93. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEKUNBERRI

Orubeen garbiketa eta mantentze lanetarako ordenantza.
Behin betiko onespena

Lekunberriko Udalak, 2021eko urtarrilaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Orubeen garbiketa eta mantentze lanetarako ordenantza.

Hasierako onespen hori 2021eko 35. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 15ean, eta jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, inork erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da ordenantza.

Behin betiko onetsirik, bidezkoa da haren testu osoa Nafarroako Aldizkari ofizialean argitaratzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz.

Lekunberrin, 2021eko martxoaren 29an.–Alkatea, Gorka Azpiroz Razquin.

I. ERANSKINA

LEKUNBERRIKO HIRI-LURZORUAN ETA LURZORU URBANIZAGARRIAN DAUDEN ORUBEEN GARBIKETA ETA MANTENTZE LANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Herritar guztiek dakite Lekunberriko udal mugarteko jabetza pribatuko hainbat orube ez daudela batere garbi. Egoera hori, gainera, herritarrek beraiek salatu dute, eta Udalean hainbat eskaera aurkeztu dituzte, Udalak jardun dezan eskatzeko.

Azaldu diren egoera horiek ikusirik, esku hartzea beharrezkoa da, udal mugarte guztian aplikatuko den tresna juridiko arin eta eraginkor bat sortzeko, udalerriko orubeen apaindura eta garbitasun maila handi dadin.

Ordenantza honek jaso eta garatzen du era guztietako lur eta eraikuntzen jabeen betebeharra dela horiek egoera onean edukitzea segurtasunaren, osasungarritasunaren, apaindura publikoaren eta bizigarritasunaren aldetik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 85.1 b) artikuluan ezarritako moduan, horixe baita lege oinarria.

Lurrak garbitu eta hesitzeko betebehar material eta formalak arautzen dira, beharra dagoenean. Horrez gain, betearazpen subsidiarioa arautzen da, jabe batzuek ezer egiten ez badute Udalak emanen duen erantzun gisa. Gainera, Udalak egin beharreko lanak erraztu nahi dira, aldez aurretik aurrekontuetan diru kopuru bat jarrita, horrek sortu dituen gastuak itzultzeko bermearekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 102.3 eta 4 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Ordenantza ez-fiskal honen bitartez eta Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearekin, Kode Zibilarekin eta aplikatu beharreko beste edozein araudirekin bat etorriz, Lekunberriko Udalak lurzatien mantentzearekin lotura duten jarduerak eta jokabideak erregulatuko ditu, orubeak behar bezain garbi egon daitezen lortzeko.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Kontserbazio eta mantentze lanen oinarrizko betebeharra.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 85.1 b) artikuluan xedatutakoarekin bat, udal mugartean dauden lurren eta eraikuntzen jabeak behartuta daude horiek egoera onean edukitzera segurtasunaren, osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren aldetik.

Ordenantza honek osasunari eta segurtasunari lotutako alderdiak jorratzen ditu, baita soil-soilik teknikoak diren beste alderdi batzuk ere. Ondorioz, hiri poliziaren ordenantza bat da, ez dago planeamendu zehatz baten jarraibideei loturik, eta bere berezko indarra izan dezake planetatik kanpo.

2. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honi dagokionez, honako esanahi hau izanen dute ondokoek:

–Orubea: orubetzat hartuko dira eraikitzeko egokiak diren hiri lurzoruko lurrak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 91. artikuluan zehazten diren baldintzak betetzen badituzte.

–Hiri-lurzorua (hiri lurzoru finkatuaren eta hiri lurzoru finkatugabearen kategoriak sartzen dira): Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 90. artikuluan zehazten diren baldintzak betetzen dituena.

–Lurzoru urbanizaezina: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 92. artikuluan zehazten diren baldintzak betetzen dituen lurzorua.

-Lurzoru urbanizagarria: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 93. artikuluan zehazten diren baldintzak betetzen dituen lurzorua.

3. artikulua. Behartuta dauden subjektuak.

Ordenantza honetan zehazten diren garbiketa eta hesitze betebeharrak lurren eta orubeen jabeei dagozkie.

Oraindik zatitu eta esleitu gabeko jaraunspenak dituzten orube eta lurren kasuan, aski izanen da jaraunsle ezagunetako bati jakinaraztea, jaraunspen-erkidegoaren ordezkaritzat hartuko baita ondorio horietarako.

4. artikulua. Udalaren ikuskapena.

Alkateak edo bere ordezkoak udal mugarteko orubeak eta lurrak ikuskatuko ditu, ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen diren ikusteko.

II. KAPITULUA

Orubeak eta lurrak garbitzea

5. artikulua. Garbitzeko betebeharra.

