93. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

4/2021 FORU LEGE-DEKRETUA, apirilaren 14koa, zeinaren bidez premiazko neurriak onesten baitira Suspertzerako Europako Bitartekoetatik heltzen diren funtsen bidez finantzatzen ahal diren jarduketak kudeatzeko eta betetzeko.

COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, aparteko neurriak hartu behar izan dira, zeinak oso eragin sozial eta ekonomiko handia izan baitute Europar Batasuneko estatuetan.

Europar Batasuneko Kontseiluak, horren jakitun izanik, akordio bat lortu zuen, 2020ko uztailaren 21ean, Suspertzerako Europako Bitartekoak (Next Generation EU) abian jartzeko. 750.000 milioi euroko zuzkidura dute, eta bideratuko dira zuzeneko transferentzietara (%52) eta mailegu itzulgarrietara (%48) 2021etik 2026ra bitarteko urteetan, pandemiak eragindako eragin sozioekonomikoa arintzeko.

Next Generation EU funtsak eskuratu ahal izateko, Europar Batasuneko estatuek beren Suspertze eta Erresilientzia Plan Nazionalak prestatu behar dituzte, non zehaztuko baitute zein den beren erreforma eta inbertsio programa 2021-2023 aldirako.

Gure herrialdean, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuaren bidez (Diputatuen Kongresuak baliozkotua, 2021eko urtarrilaren 28an egindako bilkuran), premiazko neurriak onetsi ziren Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana exekutatzeko.

Horregatik, Konstituzioak eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak Nafarroako Foru Komunitateari esleitzen dizkioten eskumenak baliaturik, bereziki premiazkoa eta beharrezkoa da neurri batzuk hartzea bermatzeko modu eraginkorrean eta efizientean kudeatuko direla iritsiko diren Next Generation EU funtsak. Betetzen dira, beraz, foru lege-dekretua erabiltzeko aukera ematen duten baldintzak, zeinak ezarri baitira Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan; izan ere, badira oraingo egoeran ezaugarri horiek (salbuespenezko izaera, larritasuna eta garrantzia), beharrezkoa egiten dutenak arau ekintza bat berehala gauzatzea, Parlamentuan lege bat prozedura arruntean nahiz presakoan tramitatzeko aurreikusita dagoena baino epe laburragoan.

Atariko tituluan arau honen xedea jasotzen da: beharrezko xedapenak ezartzea eta administrazio prozedurak bizkortzea, Europako funtsekin finantza daitezkeen jarduketak (Suspertzerako Europako Bitartekoetatik heltzen direnak, bereziki) programatu, aurrekontuetan jaso, kudeatu eta betearazi daitezen Nafarroako Foru Erkidegoan.

Ondoren, I. tituluan, neurri orokor batzuk ezartzen dira Next Generation EU proiektuak betearaztean aplikatzeko. Orobat, zenbait berezitasun ezartzen dira arintzeko funts horien bidez finantza daitezkeen dirulaguntzak emateko prozesua, baita prozedurak izapidetzeko eta aurrekontuak kudeatzeko eta kontrolatzeko ere.

Next Generation EU izeneko Europako funtsak kudeatzeko Espainiako arauekin bat egite aldera, zenbait neurri ezarri dira funts horien kargura finantzatutako espedienteak bizkortzeko eta malgutzeko. Horrela, bada, behar den oreka mantendu da espedienteak bizkor izapidetzearen eta barne kontrolerako organoek aldez aurretik gauzatu behar duten ezinbesteko kontu-hartzearen artean, kontuan izanik, beti, ildo horretako edozein neurrik bete behar dituela eraginkortasun, efizientzia eta ekonomia printzipioak.

Foru ordenamendu juridikoan badagoenez aurretiazko fiskalizazio mugatuaren figura, egoki jotzen da hura erabiltzea hizpide dugun espediente mota bideratzeko, bost egun baliodunetara murrizten baita Kontu-hartzailetzak irizpena emateko duen epea, eta, horrez gain, berariaz adierazten baita espediente horiek bideratzea lehentasuna izanen duela beste edozeinen aurretik.

