90. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

55E/2021 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Etxabarrin eta Amillaon, Allingo udal mugartean, zuntz optikoa instalatzeko proiektuari. Sustatzailea Telefónica de España SAU da.

2020ko azaroaren 10ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen direnetakoa da (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren helburua da NA-718 errepideko 5,8 k.p.aren eta 5 k.p.aren ondotik doan zuntz optikozko linea hartzea, hurrenez hurren, Etxabarri eta Amillao herriekin konektatzeko. Etxabarriko interkonexioa 860 metroko kanalizazioaren bidez eginen da. H kutxatila berritik abiatuko da, L312P147 interkonexio-zutoinaren ondoan kokatuko dena, aipatutako errepidearen 5,8 k.p.tik hurbil, eta Intxospias plazako 1. zenbakira arte eramanen da, Etxabarriko hego-mendebaldean. Jarduketa egiteko, hodi hirukoitza sartuko da lurrean irekiko den zanga batean (45 cm zabal eta metro bat altu).

Amillaoko interkonexioa egiteko, metro bateko hodi hirukoitz bat proiektatu da, dagoen sarea L312 P130 zutoinarekin lotzeko, NA-718 errepideko 5. k.p.aren ondoan.

Etxabarriko trazadura gehiena lehorreko alorretatik doa. Sastrakadi bat ere zeharkatzen du, Mendibitartean alderdian, Allingo 10. poligonoko 443. lurzatian, non karraskadiak (quercus rotundifobia) eta hego-ipuruak dauden (juniperus oxycedrus), batzuk handi samarrak. Alderdi horretan, proiektuak adierazten duen trazadurak 442. eta 441. nekazaritza-lurzatien artetik dauden konexio-bideak aprobetxatzen ditu, landare-masa bat ere ukitu gabe. Allingo 10. poligonoko 442. lurzatian, ubide bat gurutzatzen da, iparretik hegoaldera doana lur azpitik metro batzuetara sartua. Trazadurak, halaber, Andia izeneko P-13 altxonbidea gurutzatzen du (48. zenbakia), eta Imasetik Iratxera doan P-48 errege altxonbidearen inguruan kokatuko da, biak ala biak kontrastatu gabe.

Espedienteari erantsi zaizkio Allingo Udalaren 2020ko irailaren 7ko txostena eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren 2021eko urtarrilaren 20ko txostena.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Etxabarrin eta Amillaon, Allingo udal mugartean, zuntz optikoa instalatzeko proiektuari. Sustatzailea Telefónica de España SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Obra gauzatzeko tokira iristeko, dauden bideak erabiliko dira.
  • Lanak hasi aurretik, argi mugatuko dira tokian bertan hargunearen trazadura eta materialak pilatzeko gunea.
  • Lanek ez diote inolako ukipenik eraginen landaredi naturalari, ez zuhaixkei, ez zuhaitzei.
  • Altxonbidearen eta haren zortasun eremuaren gaineko ukipenari dagokionez, kontuan hartu beharko da Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren 2021eko otsailaren 4ko txostena, non ezinbestekotzat jotzen baita altxonbidea gurutzatzea. Hori dela eta, baimengarria dela esaten du, baina baldintza hauekin:
  • Gurutzaketen eta zangen zabalerari dagokionez, teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak edo ontzi txikiak lurzoruarekin zehatz-mehatz berdinduko dira, sestra berean gelditzeko.
  • Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko exekuzio fasearen ondoren, ukitutako eremua leheneratuko da altxonbideetan edo zortasun eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak leheneratzea, landareztatzea, ereintzak eta abar), makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilaketarik eta obra-hondakinik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzea eta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak.
  • Baimendutako hondakin-kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obran bertan erabiltzen ez diren hondeaketako soberako lurrak. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruzko araudi indardunarekin.
  • Beharrezko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratuko dira. Horretarako, obrak hasten direnean, landare lurreko geruza kendu eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte.
  • Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondakin eta zabor guztiak kentzeko.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek lurzoru urbanizaezinean kokatutako azpiegitura-zatia besterik ez du babesten, zuntz optikoaren kanalizazioa egin eta, Allingo udal mugartean, Amillao eta Etxabarri herriak konektatzeko proiekturako.
  • Ez dira baimen honetan sartzen aurretik zeuden azpiegiturak. Horiei buruz, zerbitzu honek ez du aurkitu lurzoru urbanizaezineko baimenei buruzko espedienterik, eta ustez legezko egoeran daude. Baimena izateko baldintza izanen da horiek benetan legezko egoeran egotea.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
  • Bete beharko da Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren 2021eko urtarrilaren 15eko txostenean ezarritako determinazio hau:
  • Sustatzaileak, Lizarra-Olazti NA-718 errepidea eta Etxabarriko NA-7134 tokiko errepidea ukitzean, biak Nafarroako Foru Komunitatearen intereseko errepideak direnez, bete beharko ditu AOP 2020/490 obra publikoaren baimenean ezarritako baldintzak. Baimen hori Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren abenduaren 17ko 973/2020 Ebazpenaren bidez eman zen.
  • Herri-lurren Atalaren 2021eko urtarrilaren 15eko txostenari kasu egin beharko zaio, eta hango determinazioak bete, besteak beste, honako hau:
  • Proiektuak herri-ondasunak ukitzen dituenez, okupatu baino lehen, sustatzaileak Artabiako Kontzejuari eskatu beharko dio ukitutako herri-lur horiek okupatzeko espediente bat irekitzeko, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluarekin eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 215. artikuluarekin; horrez gain, Nafarroako Gobernuaren nahitaezko onespena beharko da.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan ezartzen da lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Allingo Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Lizarrako 1. Koordinazio Unitatea), Herri-lurren Atalera, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko martxoaren 12an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2104818