93. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

47E/2021 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “NA-178 errepideko 33+200 kilometro puntuaren eta Arabarko telekomunikazio zentroaren artean Nafarroako Gobernuaren behe tentsioko aire linearen bidez zuntz optikoa jartzeko proiekturako”. Sustatzailea Nasertic da.

2020ko abenduaren 10ean, Biodibertsitatearen Zerbitzuak goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen direnetakoa da (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuaren helburua da 33+200 kilometro puntuan dagoen D kutxatila Gorzan dagoen Arabarko telekomunikazio zentroarekin lotzea zuntz optikoaren bidez.

Horretarako, lurpeko kanalizazio berri bat eraikiko da, eta kablea Gorzako herriguneko fatxadetara iltzatuta eskegiko da, landa lurzorutik jarraitzeko (1.130 metro), Arabarko telekomunikazio zentroraino, zuntz optikoko kablearen bidez, telekomunikazio zentroan bertan dauden behe tentsioko aire lineen euskarriak baliatuta. Azken euskarritik telekomunikazio zentroaren barrualdera lurpeko hodi bat eginen da: zangak 40 zentimetroko zabalera eta 100 zentimetroko sakonera edukiko du. Aireko linean, 8 eta 15 zenbakiko euskarriak berrituko dira.

Espedientean Ingurumen Eraginaren Atalaren aldeko txostena dago, baina zenbait baldintzarekin. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak jakinarazi du jarduketak, lurzoru urbanizaezinetik pasatzen denean, aireko linea (egun dagoena) erabiltzen duela. Ondorioz, jarduera baimendutzat hartzen da 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.2 a) artikuluaren arabera, eta, beraz, ez du behar lurzoru urbanizaezineko jarduerarako baimenik.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “NA-178 errepideko 33+200 kilometro puntuaren eta Arabarko telekomunikazio zentroaren artean Nafarroako Gobernuaren behe tentsioko aire linearen bidez zuntz optikoa jartzeko proiekturako”. Sustatzailea Nasertic da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Obrak hasi aurretik, 48 ordu lehenago, Erronkari-Zaraitzu Barrutiko Ingurumena Zaintzeko Taldea ohartarazi beharko da (tel.: 699 307698; helbide elektronikoa: gmaroncal@navarra.es), sasiak kendu, arbolak inausi eta bestelako lanak eginen diren kalean zutoinetarako sarbideak balizatzeko, landaredi naturalari ahalik eta gutxien eragiteko moduan.

–Ekainaren 15aren eta irailaren 30aren artean, orokorrean, eta lehorte baldintzek hala aholkatuz gero beste egun batzuetan, elementu batzuk eraman beharko dira (sua itzaltzeko ur motxilak, sua itzaltzeko tresnak, aitzurrak, eta abar), lanetan sor daitezkeen suak itzaltzeko. Neurri horiek bereziki zainduko dira zerra erradialak edo soldatzeak erabiliz gero edo txinpartak sor ditzaketen bestelako lanak eginez gero.

–Ugatza berreskuratzeko planean ezarritako aldi kritikoa urtarrilaren 1etik apirilaren 15era bitartekoa da; beraz, lanak data horien barruan hasi nahi izanez gero, Ingurumena Zaintzeko Taldearekin harremanetan jarri beharko da, lanok eremu kritikoen barruan garatuko liratekeen egiaztatzeko (1 km-ko distantzia utzi behar da habitat edo elikadurarako eremuetara). Kasu horretan, lanak aldi kritikotik kanpo eginen lirateke.

–Aireko linearen zatian, hegaztiek zuntz optikoko kablearen kontra jotzeko arriskua gutxitzeko, kablea balizatu eginen da: neoprenozko X erako babesak ezarriko dira, baliza bat 15 metroko.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen falta astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiten ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Gorzako Udalari, Erronkari-Zaraitzu Barrutiko Ingurumena Zaintzeko Taldeari eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko martxoaren 12an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2104670