Europako funtsen kargura finantzatutako dirulaguntzak kudeatzeari dagokionez, horiek bizkorrago izapidetzeko xedez, ezabatzen dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitako baimen jakin batzuk, eta eskatu ohi diren txostenetatik gutxi batzuk baino ez dira ezartzen. Bestalde, jotzen da gure ordenamendu juridikoan sartuta daudela, modu orokor eta iraunkorrean, Estatuko araudian hartu diren gainerako neurriak; beraz, ez da beharrezkoa horiek berariaz aipatzea, aipatuz gero berretsi besterik ez bailirateke eginen legeetan eta araubideetan aurrez ezarritako baldintzak.

Europako funtsak erabiltzearekin lotutako dirulaguntzen erabilera justifikatzeko soilik, baimena ematen da justifikazioko kontu sinplifikatuaren modalitatea jaso dadin oinarri arautzaileetan, dirulaguntzaren onuradun bakoitzari 100.000 euro baino gutxiago ematen zaizkionean. Justifikazioko kontu sinplifikatu horrek murrizten ditu onuradunek aurkeztu beharreko informazio betebeharrak.

II. tituluan, neurri batzuk ezartzen dira sektore energetikoan, zenbait instalaziotarako prozedurak bizkorrago izapidetu daitezen.

Lehenik, energia instalazio txikietarako prozedura jakin batzuk sinplifikatzen dira, kentzen baita jendaurreko informazioaren tramitea, salbu eta sustatzaileak eskatzen badu erabilera publikoaren deklarazioa, edo ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa eskatzen bada. Era berean, administrazioaren baimena eskatu behar izatetik aske uzten dira autokontsumoko instalazioak, era horretako soluzioak gara daitezen kontsumitzaileentzat.

Horrez gain, instalazio fotovoltaikoetarako neurri batzuk ezartzen dira, koordinatzeko ingurumen-ebaluazioaren eta lurzoru urbanizaezineko baimena eta administrazio baimenaren izapidea, bat etorriz maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan teknologia eolikoari buruz ezarritakoarekin (foru dekretu horren bidez arautu zen parke eolikoetarako baimena Nafarroan).

Bestalde, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planeko erreserba zerrendako inbertsio ugari sartuko dira 2021ean. 2017. urtetik hauteman da egiten diren zenbait izapidek moteltzen dutela, behar baino gehiago, inbertsioak behin betiko sartzeko prozedura. Horrek eragina du bai toki entitateetan, ezin baitezakete erabaki obrak noiz gauzatu, bai planaren beraren aurrekontu betearazpenean. Hortaz, inbertsio horiek erreserba zerrendan sartzeko prozedura sinplifikatzeko eta bizkortzeko asmoz, foru lege-dekretu honek zuzentzen du, azken xedapenetako lehenean, abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legea, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duena, xedapen gehigarri bat erantsirik (zazpigarrena) xede horretarako.

Azkenik, azken xedapenetako bigarrenean, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legea aldatzen da, zenbait helburu betetze aldera.

Lehenik, 21. artikulua aldatzen da, aukera eman nahi delako ordainketaren zati bat ordain dadin enkarguak osotara bete baino lehen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere erakunde instrumentalei (aplikatu beharreko arauekin bat betiere) egindako enkarguetan.

Bigarrenik, ikusirik azken aurrekontu ekitaldien bukaeran positiboa izan dela gastu orokorretako diruzaintzako gerakina, zeina erabil baitaiteke hurrengo ekitaldiko beharrak finantzatzeko, erantsi beharra dago kreditu gehikuntzak gastu orokorretako diruzaintzako gerakinaren kargura eta diruzaintzako gerakin atxikiaren kargura finantzatzeko aukera. Horretarako, 47. artikulua aldatzen da.

Bukatzeko, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ez da ezarri aparteko kredituak edo kreditu-gehigarriak diruzaintzako gerakinarekin finantzatzeko aukera. Hori egitea posible izan dadin, foru lege horretako 48. artikuluaren testua aldatzen da.

