93. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

50E/2021 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen diona “Estazio meteorologikoa (105m): EM Jugondo I 01” proiektuari, Artaxoako udal mugartean. Proiektuaren sustatzailea Nordex Desarrollo 1 SL da.

2020ko martxoaren 3an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Proiektua baliabide eolikoak neurtzeko estazio meteorologiko bat ezartzean datza, Artaxoan, 10. poligonoko 790. lurzatian. Estazio meteorologikoaren oinarria tirantez finkatutako dorre bat izanen da, 105 metrokoa, horrela hainbat mailatako datuak eskuratu ahal izateko, ikerlanaren xede den haize sorgailu motak duen abatzaren altuerako mailakoak barne. Estazioa martxan egonen da parke eoliko bat instalatzeko balizko data baino hiru urte lehenagotik, eskuratzen diren datuen arabera, eta parke eolikoa ezartzen bada, haren osagai bihurtuko da bizitza baliagarri osorako.

Instalatu nahi den dorrea Ferroval 450 modelokoa da; hodi sareta dauka, 105 metro garai, eta 3 metroko piezen bidez muntatzen da, lotura hariztatuaren bidez, 50 x 50 cm-ko oin plaka baten gainean. Tiranteak 10 mm-ko diametroa duten altzairuzko zirgak dira, eta hiru norabidetan ezarriko dira, elkarren artean 120 º utzita. Dorrea ainguratuko dute 6, 15, 24, 33, 42, 51, 60, 66, 75, 84, 93 eta 102 metroko altueran, eta zorura, oin plakatik 15, 30, 40, 50 eta 60 metrora. Lurzorura ainguratzeko, 40 mm-ko diametroa eta 120 cm-ko sakonera duten pikak erabiliko dira.

Dorrean sentsoreak paratuko dira. Zehazki, 4 anemometro paratuko dira 40 metroko, 80 metroko eta 100 metroko altueran; 2 haize orratz 38 metroko eta 97 metroko altueran; termohigrometro bat 90 metroko altueran, eta presio sentsore bat 10 metroko altueran.

Dorrearen behealdean jarriko da aire zabaleko armairua, non datuak eskuratzeko sistemak eta datuak igortzeko GSM komunikazio modulua egonen baitira. Elikatze sistema autonomoaren osagaiak 20 W-eko panel fotovoltaiko bat, karga erregulagailua eta 12 Ah-ko bateria izanen dira.

Dorreak dagozkion baliza seinaleak izanen ditu, Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundearen arauekin bat.

Proiektuaren kokalekua nekazaritza lurzati bat da, makineria sartzeko bide egokia duena, eta martxan jartzeko ez da inolako kanalizaziorik aurreikusi.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Espedientean, Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren aurkako txostena dago, 2020ko abenduaren 21ekoa, zeinak, Nekazaritza Azpiegituren Zerbitzuaren 2020ko apirilaren 28ko txostenean oinarrituta, adierazten baitu eskatutako lekuan meteorologia neurtzeko dorre bat jartzeak eragin larria duela egungo ureztapenetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planean.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea “Estazio meteorologikoa (105m): EM Jugondo I 01” proiektuari, Artaxoako udalerrian (sustatzailea: Nordex Desarrollo SL), Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren txostenari jarraikiz.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Artaxoako Udalari, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tafalla-Zangoza barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 8an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2104755