94. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

362E/2021 EBAZPENA, apirilaren 7koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita honako deialdi hau: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten (APTE) 7 lanpostu huts merezimendu-lehiaketaren bidezko lekualdatzeaz betetzeko deialdia.

Abenduaren 11ko 333/2019 Foru Dekretuaren bidez, 2019rako lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun arloko langileentzat, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2019ra luzatutako Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokio, eta haren barnean daude, besteak beste, anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten (APTE) 6 lanpostu huts.

Ikusirik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetza ados dagoela anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketaren bidezko lekualdatzeaz betetzearekin.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Honako deialdi hau onestea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten (APTE) 7 lanpostu huts merezimendu-lehiaketaren bidezko lekualdatzeaz betetzeko deialdia.

2. Merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen deialdiaren oinarriak onestea, ebazpen honen eranskin gisa ageri direnak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1 c) eta 126.3 artikuluetan xedatutakoarekin bat eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 29ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak erabiliz.

Iruñean, 2021eko apirilaren 7an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duena.

–347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.

–110/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baitira aplikatu beharreko merezimendu baremoak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan, salbu osasun arloko A mailako langileei (A.1 eta A.2 estamentuak).

–103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

–Gainerako arau osagarriak.

1.2. Deialdiaren ondoriozko egintzak bitarteko hauek erabiliz argitaratuko dira:

–Nafarroako Aldizkari Ofiziala. Argitalpen hau ofiziala izanen da.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko (aurrerantzean, O-NOZ) organo zentralen iragarki-taulan (Tutera kalea 20, 31003 Iruña). Argitalpen hau ofiziala izanen da.

–O-NOZeko enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu/), esteka honetan: “Lekualdatzeak”, “Osasun arloko kategoriak”, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua”, honako hau hautatuz: “APTE. (2019ko LPE)”. Argitalpen hau informatiboa izanen da.

1.3. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten (APTE) 7 lanpostu huts betetzea merezimendu-lehiaketaren bidezko lekualdatzeaz. Hona hemen lanpostu horien zenbakiak: 61532, 70115, 70124, 70869, 70915, 70917 eta 71050.

1.4. Merezimendu-lehiaketa bidezko deialdi honetan sartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen barreneko lekualdatze-lehiaketa eta Estatuko lekualdatze-lehiaketa.

Estatuko lekualdatze-lehiaketan, Nafarroako Foru Komunitateko eremuan egiten den merezimendu-lehiaketaren ondorioz sortu eta LPEan sartutako lanpostu hutsetatik %10 eskainiko dira, zenbaki osotara ekarrita. Bestalde, Foru Administrazioan egindako merezimendu-lehiaketaren ondorioz sortutakoen kopurua hamar baino txikiagoa bada, kontuan hartuko da lanpostu hutsen kopuru hori hurrengo deialdien ondorioetarako, eta dagokion proportzioan eskainiko dira Estatuko lekualdatze-lehiaketan, bakar-bakarrik, metatutako lanpostu hutsak 10 baino gehiago badira.

Azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 21.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 6 lanpostutarako deia egin da lan publikoaren eskaintzan, eta aurretik 8 lanpostu huts zeuden metatuak. Hortaz, lekualdatze-lehiaketa honetan lanpostu bat eskaintzen da Estatuaren esparrurako, eta hurrengo deialdietarako 4 lanpostu metatuko dira.

1.5. Deialdi honen xede diren lanpostu hutsen kopurua aurrerago handitzen ahalko da; izan ere, kalifikazio epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda –lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean hutsik daudenak gehitzen ahalko dira.

1.6. Lehiaketa honen barrenean lanpostu huts hauek sartzen dira: hasieratik deialdian iragartzen diren lanpostu hutsak eta lekualdatze-lehiaketa honetan beste lanpostu bat eskuratzen dutenek hutsik uzten dituztenak, betiere O-NOZen plantillakoak badira.