Honaino azaldu diren arrazoiek justifikatzen dute foru lege-dekretu hau onestea, behar-beharrezkoa baita aipatu neurriak berehala hartzea.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko apirilaren hamalauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru lege-dekretu honen xedea da xedapen batzuk ezartzea, beharrezkoak direnak Suspertzerako Europako Bitartekoetatik heltzen diren Europako funtsekin finantza daitezkeen jarduketak programatzeko, horiek aurrekontuetan jasotzeko, kudeatzeko eta gauzatzeko Nafarroako Foru Erkidegoan. Europako Kontseiluak onetsi zituen bitarteko horiek 2020ko uztailaren 21ean, honako helburu hauek zituela: hazkunde ekonomikoa eta enplegu sorrera bultzatzea, SARS-CoV-2aren pandemiak eragindako krisiaren kalteak konpontzea nahiz leheneratzea, eta, azkenik, egiturazko eraldaketa prozesu bat sustatzea inbertsio publikoa eta pribatua bultzatuta, ekoizpen ehunari babesa emanda, trantsizio ekologikoa eta digitala azkartuta, eta erresilientzia eta kohesio ekonomikoa, soziala zein lurraldekoa sendotu eta handituta Europako merkatu bakarraren esparruan.

2. artikulua. Next Generation EU proiektuak.

Foru lege-dekretu honen ondorioetarako, “Next Generation EU proiektuak” dira Europar Batasuneko Suspertzerako Europako Bitartekoak tresnaren baitako proiektuak edo ekimenak, zeinak, gauzatu ahal izateko, Foru Komunitatearen edo haren erakunde autonomoen gastu aurrekontuko kredituak erabiltzeko beharra duten, baita Europako Lurraldeak eta Kohesioa Berreskuratzeko Laguntza Funtsak (REACT-EU) erabiltzekoa ere. Kudeaketa agintaritza nazional batek identifikaturik behar dute, eta bete behar dituzte abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuak 46. artikuluan ezarritako baldintzak (errege lege-dekretu horren bidez premiazko neurriak onetsi ziren Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Plana gauzatzeko).

I. TITULUA

Next Generation EU proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurri orokorrak

I. KAPITULUA

Prozedurak izapidetzeko berezitasunak

3. artikulua. Premiaz izapidetzea Suspertzerako Europako Bitartekoetatik heltzen diren Europako funtsen kargura ordaintzen diren gastuak exekutatzeko administrazio prozedurak.

1. Deklaratzen da presako izapidetzea eta lehentasunezko izapidetzea aplikatuko direla Suspertzerako Europako Bitartekoetatik heltzen diren Europako funtsen kargurako gastuak exekutatzea dakarten administrazio prozeduretan. Izapidetze horiek aplikatuko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 33. eta 71. artikuluetan ezarritako baldintzetan, hurrenez hurren; eta, horretarako, ez da beharrezkoa izanen administrazio organoak premiaren arrazoiak adieraztea hasiera emateko erabakian.

2. Aurreko apartatuan xedatutakoak ez du deusetan galarazten foru lege-dekretu honen 9. artikuluan ezarritakoa.

3. Ez da murriztuko, inola ere ez, eskabideak eta errekurtsoak aurkezteko epeen iraupena.

4. artikulua. Europako funtsen kargurako proiektuak gauzatzeko izenpetutako hitzarmenak.

Gerta daiteke Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, haren erakunde publikoek eta zuzenbide publikoko erakundeek, berdin lotetsiak edo mendekoak izan, hitzarmenak egitea Suspertzerako Europako Bitartekoetatik heltzen diren Europako funtsen kargurako proiektuak gauzatzeko. Hitzarmen horiek izapidetzean beteko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluko II. kapituluan ezarritakoa, berezitasun batekin: justifikazio memoria, arlo ekonomikoa eta arauena jorratuko dituena (90. artikuluan jasotakoa) hitzarmena onetsi ondoren egin ahal izanen da.

