95. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

254E/2021 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten duena, ingurumen ondorioetarako soilik, Erriberriko “Los Almendros” legar hobia ustiatzeko proiektuari, ingurumen inpaktuaren azterketari eta lehengoratze planari buruz. Sustatzailea Prolesogal SL da.

Proiektua sartua dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 2. taldean, eta, beraz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende dago. Proiektuaren xedea da legarra ateratzea Erriberriko udal mugarteko 12. poligonoko 326. eta 347. lurzatietan.

21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Prolesogal SLk 2019ko azaroaren 8an aurkeztu zizkion proiektua, ingurumen inpaktuaren azterketa eta lehengoratze plana organo eskudunari (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua), eta organo horrek jendaurrean jarri zituen 2020ko 20. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 30ekoan, argitaratutako iragarkiaren bidez, 30 egun balioduneko epean, honako hauetan ezarritako ondorioetarako: abenduaren 9ko 21/2013 Legea, ingurumen ebaluazioari buruzkoa; ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua, erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta lehengoratzeari buruzkoa; eta martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea, ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzkoa. Jendaurrean egoteko epe horretan ez da alegaziorik jaso.

21/2013 Legearen 37. artikulua betez, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien Erriberriko Udalari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Biodibertsitatearen Zerbitzuari; hiru erakunde kontsultatuetatik txostenak jaso ditugu, eta ebazpen honen III. eranskinean laburbildu ditugu.

2020ko urriaren 7an, sustatzaileak, 21/2013 Legearen 39. artikuluari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari. Eskaera hori Biodibertsitatearen Zerbitzuari igorri zitzaion espedienteko dokumentazio osoarekin batera, 39.3 artikuluari jarraikiz.

Proiektua ebazpen honen I. eranskinean laburtzen da. Ingurumen inpaktuaren azterketan (II. eranskinean laburturik ageri da) proiektuak ingurumenean izanen dituen ukipen nagusiak egoki aztertzen dira, eta neurri zuzentzaile zehatzak ezartzen, ingurumenean inpaktu nabarmenik eraginen ez dela bermatzeko.

Proiektua almendrondo sailetan garatuko da, eta ez du ukipenik sortuko ez Natura 2000 Sarean, ez eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean ere. Altxonbideak, intereseko landaredia edo habitatak ere ez dira ukituko. Ukitutako lurzatiak estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremu batean dago. Beheko kategoriako eremutzat jotzen da, baina handik hurbil daude “Erriberriko Merindadeko zereal estepak” eremua eta “Landibar” azpieremua, goi-goiko kategoriakoak. Lurzatiko laborantza mota dela eta (almendrondo saila), ez da ukipenik izanen estepako hegazti espezieentzat egokiak diren habitatetan.

Ingurumen Eraginaren Atalak egindako txostenean adierazi du tramitatu den dokumentazioan jarduketak behar bezala zehaztuta daudela, eta proposatu du proiektuaren gainean ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea, ingurumen ondorioetarako soilik, aurkeztutako proposamena bideragarritzat jotzen baitu ingurumenaren aldetik, ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez gero.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.–Honako hauen aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten da: “Los Almendros” legar hobia ustiatzeko proiektua, ingurumen inpaktuaren azterketa eta lehengoratze plana. Proiektua Erriberriko udal mugarteko 12. poligonoko 326. eta 347. lurzatietan garatuko da, eta sustatzailea Prolesogal SL da. Aurkeztutako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta gainera, baldintza hauek bete beharko dira:

A) Erauzte eremua Erriberriko 12. poligonoko 326D eta 347F lurzatien mugen barruan egonen da, eta lurraren jatorrizko kota gehienez ere 5 metro beheratuko da ustiapen fasean. Proiektuan jasotako lurzati horien mugetatik kanpoko lurzatiak ez dira ukitu behar, eta bereziki zainduko da larreetarako erabiltzen diren alboko lurzatiak makineriarekin, sarbideekin, pilaketekin, lur isurketekin edo bestelako lanekin ez okupatzea.

B) Ustiategiaren barruan edozein motatako makineria mugikorra instalatzen bada legarra tratatzeko, horren berri emanen zaio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren bitartez, tramitazioa eta neurri zuzentzaileak ezar ditzan, hala badagokio.

C) Legarra ateratzen hasi baino lehen, gutxienez 40 cm-ko geruza bat landare-lur kenduko da. Beste materialetatik bereiz metatuko da, eta gero, den-dena, lehengoratze lanetarako erabiliko da. Lur horiek, ahal dela, kabailoi perimetraletan jarriko dira, inguruko bideetatik ustiategia ezkutatzeko.

D) Ustiatu ahala lursaila lehengoratuko da, nekazaritza erabilera berreskuratuz. Legar hobiaren amaierako ezponda perimetralak 2H:1V-ko malda izanen du; erauzketa fasean eginen da, perimetroko legarrak ustiatu gabe utziz, geroago morfologia hori lortzeko betelanik egin behar izan gabe. Sortutako zuloa estaltzeko lurrik ez badago, amaierako ezponda perimetralean hidroereitea eginen da inguruaren baldintzetara egokitutako espezie belarkarekin (% 95) eta zurezko espezieekin (% 5).