Dena den, izangaiek lekualdatze-lehiaketan beste lanpostu bat lortu ondoren uzten dituzten lanpostu hutsak bete beharrekoak ez badira, dela “iraungitzeko” lanpostuak direlako, dela titularrek nahiz ordezkoek benetan betetzen ez dituztelako, ez dira eskainiko.

1.7. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa. Aurreikuspen hori ez zaie aplikatuko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lanaldi partzialean diharduten langile finkoei. Izan ere, langile horiek, lanaldi osoko lanpostu bat hartzearekin batera, funtzionario izaera eskuratuko dute. Funtzionarioen araubideko edo estatutupeko langileek, merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez, aukera izanen dute lanaldi partzialeko lan araubideko lanpostu bat eskuratzeko. Kasu horretan, borondatezko eszedentziara igaroko dira funtzionario edo estatutupeko langile gisa.

Lekualdatze-lehiaketaren bidez Osasun Sistema Nazionaletik O-NOZera pasatzen diren langileek aukera izanen dute Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionario bihurtu eta bertako Langileen Estatutuan sartzeko, eta bi hilabeteko epea izanen dute aukera horretaz baliatzeko, lanpostuaz jabetu eta biharamunetik hasita, abenduaren 29ko 717/2003 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

1.8. Deialdi honetan lanpostua eskuratzen duten funtzionarioek, estatutupeko langileek edo lan kontratudun finkoek unean uneko xedapenen arabera dagozkien ordainsariak jasoko dituzte.

1.9. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

1.10. Lehiatuz gero euskaraz jakitea nahitaezko baldintza duen lanpostu elebidun bat lortzeko, eskatutako euskara maila frogatu beharko da, eta, horretarako, aurkeztu beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera behar den mailari dagokion titulua edo ziurtagiria, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).

1.11. Behar diren hautaprobak gainditu eta Nafarroako Administrazio Publikoetatik edozeinetan euskara edo Europar Batasuneko hizkuntzaren bat jakin beharra duten lanpostuetan sartu direnek 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten norberaren administrazio publikoko lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

2.–Betebeharrak.

2.1. Merezimendu-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.1.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langile izatea, zein diren ere haren araubide juridikoa eta egoera administratiboa:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langile funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finkoa izatea, C maila edo taldekoa.

b) “Osasun arloko teknikariak” estamentuko eta “Anatomia Patologikoa eta Zitologia” espezialitateko lanpostu batean aritzeko izendatuak izatea (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berariazkoa arautzen duenak, eranskinean agertzen duen estamentu eta espezialitateetako izendapenen sailkapen indarduna).

c) Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Baldintza hori frogatzeko, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatibo bat aurkeztu beharko da, edo O-NOZi baimena eman ziurtagiri hori Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari eska diezaion.

2.1.2. Osasun Sistema Nazionaleko langileak:

a) Osasun Sistema Nazionaleko plantillako langile finkoa izatea, eta hartan jardunean aritzea edo lanpostua erreserbatua izatea.

b) Lehiaketan parte hartzen duen unean daukan lanpostuan urtebeteko zerbitzualdia egina izatea lanpostuaren jabe izanda, deialdi honetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileentzat 2.1.1.b) eta c) ataletan aipatzen diren baldintzak betetzea.

2.2. Parte hartzen duten pertsona guztiek, jardunean ez beste egoera batean badaude, frogatu beharko dute deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean jardunean hasteko legezko eta erregelamenduzko baldintzak betetzen dituztela.

2.3. Azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera euskarazko jakite maila zehatz bat frogatzeko betebeharra duten eta arau bidez ezarrita dauden lanpostu elebidunak eskuratu nahi izanez gero, jakite maila hori 1.10 oinarrian adierazitakoaren arabera egiaztatuko da.

2.4. Eskabidea aurkezten den unean bete beharko dira baldintzak, eta horien jabe izan prozedura osoan, lortutako lanpostua esleitzen den arte.