II. KAPITULUA

Kontu-hartzailetza eginkizuna

5. artikulua. Aurretiazko kontrol araubidea, Next Generation EU proiektuetako funtsen kudeaketaren esparruan izapidetutako espedienteei aplikatzeko.

1. Next Generation EU proiektuetako funtsen kudeaketaren esparruan izapidetutako espedienteei kontu-hartzailetza eginkizuna aplika dakieke, Nafarroako Gobernuak hala erabakitzen duenean Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legeak 98.3 artikuluan xedatutakoaren babespean.

2. Bideratzean, espediente horiek lehentasuna izanen dute beste edozeinen aurretik, eta kontrol organoak bere erabakia adierazi beharko du bost eguneko epean.

III. KAPITULUA

Next Generation EU proiektuetako funtsekin finantza daitezkeen dirulaguntzak emateko prozesua bizkortzeko neurriak

6. artikulua. Next Generation EU proiektuetako funtsekin finantza daitezkeen dirulaguntzak izapidetzeko baldintzak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaien dirulaguntzak eta laguntzak ematean, ezin izanen dira eskatu foru lege horren beraren 7.3 artikuluan ezarritako baimenak, Nafarroako Gobernuak eman beharrekoak.

7. artikulua. Next Generation EU proiektuetako funtsekin finantza daitezkeen dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak.

Dirulaguntza horien deialdia eta oinarri arautzaileak onesteko izapideak egiteko, txosten juridikoa baizik ezin izanen da eskatu, Kontu-hartzailetzak espedientea fiskalizatu beharko duelarik hamar egun naturaleko epe luzaezinean; bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 14.2 artikuluan xedatutakoarekin.

8. artikulua. Dirulaguntzak aplikatzearen frogagiriak.

1. Frogatzeko aplikatu direla Next Generation EU proiektuetako funtsak erabiltzearekin lotutako dirulaguntzak, justifikazioko kontu sinplifikatuaren modalitate bat ezar daiteke oinarri arautzaileetan, onuradun bakoitzeko 100.000 euro baino gutxiagoko dirulaguntzak ematen direnean.

2. Justifikazioko kontu sinplifikatuak informazio hau izanen du:

a) Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena.

b) Diruz lagundutako jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatu bat, hartzekoduna eta agiria identifikatuta, baita zenbatekoa, jaulkipen eguna eta, kasua bada, ordainketa eguna ere. Baldin dirulaguntza ematen bada iritzira kalkulatutako aurrekontu baten arabera, adieraziko da zer desbideratze izan diren.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

d) Hala balegokio, itzulketaren ordainketa gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, baita haietatik eratorritako interesena ere.

3. Justifikazioko kontu sinplifikatuaren modalitate hori aukeratzen denean, organo emaileak egoki iruditzen zaizkion frogagiriak aukeratuko ditu, oinarri arautzaileetan ezarritako laginketa tekniken bidez, arrazoiz frogatzeko dirulaguntza behar bezala aplikatu dela. Horretarako, onuradunari eskatu ahal izanen dio bidal ditzala hautatutako gastuen frogagiriak.

4. Justifikazioko kontu sinplifikatu horrekin lotutako ez-betetzeak jokabide arau-hausletzat hartuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1 apartatuko b), c), f) eta g) letretan ezarritakoaren arabera, kasua zein den.

IV. KAPITULUA

Kontratazioaren arloko berezitasunak

9. artikulua. Presako tramitazioa.

1. Next Generation EU proiektuetako funtsekin finantzatuko diren esparru hitzarmenak eta kontratuak lizitatzen direnean, kontratazio organoek aztertu beharko dute ea premiazko egoerak galarazten duen lizitazio prozedurak modu arruntean izapide daitezen. Espedientea presako gisa kalifikatzen baldin bada, arrunten modu berean izapidetuko da, baina erabaki ahal izanen da kontratua gauzatzen hastea hura formalizatu aurretik eta mugaeguneratzen denean Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 101.2 artikuluan ezarritako etete epea. Horretarako, alabaina, eraturik behar dute kontratuaren betebeharrak betetzeko ezarri diren bermeek, baldin horrelakorik bada.

