93. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

61E/2021 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Murchanteko udal mugarteko pistatxo saila (43,50 Ha) eta ureztatze sistema modernizatzeko proiektuari. Enrique Busto Fernández da sustatzailea.

2020ko urriaren 13an, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko k) epigrafean dago sartuta: “Nekazaritzarako ur baliabideak kudeatzeko proiektuak eta ureztalurrak ezarri, finkatu eta hobetzeko proiektuak, 3.B eranskinean azaltzen ez direnak, edo 3.A eranskinean agertzen direnak, baldin eta, ezarritako hautapen irizpideak aplikatuz, ez bazaie aplikatzen ingurumen eraginaren adierazpenaren tramitea” (93/2006 Foru Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen).

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Ildo horretatik, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 2020ko urriaren 28an eginiko txostenean adierazi zuen proposatutako jarduerak baimendutako jardueratzat jotzen direla direla Lurraldearen Antolamenduaren Foru Legearen testu bateginaren 110 e) artikuluarekin bat; hortaz, ez dago lurzoru urbanizaezineko jarduera baimendu beharrik.

Proiektatutako jardueraren xedeak dira ureztatze sistema modernizatzea (lehen mailako hodi bat instalatzea ur hargunetik ureztatze sektore eta bigarren eta hirugarren mailako hodi bakoitzera) eta pistatxondoak landatzea 37 lursailetan; gaur egun, lursail horiek ureztalurrak dira, eta neguko zereala, alpapa eta besorako mahatsondoak lantzen dira horietan. Lursail horiek Murchanteko 1. eta 2. Poligonoetan daude, hirigunearen ipar-mendebaldean (IM). 2. poligonoko 1.060. lursailean dagoen urmael batetik hornituko dira urez, ureztatze lokalizatu bidez (tantakako ureztapena); hargune eta ponpaketa obra bat beharko da. Aurrekari gisa, 2019ko azaroan, sustatzaileak proiektu bat aurkeztu zuen, eta, orduz gero egindako aldaketekin, orain berriz izapidetu da.

Proiektuaren ingurumen inpaktu nagusia da 10.086 m² zuhaixka larre kenduko dela (Salsola vermiculata nagusiki) 2. poligonoko 197. lursailean, eta 6.414 m² bazter, belarra, Salsola vermiculata eta zenbait arbendolondo eta arrosa-landare dituztenak. Ingurumen ukipenetarako azterlanean behar bezala identifikatu eta deskribatu da ezponda horietako eta 197. lursaileko landaredia, eta konpentsatzeko neurriak ere jaso dira.

Espedientean jasota dago Murchanteko Udalaren aldeko txostena, Udal Planarekin bateragarria dela dioena. Txosten horretan, adierazi dute lursailak “Ziertzoko eta Argenzoneko Mendiak” izeneko herri lurretan daudela, eta, beraz, Herri-lurren Atalaren (Nafarroako Gobernua) txostena behar dela.

Herri-lurren Atalak 2021eko urtarrilaren 21ean eman zuen bere txostena; adierazi zuen, proiektuak ukitzen dituen herri lurrak okupatzeko, Foru Komunitateko Administrazioaren onespena behar dela, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoaren, 172. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 215. artikuluan xedatutakoarekin bat. Gainera, proiektuan adierazten den bezala, pistatxondoak landatzeko, etengabeko hazkuntza denez, Udalaren baimena eskuratu beharko da, eta Udalaren Erabaki bidez eman beharko da hori, gehiengo absolutuz. Erabaki horretarako, berariaz jaso beharko diren gutxieneko baldintzak adierazten dira (ebazpen honen baldintzen atalean jaso dira).

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman zuen 2021eko urtarrilaren 22an, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Murchanteko udal mugarteko pistatxo saila (43,50 Ha) eta ureztatze sistema modernizatzeko proiektuari. Enrique Busto Fernández da sustatzailea.

2. Baimen honek hurrengo baldintzak aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Jarduerak biodibertsitate galera dakarrenez, faunarentzako korridore gisa jarduten duten ezpondak eta paisaiako beste elementu lineal batzuk kenduko baitira, honako ingurumen konpentsazio hauek egin beharko dira:
  • Heskai mistoak landatzea, ingurumen azterketan jasotako zuhaixka espezie autoktonoekin, 2,5 m-ko zabalerako zerrendetan: 202. lursailaren iparraldeko mugan (116 m-ko luzera), eta 197. lursailaren (larrea da gaur egun) iparraldean eta ekialdean (220 m-ko luzera), biak ere Murchanteko 2. poligonoan.
  • 2,5 m-ko zabalerako belar zerrendak, 6.414 m²-ra iritsi arte. Sare bat osatuz jarri beharko dira lursailetan (kenduko diren ezpondak eta mugak lehen zeuden lekuetan, edo beste leku batzuetan). Zerrenda horietan ezin izanen da herbizidarik bota.
  • Landaketetan mantentze lanak egin beharko dira, ongi sustraitu arte: ureztatzea ur gutxiko garaietan, kimatzea, jorratzea eta ongarritzea.
  • Gainera, ingurumen ukipenetarako azterlanean jasotako konpentsazio neurriak eginen dira; honako hauek zehazki:
  • Zuhaixka eta zuhaitz autoktonoak landatzea Murchanteko 2. poligonoko 187. lursaileko egungo makaldiaren kaleen artean.
  • Landaredi naturalari eustea (Salsola vermiculata) 2. poligonoko 76. lursailean eta 65A lursailaren zati batean (2.935 m² guztira).
  • Zurezko 6 zutoin jartzea (5 metroko altuerakoak), sailean zehar, hegazti harrapariek pausaleku gisa erabil ditzaten.
  • –Ingurumen baimena jaso eta sei hilabeteko epean gehienez, sustatzaileak txosten labur bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Eraginaren Atalari, eta argazkiak eta jarritako belar zerrenden eta landaketen kokapena adieraziko duen plano bat jasoko ditu txostenean.

–Herri lurrekin lotuta:

  • Nafarroako Gobernuaren Herri-lurren Atalaren 2021eko urtarrilaren 21eko txostenean jasotako baldintzak bete beharko dira. Udalaren Erabakian, gehiengo absolutuz hartu beharrekoan, honako gutxieneko baldintza hauek jaso beharko dira berariaz:
  • Murchanteko 1. poligonoko 405, 433, 434, 435, 436, 437, 438, 439, 440, 444, 446, 447, 457, 461, 463, 466, 657 eta 663 lursailak eta 2. poligonoko 23, 24, 53, 54, 55, 56, 57, 58, 63, 187, 197, 202, 203, 206, 207, 227, 228, 1.140, 1.152 eta 2.387 lursailak “Ziertzoko eta Argenzoneko Mendiak” eremuan daudela, eta, beraz, herri lurtzat jotzen direla.
  • Lursail horiek Nafarroako Gobernuak bere garaian eremu horientzat adosten duen ebazpenaren mende egonen direla, 1901ean herri erabiltzailekideen artean egindako zatiketaren arabera.
  • Emandako baimenak ez diela partikularrei ematen gaur egun duten eskubideaz bestelako eskubiderik; hau da, lursaila landatu dezakete, baina ez dute eskubiderik izanen kalte-ordainik edo partaidetzarik jasotzeko herri lurretako lursailetan egindako obrengatik.
  • Partikularrek aurreko baldintza horiek onartu beharko dituztela.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.500 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Murchanteko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 22an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2104761