93. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

60E/2021 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Baztango udal mugartean, Almandozko 84. poligonoko 105. lurzatian pista bat irekitzeko proiekturako. Sustatzailea Francisco Jaunsaras Braña da.

2020ko abenduaren 22an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D) eta P) epigrafeetan jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jardueraren helburua 120 metroko pista bat irekitzea da, ardi aziendaren ustiapenerako bi eraikuntza lotzeko eta lur orotako ibilgailuari sarbidea emateko. Eraikuntza nagusia 217. lurzatian dago eta borda 105. lurzatian, biak ere Baztango 84. poligonoan (Almandoz), Arriurdin inguruan.

Pistaren zoladura zabor-legarrezkoa izanen da, 2 metro inguruko zabalera edukiko du, eta gutxieneko zelaigune bat eginen da bordaren ondoan, ibilgailuarekin ibiltzeko.

Gainera, bordako teilatua berrituko da. Jarduera hori ez da txosten honetan aztertu, ez baitu ingurumen ukipenetarako baimenaren araubidea bete behar.

Jarduera eremura Belateko NA-1210 errepidetik iristen da, bidez 40 metro linealera baitago.

Proiektuaren kokalekua zuhaitzik gabeko bazkalekua da, 423 zenbakiko Sastra eta Karramiztegi onura publikoko mendian. Mendiaren zati txiki bat ukitzen du, eta zati horrek malda apur egiten du errepiderantz, mendebaldean. Ondorioz, ezponda txiki bat egin beharko da, maila berdintzeko. Jarduera eremua ez da ikusten, errepideko ezpondako zuhaiztiaren atzean ezkutatzen baita. Horregatik, ikusizko eragina oso txikia da.

Jarduera eremua ES2200018 Belate KBEaren barruan sartzen da; azaroaren 5eko 105/2014 Foru Dekretuaren bidez izendatu zen eta kudeaketa plana onetsi zitzaion. Proiektua egiteak ez dakar ingurumen eragin nabarmenik KBE horren gainean, eta, beraz, ez dio eragiten Natura 2000 Sarearen osotasunari.

Espedientean Baztango Udalaren 2020ko abenduaren 22ko aldeko txostena jaso da. Ez da Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren txostenik behar. Izan ere, bidea zabaltzeko jarduera baimendutzat hartzen da 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110. artikuluaren arabera eta, beraz, ez du behar lurzoru urbanizaezineko jarduerarako baimenik.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Baztango udal mugartean, Baztango (Almandoz) 84. poligonoko 105. lurzatian pista bat irekitzeko proiekturako. Sustatzailea Francisco Jaunsaras Braña da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Debekaturik dago bideko zoruan eraikuntzako edo eraispenetako obra hondakinak botatzea, hondakin kudeatzaile baimendu batek aurretik balorizatu gabeak badira.

–Lur mugimenduek hertsiki beharrezkoa den azaleran baino ez dute eraginik izanen. Lur soberakin guztiak lurzatian jarriko dira, topografian ahalik eta gehien integratzen ahaleginduz eta malda etenak dituzten eremuak sortzea saihestuz. Gainera, topografia berriak ez du lurzatiko azaleko drainatze sarea aldatuko, mugakide diren lurzatietan ura pilatzeak ekar ditzakeen arazoak saihesteko.

–Egin beharreko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira. Horretarako, obrak hasten direnean, landare lurreko geruza kendu eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte.

–Lurra berdintzeko egindako ezpondetan, halakorik egiten bada, inguruko belar espezieak ereinen dira.

–Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko, eta zabor horiek era egokian kudeatuko dira, beren izaeraren arabera, indarreko araudiari jarraikiz.

–Ukitutako lursailen titularraren baimena eskuratu beharko da.

–Baldin inguruabarren bat dela-eta sustatzaileak abisua eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Atalari, Bidasoko Koordinazio Unitatearekin jarri beharko du harremanetan (telefonoa: 608245812; helbide elektronikoa: gmabidasoa@navarra.es).

3.- Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4.- Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Basoak Kudeatzeko Atalari, Baztango Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Bidasoko Koordinazio Unitateari) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko martxoaren 17an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2104819