94. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko martxoaren 31n hartua. Honen bidez adierazten da ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela, nahitaez desjabetzeko, honako plan hau gauzatzeari dagokionez: “Lizarrako Nafarroa Beherea kaleko 12. zenbakian dagoen eraikineko oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia”. Proiektua Lizarrako Udalak sustatu du.

Lizarrako Nafarroa Beherea kaleko 12. zenbakiko etxebizitzen eraikineko jabeen erkidegoak eskaturik, Lizarrako Udalaren Gobernu Batzarrak 2019ko uztailaren 26an hartutako erabakiaren bidez, hasiera batez onetsi zen “Lizarrako Nafarroa Beherea kaleko 12. zenbakian dagoen etxebizitzen eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia”, haren helburua izanik higiezin horretan igogailu bat instalatzea. Erabaki hori 2019ko 169. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 28koan.

Lizarrako Udalak 2019ko azaroaren 7an egin osoko bilkuran erabakita, behin betiko onetsi da “Lizarrako Nafarroa Beherea kaleko 12. zenbakian dagoen etxebizitzen eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia”, eta aurkeztutako alegazioak ezetsi dira, oinarri hartuta espedientean dagoen 2019ko urriaren 22ko txosten teknikoa. Erabaki hori 2019ko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 22koan.

Osoko bilkuran 2020ko otsailaren 6an hartutako erabakiaren bidez, hasiera batez onetsi zen oztopo arkitektonikoak kentzeko desjabetzeak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda, Lizarrako “Nafarroa Beherea kaleko 12. zenbakiko eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan bereziari” jarraituz. Erabaki hori 2020ko 35. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 20koan.

Lizarrako Udalak 2020ko azaroaren 5ean egin osoko bilkuran erabakita, behin betiko onetsi da plan berezi horrek ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda, eta aurkeztutako alegazioak ezetsi dira, oinarri hartuta espedientean dagoen 2020ko urriaren 2ko txosten teknikoa. Erabaki hori 2021eko 19. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 27an.

Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 55. artikuluak babesten du Nafarroako udalek desjabetze espediente bat sustatu ahal izatea jabeen erkidegoen onurarako, baldin eta haren helburua baldin bada irisgarritasun unibertsala bermatzeko instalazioak paratzea (kasu honetan igogailu bat) nagusiki bizitegietarako erabiltzen diren eraikuntzetan.

Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Erregelamenduaren 56. artikuluan xedatutakoaren arabera, presako okupazioak arrazoitu behar dira, prozedura hori salbuespenezkoa baita. Horregatik, Lizarrako Udalak aurkeztu ditu ukitutako atarian bizi diren pertsonei buruzko dokumentazioa eta txosten medikoak zein sozialak, non justifikatzen baita presakoa dela desjabetuko diren ondasunak okupatzea.

Era berean, espedientean bada Lizarrako Udaleko idazkariaren idazki bat, non ondorioztatzen baita ezen, espedienteko dokumentazioaren arabera, frogatuta dagoela erabil daitekeela balio justuaren zenbatekoa ordaintzeko beharrezkoa den kreditua.

Horrenbestez, Lizarrako Udalak eskatuta, dagokion txosten juridikoa ikusita eta balio justua ordaintzeko behar adina kreditu dagoela egiaztatuta, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuarekin bat eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluaren bidez aitortutako eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. “Lizarrako Nafarroa Beherea kaleko 12. zenbakian dagoen eraikineko oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia” gauzatzeagatik ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko. Proiektua Lizarrako Udalak sustatu du.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Lizarrako Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2021eko martxoaren 31n.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2105380