintzako tramitazioa eskatzen den unean sortzen da tasa ordaindu beharra.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Hirigintzako tramitazioa eskatzen duten pertsona fisiko edo juridikoek ordaindu behar dute.

Tarifak eta karga-tasa

6. artikulua. Hirigintzako Aholkularitzaren txostenek eta prentsan argitaratzen diren iragarkiek zer kostu duten, horrenbestekoak izanen dira aplikatu beharreko tarifak, tasak eta karga-tasak, ordenantzaren 3. artikuluan aipatzen diren hirigintzako jarduketei dagokienez.

Alkatetzak eginen du tasen behin betiko likidazioa, eta behar den osoko bilkuran emanen dio horren berri Udalbatzari.

Tramitazioa

7. artikulua. Hirigintzako tramitaziorako eskaera orok berekin izan beharko ditu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak aipatzen dituen edukia eta zehaztapenak.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Planeamenduari lotutako espedienteak tramitatzeko arduradunek, udal teknikariek aldeko txostena eman ondotik, likidatzeko bulegoari igorriko dizkiote espedienteak. Bulego horrek likidazioa eginen du, eta bertan honako hauek aipatuko ditu: subjektu pasiboaren izena, tasa zer kontzepturen arabera likidatzen den, tasaren tarifa eta zenbatekoa.

9. artikulua. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesdunari jakinaraziko zaio tasak erregelamenduzko epean ordaindu beharko dituela.

Azken xedapen bakarra.–Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

Iragarkiaren kodea: L2105494