93. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEKUNBERRI

Ordenantza fiskala, Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinak jartzeko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Lekunberriko Udalak, 2021eko urtarrilaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinak jartzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean.

Hasierako onespena 2020ko 35. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 15ean, eta jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, inork erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da ordenantza.

Behin betiko onetsirik, bidezkoa da haren testu osoa Nafarroako Aldizkari ofizialean argitaratzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz.

Lekunberrin, 2021eko martxoaren 29an.–Alkatea, Gorka Azpiroz Razquin.

I. ERANSKINA

ORDENANTZA FISKALA, TASAK ARAUTZEN DITUENA HERRIKO JABARI PUBLIKOKO LURZORUAREN, LURGAINAREN ETA LURPEAREN APROBETXAMENDU BEREZIETARAKO, LEKUNBERRIN IBILGAILU ELEKTRIKOAK KARGATZEKO ZUTOINAK JARTZEKO

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea, lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atala), eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraikiz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitateak dira toki entitateko jabari publikoko lurzoruaren, lurgainaren eta lurpearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola honako hauek:

1. Erabilera publikoko lurpea okupatzea.

2. Erabilera publikoko lurrak okupatzea salgai, eraikuntzako material, hondakin, material pilaketa (legarrak, porlanak. egurra eta abar), hesi, puntel, aldamio, obrako etxola, edukiontzi edo gisako instalazioen bidez.

3. Honako hauek instalatzea: pisuetako burdinsareak, lukanak, arnasbideak, ateak, karga-ahoak edo gisako elementuak instalatzea, herriko edozein eremu publikotako lurzorua edo lurpea okupatzen dutenak, soto edo sotoarteei argia, aireztapena, pertsonen sarbidea edo ibilgailuen sarrera eman ahal izateko; halaber, argi-sare publikotik egindako hargunea.

4. Toki entitateko eremu publiko edo jabari publikoko bestelako lurretan edo haien lurgainean kokatuta dauden hariak, hodiak eta galeriak, –argindarra, ura, gasa edo beste edozein isurkari eramateko–; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burni-barrak, baskulak, aldamioak eta gisakoak; eta salmenta automatikorako tresnak eta gisakoak.

5. Erregaiaren biltontziak eta hornigailuak eta, oro har, erabilera publikoko lurretan kokatutako artikulu edo salgaiak.

6. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinak edo ibilgailu elektrikoen kargarako hornigailuak, hala nola auto, patintxo nahiz bizikleta elektrikoak eta antzekoak.

7. Banku entitateen kutxazain automatikoak eta bideo denden eta gainerakoen saltzeko makinak, erosleak karrikatik erabiltzen dituenak.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Ordaindu beharra erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hastean sortzen da, eta aurretik behar den baimena eskatu behar da.

Udalaren nahitaezko lizentziarik aurretik izan gabe ere erabilera edo aprobetxamendua hasten bada, zerga jasan beharra eta ordenantza fiskal honetan ezarritako tasa ordaindu beharra sortuko dira. Pagatzeak, baina, ez ditu izandako erabilera edo aprobetxamenduak legeztatuko eta kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke eta, kasua bada, zigorrak ezarrita.

Ordenantza honen xedeko erabilerak edo aprobetxamenduak tasaren aldizkako sortzapena agintzen duenean, hura urtarrilaren 1ean sortuko da, urtero, eta zergaldia urte naturala izanen da, edo dagokion sasoiko epea, salbu eta erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta, berdin, kuota hainbanatuko.

Elkarteen Erregistroan inskribaturiko erakundeak, erakunde sozialak eta hezkuntzakoak, irabazi asmorik ez badute, salbuetsita daude tasak ordaintzetik haien jardueran okupatzen duten lurzoruaren truke.

Ordaintzera behartuak

4. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten entitateak, baldin eta, toki entitateko jabari publikoko lurzoru, lurgain edo lurpearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiten badute, edo hari onura ateratzen badiote.

Eremu publikoan paratzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titularrez edo aprobetxamenduaz baliatzen direnez gain, zaborrontzien jabeek eta etxegileek ere ordaindu beharko dute.

5. artikulua. Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek lurzoruan, lurgainean eta lurpean egindako erabileraren edo aprobetxamenduaren tasak dagokien ordenantza fiskalaren edo aplikagarri diren udal erabakien menpe egonen dira.

Oinarriak, tasak eta tarifak

6. artikulua. Tarifak aplikatzeko oinarria zehaztuko da aprobetxamenduaren iraupenaren eta okupatutako eremu publikoaren azaleraren arabera.

7. artikulua. Tarifak ordenantza honen eranskinean zehazten dira.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean tokiko jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, dagokion tasaz gain, onuraduna aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailatuta uztera ere.

Gordailu hori finkatuko da ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera, hura zenbakietara ekartzeko Udalaren txosten teknikoa aurretik eginda.

Gordailua lot daiteke indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin. Fidantza berreskuratu ahal izateko aldeko txostena beharko da, indarra duen araudia eta lizentzia lortzeko baldintzak hertsiki bete direla eta zoladura behar bezala konpondu dela egiaztatuko duena.

9. artikulua. Erabilera dela-eta sortutako kalteak konponezinak badira, onuradunak, desegindako gaiek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan Udalari. Bereziki, konponezintzat hartuko dira kalteak interes artistiko edo historikoa duten monumentuetan egin badira edo hogei urte baino gehiagoko zuhaitzak hondatzen badira.

Fidantzek kalte-ordain horiek estaliko dituzte lehenik eta behin.

10. artikulua.

1. Ordenantza honetan araututako tasei lotutako aprobetxamenduek behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira. Tasa urtean behin ordaindu beharko da, Ordenantza Fiskal Orokorrean ezarritako epeetan eta baldintzetan.

2. Dagokion bulegoak bideratuko du likidazioa, eta lizentzia edo baimenaren jakinarazpena egin aurretik gordailutu beharko da tasa, erabileraren edo aprobetxamenduaren aldia guztiz zehaztuta dagoen kasuetan.

Erabilera edo aprobetxamendua sasoi osorako ematen bada, tasa ordain daiteke mugaeguneratutako hiruhilekoka.

Lizentzia eskuratu ondotik eskatzaileak uko egiten badio, horrek ordaindu beharko du zenbat denboratarako eskatu duen huraxe.

Aldamioekin, plataformekin, edukiontziekin eta abar egindako okupazioen kasuan, tasa behin-behinekoz likidatuko da okupazio aldiaren aurreikuspenaren arabera, eta behin betikoz, hura amaitzen denean. Okupazioari uko egin edo hura etetearen ondoriozko aldaketak kontuan hartuko dira soilik ezarritako epearen barnean egiten badira, eta ez dute atzeraeragineko ondoriorik izanen. Beraz, ez dira kontuan hartuko horiei buruz epez kanpo egiten diren komunikazioak.

ERANSKINA

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinak jartzeko tasak

I. epigrafea. Lurzoruaren erabilera edo aprobetxamendu bereziak ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinak jartzeko.

Tasa kalkulatuko da honako kontzeptu hauek batuz:

–Baimen bakoitzeko edo aprobetxamendu baimengarri bakoitzeko: 50,87 euro.

–Herriko jabari publikoaren benetako erabileragatik: 0,09 euro metro koadroko eta eguneko.

II. epigrafea. Lurzoruaren erabilera edo aprobetxamendu bereziak aldamioak ezarri, materialak edo egurra pilatu eta gisako instalazioetarako.

–Baimen bakoitzeko, urtean: 100,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L2105244