E) Proiektatutako lehengoratze lanak hobetzeko, zuloa betetzen ahalko da osorik edo zati batean kanpotik ekarritako hondeaketa lur eta harri garbiekin. Laborantzarako egokia den landare-lurra ekartzen bada kanpotik, beste materialetatik bereiz metatuko da, eta betegarriaren azaleko geruzetarako erabiliko da.

F) Kanpoko hondeaketa-lurrak legar hobira garraiatu ahal izateko, enpresak alta emanda egon beharko du hondakin arriskugabeen (hondeaketa material naturalak kudeatzaile eta garraiatzaile gisa, eta hondeaketa materialen balorizaziorako aurretiazko komunikazioa egin beharko dio, posta elektronikoz, Nafarroako Gobernuko Hondakinen Atalari (residuos@navarra.es).

G) Proiektuak Vianako Printzea Erakundeko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena behar du, aztarnategi arkeologikorik ez dela ukituko azalduz.

H) Hautsaren kontrako babes neurri hauek hartuko dira:

–Bai materialak, bai makinen eta ibilgailuen zirkulaziorako pistak, behar den guztietan ureztatuko dira, batez ere udan.

–Ustiategiko eremuaren barrenean eta sarbidean ibilgailuen zirkulazioaren abiadura ez da 20 km/h-tik gorakoa izanen.

–Materialak garraiatzen direnean kamioien kaxak estali eginen dira, partikularik ez aireratzeko.

2.–Proiektuaren lehengoratze planari buruz aldeko txostena ematen da, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak onartze aldera, Erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz. Egokitzat jotzen da 68.933 euroko abala jarri behar izatea lehengoratze plana beteko dela bermatzeko, legar hobirako baimen substantiboaren barruan, aipatutako 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

3.–Sustatzaileari adierazten zaio proiekturako jarduera lizentzia eskatu behar diola Erriberriko Udalari, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearekin bat. Tramitazio horretan lurzoru urbanizaezineko baimena ere sartu behar da, hala badagokio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren arabera.

4.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5.–Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tafalla-Zangozako Barrutia), Erriberriko Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Erriberriko udal mugarteko 12. poligonoko 326. eta 347. lurzatietan legarra ateratzea proiektatu da. Erauzitako materiala inguruko azpiegitura obretan zuzenean erabiliko da.

Lurzatiak, gaur egun, almendrondoen laborantzarako erabiltzen dira, eta Erriberriko hirigunetik 5,4 km-ra daude hego-mendebaldera. Sarbidea lurzati-berrantolamenduko bide bat da, NA-115 Erriberri-Azkoien errepideko 6. kilometrotik abiatzen dena.

Ustiategia bi eremuk osatzen dute; bata “Iparraldeko” erauzketa zona deitzen da eta 347. lurzatiko F azpilurzatian dago; bestea, “Hegoaldeko” zona, 326. lurzatiko D azpilurzatian dago. Hurrenez hurren 62.228 m² eta 68.197 m² dituzte. Babes zerrenda perimetrala ezarriko da, beste lurzatiekiko, bi metrokoa.

Lehenik eta behin landare-lurreko azaleko geruza kenduko da (0,30 m); bolumena 39.127 m³ izanen dela kalkulatu da; gorde eginen da, lehengoratze lanen azken faseetan jartzeko. Lur hori batez ere perimetroan bilduko da; hala, itxiera eta hesi bisual gisa ere funtzionatuko du.

Bolumen erabilgarri osoa 465.907 m³ izanen dela kalkulatu da; kopuru horretatik 323.451 m³ legarra izanen da eta gainerakoa legarraren azpiko substratua, obretan hainbat modutan erabiltzen ahalko dena. 5 metroko banku bakarrean zabor legarra erauztea baino ez da aurreikusi egitea (erauztea, kargatzea eta garraiatzea); baliteke etorkizunean agregatua tratatzeko makineria mugikorra instalatzea. Ustiapen/lehengoratze lanetarako lau fase proiektatu dira, lehen biak iparraldeko eremuan eta azken biak hegoaldeko zatian. Aurreikusitako gehieneko ustiapen erritmoak 63.000 m³/urteko izanen dira; horrenbestez, proiektuko erreserbak agortzeko denbora zortzi urte inguru izanen da.

Proiektuaren amaierako topografia, funtsean, plataformak eta 2H:1V-ko malda izanen duten ezponda perimetralek osatuko dute. Obretatik ateratako betelanerako materialak izanez gero, lurzatien lehengoratze topografiko osoa eginen litzateke.

Lehengoratze lana eta ustiapena aldi berean egin beharko dira; beraz, lehengoratzea burutzeko epea urtebete ingurukoa izanen da proiektatutako erauzketa bukatu ondoren; hala, guztira bederatzi urte iraunen dute ustiapen eta lehengoratze lanek.