2.5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileak, lanpostu-erreserbarik gabeko eszedentzia egoeran badaude, jardunera itzultzen ahalko dira lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartuz.

2.6. Beren estamentu eta espezialitateko lanpostu huts bati atxikita behin-behinekoz itzuli direnek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze-lehiaketa honetara, behin betiko destinoa esleitzearen ondorioetarako, eta ezin izanen diote destino horri uko egin.

3.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

3.1. Izena ematea eta merezimenduak aurkeztea.

Lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek izena emateko eskabidea telematika bidez aurkeztu beharko dute, honako webgune honen bidez: www.empleosalud.navarra.es/eu, esteka honetan: “Lekualdatzeak”, “Osasun kategoriak”, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua”, honakoa hautatuz: “APTE” (2019ko LPE), eta gero “Inskripzioa” sakatuz.

Merezimenduak ere telematika bidez aurkeztu beharko dira, goian adierazitako web-orriaren bidez eta deialdiaren baremoan zehaztutako atalei jarraikiz. Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Izangaiek ez dituzte honako merezimendu hauek justifikatu beharko, epaimahaiaren esku jarriko baitira zuzenean, balorazioa egin dezan:

–Nafarroako Gobernu osoan egindako zerbitzuak.

–Web-orriaren bidez izangaiei erakusten zaizkienak, aurreko deialdiren batean baloratuak izateagatik O-NOZeko deialdien datu-basean daudelako.

3.2. Baldintzak betetzen direla frogatzea.

3.2.1. Lehenago frogatu ez bada, 2.1.1.c) atalean eskatzen den baldintza frogatzen ahalko da O-NOZi baimena emanez (horretarako, parte hartzeko eskabidean dagoen atala beteko da), edo bide telematikotik dagokion ziurtagiria bidaliz.

3.2.2. Eskatzen den euskara maila, hala dagokionean, egoki den titulu ofizialaren bidez frogatu beharko da.

3.2.3. Estatuko lekualdatzearen bidez parte hartzen duten langileek deialdiaren 2.1.2 oinarrian eskatzen diren betebeharren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera, horretarako ere prozedura telematiko bera erabiliz.

3.3. Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dira, eta lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezteko epearen barruan igorri, telematika bidez.

4.–Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, O-NOZeko Profesionalen zuzendariak onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, ohartaraziz hurrengo bost egun balioduneko epean izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituztela, eta, hala behar izanez gero, akatsak zuzendu. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta horien gainean ebazpena emanda dagoela, O-NOZeko Profesionalen zuzendariak onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kide hauek osatuko dute lehiaketa honetako epaimahaia:

Epaimahaiburua: Felipe Garro Ozcoidi jauna, Nafarroako Ospitaleguneko Zainketetarako eta Diagnostikoan Laguntzeko Arloko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Itziar Bueno Zamarbide andrea, Nafarroako Ospitaleguneko Zainketetako eta Laguntza Terapeutikoko Arloko burua.

Epaimahaikidea: M.ª Teresa Bedia Gutiérrez andrea, O-NOZeko langileen ordezkariek izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Elvira Carro Roldán andrea, O-NOZeko langileen ordezkariek izendatua.

Epaimahaikide idazkaria: María Blasco Bernáldez andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzako APTa.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: M.ª José Díaz Zalduendo andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Lanpostuetarako Kontratazioa, Sarrera eta Betetzea Kudeatzeko Zerbitzuko burua.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

5.4. Onartuen behin betiko zerrendan izangai bakarra badago, deialdia egin duen organoak deialdi honen 8. oinarria aplikatuko du zuzenean. Beraz, ez da beharrezkoa izanen epaimahaia eratzea, ezta jardutea ere.

6.–Merezimenduen kalifikazioa.