2. Next Generation EU proiektuetako funtsekin finantzatuko diren esparru hitzarmenak eta kontratuak izapidetzean esku hartzen duten organoek lehentasuna eman behar diote horiek bideratzeari, beste edozein kontraturen aurretik. Era berean, bost egun naturaletara murriztuko da txosten bakoitza emateko epea. Epe hori ezin izanen da luzatu.

10. artikulua. Kontratuen indarraldia luzatzea.

Salbuespenez, Next Generation EU proiektuen funtsekin finantzatuko diren zerbitzu energetikoen kontratuetan eta hornidurako kontratuetan, iraupen epe luzeagoa ezarri ahal izanen da Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoa baino; baldin eta beharrezkoa bada kontratuarekin lotura zuzena duten inbertsioak berreskuratzeko epea dela-eta, eta inbertsio horiek ezin badaitezke erabili kontratistaren gainerako ekoizpen jardueran, edo horiek erabiltzea ez bada errentagarria. Horretarako, alabaina, inbertsioen amortizazioak kostu garrantzitsua izan behar du hornidura edo zerbitzua ematean. Inguruabar horiek kontratazio espedientean frogatu behar dira, adierazita zer inbertsio diren eta zein den horiek berreskuratzeko epea.

11. artikulua. Enkarguak erakunde instrumentalei.

Erakunde instrumentalekin egindako kontratuei ez zaie aplikatuko Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 8. artikuluko 7. apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritako muga, halako erakundeei agindu zaienean, Next Generation EU proiektuetako funtsen kargura, zerbitzu informatikoak eta teknologikoak eman diezazkioten Administrazio Publikoari, sareen eta sistemen bateragarritasuna, komunikagarritasuna eta segurtasuna bermatzeko, informazioaren segurtasuna, fidagarritasuna eta konfidentzialtasuna garantizatzeko, telekomunikazioak sustatzeko, eta informazioaren gizartea eta gizarte digitala garatzeko.

II. TITULUA

Sektore elektrikoko neurriak

12. artikulua. Jendaurreko informazioaren tramiteak energia elektrikoko instalazioetarako.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren menpe ez badaude eta erabilera publikoko deklarazio zehatza eskatzen ez bada, ez da jendaurreko informazioaren tramiterik eskatuko administrazio baimena eman dakien instalazio hauei:

a) 1 MW-eko edo gutxiagoko potentzia ekoizteko eta transformatzeko instalazioak eta ebakuazio lerroak.

b) 66 kV-eko edo gutxiagoko tentsio izendatuko instalazioak.

c) 66 kV baino gehiagoko tentsio izendatuko instalazioak aldatzea, titularraren instalazioen barruan kokatutakoak.

d) Aldi baterako instalazioak.

13. artikulua. Energia iturri berriztagarrietatik energia elektrikoa sortzeko instalazioen administrazio baimena.

Jarraian adieraziko diren instalazioek, zeinek energia iturri berriztagarrietatik energia elektrikoa sortzen baitute, ez dute aurretiazko administrazio baimenaren beharrik izanen, ez eta eraikitzeko administrazio baimenaren edo ustiatzeko baimenaren beharrik ere, non eta ez dauden ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren menpe. Bai aurkeztu beharko dituzte, ordea, aplikatu beharreko araubide teknikoaren arabera beharrezkoak diren agiriak. Instalazio horiek dira:

a) Soberakinik ez duten autokontsumo modalitateko instalazioak.

b) Soberakina duten autokontsumo modalitateko instalazioak, baldin eta konektaturik badaude 1 kV-eko tentsioa baino gutxiagoko sareetara.

c) Instalazio isolatuak.

14. artikulua. Koordinazio prozedurak, teknologia fotovoltaikotik abiatuta energia elektrikoa sortzen duten instalazioetarako.

1. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren menpean diren instalazio fotovoltaikoetarako eta horien ebakuazio azpiegituretarako, sustatzaileak lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzeko eskaera aurkeztuko du, energiaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari zuzendua.

2. Lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzeko eskaera aurkeztuko da ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari hasiera emateko eskaera aurkezteaz batera.

3. Energiaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak egiaztatuko du dokumentazioa behar bezala dagoela, eta, beharrezkoa bada, hamar eguneko epean zuzentzeko eskatuko du. Hamar eguneko epean, halaber, dokumentazio osoa igorriko die ingurumen arloko organoari eta lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumena duen organoari.

4. Lurzoru urbanizaezinean jarduera baimengarriak egiteko baimena beharko da, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko legeria indardunean araututakoa, eta instalazioaren aurretiazko administrazio baimena baino lehen eman beharko da.

Xedapen gehigarri bakarra.–Gardentasuna.

Hiru hilez behin, Nafarroako Gobernuak agerraldia eginen du Nafarroako Parlamentuan, honako hauei buruzko argibideak emateko: zer proiektu aurkeztu dituen Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari gehi dakizkion; nola aplikatu diren plan horretatik, Ekonomia Suspertzeko eta Eraldatzeko proiektu estrategikoetatik edo Europako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren ondorioz sortu eta Espainiako Gobernuak transferitutako beste edozein tresnetatik jasotako funtsak; zein izan den funts horiek banatzeko erabilitako deialdiak, hitzarmenak, kontratuak eta bestelako tresnak baliatzearen ebaluazioa; noraino bete diren funts horiekin eta horien askotariko aplikazioekin lortu nahi ziren helburuak; eta antzeko beste datu eta agiri batzuk, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Parlamentuari igorri dizkionak, hala zegokiolako, funts horien exekuzioarekin loturik.

Azken xedapenetako lehena.–Aldaketak egitea abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeari, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duenari.

Zazpigarren xedapen gehigarria eransten zaio abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeari, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duenari, zeinak testu hau izanen baitu:

“Zazpigarren xedapen gehigarria.–2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planeko erreserba zerrendako inbertsioei aplikatzeko araubidea.

1. Foru lege hau aplikatuko zaie Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 20an emandako 4/2021 Ebazpeneko erreserba zerrendan ageri diren inbertsioei, xedapen honetan araututakoarekin bat egiten ez duen orotan. Ebazpen horren bidez onetsi ziren, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planari dagokionez, erreserban dauden inbertsioen zerrenda eguneratuak eta planarekin lotutako aurrekontu partidetan gerta daitezkeen soberakinak banatzeko irizpideak.

2. Inbertsioen tramitazioa bizkortzeko eta 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana bukatzeko, araubide berezi sinplifikatu hau ezartzen da:

a) Aurrekontu baliabideen kargura finantza daitezkeen inbertsioak behin-behinean sartuko dira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.

b) Behin betiko sar daitezen, toki erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Exekuzio proiektua, organo eskudunak onetsia, bilduko duena Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 163. artikuluan zehaztutako edukia.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko baduela 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planak estaltzen ez duen inbertsioaren zatirako finantzaketa.

–Kasua bada, foru lege honetako 17. artikuluan adierazitako salbuespenezko araubideari heltzeko eskabidea. Horretarako, aipatu manu horretan araututako dokumentazioa aurkeztu beharra dago, aurreko paragrafoan aipatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharrean.

Dokumentazio hori aurkezteko, bi hilabeteko epea izanen da, zenbateko txikiko kontratuen gaineko araubide bereziaren arabera tramitatzen diren proiektuetarako, eta hiru hilabetekoa, gainerako proiektuetarako, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Agiriak ezarritako epeetatik kanpo aurkezten badira, dena delako inbertsioa erreserba zerrendatik ezabatuko da, eta ez da behin betiko sartuko.

c) Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu eskudunek txosten tekniko, ekonomiko eta juridiko lotesleak eginen dituzte.

Txosten ekonomikoa egiteko, zerbitzu eskudunak aztertuko du apartatu honetako b) letran aipatutako erantzukizunpeko adierazpena. Horrez gain, toki erakundeari eska diezaioke aurkez dezala beharrezko iruditzen zaion informazio gehigarria. Toki erakundeak hogei egun balioduneko epea izanen du hura aurkezteko, errekerimendua egin denetik zenbatzen hasita; halaxe xedatu baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan.