II. ERANSKINA

Ingurumen inpaktuaren azterketaren eta lehengoratze planaren laburpena

Ingurumen inpaktuaren azterketan ingurune hauen inbentarioa egin da: ingurune fisikoa, biotikoa, pertzeptuala, sozioekonomikoa eta kulturala, barnean sartuta geologia, topografia, airearen kalitatea, soinu inpaktua, azaleko zein lur azpiko hidrologia, landaredia, fauna, lurzorua, lurzoruaren erabilerak, higadura, paisaia, kultura ondarea, azpiegiturak eta ingurune soziodemografikoa.

Proiektua almendrondo sailetan garatuko da, eta ez du ukipenik sortuko ez Natura 2000 Sarean, ez eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean ere. Altxonbideak, intereseko landaredia edo habitatak ere ez dira ukituko. Ukitutako lurzatiak estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremu batean dago. Beheko kategoriako eremutzat jotzen da, baina handik hurbil daude “Erriberriko Merindadeko zereal estepak” eremua eta “Landibar” azpieremua, goi-goiko kategoriakoak. Lurzatiko laborantza mota dela eta (almendrondo saila), ez da ukipenik izanen estepako hegazti espezieentzat egokiak diren habitatetan.

Proiektuaren eremuko ingurune hartzailea azterturik, IIAk analizatu eta baloratu egiten du proiektatutako ustiategiak bere eremuko ingurunean izanen duen eragina. Ondorio gisa, 16 inpaktu esanguratsu identifikatzen dira. Horietatik, moderatutzat jotzen dira prozesu geofisikoen gaineko inpaktuak, paisaiaren gainekoak, atmosferaren kalitatearen gainekoak, garraioaren gainekoak eta lurzoruaren erabileraren gainekoak. Geologiaren gaineko inpaktua larritzat jotzen da, eta gainerakoak bateragarritzat. Inpaktu orokorra moderatutzat jotzen da. Proiektuan, ez da inpaktu kritikoko ekintzarik identifikatzen.

Ingurumen inpaktuaren azterketak beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko plana jaso ditu; horiek aurrera eraman beharko dira ebazpen honetan eskatzen denarekin batera.

Lehengoratze planaren xedea izanen da lurzatiak berreskuratzea nekazaritzarako erabili ahal izateko, lehorreko zurezko laborantzan (almendrondoak). Ustiapenean sortzen den zuloak, gehienez, 5 metroko aldea izanen du lurraren jatorrizko kotarekin. Ebazpen honetan ezarri da nola egin beharko diren betelanak kota altuagoetaraino, kanpotik ekarritako lurra lortzen bada horretarako. Sortuko den eremu lauak 2H:1V maldadun ezponda izanen du inguruan, lehengoratze topografiko osoa egiteko lurrik lortzen ez bada.

Lehengoratze lanetan aurreikusita dago, batetik, kendutako landare-lurra berriz zabaltzea, eta bestetik, plataforma nagusian nekazaritza-erabilera berrezartzea. Ezponda perimetralak zuhaitzik gabeko baso lur bilakatu behar dira, eta horretarako hidroereitea eginen da espezie belarkarekin (% 95) eta zurezko espezieekin (% 5), sortutako zuloaren betelan osoa ez bada harriekin eta lurrekin egiten. Aurkeztutako lehengoratze aurrekontua (68.933 euroko aurrekontua kontrata bidez egiteko) egokitzat jotzen da proposatutako lehengoratze jarduketetarako.

III. ERANSKINA

Ukitutako administrazioei kontsultak egiteko izapidean jasotako txostenen laburpena

Udalaren 2019ko abenduaren 13ko txostenean adierazten da jarduera bateragarria dela indarrean dagoen hirigintzako legeriarekin, eta legarra erauztea proposatutako lurzatietan baimentzen ahal den jarduera dela.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren 2020ko apirilaren 30eko txostenean, ondorio orokor gisa, egokitzat jotzen da ingurumen inpaktuaren azterketa, betiere bertan jasotzen diren prebentziozko neurriak eta neurri zuzentzaileak betetzen badira, eta burura eramaten badira proiektatutako jarduketak bere eremuko ur-ingurunean eragiten ahal dituen ukipenen ondorioak ahalik eta gehien murrizteko beharrezkoak diren neurri guztiak, inguru horren dinamika hidrologikoa ez dela nabarmen eraldatuko bermatuz eta lur gaineko nahiz azpiko uren kalitatea une oro zainduz. Horrez gain, une oro bermatu beharko da lanak ez direla maila freatikoa baino beherago joanen; hala, akuiferoei erasatea saihestuko da.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak 2020ko ekainaren 2ko txostenean adierazten du aurkeztutako dokumentazioan ustiapen proiektua, ingurumen inpaktuaren azterketa eta lehengoratze plana daudela, eta edukia aski dela, 21/2013 Legearen 35. artikuluan xedatutakoari dagokionez; espedientearen tramitazioa bukatzeko zer urrats egin behar diren azaltzen du.

Iragarkiaren kodea: F2104821