6.1. Epaimahaiak deialdi honen I. eranskineko baremoaren arabera baloratuko ditu izangaiek aurkeztutako merezimenduak. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arteko merezimenduak baloratuko dira, eta ez geroago lortutakoak.

6.2. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostuak “Osasun teknikariak” estamentuan eta “Anatomia Patologikoa eta Zitologia” espezialitatean sailkaturik daudela, estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenaren arabera (O-NOZi atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskina). Balorazioa egitean, izangaiaren lanpostuaren izena ez badator bat aipatutako eranskinean agertzen den izendapenarekin, tratamendu bera emanen zaio, baldin eta, deialdian iragarritako lanpostuekin alderatuta, titulazio bera eskatu bazen, sartzeko probak berdinak izan baziren, eta eginkizunak, antzekoak.

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:

–Lantokia.

–Estamentua eta/edo espezialitatea.

–Zerbitzu-ematearen iraupena, egunetik egunera, zehaztuta zenbat egun diren guztira.

6.3. Epaimahaiak ez du behin ere onartuko alegatu ez den merezimendurik, edo agiri bidez frogatu ez denik.

7.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Epaimahaiak lehiatzaile guztien merezimenduen kalifikazioa eginen du. Ondoren, lehiatzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko du O-NOZen iragarki-taulan (Tutera kalea 20, Iruña) eta deialdiaren web-orrian, bakoitzak guztira lortutako puntuazioa adierazita. Bi zerrenda argitaratuko dira, merezimendu-lehiaketa honetan parte hartzen duen esparru bakoitzerako bat (barnekoa eta Estatukoa).

Puntuazioetan berdinduz gero, O-NOZen lanean langile finko gisa denbora gehien daramala frogatzen duen izangaiak izanen du lehentasuna, eta, berdinketak jarraitzen badu, izangai zaharrenak.

Izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute, zerrenda horiek argitaratzen direnetik, bidezko alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek telematika bidez eginen dira, deialdiaren web-orriaren bitartez.

Interesdunek aurkezten dituzten alegazioak ebatzi ondoren, kalifikazio epaimahaiak merezimenduen behin betiko balorazioa argitaratuko du, oinarri honetan adierazitako moduan eta aipatutako hedabideen bitartez.

8.–Lanpostu hutsak aukeratzea.

8.1. Merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzea honako kasu hauetan erabiltzen ahalko da langileak beren borondatez mugitzeko prozedura gisa:

a) Langileen atxikipen zentro batetik bestera igarotzeko, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

b) Lanaldi arrunt edo osoa duen lanpostu batetik lanaldi partziala duen lanpostu batera joateko eta alderantziz.

8.2. Hona hemen jarraitu beharreko prozedura:

a) Lanpostuak aukeratu aurretik, aukeratzen ahal diren zentroen zerrenda (edo, hala badagokio, lanpostuena) jarriko da parte-hartzaileen eskura, hasieran iragarritakoak eta lekualdatzearen ondoriozkoak sartuta. Informazio hori O-NOZeko organo zentralen iragarki-taulan eta deialdiaren web-orrian argitaratuko da.

b) Parte-hartzaileek telematika bidez eginen dituzte eskaerak 10 egun balioduneko epean, baremoaren behin betiko emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako, deialdiaren web-orrian adierazitako estekara jo beharko dute, eta lehentasun ordenaren arabera aipatuko dituzte zer lanpostu edo/zentro nahi duten, bai hasierakoak bai ondorioz sortutakoak.

c) Destino berria lortu nahi duten guztiek eginen dute eskaera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen barreneko lekualdatze-lehiaketako lanpostuak izan, edo Estatuko lekualdatzelehiaketakoak.

d) Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du lanpostuak hautatu eta esleitzeko egintza. Hautatzeko orduan, kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eremuko izangaiek lehentasuna dutela Estatuko lekualdatze prozesuko izangaien aldean.

e) Emaitzari buruzko informazioa O-NOZeko organo zentralen iragarki-taulan eta deialdiaren web-orrian argitaratuko da. Lanpostu huts bat hautatzeak berekin dakar izangaiak esleitzen zaion lanpostua berariaz onartzea, eta ezin izanen dio uko egin.