Adierazitakoa betetzen dela frogatzeko errekeritzen den dokumentazioa ez bada epe barruan aurkezten, ezin izanen da aurrera egin inbertsioa behin betiko sartzeko prozeduran.

Gerta daiteke errekeritu eta epe barruan aurkeztutako dokumentazioak ez frogatzea deklaratutako hura betetzen dela. Horrelakoetan, toki erakundeak hamar egun balioduneko epea izanen du, inguruabar hori jakinarazten zaionetik, foru lege honen 17. artikuluan aurreikusitako salbuespenezko araubideari heltzea eskatzeko.

d) Nahitaezko txosten guztiak aldekoak baldin badira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez, jarduketa behin betiko sartuko da Toki Inbertsioen Planean eta gehieneko ekarpen ekonomikoa finkatuko da”.

Azken xedapenetako bigarrena.–Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legea aldatzea.

1. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 21. artikuluko 2. apartatua aldatzen da. Hauxe da testu berria:

“2. Betebehar horiek Foru Komunitatearen prestazio edo zerbitzuetatik sortuak badira, ez da zilegi ordainketa egitea baldin eta hartzekodunak bere betebeharra bete edo bermatu ez badu, salbu eta neurri hori hartzeak eragiketaren atarramentuari kalte eragin badiezaioke. Debeku hori ez zaie aplikatuko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere erakunde instrumentalekin dituen harremanei, aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz egindako enkarguen esparrukoei; hala ere, ezin izanen da aldez aurretik ordaindu enkargurako ezarri den prezioaren %50 baino gehiagoko zenbatekoa”.

2. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 47. artikuluko 3. apartatua aldatzen da. Hauxe da testu berria:

“3. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak eman behar du baimena aurreko 1. apartatuan aipatzen diren kredituen gehikuntzarako. Aurrekontuetako edozein gastu programatako beste kreditu erabilgarri batzuen kargura finantzatu behar dira gehikuntza horiek, salbu eta foru lege honen 50. artikuluko 2. apartatuan aipatutakoak, edo bestela, ekitaldi ekonomiko bereko diru-sarrera handiagoen kargura (diru-sarrera horiek errealak edo aurreikusitakoak direla ere), jatorrian dagoen gastua egiteari lotutako diruzaintzako gerakinaren aplikazioaren kargura edo gastu orokorretarako diruzaintzako gerakinaren kargura, positiboa denean. Kredituen gehikuntza hori eskaera egiten duenaz beste departamentu baten kargura finantzatu behar denean, Nafarroako Gobernuaren onespena beharko da, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta”.

3. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 48. artikuluko 2. apartatua aldatzen da. Hauxe da testu berria:

“2. Foru lege proiektu horretan zehaztu behar da zein baliabide diren egin nahi den gastu handiago hori finantzatuko dutenak; edozein gastu programatako beste kreditu erabilgarri batzuk izan daitezke, are Parlamentuak zuzenketen edo foru lege honetako xedapenen ondorioz berariaz onetsitako kredituetakoak, edo bestela, ekitaldi ekonomiko bereko diru-sarrera handiagoen kargura (diru-sarrera horiek errealak edo aurreikusitakoak direla ere), jatorrian dagoen gastua egiteari lotutako diruzaintzako gerakinaren aplikazioaren kargura edo gastu orokorretarako diruzaintzako gerakinaren kargura, positiboa denean”.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetako laugarrena.–Erregelamendu bidez garatzea eta betearaztea.

Gaikuntza ematen zaio Nafarroako Gobernuari, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako titularrei ere, zeinek bere eskumenen barnean, behar adina xedapen eman ditzaten, foru lege-dekretu honetan ezarrita dagoena garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako bosgarrena.–Indarra hartzea eta indarraldia.

Foru lege-dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko apirilaren 14an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2106041