Orubeetan eta lurretan zaborrak edo hondakinak botatzen dituen pertsonaren erantzukizunaren kalterik gabe, orube eta lurren jabeak horiek garbi edukitzeko betebeharra du.

Orubeak garbi egonen dira beti, batere hondakinik edo berezko landarerik gabe, inolako hondakin organiko edo mineralik gabe, ez ditzaten elikatu edo babestu eritasunak dituzten edo kutsa ditzaketen landareak edo animaliak, eta ez dadin usain txarrik sortu.

6. artikulua. Belar sastrakak garbitzea.

1. Jabeek lurrak eta orubeak belar sastrakarik gabe mantendu beharko dituzte. Horretarako, landare geruza, material sukoiak edo suteak eragin ditzaketen materialak kendu beharko dituzte. Gainera, jabeen ardura da material horiek biltzea eta ezabatzea, baita beren lur eta orubeetan uzten den beste edozein material ere.

2. Betebehar hori urte osoan zehar betearazten ahalko da hiri lurzoruetan. Hala ere, lurzoru urbanizagarri nahiz urbanizaezinean, ekainaren 1etik urriaren 31ra arte soilik betearazten ahalko da.

3. Udalak aitzineko apartatuan zehazten den betebeharra betetzen den egiaztatzen ahalko du. Hori betetzen ez bada, betearazpen subsidiarioko prozedurari jarraituko zaio belar sastrakak garbitzeko, ordenantza honetan ezartzen denarekin bat etorriz.

7. artikulua. Hondakinak botatzeko debekua.

Debeku da lurretan eta orubeetan zaborra, obra-hondakinak, altzariak, hondakin-materialak eta, oro har, edozein motatako hondakinak botatzea.

III. KAPITULUA

Prozedura

8. artikulua. Arauak aplikatzea.

Ordenantza honetan zehazten diren arauak orubeak eta ordenantzan erregulatzen diren gainerako lurrak garbitzean aplikatuko dira.

9. artikulua. Espedientea irekitzea.

Lurrak eta orubeak osorik edo zati batean garbitzeko espedienteak ofizioz edo edozein interesdunek eskaturik abia daitezke.

10. artikulua. Norbanakoari dagokion errekerimendua.

Alkate udalburuaren dekretu bidez espedientea abiarazten delarik, jabeek beharrezko lanak edo obrak egin behar dituzte ordenantza honetan ezartzen dena betetzeko.

Ebazpenak berak adieraziko du zein diren lanak betetzeko baldintzak eta epeak, agindu den jarduketaren funtsaren arabera.

11. artikulua. Nahitaezko betearazpena.

Alkateak formulatutako errekerimenduan ezartzen dena betetzen ez bada, Udalak nahitaezko betearazpena abiatzen ahalko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 99. artikuluaren eta ondorengoen arabera.

Ondorioz, Udal Zerbitzu Teknikoek, dagokion txostenaren bidez, nahitaezko betearazpenaren eraginpeko lur eta orubeetan zer lan edo obra egin behar diren zehaztuko dute, 6. artikuluan ezartzen diren kasuetarako izan ezik, horietarako ez baita txosten teknikorik egin beharko.

Nahitaezko betearazpenaren prozedura abiarazten delarik, interesdunari jakinarazi eta entzunaldia emanen zaio hamar egunez, bai ahalmen hori erabiltzeko asmoari bai kasuan kasuko aurrekontuari dagokienez, epe horretan alegazioak egiteko aukera egon dadin.

12. artikulua. Nahitaezko betearazpenaren ebazpena.

Entzunaldi-epea amaituta, alkatearen dekretu bidez ebatziko dira alegazioak eta, kasua delarik, lanen betearazpen subsidiarioa aginduko da.

Lan horiek Udalak berak eginen ditu edo, bestela, pertsona edo enpresa bat hautatuko du horretarako, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearekin bat etorriz. Esleipen hori udal aurrekontuaren kargura eginen da, hots, dagokion aurrekontu aplikazioaren kargura.

13. artikulua. Gastuak kobratzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 102. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, betearazpen subsidiarioaren ondoriozko gastuak eta kalteak subjektu behartuaren kargura izanen dira, eta administrazio premiamenduaren bidez eskatzen ahalko dira.

Behin betiko likidazioa egiten ez den bitartean, behin-behinean likidatzen ahalko da delako zenbatekoa, eta lanak hasi aitzin egin.

ERANSKINA

Orubeak garbitu eta mantentzeko tasak

–Tasa, belarra mozteagatik: 200 euro.

–Garbiketako tasa: 1,00 euro/m².

–Ordezko betearazpena: %150eko igoera.

Iragarkiaren kodea: L2105243