8.3. Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako epean lanpostua aukeratzen ez duten izangaiek lehiaketaren xede diren lanpostuetan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

8.4. Lanpostu hutsak hautatzeko ezarritako epean, Espainiako lekualdatze prozesuko izangaiek beren administrazio egoera azaltzeko ziurtagiria aurkeztu beharko dute O-NOZeko Sarrerarako, Lanpostuak Betetzeko eta Barne Igoerarako Atalean, kasuan kasuko jatorrizko administrazioak luzatua.

9.–Lanpostuak esleitzea eta betetzea.

9.1. Organo eskudunak, ebazpenaren bitartez, lehiaketan eskuratutako lanpostuak esleituko dizkie lehiatzaileei, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Unitate organiko batean aldi baterako beteta dauden ezaugarri bereko lanpostu hutsen kopurua handiagoa bada unitate horretan lanpostua eskatu duten izangaiena baino, deialdiaren xedeko lanpostu batean denbora gehien kontrataturik daraman langilearen lanpostua esleituko da, zein den ere plantillan lanpostu horri dagokion zenbakia eta, kasua bada, lehiatzaileak egindako hautaketa.

9.2. Izangaiek hamar egun naturaleko epea izanen dute lortutako lanpostuaren jabetza hartzeko, lanpostua esleitzeko ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Hala ere, izendatutako izangai asko izateagatik eta administrazio eraginkortasunerako beste arrazoi batzuengatik egokia denean, deialdia egin duen organoak lanpostuaren jabetza hartzeko egun jakin bat finkatzen ahalko du.

9.3. Esleipenaren gainean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada, eta horren ondorioz deialdia edo merezimendu-lehiaketaren garapena edo ebazpena inpugnatzen bada, jabetza-hartzea ez da irmo bilakatuko, eta errekurtso horiek administrazio bidean edo administrazioarekiko auzien jurisdikzioan izaten duten ebazpenaren baldintzapean geldituko dira.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren eta bere oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1. c) eta 126.3 artikuluekin bat eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 29ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak erabiliz.

Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra (zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, O-NOZeko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.

I. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1. atala.–Egindako zerbitzuak.

Honako hauek baloratuko dira:

1.1. Lehiaketaren xedeko estamentu eta espezialitatean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 2 puntu.

1.2. Edozein administrazio publikotan, beste estamentu eta/edo espezialitate batean egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 0,5 puntu.

Egindako zerbitzu gisa hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.

Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraikiko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.

Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.

Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Kasu bakoitzean, haietarik handiena emanen da.

Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin direneko lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.

Zerbitzu berezietako egoeran egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.

Atal honetan, guztira, 60 puntu emanen dira gehienez.

2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak.

Atal honetako merezimenduak baloratuko dira baldin aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.

2.1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea. 0,25 puntu, kreditu bakoitzeko.

Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko.

Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.

Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.

Zatikiak hainbanatuko dira.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.

Atal honetan, erakunde antolatzailearen gaineko betebeharrak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek “Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen” barrenean antolatuak.

Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.

Gehienez ere 10 puntu emanen dira.

2.2. Irakasle lana:

a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 10 irakastorduko, 0,4 puntu.

Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

Baremoko b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo aditu tituluetako tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,5 puntu.

Ziurtagiriaren arabera ikasturte osoa frogatua ez badago, egindako denborari dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.3. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik: hizkuntza bakoitzeko, 5 puntu gehienez.

Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotzen dira, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Honako atal honengatik gehienez ere 30 puntu emanen dira.

3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa.

Euskaraz jakitearen balorazioa azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz eginen da, horren bidez arautu baitzen euskararen erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

Iragarkiaren kodea: F2105503