93. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

58E/2021 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “Anizen (Baztan), 5. poligonoko 118. lurzatian dagoen abere ustiategitik 5. poligonoko 514. lurzatian dagoen kontsumo puntu berri batera ura eramateko” proiekturako. Sustatzailea: SC Azkarate Tomassone Aitor y Mikel.

2020ko uztailaren 20an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko P) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuaren arabera, ura Baztango Anizeko 5. poligonoko 118. lurzatian dagoen abere ustiategitik 5. poligonoko 514. lurzatian dagoen kontsumo puntu berri bateraino eraman nahi da, polietilenozko hodi baten bidez (DIN20/10atm), 35 zentimetroko zabalera eta 50 zentimetroko sakonera duen zanga batean lurperatuta. Ura eramateko trazadura bide publikotik igarotzen da lehen 261 metroetan eta Baztango Udalaren herri larreetatik 264 metrotan.

Obrak Belate KBEaren barruan eginen dira; hala ere, kanalizazioa bidetik eta larretik pasatzen denez, ingurumen ukipenetarako baimenean ezarritako baldintzak betez, ez da aurreikusten eragin nabarmenik izanen duenik KBEaren arabera kontserbatu behar diren balioen gainean, eta, beraz, proiektuak Natura 2000 Sarearen osotasunari eragiten ez diola ondorioztatzen da.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren Atalak emandako txostena jaso da. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Anizen (Baztan), 5. poligonoko 118. lurzatian dagoen abere ustiategitik 5. poligonoko 514. lurzatian dagoen kontsumo puntu berri batera ura eramateko” proiekturako, Baztango udal mugartean. Sustatzailea: SC Azkarate Tomassone Aitor y Mikel.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumenaren arlokoak:

  • Zanga irekitzean, landare lurra gordeko da geroago zangaren azaleko partea betetzeko.
  • Zangak ireki eta ahal den lasterren bete beharko dira, barnean animaliarik harrapatuta ez dagoela egiaztatu ondoren. Zangak zabalik gelditzen badira egun batetik bestera, arrapalak kokatu beharko dira, hara ezustean eror daitezkeen animaliak atera ahal izateko.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

– Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek Baztango 5. poligonoko 514. lurzatiko ur hornidurarako proposatutako trazadura babesten du, lurzati horretan bazkatzen den ganaduari ura emate aldera. Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera batzuk hornidura sarera konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua gorde beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Instalazioaren aurretik eta obra lizentzia eman baino lehen, Baztango Batzar Nagusiak Nafarroako Gobernuaren baimena lortu beharko du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, herri-lur horiek okupatzeko edota karga eta bide zortasuna eratzeko, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztuz, bat etorriz Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 172. artikuluan ezarritakoarekin.
  • Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.
  • Jarduera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretan, eta bat etorriz LAHFLTBren 119. artikuluarekin, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Bidasoa barrutia), Baztango Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 12an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2104757